Euskal Herriko inauteriak: Betiko ikastolako pastorala.
Ikastetxea: Betiko ikastola (Leioa)
Egileak: Roberto Uriarte Lauzirika
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena 
Betiko ikastolak pastoral bat eratu du, Zuberoako pastoralean oinarriturik, ikasleei euskal nortasuna eta kultura transmititzeko asmoz. planifikazioa, antolaketa, eta nla gauzatu den azalduko dugu: bertsoak asmatu, dantzak ikasi, arropak josi, desfileak, irteerak, sarrerak,...
Sarrera
Tradizionalki gure ikastolak beti egin du ahalegin berezi bat inauterietan. Euskal nortasuna eta kultura oinarritzat hartuz egun polita pasatzen saiatzen gara. Egun hori inauteri ostirala izaten da. Goizean, herriko beste eskola batzuekin batera, Erromoko (Leioa) desfilean parte hartzen dugu, jantziak eta abar jendeari erakutsiz. Arratsaldean, berriz, ikastolan bertan ospatzen dugu jaia gurasoek, ikasle ohiek eta, azken batean, nahi duten guztiek, ikasturtean zehar zer egin dugun ikus dezaten. Ez da gonbidapenik behar izaten, urteetan zehar horrela izan delako eta zer egiten dugun herrian ezaguna delako.
Gurasoen aldetik jai arrakastatsua izaten da, guztiz animaturik etortzen dira beraien seme-alabak ikusten. Eta umeak zer esanik ez, imajinatu!
Beti hartzen dugu gai orokor bat eta hori lantzen saiatzen gara. Aurten Betiko pastorala izan da. Aurreko urteetako batzuk aipatzearren: Euskal Ezkontza, Euskal kirolak, Euskal inauteriak, Euskal pertsonai mitologikoak ...
Helburuak eta metodologia
Helburuak
- Egun horretan oso ondo pasatzea.
- Ikasleei euskal nortasuna eta kultura euskaraz transmititzea.
- Inauteria kontsumismo girotik kanpo antolatzea (arropak eskuz, paperez, plastikoz ... eginez)
- Euskara eta esku lanak lantzea.
- Ikastola instituzio bizi bat dela jendeari ohartaraztea (bere gauza on eta arazoekin)
Jarduerak
- Zuberoako pastoral baten bideo-zintak ikusi, ideiak jasotzeko.
- Talde batek inauteriko dantzak ikasi.
- Bertso eskolako ikasle batzuek bertsoak egin.
- Talde bakoitzak zegozkion bertsoak ikasi.
- Arropak josi.
- Guztia gorpuztu eta koordinatu: desfileak, irteerak, sarrerak...
Eragileak eta hartzaileak
Jaian ikastolako ikasle eta irakasle guztiek parte hartu dute eta langile ez irakasle batzuek ere bai. Guzti honen prestaketa azaroan hasi genuen, baina lanik gogorrena abenduan eta urtarrilean izan zen. Azken astean entsegu orokorrak izan ziren. Lan hori dena egiteko arte hezkuntzako eta musika-dantzako orduak erabili genituen.
Eginkizunen antolaketa:
- Musikariak: LHko 2. eta 3.mailako ikasleak
- Aurkezleak: LHko 1.maila
- Dantzariak: HH osoa eta LH 4., 5. eta 6.mailak
- Ikasleak: DBHko 1.maila
- Jantokiko langileak: DBHko 2.maila
- Garbitasuneko langileak: DBHko 2.maila
- Eskolazaina: DBHko 4.mailako ikasle bat
- Gurasoak: DBHko 3.maila
- Irakasleak: DBHko 4.maila
- Batzarkideak: DBHko 4.maila
- Ikastolako lehendakaria: DBHko 2.mailako ikasle bat
Emanaldiaren iraupena: ordu bete gutxi gora behera
Agertokia: jantokiko mahaiekin oholtza bat egin genuen ikastolako patioan eta musikariak bertan kokatu ziren.
Musika: megafoniatik Zuberoako pastoraletako musika jarri genuen eta musikariek, jostailuzko musika tresnekin keinuak eginez, itxura egiten zuten.
Desfilea: haurrek pastoraleko desfilea egin zuten eta, ondoren, haur bakoitzak, bere lekuan kokatuta, bere bertsoak kantatu zituen zegokion txandan.
