Irakasleak eta euskara
Ikastetxea: Elgoibar institutua
Egileak: Inasio Garmendia Aizpuru
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Irakasleen prestakuntza eskolan eta institutuetan bertan antola daiteke. Elgoibarko institutuan lankideon arteko prestakuntza eta laguntza zerbitzua eratu dugu.
Sarrera
Gure ikastetxeak bi eraikuntza ditu eta orotara 561 ikasle ditugu bertan (DBH: 122 ikasle D ereduan; DBHO: 239 ikasle, 184 D ereduan eta 55 A ereduan; ZIKLOAK: 5 ziklo, 200 ikasle D eta A ereduetan. Irakasleriari dagokionez, 94 irakasle. Hauetatik 90ek HE2 dute, 3k HE1 eta batek HE0. Langile ez irakasleen artean idazkaritzako 4 langileak HE2ren jabe dira eta 3 atezainek HE1 dute.
Irakasleak ikasleontzat hizkuntza eredu gara, irakasleok gara, halaber, ikastetxeak euskaraz funtziona dezan oinarri nagusia. Beraz, beharrezkoa da irakasleen ahozko eta idatzizko erabilera egokia bermatzea. Horri erantzun nahian jarri genuen martxan egitasmo hau.
Ulibarri martxan jarri zenetik gaurdaino HE1 eta HE2-an zebiltzanekin egon da martxan. Iaz, (01-02 ikasturtean) hiru talde izan ditugu:
- HE2-ra heldu ez direnen taldea.
- HE2 aterata baino finkatze lana egitea nahi dutenen taldea.
- HE2 aterata baino eguneratzeko beharra sentitzen dutenen taldea.
Helburua eta metodologia
Helburu nagusia irakasleen ahozko eta idatzizko ERABILERA bultzatzea da. Horretarako, EZAGUTZA bermatu behar da eta, bitartean, MOTIBAZIOA erein.
Lanerako erabili ditugun oinarriak:
- Irakasleak hizkuntz eredu egokiak izan behar du
- Menderatzen ez den hizkuntzak ziurtasun eza sortzen du.
- Erabilera, ezagutza eta motibazioa elkarri loturik daude.
- Ikastetxetik irten gabe egiteak abantaila handiak ditu.
- Lanorduen barruan egitea erosoa eta eraginkorra da.
- Ikastetxeko lankideak izan daitezke irakasle eta laguntzaile.
Egitasmo honen eragileak ikastetxeko Arduradun Teknikoa (HNAT) eta Hizkuntza Normalkuntza Batzordea izan dira. Hartzailea, berriz, formazio premia ase nahi duen irakasle oro.
Egitaraua:
- Ikasturte amaieran irakasleei aukeraren berri ematen zaie eta izena emateko epea jartzen da. Izenak jaso ondoren taldeak osatzen dira. Izena eman dutenak interesa eta hizkuntza mailaren arabera hirutan banatzen ditugu:
- HE2 atera gabe dutenak
- Euskara finkatu nahian dabiltzanak
- Gaurkotzea, eguneratzea nahi dutenak.
- Talde bakoitzari tutore-irakasle bat izendatzen zaio.
- Talde bakoitzak eskolak hartzeko astero ordu bat zehazten du.
- Talde bakoitzeko partaideen beharrak aztertuz urte osoko plangintza egiten dute.
Baliabideak
Formazio saio hauetarako eskolako baliabideak erabiltzen dira.
Irakasleek lana musutruk egiten dutenez, aurrekonturik gabekoa da.
Ondorioak
Ezagutzan sakondu, irakasleen motibazioa sendotu eta erabileran zuzeneko eragina lortzen da. Hori da ikasturte amaierako hausnarketak utzi digun ondorioa. Partaideek balorazio positiboa egin dute.
Ekintza honen eraginkortasuna neurtzeko kontuan izan behar da, egitasmo isila izan arren iraunkorra dela eta hor dago bere ezaugarri nagusia.
Egitasmoaren iraupenari begira, ordea, arazorik handiena tutore-irakasleak bilatzea da, hots, irakasleak bere lankideei laguntza hori emateko prest agertzea.
Iraunkortasunik gabeko ordezkoekin, ikasturte hasieran etortzen direnez, lanordu barruan ordu loturak egitea zaila gertatzen da.
Aurrera begira
- Tutore-irakaslearentzat taldeen araberako ordu murrizketa ematea.
- Zuzendaritzak egitasmo hau bere egitea eta bultzatzea.
- Talde bakoitzarekin plangintza zehatza egin.

