Txostenak

Gelan ahozko komunikazio egoerak sortzeko proposamena

Ikastetxea: Toki-Alai herri ikastetxea (Irun)

Egileak: Jose Ignacio Martinez Eraso

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Ikastetxean ahozko komunikazioa lantzeko asmoz, egoera egokiak sortzeko sistema landu dugu azken urteotan, maila eta arlo guztietan.

Sarrera

Toki-Alai Herri Ikastetxea D ereduko hiru lerroko eskola da, bi eraikuntzetan kokatu. 635 ikasle ditu eta hauetatik %80a erdalduna da. Hori dela eta, 3 urtetik Lehen Hezkuntzako 3.maila bitartez, D ereduko gela bat eta beste biak murgiltze eredukoak direla esan daiteke, hirugarren mailatik aurrera taldekatze berri bat, ikasle euskaldunak eta erdaldunak nahasturik, egiten baita.

96-97 ikasturtean Hizkuntz Normalkuntzarako Proiektua garatu genuenean, bertan jarritako helburuen artean, ikasleei hitz egiteko aukera gehiago eman eta ahozko trebetasunei tokia eman irakur zitezkeen. Handik aurrera, euskararen normalkuntzari begira hainbat eta hainbat ekintza eta ekitaldi antolatu eta egiteaz gain, gure estreinako xedea izan zen nola lagundu ikasleei bere euskara maila hobeagoa izan zedin eta, halaber, maila hori beraien eguneroko harremanetan eta euskararen erabilpenean lagungarria izateko.

Hots, ahozkotasunaren lanketari ekin genion, gela barruan batik bat, ikasleei zeukaten baino hitz egiteko abagune gehiago emateko eta, aldi berean, hitz egiten zuten bitartean gehiago kontrolatu, lagundu eta ebaluatu. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen genuen irakasleria osoak parte hartzea, bere garaian onartu genuen bezala, denok hizkuntza irakasleak gara sinismenari jarraituz. Hori dela eta, hasiera-hasieratik irakasle guztiok inplikatua egon gara proiektu honetan: ziklo guztiek egin dituzte ekarpen akta proposamenak, Hizkuntz Normalkuntzarako Batzordea izan da koordinatzailea, eta Klaustroa eta Eskola Kontseilua erabakiak hartzeko organoak izan dira.

Helburuak eta metodologia

Aurreko puntuan agertzen denaren arabera, plangintza honen helburua izan da: ahozko trebetasunak lantzea

  • ahozko trebetasunei tokia eman
  • arlo guztietan ahozko trebetasunak landu
  • egoera komunikatiboen kudeaketarako irizpideak eta tresnak bilatu.

Oinarri teorikoak:

Egoeraren azterketa kritikoa, horretarako arlo guztietan ahozko trebetasunak lantzeko erabiltzen ditugun ekintza guztiak zerrendatu eta egoera komunikatibo horiek grabatu ditugu. Hizkuntza irakasteko gure erak oinarrizko hutsune bat du. Ikasleak diskurtso mintzatuan trebatu nahi ditugu. Horretarako darabilgun metodoan funtsezko hiru arazo daude:

  • Irakasleak du ahozko komunikazioaren monopolioa
  • Testu idatzia nagusi da ikasgelan
  • Ikasleari komunikatzeko aukera gutxi eta irrealak eskaintzen dizkiogu

Horren aurrean, eta murgiltze programetan (B-D ereduan erdaldunekin) ari diren irakasleentzako galdera batzuk galdesortatik ateratako iritzi eta proposamenen arabera, gure jardunak honako ezaugarri hauek bete behar ditu:

  • ahozko komunikazioan irakasleak duen monopolioarekin amaitu
  • testu idatziaren hegemonia indargabetu eta komunikazio errealak erabiltzen hasi (antzeztuak, bideoak, audio zintak...)
  • ikasleari eskaintzen dizkiogun komunikatzeko aukera berri horiek komunikatiboki ahalik eta errealenak izan daitezen saiatu, ikasleen komunikatzeko motibazioa eragin eta komunikazio egoerak lantzeko aldez aurretik programatu

Programazio hori egiterakoan eta egoera komunikatiboen kudeaketarako lagungarria izan zedin, euskarria (fitxa) asmatu genuen eta betetzerakoan bi aspektu azpimarratu genituen:

  1. ahoz komunikatzeak edo ulertzeak horretarako interesa izatea eskatzen du, beraz, hori piztu edo eragiten asmatu behar genuen eta
  2. komunikazio egoera batean BETI bi alde daude, igorlea eta hartzailea. Gure diseinuetan arreta bereziz landuko dugu bi jarrera horiek indarrean egotea.

