Txostenak

Euskarazko lagungarri teknologikoak: internet eta multimedia.

Ikastetxea: Gasteiz eta Urtuellako berritzeguneak.

Egileak: Inma Pardo alonso eta Markos Bilbao Labado.

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Informatika-sarean hizkuntz normalkuntzarako zer-nolako baliabideak dauden eta naola erabil daitezkeen azalduko dugu: web-aurkibidea, ikastetxeko web-orria, eskolako aldizkari elektronikoa, txata, foroak etab.

Sarrera

Denon bistan dago IKTek oso hedapen handia izan dutela gure gizartean azken urte hauetan. Ordenadoreek etxeetan eta ikastetxeetan beren tokia hartu dute eta lagungarri azaldu zaizkigu hainbat lanetarako. Ikastetxeko bulegoko lanak (zerrendak, dokumentuak...) edota eskolako liburutegiak, beste askoren artean, ezin dira imajinatu XXI mende honetan ordenadorerik gabe.

Gure inguruko ikastetxeetan zenbait esperientzia gauzatu dira ordenadoreen laguntzaz. Gasteizko eta Urtuellako Berritzeguneetako teknikariok zuzenean ezagutzen ditugun esperientziez eta teknologia hauen erabileraz hitz egingo dugu saio honetan, beti ere euskara normalkuntzari begira.

Beraz, hitzaldi honen helburua hauxe da: ikastetxeetako normalkuntza arduradunei Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien eskura jartzen dizkiguten baliabideak aurkeztea, dagoeneko egin eta egiten diren esperientziak adibidetzat harturik.

Aipatuko ditugun gaiak:

  • Internet Zerbitzuak: webguneak, chat, posta elektronikoa.
  • Eskolako sarea.
  • Baliabide hauen abantailak eta eragozpenak.

Puntu bakoitza aztertzean, saiatuko gara bi ikuspuntutik heltzen: alde batetik irakasleontzako interesgarriak izan daitezkeenak lan tresna bezala, eta beste alde batetik ikasleei zuzenduta daudenak.

Internet

Web guneak

Irakasle zein ikasleentzat baliabide iturria bihur daitezke: programak, musika, informazioa, ea. merke eta erraz lortu baitaitezke.

Ikastetxeak berak bere web gunea plazaratu ezkero, bere errealitatearen berri eman diezaioke gizarteari.

Txat

Zenbait tokitako ikasleen arteko harremanak bultzatzeko erabil daiteke interneteko zerbitzu hau. Chateatzean gazteek erabiltzen duten hizkuntza idatzizkoaren eta ahozkoaren tartean dago. Alde batetik jasotzailearen erantzuna arartegabekoa da eta beste batetik idatzizko mezuak dira. Denbora errealeko komunikazio honetan laburdurak eta ikonoak (smilies) oso garrantzitsuak izaten dira komunikazio arina eta adierazgarria lortzeko.

Komunikazio bide honek oso harrera ona izaten du LHko azken mailetako eta BHko ikasleengan. Hainbat ikastetxek bide hau erabili dute ikasleekin.

Programak: MSN, Chat Comic, ea.

Posta elektronikoa

Bi eratan erabil dezakegu zerbitzu hau. Alde batetik talde txiki bateko lagunen arteko harreman pertsonalak garatzeko, eta bestetik talde handi batean intereseko gai komun bati buruz aritzeko, adibidez, zaletasunak (futbola, mendia, ea.) kasu honetan foroak edo eztabaida guneak aproposak dira.

Eskola barneko sarea

Barneko sarearen bidez informazioa eta programak erabil daitezke.

Programak:

Zuzentzaile ortografikoak, euskarazko programak ikastetxeko ordenadoreetara hasi dira heltzen. Hasiera batean oinarrizko programa hauek ezin zirenez euskaraz erabili, erdaraz erabiltzeko ohitura zabaldu zen. Gaur egun ikastetxe askotan Windows sistema eragilea edo Word programa oraindik gaztelaniaz erabiltzen dira.

Beste alde batetik, argitaletxeek eta erakundeek gero eta materiak gehiago ari dira kaleratzen euskaraz CD-ROM formatuan. Horrela hiztegiak, hezkuntzako programak, jokoak, ea. aurkitzen dira. Zuzentzaile ortografikoak oso harrera ona izan dute eta doan lortu daiteke www.sc.ehu.es/xuxen-e.htm helbidean.

Ikastetxeko informazioa:

Hala ere, barneko sarearen interes handiena guretzat ikastetxearen esparruan datza: irakasle guztiek eskura izan ditzakete eskolako dokumentu nagusiak, oharrak, deialdiak, eta beste hain beste informazio interesgarri.

Abantailak eta eragozpenak

Abantailak

Baliabide hauen abantailarik garrantzitsuenak hauexek izan daitezke:

  • Motibagarriak eta erakargarriak dira ikasleentzat.
  • Merkeak dira (beharrezko azpiegitura dagoenean)
  • Hedapen handia lortzen dute.
  • Egungo gizarteak eskatzen duenari erantzuna ematen dio.
  • ...

Eragozpenak

  • Euskarazko materialen urritasuna.
  • Harreman birtualen pobrezia.
  • Edukien azaluskeria edo itxurakeria (DC-ROMak, web guneak)
  • Irakasleen prestakuntza beharra.
  • Azpiegitura falta ikastetxe askotan.
  • ...