Irakasleok Bai Euskarari
FITXA:
Izenburua: Irakasleok Bai Euskarari

Egilea:Donostiako PAT
Azalpena: Bai Euskarari kanpainaren baitan Donostialdeko irakasleentzat prestatutako ekimen andana bildu du. Ekimen andana honetan denetarik lantzen da: motibazioa, zuzentasuna, erabilera... Era egokian azaldurik daude eta bada aberasgarri gertatuko den ideia fresko askorik.
Sarrera
Euskalgintzaren inguruan, zenbaitetan badugu etxafuegoen antzera jokatzen ote dugun sentsazioa. Suziria piztu eta lehertutakoan hotsa eta zarata atera bai baina gero jarraipenik ez duten ekitaldietan galtzen ez ote garen sentipena. Kilometroak, Nafarroa Oinez, Ibilaldia, Araba Euskaraz bezalako ekitaldiek, esaterako, milaka lagun biltzen dituzte. Egun pasa egin, sos batzuk gastatu eta buelta hurrengo batera arte. Antzeko zerbait gertatzen zaigu Korrikarekin.
Honelako ekitaldien arrakasta gutxietsi gabe, noski, nolabaiteko jarraipena ematea izango litzateke interesgarria ondorio eragingarririk izan dezan.
Bai euskarari ekitaldi erraldoiaz gogoratuz eta, nolabait, bertako iturrietatik xurgatuz, ikastetxean ikasturte oso bateko Bai euskarari proiektu gisako bat aurkezten da hemen, proposamen gisa aztertu eta eztabaidatzeko.
Hasiera-hasieratik esan beharra dago, beste zenbait ekitalditan ez bezala, irakasleen ikuspuntutik, eta batez ere irakasleak gogoan hartuz planteatzen dela honako hau. Ikastetxe baten norabidea ez du irakasleak bakarrik erabakitzen. Zer esana badute, besteak beste, ikasleek, gainontzeko langileek eta gizarteko eskakizunek ere.
Oraingo honen oinarrizko irizpidea labur bil daiteke: Ikus dezagun irakasle garen aldetik euskarari urte osoko baietza nola eman diezaiokegun. Ikasleek, gurasoek eta gainontzeko kideek beste horrenbeste egin dezaten animatzeko. Mahaiari eusten dioten hanketako bat zainduko dugu bereziki, irakasleena.
Ikastetxe batean beste hainbat jenderekin elkarlanean aritu ohi denez, on litzateke irakasleek euskarari emandako baietza era ezagun eta irekian planteatzea, inongo sektarismorik edota lotsarik gabe.
Euskalgintzaz hitz egiterakoan, bestalde, hitz borobil asko erabiltzen dugu: euskararen langintza, erantzukizuna, konpromisoa, eutsi beharra, borroka, lehia, diglosia eta hainbat horrelako. Halako kirol kutsua ere ezartzen diogu gure jardunari. Bere marka hobetzeko ahaleginean diharduen korrikalaria nekatu egiten da, zenbaitetan sufritu ere bai, baina baita gozatu ere. Euskararen aldeko lana bai, izerdi patsetan jardun bai, baina gozatuz. Euskaldunon sufrimenduak ez dio euskarari batere onik egiten.
Ikastetxean ere Bai Euskarari
Helburua
Proiektu honetan abiatzen diren irakasleen artean euskararen erabilera zabalduz, sakonduz, landuz eta gozatuz eskolan euskararen normalkuntza bultzatzea.
Baliabideak
Ondoren, urtean zehar burutzeko proposatzen diren ekintzak. Garrantzi handikoa da, proposatutako ekitaldi eta ospakizun jendetsuetan, eskolako beste kideekin batera, gure partaidetza nabarmenaraztea.
Ebaluazio irizpideak:
- Ekintza hauetan esku hartu duten irakasleak gustura aritu diren egiaztatzea. Ezin gara euskararekikoa beti gainzama gisa planteatzen ibili.
- Bide honetatik abiatu diren irakasleen kopurua zabaldu den ikustea. Norbera gustura sentitu eta besteak erakartzeko balio behar du proiektu honek.
