HNParen diagnosiaren fasea: Neur Kareletik... CDak eskaintzen dituen datuak interpretaziorako prest
Ikastetxea: Landako herri ikastetxea (Durango)
Egileak: Txaro Zamalloa Arrinda
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
*Neur?kareletik, Hizkuntza Egoeraren Popatik Brankara* CD-a erabilita lortzen den diagnosia erakutsiko dugu: datuak, sailkapenak, kopuruak, portzentaiak,.. Diagnosiaren datuen ondorio dira Hizkuntza Normalkuntzako Proiektuan hartuko diren erabakiak eta adostuko diren orientabideak, planteamenduak eta jokaerak. Hau da, datu horien arabera eratuko da HNPa..
Sarrera
Landako gure ikastetxea, 01-02 ikasturtean sartu da Ulibarri Programan eta HNP diseinatzeko lehenengo zeregina, diagnostikoa egitea izan da. Horretarako eremu guztien datu zehatzak eta osoenak behar genituen, hauetan oinarritzeko gure proiektuaren helburuak eta garapena.
Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako zentroa da gurea (2-12 urte) eta 897 ikasle, 78 irakasle eta 50 langile ez irakasle ditu; ikastetxe handia da beraz. D eta B hizkuntza-ereduak eskaintzen ditugu. 47ikastalde ditugu D ereduan, eta bertako jatorrizko euskaldunen proportzioa %46,77koa da. B ereduko 23 ikastalde ditugu eta hauetatik %3,77 dira jatorriz euskaldunak.
Duela hamahiru urte Amara-Berri sistema pedagogikoa ezarri zen.
Durangon eskola publiko bakarra beste lau zentro kontzertatu artean. Eskualdeko gorrentzako gela eta Hezkuntza bereziko gela ere, bertan kokatuta daude.
Durango herriak 25.000 biztanle ditu eta gaur egun gorantz doan hazkunde demografikoa bizi du. Bertan euskaldunen proportzioa %44,24koa da, jatorrizko euskaldunena aldiz %30,80 eta euskaldun alfabetatuena, %73,58.
Diagnostiko Fasea, eremu guztietan burutu dugu, datuak bilduaz eta ikuspuntuak batuaz. Urriaren lehenengo astean batzordea osatu bezain laster eta CD-a eskuratuta lanean hasi ginen. Ikastetxe handia denez, datu bilketak denbora asko eraman zigun.Urtarrilaren 29an diagnostikoaren txostena entregatu genuen. Otsailaren bigarren hamabostaldian datuak interpretatzen eta ikuspuntuak aztertzen hasi ginen zikloz ziklo bai eta batzordean ere.
Helburuak eta metodologia
Helburu nagusia, ikastetxeko hizkuntzaren egoera ahalik eta zorrotzen ezagutzea dugu. Eremu guztietan ahal den daturik zehatzenak objetiboki eta era estandarizatuan biltzea.
Helburu xeheak:
- Planifikaziorako datu objektibo sorta edukitzea.
- Oinarrizko abiapuntu objektibo eta erreala izan: datuak jaso,taulak bete.
- Tresna informatikoak ematen dituen emaitzak eta irudiak aztertu eta interpretatu.
Hauek burutu ahal izateko, honako bide hau urratu dugu:
- Teknikaria izendatu eta formatu.
- Batzordea eratu eta azaldu diagnostikoaren fasea zertan datzan.
- Euskarri informatikoa eta eskuliburuan datozen hiru atal nagusiak erakutsi.
- Lana planifikatu eta datu bilketa egiten hasi CDan agertzen diren taulak beteaz eta ikastetxeko diagnostikoa burutu.
- Emaitzak eta grafikoak ulertzeko azalpenak eman batzordekideei.
Gure lanaren oinarria talde-lana izan da. Horretarako ezinbestekoa genuen informazio eman eta egitasmoa azaltzea. Diagnostikoaren helburua zein den ere azaldu genien; alegia, sekula ez diagnostikoa bera helburu izan behar, bitartekoa baizik. Ondoren, lana banatu genuen batzordean eta Batzordekideek zikloetara eraman zuten.Tutoreek eskatutako datuak bildu zituzten eta bildu ostean datuak batzordera ekarri eta aplikazio informatikoan sartu.
Baliabideak
Ulibarri programarako UEUk sortutako Neur-kareletik, Hizkuntza Egoeraren Popatik Brankara aplikazio informatikoa erabili dugu, bertan eskaintzen den diagnostiko eta ebaluaketarako Branka tresna eta komunikazio-sareak aztertzeko Mintzagrama berariazko aplikazioa. Honekin batera datorren eskuliburua, oinarrizko arauak, irizpideak, irudiak eta aholkuak emanez.
Ondorioak
Eremu guztiak ezagutzea da lorpen nagusia; eremu guztietako datuak eta emaitzak eskura edukitzea, ikastetxeko errealitatearen deskribapen zehatza ezagutzea. Diagnostikoaren emaitzak Klaustroari eta guraso elkarteari jakinarazi genizkien eta emaitzak denon artean kontrastatu eta interpretatu ditugu, Proiektua horren arabera gauzatzeko.
Ikastetxeko lan dinamikan proiektu hau uztartzea ere lorpena da guretzat, bere dedikazio eta denbora eskainiz. Honen eraginez, ikastereduen balorazioa egiten ari gara une honetan, eta D ereduan nola taldekatuko diren hausnartu eta irizpideak jartzeko urratsak ematen ari gara. Hori dela eta, matrikulazio garaian datu zehatzak jasotzen ari gara, ikasleen jatorrizko, familia eta inguru hurbileko hizkuntzari buruz bai eta helburu edota gurariei buruz ere. Ondoren, ikasketa burua familiekin elkartuko da informazio xeheagoa izateko eta taldekatzerako irizpideak finkatzerakoan beharrezko informazio guztia eskura izan dezagun. Erabilera areagotzeko ekintzak eta eremuak euskaraz eskaintzeko behartasunaren premia adostea ere lortu dugu.
Zaila gertatu zaigu, ikastetxe handia denez, diagnostikoa eta Proiektua ikasturte berean egitea eta ikastetxean txertatzea. Talde-lan handia eskatzen duenez, adostea eta erabakiak hartzea zail samarra izaten zaigu batzutan, gaiak berak hausnarketa eta konpromiso handia exijitzen duelako (xumea baina konplexua aldi berean) eta batzordekideak denbora barik ibiltzen direlako premiazko beste lan batzuk egin behar dituztelako.
Aurrera begira
Aurrera begira hobetzeko, eginkizunak aurreikusi eta aintzat hartzeaz gainera ikastetxe mailan, beharrezko denbora eskaintzeko bermea izatea proposatuko genuke.

