Lagunarteko hizkera
LAGUNARTEKO HIZKERA
Ikastetxea: Nafarroako Gobernua-Hezkuntza eta Kultura-Euskara.(Iruņa)
Egileak: Esther Mugerza eta Eduardo Aldasoro
Eskola Hiztun Bila-jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena
Lagunarteko hizkerarekin Jolasean Ttakun kultur elkartea eta Urtxintxa aisialdiko hezitzaile eskola elkarlanean garatutako egitasmoa da. Gazteen erregistro kolokialean galtze bidean edo gutxi samar erabiltzen diren esamoldeak berreskuratu nahi izan dira argitalpen honetan. Berauen lanketa sistematikorako proposamen zehatzak ere egiten dira. Halaber, aurkeztuko dira poster honetan Nafarroako Gobernuko Euskara Zerbitzu honen beste hainbat material.
Sarrera
DBHko 2. kurtsoko ikasleendako programa zehatza da.
Lagunarteko Hizkera erregistro ez formalak talde-ikasgelan lantzeko prestatu da. 10 orduko ekintza osagarria da.
1999-2000. ikasturtean Siadecok Nafarroako 12 eta 16 urte bitarteko ikasleen euskararen gaitasuna eta erabilera aztertu zituen. Honen ondorioz, euskararen erabilera murritzak hizkuntzaren gaitasun ezarekin zerikusi zuzena zuela ikusita, gela barnean formalak ez diren erregistroak landu beharra sumatu genuen.
Programaren helburuak honako hauek dira:
Gazteak egoera ez formaletan euskarazko erregistro kolokiala erabili dezaten animatzea: euskarazko esamolde erakargarriak eskainiz, gazteak esamolde horiek erabiltzen hastea. Horretara pausua emateko, ezinbestekoa da, saioetan gazteak entzule baino partehartzaile zuzenak izatea, etengabe esamoldeak erabiltzea.
Gazteei hizkuntzarekin jolastu eta ongi pasa daitekeela erakustea: saioetan ondo pasatzea oso garrantzitsua da, hizkuntzarekin jolastu eta ondo pasa daitekeela ikusteko. Modu honetan, errazagoa da landutako esamoldeak erabiltzea, edota beraiek berriak bilatu edo sortzea.
Gazteak euskarazko erregistro kolokiala erabiliz gustura sentitzea: euskarazko esamoldeak landu eta ikasteaz gain, erabiltzea eskatuko zaie, eta helburua, erabiltzen duten bitartean ongi sentitzea eta beraientzako gauza atsegina izatea da.
Saioetatik kanpo erregistro kolokiala euskaraz erabil dezaten bideak jartzea: askorentzat egoera erabat ez formaletan euskarazko erregistro kolokiala erabiltzea, hasiera batean behintzat, nahiko zaila izan daitekeenez, saioetatik kanpo esamoldeak lantzen jarraitzeko ideiak eman eta proposamenak egingo zaizkie. Horietan, garrantzi berezia izango du egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeetako gazteen arteko harremana bultzatzeak.
Teknologia berrien bitartez, euskarazko erregistro kolokiala erabiltzeko prest dauden gazteen arteko harreman sarea osatzea (txateatzeko orduak eta guneak jarri, topaketak antolatu...).
Helburua eta metodologia
2001-2002.eko ikasturtean DBHko 4 ikastetxe hautatu genituen. Baztango Lekarotz BHI, Lizarrako Lizarra Ikastola, Iruņeko Biurdana BHI eta Baraņaingo Alaitz BHI.
Programa bi orduko bost saio edo ordu bateko hamar saioz osatua dago. Gelako ordutegiaren barnean txertatua, gehienbat tutoretza eta euskara arloaren orduak erabili dira.
Urtxintxa edo Ttakun elkarteko bi begirale gelaratzen dira giroa osoki aldatzeko. Oso garbi izan dugu ikastetxeko irakasleek ezin zutela jarduera aurrera eraman, programak erabat bestelako giro ez akademikoa eskatzen zuelako eta irakasle-ikasle arteko loturak hizkera askea baldintza zezakeelako. Jakina denez, honek tutore eta begiraleen arteko etengabeko koordinazio estua eskatzen du. Horrela bada, taldearen tutore arduradunari dagokio ikasturte osoan programak jarraipena izanen duela ziurtatzea.
Horrela gai ez-formalean hiru unitate didaktiko sortu genituen, adar jotzea, haserretzea eta ligatzea.
Metodologia guztiz dinamikoa eta partehartzailea izan da. Oso azalpen gutxi eta ikasleen esperientzia eta esamoldeetatik abiatzen dira jolas, antzerki eta dinamiken bidez.