- Euskara bera hobeto ezagutzeko pausoak eman diren begiratzea. Ekonomiaren legeak funtzionatzen du hizkuntzarekin ere. Normalean erosoen sentitzen garen eta errazen egiten dugun hizkuntzan egin ohi dugu.
- Ekintza eta jarduera mota desberdinen arteko oreka. Hau da, ospakizun jendetsuetan, hileroko saio mugatuagoetan edota norberak hartu beharreko erabakietan orekari eustea. Hiru ardatz horietan esku hartzea da kontua.
Euskarari Bai zenbait ekintzatan
Hiru mailatako ekintza motak bereiz daitezke:
- Jendetsuak, esku hartze handia izan dezaketenak.
- Bereziak, baina maila mugatuagoan bidera daitezkeenak.
- Norbanakoak.
Mahai bateko hiru hanken antzera har daitezke ekintza mota hauek. Hiru hanken arteko orekak bakarrik eutsi diezaioke mahaiari. Ospakizun jendetsuak lantzeak ez du gehiegi balio beste bi alorretakoak alde batera alboratzen baldin badira. Norbanako gisa hartutako erabakiek halako isla eta eragina izango dute beste bi esparruetan ere.
Ondoko ekintza jendetsuak proposatzen dira:
BAI EUSKARARI ekitaldia (Ikasturtearen hasieran): 1998ko abenduaren 26an egindakoaren eskema izan dezake. Ekitaldi hartan bost zelai bete ziren bezala, oraingo honetan hiruzpalau estadio egon daitezke areto nagusian edo patioan banatuak. Euskararen lurraldea osatuko dute: Irakasleen estadioa (Iparraldea); Ikasleen estadioa (Gipuzkoa, Araba, Bizkaia); Gurasoen estadioa (Nafarroa); Gainontzeko langileena (Munduan zehar dauden euskaldunak).
Jaialdiaren egitura honako hau izan daiteke:
- Hasieran, BAI EUSKARARI (98ko) atal batzuk bideoz ikusi. Ondoren, hutsik dagoen agertokian, areto osoa zeharkatuz eta letra erraldoiak agerian dituztela, ikasleen ordezkariek, irakasleenek, gurasoenek eta zuzendaritzako kideek, hamabi letra erraldoi eramango dituzte eta agertokian eskegiko. Bien bitartean, bertaratuek Plazara, euskara plazara kantatuko dute hiru irakasleek (zuzendaritza barne, hobe): B,A,I; 6 ikasle (maila desberdinetakoak): E,U,S,K,A,R,A; beste langileen izenean: R; gurasoen izenean: I. (Hau proposamen bat baino ez da. Banaketa eskolaren egoerara egokitu daiteke).
- Ondoren, EUSKARARI OMENALDIA egingo zaio: Ikasleen omenaldia: antzerki labur bat, Euskararekin zer ikusia izan dezakeen kontaketa bat eta beren saioaren amaieran Behin betiko abes dezakete; Irakasleen omenaldia: Irakasleren batek idatzitako poesiaren baten irakurketa, Xalbadorrenak izan daitezkeen bizpahiru bertso kantatzea, interpretatutako elkarrizketaren bat eta Garaziko herria kantatuz amai dezakete (beste langileak ere irakasleekin bil daitezke); gurasoei omenaldia: berez, atal hau euskarari eginiko omenaldia bada ere, gurasoak, euskararen transmisioan hainbesteko garrantzia izan duten gurasoak, omenduko dira, eskerrak emanez: ikasleen idazki labur bat irakurri, lore sorta bat gurasoren bati guztien izenean entregatu, agurra dantzatu.
- Eskolaren deklarazio instituzionala: Ospakizunaren azken atala izango da hau. Euskarari eginiko omenaldiak ikasturtean zehar jarraipena izan dezan, halako agiri labur bat irakurriko da. Zuzendaria, irakasleen ordezko bat, ikasleena, langileena eta gurasoena igoko dira oholtzara. Zuzendariak deklarazio horren sarrera irakurriko du. Ondoren irakasleak beraiei dagokien atala, ikasleek ikasleena eta, horrela, bakoitzak berea. Ondoren deklarazio hori guztien aurrean izenpetuko da eta euskara irudikatzen duen irudiaren baitan utziko(jolastokian bada, globoak ere aska daitezke).