Oharra: bertso guztiak eranskinean daude
Pastorala urratsez urrats:
- Hasteko, LH 1.mailako umeek aurkezpena egin zuten bertsotan. Bitartean HHko umeek beraiek ikasitako dantzatxoa egiten zuten.
- Ikasleen eta irakasleen arteko eztabaida. Bitartean dantza
- Jantokiko langileen eta ikasleen arteko eztabaida. Bitartean dantza
- Garbitasuneko langileen kexak. Bitartean dantza.
- Eskolazainaren eta ikasleen arteko eztabaida. Bitartean dantza.
- Gurasoen eta ikasleen arteko eztabaida. Bitartean dantza.
- Batzarkideek eta gurasoek batzar nagusia egin zuten eta bertan eztabaida sortu zen. Gaia: ikastolan egitekotan zen frontoia. Bitartean dantza.
- Amaitzeko ikastolako lehendakariak azken agurrak bota zituen.
Ekitaldia bukatzeko, parte hartzaile guztiok agertokira (patiora) atera ginen eta ikastolako abestia kantatu genuen.
Bertso guztiak eta gidoitxoa ikusleei ere banatu egin zitzaizkien, ikuskizuna hasi aurretik.
Baliabideak:
- Materialak: Abadia Urrüstoi Pastoralaren bideo zintak eta inauterietako musika kantak. Oinarrizko informazioa eta bertso guztiekin esku orri bat prestatu genuen.
- Jantziak: ikastolan bertan egin genituen gehienbat: txapelak, txalekoak, gonak... Horretarako papera, plastikoa eta beste material batzuk ere erabili genituen.
- Bertsogileak: Maialen Berekoetxea, Arrate Llaro, Peru Vidal eta Beñat Vidal.
- Bertsoak: Ikusi eranskinean.
Ondorioak
Hasierako helburuak nolabait betetzea lortu genuen. DBHko ikasleengan eragin zuzena izan zuen, beraiek izan baitziren protagonista nagusiak eta denok dakigu zenbat kostatzen zaien, adin horretan, horrelako ekitaldiak gauzatzea.
Gainera, ekintzak izan zuen arrakastagatik, esan dezakegu lana ondo egin zela.
Aurrera begira
Beti dago zerbait hobetzeko: adibidez, entsegu gehiago egin, altuago abestu eta hobeto ahoskatu, ikusleek hobeto entzun eta ulertu dezaten. Megafonia ere hobetu liteke.
Orokorrean, ordea, esan genezake egin zen bezala oso ondo egin zela.
Eranskina
PASTORALEKO BERTSOAK
1-Aurkezpena
Jende asko batu gara hementxe gaurko egunez. Arratsaldeon denoi ikastolakoen partez. Sukaldari, maisu ta asko eukiko ditugu aurten. Eztabaida eta burla ez zaigu faltako hemen. Dantza ta bertso ugari izango dira nagusi. Gure gaurko saio hontan baduzue zer ikusi. Gure pastoraltxo hontan aspertzerik ez duzue. Orain inauteri jaia gozatu egin zazue.
2-Ikasleen eta irakasleen arteko eztabaida
Ik.:Ikasketekin gaude belarri ta buru horrexegatik noizbait kopiatu behar dugu.
Ir.:Orain esandakoa e(g)ingo dugu bete harrapatu ezkero galduta zaudete.
Ik.:Guk ikasle denok hau daukagu nahiago errekreo gehiago ta lan gutxiago.
Ir.:Ez kexatu hainbeste ikasle kaskarrak nahikoa duzue ta ez izan alperrak.
Ik.:Etxerako lan asko zelako ikara hainbeste ikasteaz nekatuko gara.
Ir.:Ezin dira aldatu betiko legeak gu ere izan gara noizbaiten gazteak.
3-Jantokiko langileen eta ikasleen arteko eztabaida
La.:Janaria zertako prestatzen dugu guk jan indabak bestela zigortuko zaitut.
Ik.:Barrakoak indaba asko eman digu belarrietatik ere aterako zaigu.
La.:Ez izan hain azkarra mutiko okerra bestela deituko dut nik zeure etxera.
Ik.:Eskatzean patatak indabak adina jarriko zeniguke kopeta iluna.
La.:Isildu eta orain jan egin ezazu txikiekin lotara joan nahi al duzu.
Ik.:Ez gara etorriko zigortu ezkero ta ez duzu soldatarik izango hilero.
