Txostenak

Irakasleen mintegia

Ikastetxea: Aixerrota-Getxo III institutua(Getxo)

Egileak: Asier Bidaurrazaga Aldazabal

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Sarrera

Euskara hobean izenpean hizkuntzaren kalitateari begira, irakasleei zuzendutako mintegiak egin dira hamabostean behin, ostiraletan atsedenaldiko orduan (30 minutukoak).

Irakasleen artean oinarri-oinarrizko kontzeptu batzuk azpimarratu beharra ikusi dugu, hizkuntzaren joera okerrek eraginda, hedatuegi ikusi ditugulako akats batzuk.

Irakasleei irakastea barik, hauek joera okerrok zuzentze aldera hartu beharreko jokabideak bateratzea da, bada, jardueron helburua.

Gauzak horrela, hiru ardatz bereizi nahi izan ditugu mintegion bitartez:

  • Ikasleei zer zuzendu
  • Egitura okerrak argitu
  • Zuzenketa jokabideak bateratu.

Helburuak eta metodologia

Urte osoan zehar, hamabostean behin, borondatez etorri diren irakasleei eskola arinak eman zaizkie, azalpen arin eta ariketa zehatzen bitartez. Saio hauen bukaeran irakasleei aukera eman zaie euren zalantza eta iradokizunak agertzeko.

Plangintzaren barruan bost sail zehaztu ditugu akatson berri emateko:

  • Fonetika
  • Ortografia
  • Gramatika
  • Joskera
  • Moldea

Baliabideak

Auzo hizkuntzaren eraginez euskaran hedatutako erabilera okerren zerrenda egin dugu goian aipatutako sail bakoitzeko.

Hamabostero landuko den kontzeptuaren iragarpena egin da irakasle gelan hiru-lau egun lehenago.

Ez da baliabide berezirik erabili jarduera honetan: arbela azalpenerako eta fotokopiak ariketetarako.

Ondorioak

Hizkuntza kalitatearen inguruko kezka zabaldu da irakasleen artean eta irakasleak zalantzak izan direnean erreferentea bilatu dute jarduera honen sustatzaileen artean.

Aurrera begira

Irakasleen inplikazio zabalak bermatuko luke ekimenaren arrakasta eta, honetarako, euren zalantza, galdera eta iradokizunak ezagutzea komeni da.