Ihauteriak ama lurraren baitan
Sarrerako ohar gisa: Ihauterien kontuak helduleku asko izan ditzake eta guztiak izan daitezke baliagarriak. Kasu honetan ama lurrarekin, izadiarekin, biziberritzearekin, uztar daiteke ospakizuna.
Mezua honako hau izan daiteke: Neguan zehar izadia lokartu egiten da. Lizardik aipatu bezala guztia dago lo. Negua, ordea, badoa. Heldu da esnatzeko garaia.
Guk geuk ere, ikasturtearen hasieran euskarari baietza eman genion. Baina, agian, gu geu ere lokartu egin gara. Euskararen ildotik ere biziberritzea aldarrikatuz joka dezakegu.
Oro har, halako giro jostariari eutsi beharko litzaioke. Euskarari atxikimenduari bai, baina jai giroan.
Lanerako prozedurak
Orokorki, Bai Euskarari jaialdiaren eskemari eutsi diezaiokegu. Euskararen irudia ere agerian jarriko da:
- Oholtzan edo agertokian, ikasle talde bat eta irakasle batzuk egongo dira, isilik, mugitu gabe. Batzuk makurtuta, besteak etzanda. Oihal beltz batek estaliko ditu. Jaialdiaren aurkezleak bere harridura azalduko du guztia lo ikusten duelako. Ama euskarari ere galdetuko dio ea zer gertatzen den. Honen erantzuna: izadia bezala euskararekiko ere lokartu ote diren uste duela eta, triste. Esnatu behar direla erabakiko dute.
- Ondoren multzo hori esnatzeari ekingo diote. Horretarako, danborrada moduko bat egin daiteke sukaldeko ontziak elkar joz; Kalderero talde bat pasa daiteke mailu kolpeak dantzatuz; Joaleak imitatuz, beraien mugimenduak jarraituz beste talde bat. Desfilea egin ahala, oholtzan daudenak mugitzen hasiko dira, poliki-poliki hasieran, esnatzen ari balira bezala eta mugimendu azkarragoak eginez, gero. Poliki-poliki, estaltzen dituen oihala kenduz joango dira. Harridurazko aurpegiak jarriko dituzte: Zer da hau! Non gaude! Zer gertatu zaigu! Harridurazko esaldiak entzungo dira. Saioaren aurkezleak Ama Euskarari errepara diezaioten eskatuko die. Ama Euskararen mintzoa entzungo da: Egon lasai! Azkenean esnatu zarete! Ospatu lasai Inauteriak. Oholtzatik :Hori, hori, Gora inauteriak. Beste batek, Gora euskara. Abesti bat kantatuko dute, gorputz mugimenduekin lagunduz. Aitorren hizkuntz zaharra izan daiteke. Amaierarekin batera taldea jaitsi egingo da oholtzatik.
- Modeloen desfilea: Inauteri jantziekin, ikasleak, irakasleak eta gurasoak (balego) pasako dira. Ama Euskararen aurretik pasatzerakoan halako erreberentzia egingo diote. Epaimahai batek BAI EUSKARARI domina bana emango dio jantzirik hoberenari (edo guztiei), eranskailua ere izan daiteke. Epai mahaiko kide batek honako hitz hauek botako dizkie saritutako ikasle, irakasle eta gurasoei: Gaur erakutsi duzuen jantziagatik sari moduan ematen zaizuen domina, lagungarri izango zaigu gure eskolan (ikastolan) hemendik aurrera euskararen jantzia erabiltzeko. Amaieran, Behin betiko edo beste abestiren bat kanta dezakete.
