Txostenak

Geure berbategie

Ikastetxea: Arratia institutua(Igorre)

Egileak: Juan Rekalde eta Jon Albizbeaskoetxea

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Ikastetxean Berbategie izeneko hiztegi bat osatu dugu. Horretarako, Arratiako ikasleek bertako hitzak datu base batean sartu dituzte, euren etxe, auzune eta herrietan batutakoak. Bilketa lana egin ondoren, berbategia osatu eta hitz horiek eskolako aldizkarian txertatzen ahalegintzen dira.

Sarrera

Arratia BHI Institutua, Arratia haraneko bigarren hezkuntzako ikasle guztiak batzen ditu. Bertan Zeanuri, Areatza, Artea, Zeberio, Arantzazu, Igorre, Dima, Lemoa eta Bediako ikasleak ditugu.

Haranean herri batetik bestera euskara jakite eta erabilera portzentai desberdinak daude (Dima %98, Lemoa %62) baina batez bestekoa (%77).

Bailara osoko ikastetxeetan D eredua baino ez dago eta gure Institutuan ere hola da aspaldidanik. Guztira eskualdean 1200 ikasle eta institutuan 500 ikasle.

Helburuak eta metodologia

Geure berbategia proiektuaren helburuak hauek dira:

  • Eskualde hizkeran galtzear dauden berbak berreskuratzea
  • Hauetarik erabilgarriak eta gaurkotasundunak promozionatzea.
  • Etxeko euskarari falta zaion gorespena ematea.
  • Hiztegi fondo bat sortu kontsultagarri izan daiten. Geure Berbategie-aren abiapuntua mendebaleko euskalkian argitaratuta dauden berba zerrendak (Meldebalde Elkartea, HABE, Ulibarri Euskaltegia, etab.) zerrenda bakarrera ekartzea izan zen. Bigarren aldi batean ikasle eta irakasleek zerrendotan falta izan diren berbak topatzeari ekin genion geure auzune, etxe eta herrietan eta berehala konturatu ginen hainbat eta hainbat, ohiko hiztegietan (ez eta R.M. Azkuerenean ere) ez zirela agertzen. Horrez gain frogatuta dago idazten ez den hitza ez da erabiltzen eta erabiltzen ez dena hil egiten da.

Proiektu honekin 2000/01 ikasturtean hasi ginen eta aurtengoa bigarren edizioa izango da. Proiektu zabal eta irekia da, denboran eta espazioan. Denboran epe luzeago batera dagoelako beti: ikasturte bakoitzean urte horretan aurkitutako hitzak gaineratzen zaizkiolako. Era honetan urtero parte hartzaileak biderkatu egiten dira eta etxeko euskara prestigiatzeko ariketa ezin hobea dugu. Espazioan, proiektuak eskolako mugak baino harago ere joan gura duelako.

Ekintzak eta metodologia:

  • Hiztegia osatu. Berbategiaren irakurleak berbaren bat falta dela ikustean berbategie osatzeko aukera dauka bi eratara. Bata zuzenean koordinatzaileari emanez eta bestea helbide elektroniko honetara bidaliz: geureberbategie@ euskalnet.net. Berba bat erantsi ahal izateko hauxe da ekarri beharreko informazioa: berbaren izena, berbaren esanahia, informazio iturria
  • Promozioa: hamabostero aukeratutako berba egoki bat bultzatzen da, ikasgela bakoitzeko arbelean berba idaztirik duen orri bat itsatsiz. Esanahia eta adibide eta guzti.
  • Web orria egin. Hiztegia zabala eta irekia denaren ideia garatzeko, web orriaren bitartez gero eta zabalago eta irekiago egingo dugu. Bilatzaileetan berbategia hitza jarri ezkero berak bidaltzen zaitu gure hiztegira.

Proiektu honen gidaritza HNP taldeari dagokio.

Lehenengo alea ikastetxean argitaratu ondoren Batxilergoko ikasleei banatu zitzaien euren etxeetara eramateko eta bertan guraso, atita-amama eta auzokideekin birpasatzeko eta falta zena txertatzeko.

Baliabideak

ARRANA aldizkariaren ibilbidean (1991-2002) ikusi zen eskualdeko hiztegi baten beharra. ARRANA aldizkaria (ezkila, zintzarri) urtean bitan argitaratzen da eta aurtengo alea 21.a da. Gaur egun LHko ikasleek aldizkariaren TXILINE (arran txikia)izeneko gehigarri berezia osatzen parte hartzen dute. Horrela 9 herrietako eskolen eta institutuaren arteko elkarlana bultzatzen da. Batxilergoko ikasleek eskualdeko BEGITU aldizkarian idazteko txoko berezia dute, beti ere euskalkia erabiliz.

Euskalkiaren beharra eta erabilerari buruzko sentsibilizazio kanpainak egin izan ditugu hitzaldi eta jardunaldi bereziak antolatuz. Besteak beste, X. Amuriza, J.L. Goikoetxea, G.Aurrekoetxea ....

Aurrekontua

ARRANA BHIko aldizkaria eta BEGITU eskualdeko aldizkariak autofinantzatu egiten dira.

Geure berbategie ordaintzeko diru laguntza izan dugu Institutu eta guraso elkartearen aldetik.

Ondorioak

Euskalkiaren idatzizko erabilera (aldizkarietan ikus daitekeenez) eta erabilera ez-formala ere.