Txostenak

Irakasleen inplikazioa sustatzeko ahalegin bat: HNP Berripapera.

Ikastetxeak: Orixe-Tolosaldea institutua (Tolosa)

Egileak: Bixente Alberdi Oiartzabal

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Institutua handia da eta, horregatik, beharrezkotzat jo dugu HNParen Berripapera argitaratu eta irakasle guztien artean banatzea, HNParen berri eman eta irakasleen inplikazioa areagotzeko. Berripapera zergatik eta nola egiten dugun, nola banatzen den eta nolako harrera izan duen azalduko dugu.

Sarrera

Orixe institutuan 508 ikasle ditugu, 26 gelatan banatuta A, B eta D ereduetan, eta 81 irakasle.

Euskara Normalkuntzaren Berripapera 00-01 ikasturtean jarri zen martxan eta 01-02 ikasturtean izan du segida. Hasiera hasieratik irakasleei zuzendutako orri bat izan da. Gurea irakasle kopuru handiko institutu bat denez, beharrezkoa ikusi genuen bertako irakasleei Euskara Normalkuntzaren egitasmoen berri zuzena ematea. Beharren arabera, bai zuzenean (irakaslearen kutxatilan), bai departamentu-buruen bitartez, halako orri informatiboak helarazi zaizkie ikasturtean zehar.

Helburua eta metodologia

Helburu nagusia, beraz, irakasle eta departamentuei Euskara Normalkuntzaren ekimenen berri zuzena ematea izan da. Bide batez, irakasleak eta ikastetxea bera Euskara Normalkuntzaren proiektuaren parte egin eta gehiago inplikatzea bilatu nahi izan da. Jakina da halako zentro handietan funtzioak eta ardurak nahiko banatuta egoten direla eta elkarren arteko komunikazioa eta elkarrekintza zaildu egiten direla. Hurbiltasun gehiago lortze aldera sortu genuen BERRIPAPERA delakoa.

Bultzatzaileak Orixe institutuko HNATak izan gara (HNATak diot, murrizketa orduak hiru irakasleren artean banatuta dauzkagulako).

BERRIPAPERA izenak dioen bezala orri informatibo bat baino ez da, baina aprobetxatu izan dugu, baita ere, irakasleei euskarazko beste hainbat berri ere emateko: hala nola, euskarazko web orri eta bilatzaile interesgarriak, euskara hobetzeko oharrak, hizkuntza gutxituen egoera, etab.

Baliabideak

BERRIPAPERA institutuan bertan egin eta argitaratzen da, bertako fotokopiagailuaz, ordenadoreez eta eskanerrez baliatuta.

Erabili ditugun baliabide didaktikoetan aipatuko nituzke: HABE-ren Euskara Hobetzen CDak, Asisko Urmenetaren Mantxut lokuzio liburua, baita Euskaldunon Egunkariak argitaratzen dituen gehigarriak, batik bat, unibertsitateari buruzkoa (informatikazko informazio interesgarria ematen baitu). Gainerakoan, unean uneko informazioak eskatzen dituen ezinbesteko kontsultak egin izan dira (aldizkariak: ARGIA, Unescoren Albistaria, internet).

Gastu handirik gabe, fotokopia hutsak direnez, erraz egiten den orri bat da BERRIPAPERA. Hori bai, bere denbora eskatzen du. Diru aldetik, fotokopiak, tinta, orriak (koloretan batzuetan) kontuan hartuta, 90 bat eurotako gastua kalkulatzen dugu ikasturte osorako.

Ondorioak

Esan bezala, helburua informatzea eta euskara normalkuntzaren jarduna irakasleengana hurbiltzea da. Orain arte zabaldutako BERRIPAPEREI buruz aldeko iritziak jaso izan ditugu. Informazioa banatzea garrantzizkoa ikusten da eta planteatzen diren ekintza eta xedeekin bat egiten laguntzen du.

Batzuetan, informazioa BERRIPAPERAren ale berezi bat betetzeko adinakoa ez denean, departamentu buruen arteko koordinazio bilera aprobetxatzen da, modu laburragoan, departamentu buruei informazioa zuzenean eman izan zaie, gero, beraiek, departamentu bileratan, gainerako irakasleei zabal diezaien.

Lehen adierazi dut orria prestatzeak bere denbora hartzen duela eta hori maiztasunarekin lotu behar da. Izan ere, ez dugu oraindik aldizkakotasuna finkatzea lortu. Lana pilatzen da eta justu antzean edo denboraz harrapatuta aurkitu izan gara, edota nahi genuen bezala orririk atera ezin izan. Bestetik, hasierako formatua bera ere sinplifikatzen joan da, artikuluei lekua kenduz (betelanekoak izan ez daitezen).

Aurrera begira

Hobetzeko bideak orria sinplifikatu eta formatu egonkorrago bat ematetik etorriko dira. Era berean, ikastetxean intranet sistema martxan daukagunez, pentsatzen hasi gara ea BERRIPAPERA posta elektronikoz banatzea ez ote den eraginkorragoa izango, merkeagoa izateaz aparte.