Jaia eta su
Planteatutako hirugarren ekitaldi jendetsua izan daiteke ondorengo hau. Era askotara burutu daiteke saio hau. San Joan festaren inguruan egingo litzateke, ilunabar batean:
- Eguzkiaren geroa, oraina eta geroa: Ekitaldi hau lehenago eginikoaren jarraipena izango da. Hemen ere Ama Euskara, edo Bai Euskarari irudia erabiliko da. Ondorengo ekitaldiaren funtsa hau izan daiteke: Eguzkia da hemengo bizi iturria. Izan gaitezen gu, udaldian, euskararen eguzki. Sua da eguzkia, suarekin jolas gaitezen. Hasieran, ikasle, irakasle eta gurasoez osatutako boskote batek eguzkiaren irudi bat darama, eta agertokian zintzilikatuko dute. Ondoren eguzkiari omenaldia egingo zaio. Bien bitartean Askatasun eguzkia edo beste abestiren bat jar daiteke. Aurkezleak aurreko ospakizuneko giroa gogoratuko du: negua, hotza, iluna, lurra esnatzen, eguna luzatzen, etorkizuna, esperantza, udaberria... gogorarazi ditzake. Ondoren, ikasleek, irakasleek eta gurasoek eguzkiari ohore egingo diote oholtza gainean: olerkiak, kantak, bertsoak, asmakizunak, musika (tresnak erabiliz, hobe).
- Patioan borobil handi bat eginez: Aurkezleek ekitaldia girotu: ekaina, eguzki gaina, egun luzeenak, izadia irabazian. Egun handia ospatzera goaz. Jendea lurrean eserita. Sua piztu. Hainbat joko antola daiteke. Eskolan dantzariak izanez gero, aurresku labur bat, San Joan martxaren dantza. Urdiaingo dantzaren azalpena (bideoa eskura daiteke). Amaiera su gainean salto eginez eman daiteke. Une aproposa da, esaterako, Uso zuria, uso gorria, dantzan dabil suaren gain guztion artean abesteko.
- Nahi izanez gero, ondoren, eskola barruan afari moduko bat egin daiteke, etxetik ekarritakoak banatuta. Euskara gaiaren inguruan urtean zehar ikasitako kantuak abes daitezke ondoren. Mikrofonoren bat eskura izanez gero giro polita sor daiteke. Jaiari amaiera Behin betiko kantuarekin eman dakioke.
Oharra: Garrantzi handikoa da ekitaldi hauetan irakasleen presentzia ere nabarmentzea, eta eskolako gainontzeko kideak horretaz konturatzea.
Irakasleentzat antolatutako ekintzak
Bihotz-begietan: Xabier Lizardik idatzitako poema liburuaren izenburuaz gogoratuz, irakasleekin ere bihotz eta begiekin jokatu beharko dugulakoan gaude. Bihotza euskara sentitzeko, gure hizkuntzarekiko atxikimendua areagotzeko. Gustura aurkitzeko. Beste lankideekin, euskara dela medio, beste era bateko harreman mota bat badela sentitzeko.
Bihotza, ordea, begien bidez ikusi eta belarrien bidez entzuten dugunaz gozatzen da, eta usaindu eta dastatzen dugunaz ere bai. Ezinbestekoak dira, bada, begia(zentzumenak) eta bihotza.
Irakasleekin seiren bat saio egin daitezke. Saio jendetsuak kontuan hartuz, denera bederatzi saio.
Azaroa: Euskal Herriko datu soziolinguistikoak landu daitezke. Nolako ezagutzaren jabe garen aztertu galderen bidez, orokortasunetik gure inguruko egoerara egokituz. Datuak aztertu, baloratu... Diagnostiko moduko bat egin. Euskaraz egin nahi duten baina laguntza behar duten irakasleekin zer nolako estrategiak jarraitu.
Abendua: Olentzerori buruz daukagun ezagutza erreala aztertu. Datuak bildu. Kulturaren ikuspuntutik sakondu. Kantutegia arakatu, ikasi, kantatu. Afari koskor batean bildu (ikus Jose Mari Satrustegiren Solsticio de Invierno).