Lehen esan dugun bezala, oinarri horiekin lan egiteko fitxa bat asmatu genuen, honen helburu bikoitza izanik:

  • irakasleari ariketa bakoitza ahalik eta erarik osoenean diseinatzen laguntzea eta
  • egindakoaren memoria idatzia jasotzea ebaluaketa egin ahal izateko

Beraz, fitxa betetzerakoan nahiz eskolako edozein egoeretan arestian aipatu ditugun maximak indarrean jartzen ahalegindu behar genuen.

Eragileak eta hartzaileak, deskribapena eta metodologia:

Plangintza honetan eskolako ikasle eta irakasle guztiak (tutoreak nahiz espezialistak) murgilduta ibili eta ibiltzen gara, ziklo ezberdinetatik proposamenak aztertu, Hizkuntz Normalkuntzaren Batzordeak koordinatu eta Klaustroak erabakiak hartzen dituelarik. Honen arabera, ikasturte bakoitzaren hasiera, aurreko lana oinarria harturik, lan dinamika zehatz bat adosten da lanarekin jarraitzeko. Lana aurrera eraman ahal izateko, prestakuntza proiektuaren hainbat saio erabiltzeaz gain, zikloko eta arloko bilerak ere erabiltzen dira, esan dugun bezala, HNBa koordinatzailea izanik. Ziklo bakoitzean HNBaren dagokion ordezkaria da zikloko lana koordinatzen duena eta batzordean planteatzen duena.

Baliabideak

Aholkularitza:

Josu Sierra

Imanol Esnaola

Erabilitako tresnak:

Hizkuntz Normalkuntzarako Proiektua.

Ikastetxeko curriculum-proiektua.

TALOS xede hizkuntzaren behaketa eskema, egoera komunikatiboen azterketarako. Murgiltze programetan (B-D ereduan erdaldunekin) ari diren irakasleentzako galdera batzuk galdesorta.

Egoera komunikatiboen fitxa.

Material didaktikoa:

Enseñar lengua Daniel Cassany.

Psicopedagogía de la lengua oral Mª Jose del Rio.

Uri Ruiz Bikandi-ren hainbat artikulu.

Ahozkotasunari buruzko artikulu batzuk.

Aurrekontua:

Urteko eskolako aurrekontuetan diru-partida berezia proiektu honetarako.

Ondorioak

Ahozkotasunari garrantzia ematea.

Arlo guztietan ahozko trebetasunak kontuan hartzea.

Egoera komunikatiboen kudeaketarako euskarri asmatu eta martxan jarri eta prestakuntza jasotzea.

Irakasle guztien inplikazioa izatea.

Eragina neurtzeko erabilitako adierazleak.

Berariazko hausnarketen bidez.

Urteko memoriaren bitartez.

Hizkuntz Normalkuntzarako Batzordearen koordinaketarekin.

Ziklokide guztien parte hartzearekin.

Arazoak

Lan dinamika aurkitzea.

Irakasleria osoaren parte hartzea.

Beste esperientzien eredu eza.

Denbora, baliabide pertsonalak eta teknikoak lortzea.

Aholkularitza gehiago.

Prestakuntzarako denbora falta.

Lasaiago eta erosoago ibiltzeko laguntza.

Aurrera begira

Egoera komunikatiboen lanketarekin jarraitu.

Arloetako programazioetan txertatu.

Ahozkotasunaren programaketa osatu: Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntza bukatu arteko sekuentziazioa garatu.

Ikastetxeko curriculum proiektuan sartu: arlo bakoitzari dagozkion egoera komunikatiboek eman.

Koordinaketa-lanerako bide egokiak definitu eta adostatu: noiz, nortzuk, nola...

Ebaluaketarako irizpideak eta tresnak definitu eta adostu.