Ulibarri dokumentazio gunea
Ikastetxea: Ordiziako berritzegunea
Egileak: Pello alkizu Lizarazu
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Ulibarri programaren inguruan azken urteotan material ugari sortu eta bildu da. Material hori sailkatuta Dokumentazio Gunean jaso da. Gunea, orain arte, programaren gidaritzan ari garen teknikariok eta Aholku-Elkarteak erabili izan dugu. Laster ikastetxeek ere sarbide zuzena izango dute Dokumentazio Gunera, Ulibarri webgunearen bitartez. Posterrean Dokumentazio Gunea ikusteko aukera izango da.
Sarrera
Ulibarri programaren inguruan azken urteotan material ugari sortu eta bildu da. Urte hauetan jatorri desberdineko materiala jaso ahal izan da; bai ikastetxeetatik, bai mintegietatik eta bai Berritzeguneetako aholkulariengandik. Bestalde, formatu aldetik ere material anitza suertatu da: galdekizunak, txostenak, bideo grabaketak, hitzaldiak, bildumak...
Material hau sailkatuta Dokumentazio Gunean jaso da. Gunea, orain arte, programaren gidaritzan ari garen Berritzeguneetako aholkulariok eta Aholku-Elkarteek erabili ahal izan dugu.
Helburua eta metodologia
Dokumentazio guneko kudeatzaile taldea bi HNT-k osatu dugu, beti ere Aholku Elkarteen gidaritzapean. Jasotako material anitza, interesa eta egokitasun irizpideen arabera aztertu ondoren modu errazagoan aurkitu ahal izateko, Ikastetxeko Normalkuntzako Proiektua egiterakoan erabilitako esparruen arabera sailkatu zen, hau da; diagnostikoa, ikastetxeko dokumentazioa, paisaia linguistikoa, bibliografia, zuzendaritza, irakasleak, ikasleak, ekintza osagarriak, gurasoak, kanpoko harremanak.
Dena den, hasieran horrela multzokatu bazen ere, beste mota bateko materialak ere bildu izan ditugu, baita sailkatu ere, adibidez: Normalkuntzaren inguruko oinarri teorikoak, ikastaroetako materialak, NOLEGAko hustuketak, Ulibarritarra aldizkaria, guneetako informazioa, Normalkuntzaren inguruan ingelesez egindako aurkezpena....
Dokumentazio gunea etengabe osatzen joan da. Hasieran paperean gauza asko jaso bagenituen ere, modu informatikoan jasotzeari eman zaio lehentasuna.
Helburu garbia izan du: sortutako material ugaria bildu, aztertu, sailkatu eta, ondoren, elkarren artean trukatzeko eta zabaltzeko eskura jarri, modu honetan ikastetxeei hobeto erantzun ahal izateko.
Baliabideak
Dokumentazio hori guztia, baliabide teknologiko berriez baliatuta, Gasteizko ordenadore bateko disko gogorrean kokatu da, FTP programa baten bitartez kudeatuz. Material hori erabiltzeko edo jaisteko interneteko helbide jakin batean sartuz eta pasahitz bat erabiliz egin da.
Dokumentazio guneko materiala aldatu edo osatu nahi izanez gero, bi HNTon bitartez egin da. Aldiro sartutako materialaren berri aholkulariei eman izan zaie eta material berria bidaltzeko eskatu.
Ondorioak
Alde batetik, Normalkuntza Proiektuak abiatu zirenetik egon zitekeen dokumentazioa edo sortu berria izan zitekeen materiala jasotzeko ardura egon da. Material ugari hori kudeatu, sailkatu eta aholkularien eskura jartzea lortu da.
Zer egin daiteke hobetzeko?
Hurrengo urratsa ikastetxeen eskura zuzenean jartzea da. Horretarako sortuko den web orrian aukera hori eskainiko da. Aurretik, hala ere, galbahea pasa beharko da, ezin baita material hori guztia, txukundu eta moldatu gabe, sarean edonorentzat zabaldu. Era berean biltze lanetan jarraitu beharko da eta osatzeko falta daitekeena bideratzen. Lantzen ari garen Ulibarri Web orriak gutxienez lau eginkizun hauek izango ditu:
- Ikastetxeek bertan izango dute Hizkuntza Normalkuntza Proiektu osoa kudeatzeko baliabide informatizatua.
- Dokumentazio gune irekia ere izango da.
- Ulibarriren inguruko informazioa jasotzeko gunea izango da.
- Programaren inguruan gabiltzan guztion elkar topatzeko lekua bihurtu nahi genuke. Esperientzien etengabeko trukea bultzatu nahi da.