Urtarrila: Aurreko hilean landutakoaren ildotik jarraituz, garai honetako ohitura eta usadioei erreparatu: Iparraldeko maskaradak eta ospakizunak, nekazal mundua eta inauteriak, hirietan... Baina beti ere sustraietara joz. Sakonduz. Anekdotan geratu ordez, mamiari helduz.(interesgarria da Juan Garmendia Larraņagak eginiko lana).
Otsaila-Martxoa: Datu soziolinguistikoetara bueltatuz, eztabaidarako honako hau proposatuko genuke: euskaraz ikasten diharduten ikasleek zergatik egiten dute erdaraz beraien artean? Beste puntu bat: Zer nolakoa da irakasle bezala euskalgintzari ematen diogun erantzuna? Zer egin daiteke egoera hobetzeko? Irakasleak gehiago animatzeko? Ondoren afaria.
Apirila: Garrantzi handiko urte garaia da hau. Garai honetan gure lurretan zer ereiten den eta zer landatzen den aztertu. Baserri giroarekin zer ikusia izan dezaketen kanta batzuk ikasi. Gure baratza eta bizitza euskara izanik, euskara bera aberasteari ekin. Halako saio bat egin daiteke joko gisa: Esaldi zaharberrituak asmatu; sinonimoak eman; irakurri ditugunean deigarriak iruditu zaizkigun esamoldeak erabili.
Maiatza: Lorategia aberasten. Azken hilabetean irakurri dituzten komunikazio eta idazkietan, aurkitu dituzten erdal kutsuko joskera, esamolde eta hitzak identifikatu. Ordainak aurkitu, landu eta aurkeztu. Elkarri trukatu. Azken hilabetean irakurritako literatur lanetan deigarri egin zaizkien bitxikeriak, esamoldeak, irudiak, metaforak eta bestelako literatur baliabideak identifikatu, aurkeztu, baloratu. Elkarri trukatu.
Oharra: Hemen, adibide gisa, aurkezten den ekintza zerrenda proposamen bat baino ez da. Garrantzitsua honako hau izango litzateke: euskal kulturan gehiago murgiltzea, euskaraz gustura aurkitzea eta euskaldunon arteko harremanak gozatzea.
Irakasleak berak har dezake hainbat erabaki
Euskaldun garela aldarrikatzea ez da aski. Hona hemen har daitekeen hainbat erabakiren zerrenda. Beharbada gehientsuenak emanak izango dituzu. Hala ere, bada beti zertan hobetua:
- Euskaldunon Egunkaria erosi eta irakurri, noski.
- Automobileko irratia euskarazko irratiarekin sintonizatu.
- Ordaindu gabe jaso daitezkeen Berripera, Administrazioa Euskaraz... eskuratu.
- EUSKERA, EGAN, JAKIN, ARGIA, herri aldizkariren bat... horrelako batean harpidetu.
- Etxeko telefonoan lehen hitza euskaraz egin.
- Telefonikari, Iberdrolari, Kutxari... harremanak euskaraz eskatu.
- Dendaren batera, edo zerbitzu baten bila, joaten garenean lehen agurra euskaraz egin.
- Kale bat edo erakunderen bat non dagoen galdetu behar dudanean euskaraz galdetu.
- Etxean erdara hutsean jasotzen dudan propaganda itzuli eta euskaraz ere bidali dezaten eskatu.
- Ikasturtean zehar gutxienez narrazio libururen bat irakurri.
- Seme-alabei edota senitartekoei opariak egiterakoan, euskararen ikuspuntua gogoan izan.
- Gutxienez urtean behin, euskaraz egiten den jaialdi edo ospakizun batera joan.
- Bizitzan zehar, gutxienez behin Zuberoako pastoralen bat ikusi.
- Orain artean, ohituraz erdaraz egin izan diozun lagun euskaldun horri euskaraz egiten hasi.
- Euskal kantutegia aberastu. Gogoko dituzun euskal kantak entzun eta hitzak ikasi. Urtean hamar bat, zer moduz?
- Inprimakiak euskaraz bete.
- Euskarazko agenda erabili.
- Errenta aitorpena euskaraz egin.
- Euskara ikasten ari den jendearekin, ahalegina eskertu eta beraiekin euskaraz egiteko pazientzia hartu.
