Ulibarri programa

Hizkuntza Normalkuntzarako Programa

Ikasleei begira aritzea ez dela nahikoa begibistakoa da. Ikastetxeko helduen mundua ere hor dago; klaustroak, mintegiak, irakasleen arteko harremanak, gurasoekikoak.... Material idatziek ere garrantzi handia dute ikastetxearen bizitzan; aktak, inprimakiak, gutunak....Azkenik ikastetxeak berak ere, herriko erakundea den heinean, dagokion eragina izan beharko luke gizartean hizkuntza normaltzeko bidean.

Beraz, hainbat zutabe ditugu aztergai ez bakarrik ikasleena. Batetik hizkuntza irakasteko erabiltzen ditugun tresnak eta metodologiak etengabe aztertzea eta fintzea komeni zaigu. Erabiltzen ditugun testuak eta materialak ere aztertzea beharrezkoa da. Bestetik irakasleok prestakuntza aldetik ditugun gabeziak azaleratu eta lotsarik gabe gainditzera jo behar du. Erabileraren eta harreman esparruen auziei aurre egin behar diegu modu eraginkorrean, ez soilik ikasleei begira jarriz, ikastetxeko planteamenduak eginez baizik. Hau da Plan Osatua, hauxe besterik ez da Hizkuntz Normalkuntza Programa (HNP); arlo bakoitzaren gaur egungo egoera aztertzetik abiatuz, hurrengo urterako edo urteetarako zentzuzko norabide eta helburuak finkatzea, adostea eta gauzatzeko neurriak eta baliabideak jartzea.

1996-97 ikasturtean 23 ikastetxeetan Hizkuntza Normalkuntzako saiakuntza proiektuak bideratu ziren. Gerora 1997-98 eta 1998-99 ikasturteetarako proiektu hauetan parte hartzeko deialdi irekiak egin ziren. Deialdi hauetan sartutako ikastetxeak dira gaur egun proiektu hauetan ari direnak. Urte hauetan baja gutxi batzuk egon badira ere gaur egun 313 ikastetxek jarraitzen dute programa honetan.

Labur-labur esanda hauek dira proiektu hauen zutabe nagusiak:

  • a) Normalkuntza proiektuen motorra ikastetxean bertan dago.
  • b) Ikastetxeko motor hori kanpoan ere elikatu egin behar da.
  • c) Ikastetxeak eta inguruneak elkar elikatu behar dute.

HNP ATALAK
Atalak Lan esparruak
Ikastetxearen antolakuntza Zuzendaritza, dokumentazioa, material pedagogikoa, liburutegia, pasaia linguistikoa
Irakasleak Motibazioa, ezagutza, erabilera
Ikasleak Motibazioa, ezagutza, erabilera
Gurasoak Motibazioa, ezagutza, erabilera
Langile ez-irakasleak Motibazioa, ezagutza, erabilera
Euskararen inguruko erabakiak Ikastetxeko hizkuntza proiektua (IHP), Curriculum proiektua, AIA, ikasturteko plana
Eskolaz kanpoko ekintzak Beste ikastetxeekin, herriko elkarteekin, hezkuntza ezformalarekin
Kanpo harremanak Instituzioekin, herriko elkarteekin, hornitzaileekin

Planaren eguneratzea

HNP abiapuntua baldin bada ere, plan guztietan bezala honetan ere berrikustea eta egokitzea komeni da. Lan hori egiteko ostera, Ulibarri Programan bada zenbait tresna:

  • Urteko Memoria: Ikasturte bukaerako hausnarketa txostena (Galdekizuna).
  • Urteko Plana: Proiektu orokorra eta memorian oinarrituz osatzen den urteko plana.
  • HNPren eguneratzea: 4 urtean behin egin beharrekoa

Ikastetxeak bete beharreko baldintzak eta konpromisoak

Euskararen erabilera normalizatzen ahalegintzeko adostasuna lortu eta aurrera egiteko asmo sendoa agertu. Eta horretarako:

  1. - HN Batzordea eratu (zuzendaritza taldeko baten bat batzordekide izango da) eta Arduradun Teknikoa izendatu.
  2. - HN Proiektua idatzi eta aurkeztu (IHPren zati izango da, eta honen zehaztapenak bai Ikasturteko Planean bai memorian jasoko dira).
  3. - Euskararen erabilera indartzeko neurri zehatzak hartu. Neurri horiek aplikatu. Ikasturtearen bukaeran egindakoa baloratu.
  4. - Hizkuntza Normalkuntzaren inguruan eskaintzen diren ikastaro-mintegietan parte hartu.
  5. - Eskualdean elkarlanerako egindako gune-bileretan parte hartu.
  6. - Euskara maila hobetzeko eta aberasteko ikastaroetan parte hartu (bai irakasleek bai langile ez-irakasleek).
  7. - Ikastetxeko idazki administratiboak euskaraz prestatu eta tramitatu.
  8. - Ikastetxe barruko bizitzan (bilerak, klaustroak) euskararen erabilera areagotu.