JOLASGARAIKO MONITOREAK: Jolas eta Solas Programa.
Ikastetxea: Landaberri ikastola(Lasarte-Oria)
Egileak: Arrate Oianguren Txurruka
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Jolasgaraian euskararen erabilera indartzeko egitasmo bat dugu, Ttakun herriko euskara taldearekin elkarlanean: irailean irakasleei jolasen ikastaroa ematen zaie. Ikasturtean zehar, begiraleak etortzen dira jolasgaraian, astean behin edo bitan gela bakoitzeko, eta euskal jolasak erakusten dizkiete haurrei, irakasleen laguntzarekin; jolasgarai eta jangelako orduetan jolasa euskaraz egin dezaten.
Sarrera
Landaberri Ikastola Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea da; 4 lerro ditu eta B eta D hizkuntza ereduetan ari da.
Jolas eta Solas ekimena Haur Hezkuntzako azken mailan eta Lehen Hezkuntzako Lehen zikloan eratu dugu.
Konturatu ginen jolas garaietan, eta irakaslearen presentzia gutxitzen den neurrian, euskararen erabilera ere murriztu egiten dela. Haurrengan egoera ez formaletan euskaraz aritzeko errekurtso eta ohitura falta sumatzen genuen. Horrek eraman gintuen jardun honi ekitera.
Jolas garaietan gauzatzen da asteko hiru egunetan, maila bakoitzarentzat egun bat eta jantokiko jolas unetan asteko bi egunetan.
Helburua eta metodologia
Haurrengan egoera ez formaletan euskaraz aritzeko gaitasuna eta ohitura landu nahi genuen. Horretarako, jolas garaiak eta jangelako orduak erabili ditugu, euskarazko jolasak erakutsiz eta euskarazko jolasetan aritzera animatuz. Hau da, jolas garaiak eta jangela orduak dinamizatu ditugu eta, era horretan, gainera, jolasen bidez lor daitezkeen hainbat helburu landu ditugu.
Ikastetxean egoera formalak modu sistematikoan lantzen ditugun bezala, ez formaletarako haurrek behar duten gaitasuna eta errekurtsoak eskolaz kanpoko bizipenetarako uzten ditugu sarritan. Horretaz ohartuta, eta egoera ludikoek euskararen erabilpenean izan dezaketen eraginaz jabetuta, zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Jolas tradizionalak, betiko abestiak transmititzeko bide bezala jorratzea ere baloratu genuen.
Udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta Ttakun Euskara taldearekin harremanetan jarri ondoren ikastetxean eta jangelan martxan jartzea erabaki zen.
Irailean ikastaro bat antolatu genuen irakasle eta monitoreentzat. Ondoren, ikasturte osoan, saio praktikoak egin ditugu jolas garaietan eta jangelako orduetan.
Metodologia: Jolas garaietan bi monitore etortzen ziren modu berezian apainduta (txano bereizgarri batzuk jantzita) eta, mailaka, umeekin jolas bereziak antolatzen zituzten.
Baliabideak
Baliabide nagusiak pertsonalak izan dira: irakasleak, monitoreak eta antolatzaileak. Baliabide materialak, berriz, jolasetarako behar diren tresnak eta espazioak.
Premiarik handiena hasierako ikastarorako izan genuen, hartarako behar ziren jokoak, musika, lekua, txostenak eta abar.
Ekimenak dirulaguntza zuzena izan du Udaletik, Euskara Zerbitzuaren bitartez.
Ondorioak
- Haurrek euskal jolasak ikastea.
- Jolas garaietan euskararen presentzia gehitzea.
- Irakasleek jolas eta kanta batzuk adostea.
- Jolas garaiak beste modu batean dinamizatzea.
- Haurren arteko harremanak sendotzea.
- Haur batzuei sozializaziorako aukerak ematea.
Momentuz, eta lehenengo ikasturtea izanik, behaketa eta iritzien elkar trukaketa izan da balorazio tresna nagusia.
Aurrera begira
- Monitore eta irakasleen arteko koordinazioa indartu.
- Adin ezberdineko haurren arteko jolasak antolatu.
- Taldeetako ume kopurua gutxitzeko bideak aztertu.
- Iraileko ikastaroa beste momentu batean egin.
- Jolas motak aztertu.