- Solaskidea beste euskalki edo hizkera motaduna baldin bada bere hizkeran jarrai dezan eskatu.
- Gurea ez den euskalkiren bateko lanak ere irakurri.
Oharra: Ikus dezakezunez, hemengo eginkizunak ez dira guztiak maila eta zailtasun berekoak. Zure gisara ordenatu, non aurkitzen zaren ikusi eta zerrenda zerorrek osatu.
Eranskinak
Plazara euskara
Plazara euskara
plazara!
euskaldun irakasle
eta ikasleok, dantzara!
plazara, euskara!
geure herriaren
geroa bai gara.
Bai,
Arreba ta anai,
Guk ere herri bat izan nahi!
Gure lurrak laiatuz eta irauliz
Udaberriko emaitzaren zain,
Herri jakintza nahi dugu
Eta jakintza herriarentzat nahi!
Plazara euskara...
Ez, erderarik ez,
Euskadin sortu ginenez,
denok euskera bakar bat nahi dugu!
Bizi giro ta jakintza bidez
mundu berri bat nahi dugu
Herri bakoitzak beretik emanez.
Plazara...
Kontrapas
Garaziko herria
Benedika dadila,
Euskarari eman zion
Behar duen tornuia.
Heuskara
Jalgi hadi plazara!
Bertze jendek uste zuten
Ezin eskriba zaiteien,
Orai dute phorogatu
Enganatu zirela.
Heuskara
Jalgi hadi mundura!
Lenjoaietan ohi hintzan
Estimatzen gutitan,
Orai aldiz hik behar duk
Ohoria orotan.
Heuskara,
Habil mundu guzira!
Bertzeak oro izan dira
Beren goien gradora,
Orain hura iganen da
Bertze ororen gainera.
Heuskara!
Baskoak oro preziatzen,
Heuskara ez jakin arren,
Orai ikasiren dute
Orai zer den heuskara.
Heuskara!
Oraindaino egon bahiz
Inprimitu gaberik,
Hi engoitik ebiliren
Mundu guztietarik
Heuskara!
Ezein ere lengoajerik
Ez frantseza ez bertzerik,
Orai ez da erideiten
Heuskararen parerik.
Heuskara,
Jalgi hadi dantzara!
Bai Euskarari
Uso zuria, uso gorria
Dantzan dabil suaren gain.
Uso gorria, uso zuria,
Herriak euskarari bai.
Nere habia daukat garretan,
Neure umeak neure zain,
Nago odoletan, garretan,
Txinparta gainetan
Neure umeak neure zain.
Uso zuria aurkitu dute
Hotzak dardaraz erdi hila
Uso gorria garretan dago
Euskal Herriaren bila.
Uso zuria lehengoa duzu
Uso gorria geroa
Euskal Herritik uso bakar bat
Eguzki aldera doa.
Uso zuria...
San Juan loreek usaina dute
Eta Herriek arima,
Euskal Herria euskara gabe
Irin gabeko ogia.
Euskal Herria euskara gabe
Hegal gabeko usoa,
Uso gaztea aldatu hadi,
eta eguzkitaraino hoa.
Uso...
Eta bai, eta bai
Nik euskarari bai ta bai (berriz)
Behin Betiko
Behin betiko,
behin betiko,
Sinple bezain tinko,
Ez dugu etsiko.
Behin betiko,
Behin betiko,
Sinple bezain tinko,
Euskaraz eta kitto!!
Etxean eta kalean
Berdin-berdin jolasean
Eskolan, lanean,
Tristuran eta pozean.
Dakitenek erabiliz
Ez dakitenek ikasiz
Herri bat osaturik
Euskaraz nahi dugu bizi.
Hasi etxetik
eta kalera,
hasi kaletik
eta etxera,
martxan jarri da
lege berria:
Euskaraz Euskal Herrian.
Hasi etxetik
eta kalera,
hasi kaletik
eta etxera,
martxan jarri da
lege berria:
Euskaraz Euskal Herrian.
(Ikus partitura Hik hasi, 39 zbkia.)