Lekarotzen, ikasleen ama hizkuntza euskara izatean, ikasleengandik gertu dagoen hizkera erabiltzeko bertako begiralea kontratatu zen.
Honen bukaeran eranskin modura, saio guztien laburpenak azalduko zaizkizue.
Baliabideak
Saio gehienetan ikasgela bera aski da, mahaiak baztertu eta biribilean eseriz. Halere, komeni da ikusentzuneko gela edo areto nagusia erabiltzea.
Eskolako ohiko materialak erabiltzen dira (kasetea, kartulinak,?).
Programa honen kostua begiraleak ordaintzean datza, ikasle taldeko 750 ¤.
Ondorioak
Ikasleen balorazio oso positiboa izan da. Oso gustura hartu dituzte saioak hasieratik. Eta dinamika oso bizia eta atsegina izatean, talde guztien saioekiko jarrera oso ona azaldu dute. Laburbilduz, ikasleak prest azaldu dira hizkuntzarekin jolasteko, esamoldeak ikasteko eta saioetan behintzat, erabiltzeko.
Ikastetxeen aldetik, berriz, hiru ikastetxeen balorazioak arras onak izan dira. Begirale eta arduradunaren arteko harremana saio bakoitzaren aurretik eta ondoren izan da eta beraz, koordinazioa eta jarraipena egon da. Ikastetxeko arduradunak beti azaldu dira laguntzeko prest eta oso balorazio positiboa egin dute. Laugarren ikastetxean berriz, ez zaie lehentasunezko jarduera iruditu euren plangintzan.
Aurrera begira
Datorren ikasturte honetarako programa hedatu egin dugu eta 9 ikastetxek parte hartuko dute (16 ikastalde).
Hamar orduko saioak motz geldituko direlakoan, ikasleen arteko txat informatiko itxia, Kuxkuxero izenekoa, antolatu dugu heldu den ikasturteari begira.
Eranskina: saioen laburpenak:
| 1.SAIOA: Saioen aurkezpena eta adar jotzea gaia | ||
|---|---|---|
| Helburua | Ariketa | Denbora |
| Gazteei saioen berri ematea | Begiraleen aurkezpena | 5 min |
| Gazteak ezagutzen hastea | Ezagutza jolasa | 15 min |
| Adar jotzea gaia lantzeko gazteen artean giro egokia lortzea | Txantxa jolasak: 2 jolas | 30 min |
| Lehendik duten hiztegia zein den ezagutu eta esamolde gehiago ezagutzera eman | Ideien ekaitza, Ereduak eskaini | 30 min |
| Beraiek proposatutako esamoldeak eta esamolde berriak landu jolas baten bidez | Esamoldeen ginkana | 40 min |
| 2.SAIOA: Haserretzea gaia hasi | ||
|---|---|---|
| Helburua | Ariketa | Denbora |
| Giroan sartzeko jolasa | Girotze jolasa: korapilo | 10 min |
| Antzerkiaren bitartez, ezagutzen dituzten esamoldeak landu eta esamolde berriak ere proposatu | Haserretze gaia hasi: antzerkia egin | 40 min |
| Aurreko saioan landutako esamoldeak errepasatu eta gogoratu | Hitz debekatuaren jolasa | 40 min |
| Jolasaren bitartez, gai honekin lotura duten esamoldeak eta hitzak lantzea | Urkatua | 30 min |
| 3.SAIOA: Ligatzearen gaiarekin hasi | ||
|---|---|---|
| Helburua | Ariketa | Denbora |
| Ligatzearen gaia aurkeztu | Gai berriaren aurkezpena | 5 min |
| Talde giroa sortu | Maite zaitut jolasa | 40 min |
| Ligtzeko erabiltzen dituzten esamoldeak ikusi eta berri batzuk proposatu | Piropo lehiaketa | 45 min |
| Ligatzearen inguruko esamoldeak lantzeko jolasa | Hitza lotzearen ariketa | 45 min |
| 4.SAIOA: Hiru gaien errepasoarekin hasi | ||
|---|---|---|
| Helburua | Ariketa | Denbora |
| Aurreko hiru saioetan landutakoa errepasatu | Oka jolasa | 60 min |
| 5.SAIOA: Saioen errepasoa eta ebaluazioa egin | ||
|---|---|---|
| Helburua | Ariketa | Denbora |
| Landutako hiru gaietako esamoldeen errepasoa egin | Enborren jolasa | 30 min |
| Ezagutu dituzten hitzak gogoratu | Hitzak korriketan | 30 min |
| Ebaluazioa egin | Ebaluazio teknikak | 30 min |
| Saioetan landutakoaren bilduma egin, Kuxkuxeroa aurkeztu, Agurra | Merienda, Diploma banaketa, Hitzontzia banatu | 30 min |

