Txostenak

Berbeteari gatza eta piperra

Ikastetxea:Busturialdeko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak (Arratzu)

Egileak: Pedro Mari Geruzaga Orbe

Eskola Hiztun Bila-jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Tokiko euskalkia lantzeak garrantzi berezia du ikaslearen hizkuntza gaitasuna osatzeko. Nerabeen hizkuntza errejistro informalean irainak leku propioa hartzen du. Gure eskualdeko irainak argitalpen batean bildu ditugu.

Sarrera

Berbeteari gatza eta piperra Hizkuntza Normalkuntza Programan dauden Busturialdeko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetan esperientzi moduan sartzeko ekimen bat da.

DBHko 2. zikloko ikasleei eta DBHOkoei zuzenduta dago, kontuan izanik ikasle hauek D eredukoak direla eta eremu euskaldun batekoak.

Ikastetxe hauetan, aspalditik ikusi dugu gazteek, nerabe arora heltzen direnean, sarri askotan erdarara jotzen dutela. Jarrera honen zergatiak aztertzean, arrazoi edo eragin ugari daudela pentsatzen dugu, baina horietariko bat, gure ustez behintzat, izan daitekeela testuinguru edo esparru jakin batzuetan, erdarak eskaintzen dituen hizkuntza baliabideak biziagoak eta aberatsagoak egiten zaizkiela ikasleei; eta Euskarazko horien parekoak, ia ezagutu ere ez dituztela egiten. Esparru horietako bat izan daiteke iseka, adar-jotze, irain eta abarreko testuinguruetan gazteak ia beti erdarazko adierazpenak erabiltzen dituztela. Guzti hau kontuan izanik, Euskarazko pareak eskaintzea izan da gure asmoa eta Euskarak badituela guzti horiei erantzuteko baliabideak jakinaraztea.

Helburuak eta Metodologia

Ahozkotasuna aberasteko eta aho-hizkuntzari bizitasuna emateko, gazteei hizkuntza baliabideak eskaintzea izan da lan honen helburua. Hizkuntza guztiek badute bere Corpusean, pertsonen ezaugarri negatibo, iseka egiteko, adarra jotzeko edo iraintzeko hitz multzo bat. Beraz, hori kontuan hartuta, eta gazteek sarritan hitz horien bila erdarara jotzen dutela ikusirik, planteatu zen bilduma hau egitea, euskaldunek, batez ere, gazte jendeak, hizkuntza baliabide hauek erabiltzeko aukera izan dezaten.

Lan hau burutzeko erabili dugun metodologia eskualdeko pertsona adinekoek daukaten altxorra jasotzea izan da. Ikasleek euren etxeetan, aitona-amonengandik, hainbat berba bildu dituzte; eta Hizkuntza Normalkuntzako arduradun Teknikoek ikasleengandik jasotakoak eta eurek jasotakoak bat egin dira guneko bileretan. Bilera hauetan sailkatu dira irainak, zelan idatzi behar diren aztertu da, zelan argitaratu,.... eztabaidatu da eta azken lana liburua argitaratzea izan da.

Baliabideak

Baliabide pertsonalak:

  1. Eskualdeko adinekoek eta eurek daukaten hizkuntza aberastasuna.
  2. Ikastetxe desberdineko ikasle batzuk, bilduma egiten lagunduz.
  3. HNATak eta HNTa: Guneko bileretan egin duten lana, eta etxeetan egin behar izan duten aparteko lana: Irainak banan-banan aztertu, esanahia bilatu eta egokitu, kanpo semantiko desberdinetan sailkatu, idatzizko eta ahozko forma egokiak jarri, kanpo semantiko bakoitzari dagozkion marrazkiak egin (ikasle ohi batek egin ditu) eta marrazkietan esapide desberdinak jarri aho-hizkuntzan, guzti hau liburuan argitaratu eta hori ahalbideratzeko erakunde desberdinetatik diru-laguntzak lortu.

Aurrekontua 6.000 eurotakoa izan da: guzti hau irudigileari ordaintzeko, erabilitako materiala eta inprentari ordaintzeko da. Eta diru-laguntza hori Gernika eta Bermeoko udalek eman dute.

Ondorioak

Oraindik esperimentatu barik dagoen lana da; ezin dugu aurreikusi bere eragina. Ikastetxeetan eragile desberdinek ikusi behar dute zelan txertatu euren programazioan berba hauen lanketa eta zein metodologia erabili beharko duten. Izango duen eragina neurtzea oso zaila egiten zaigu. Alde batetik, luzaroko kontua delako, eta bestetik, eragina neurtzeko tresnak bilatzea ez delako erraza.

Egindako lan hau ikastetxeetatik aparte gizataldeetan ere banatuko da, eta esparru horretan ere bere eragina izango duelakoan gaude.

Aurrera begira

Lan hau hasieratik beste era batera egiteko asmoa geneukan: Berba gozoak eta irainen bilketa. Biak egiteko denbora gehiago behar dugu. Horregatik erabaki dugu amaituta daukaguna argitaratzea, hau da, irainen bilduma. Baina, berba gozoen bilduma datorren urtean amaitzeko asmoa daukagu. Bilduma osoagoa usten dugu biak batera bilduz.