4-Garbitasuneko langileen kexak
Beti bezala lanera itzulieta dena zikinduta. Nola gelditzen diren klaseakl au terdiak pasatuta. Hementxe mahaiak margotu barik ia ezin dira ikusi. Baietz hemendik klase erdiak Arte hezkuntza ikasi. Ez litzateke ondo egongo marrazkiak atzintzea. Oso polita da ikasleen arte lanak ulertzea. Asko kexatzen bagara ere ados egon behar gara. Zikinkeririk ez baldin badago gure lana pikutara. Klase bat ondo garbitu eta hurrengora goaz gero. Lana murriztu e(g)ingo litzake gehiago izan ezkero. Goiz guztiak pasatzen ditugu gure etxea garbitzen. Hona etorri eta berriro erratzari eragiten.
5-Eskolazaina eta ikasleen arteko eztabaida
Ez.:Garbitzera irteten naiz eta nolako zikinkeria sekulako lan gogorra eta kobratzen dut miseria. Zuhaitzetan egun erdia desesperatzen naiz ia egun osoa errieta egiten naiz umeen aurkaria sartzen didate ziria ez al da hori egia. Hau da mundua akabatzera datorkigun gazteria.
Ik.:Lagun ez zazu egin hainbeste marmarrik ekologistegia zara betidanik. Papertxo ziztrin batekez dakar kalterik.
Ez.:Aurpegira barrezka hasi zaizkit hauek. Bost kontatu baino lehen alde egin zuek bestela dena batzen jarriko zaituztet.
Ik.:Zuk beti lortzen duzu duzuna gogoko. Ez gaitu froga barik inork zigortuko guri harpa jotzea kostako zaizu asko.
Ez.:Ezin zarete egon hitzik egin barik. Piskatxo bat nazkatzen hasi naiz jadanik. Norbait eskegiko dut arbol batetatik.
Ik.:Guk nahasten ditugu hainbeste inguru. Nahiz ta zu holan jarri beldurrik ez dugu. Zuhaitz gainetan beti ibiltzen gara gu.
Ez.:Gaur eztabaidatzeko nik gogorik ez dut. Problema oso handi bat eukiko duzu zuk. Zuhaitz denak behe-behetik zerratuko ditut.
6-Irakasleen eta gurasoen arteko eztabaida
IR: Nik hona deitu zaitut egia esateko. Zure umea ikasten ez dabil ederto. Umea bikaina da Satanasentzako oso alferra da hamar urte eukitzeko. Ez du balio ezta apaiza izateko.
G: Zer esaten didazu. Zelako algara. Gezurretan zabiltza. Konturatu al zara? Gauza bat argi dago esango dut hara mania hartu diozu konturatu gara. Gure etxean behintzat ondo portatzen da.
IR: Zugaz hitzegiteko deitu egin zaitugu. Zure umea dugu oso artaburuta klasean ez dabil belarri eta buru. Zure umeaz gauza bat esan behar dizugu saltsa guztietako perrexila dugu.
G: Ekaitzaren ostean datorkigu oskarbi. Gaur hasita betiko ibiliko da argi. Lanak egingo ditu txukun eta garbi. Ez du berriro izango kalabaza ugari. Entzun beharko ditu bereak eta bi.
7-Batzarkideek eta gurasoek batzar nagusia egiten dute eta bertan eztabaida sortzen da
GAIA: Ikastolan egitekotan diren frontoia
Bk: Gaurko batzarreko gaia frontoia izango dugu eta gai honetaz ondo hitz egingo dizuegu.
G: Noiz hasi e(g)ingo zarete frontoi hori eraikitzen gu aspalditik gaude ba diru mordoa ordaintzen.
Bk: Proiektua garatzeko guk ez dugu izan beta denak bezala honek bedenbora behar du eta.
G: Guk proposamen txiki bategin behar dugu, begira: dutxatzeko aldagelak ere jarri behar dira.
Bk: Batzuek nahi dute baina beste batzuek berriz ez erreferendum batean bozkatu dezagun legez.
G: Azken erabaki honekin gu geu ere gaude alde kostatu egin zaigu baina azkenean ados gaude.
8-Ikastolako lehendakariak, amaitzeko, azken agurra botatzen du
LEHENDAKARIA
AZKEN AGURRA Gaurko inauteri jaian euki dugu denetarik baina bukatu behar dugu denbora dau agorturik. Bihotz bihotzez gauza bat esan behar dizuet nik. Agur handi bat denoi betikotarron partetik.

