IKASTETXEA ETA INGURUKO ERAGILEEN ARTEKO ELKARLANA: eskola-kirola, familia egitasmoa... Oarsoaldeko irakaskuntza gunearen esperientzia.
Ikastetxea: Oarsoaldeko Euskara Zerbitzua eta ikastetxeak (Irun)
Egileak: Joxe Luix Agirretxe eta Karmele Legorburu
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Orain bost urte sortutatko Oarsoaldeko Irakaskuntza Gunean honako hauek elkartzen gara: eskualdeko Euskara Zerbitzuetako teknikariak, Berritzeguneko HNTa eta eskoletako HNTak elkarlanean gauzatutako hainbat esperientzia azalduko ditugu: eskola-kirola euskalduntzeko plana, familia-egitasmoaren lanketa....
Sarrera
Oarsoaldeko Euskara Zerbitzua
Oarsoaldean (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia) ikastetxeek udalekin eta euskalgintzako hainbat eragilerekin duten harreman gunea ulertzeko bertako euskara zerbitzuak duen organigrama edo egituraketa azaltzea beharrezkoa da:
1993an Oarsoaldea SA eskualdearen garapenerako agentzia sortu zen. 1997an Oarsoaldeko Euskara Batzordea sortu zen garapen agentziaren baitan eta azkenik, 1999ko udaran Oarsoaldeko Euskara Zerbitzua.
Oarsoaldeko Euskara Batzordea da erabaki organo politikoa eta han erabakitakoak gauzatzeko tresna teknikoa da Oarsoaldeko Euskara Zerbitzua.
Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuak hizkuntza normalizatzaile bat du eskualdeko egitasmoak herrietako normalizatzaileekin eta gizarte eragileekin koordinatzeko.
Filosofia nagusia gizarte eragileen eta erakunde publikoen arteko elkarlana eta koordinazioa bilatzea da, egitasmoak adostuz eta egitekoak banatuz.
Horretarako, koordinazio gune edo azpibatzordeak sortzeko bidea hartu da. Gizarte eragileak alorka biltzen dira normalizatzaileak dinamizaturiko guneetan.
Gune bakoitzak bere alorraren diagnosia egin eta beharrak atzeman ondotik lehentasunen arabera egitasmoak diseinatzen ditu.
Kasu batzuetan egitasmo berak gune bat baino gehiago ukitzen ditu eragile gehiagoren inplikazioa eskatuz.
Badira, hala ere, normalizatzaileek gunerik gabe abiaturiko egitasmoak ere.
Batzordeak
- Euskara Batzordea (politikoa)
- Batzorde teknikoa (teknikariena)
- Irakaskuntza Gune Iraunkorra
- Don Bosco eskolaren jarraipen batzordea
- Zamalbide eskolaren jarraipen batzordea
- Kiroletako lan-mahaia
- Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen gunea
- Hedabideen Batzordea
- Euskara Elkarteen Batzordea
Batzorderik gabeko egitasmo eta lan-ardatzak
- Oarsoaldeko lan-munduan Euskara Sustatzeko Plana
- Herrietako eragileen batzordeak
- Euskara Oarsoaldeko Merkataritzara egitasmoa
- Gazteriaren prestakuntza (formazio lerroa)
Oarsoaldeko haur eta gazteen artean euskararen erabilera gehitzeko plana 1999-2003
1998an ikastetxeek, euskara elkarteek eta udalek adosturiko plana da. Giza multzo horietako bakoitzean eraginkortasunez eragiteko esparruak definitu eta egitasmoak diseinatu ziren.
A. Haurren ingurunea osatzen duten esparru nagusiak, ordena honetan, familia, irakaskuntza eta aisialdia direla kontuan hartuz, honako helburu eta egitasmoak zehaztu ditugu:
Familia
Helburuak:
- Euskararen familia bidezko jarraipena bermatzea
- Euskararen familia bidezko jarraipena gehitzea
Egitasmoa:
- Euskararen Jarraipenerako Familia Egitasmoa
Irakaskuntza
Helburuak:
- 2-3 urteko haurren D ereduko matrikulazioa gehitzea
- Lehen Hezkuntza B ereduan egin dutenek DBH D ereduan egitea
Egitasmoak:
- Haur eskoletan Hizkuntza Normalkuntza Planak abiatzea. HH-LHko ikastetxe guztietan normalkuntza planei ekitea, era batera edo bestera.
- HH-LH ko ereduen 5 urteko bilakaera aztertzea
Eskolaren lanaren errefortzu gisa:
- Aurrematrikulazio kanpaina
- Pertsonaia ospetsuen eta idazleen zirkuituak
- Eskolarteko antzerkia
- Kilkir eskolarteko aldizkaria
- Eskola Kirola euskalduntzea
Aisia
Helburuak:
- 12 urte arteko haurrei zuzenduriko jarduerak euskaraz izatea
- Eskola orduz kanpoko jarduerak euskalduntzeko pausoak ematea
- Euskarazko eskaintza handitu, eta ez dagoen kasuetan sortzea
Egitasmoak:
- Eskolatik Kalera: herrietako elkarteek antolaturiko jarduerak hitzarmenen bidez euskalduntzeko egitasmoa
- Ikastetxeetako jarduerak lehentasun osoz euskalduntzea
B) Gazteengan eragin handiena duten esparruak, berriz, irakaskuntza, aisia eta lagunartea dira, ordena horretan.
Irakaskuntza
Helburuak:
- Gazte guztiek 18 urte arte D edo B ereduan ikastea.
- B ereduko ahalik eta gazte gehienek ikasketak D ereduan bukatzea
- Hizkuntza kalitatea hobetzea
- Euskararekiko motibazioa eta jarrera positiboa lantzea
- Muxutruk aldizkaria beraiek koordinatzea
- Muxutruk herri aldizkarietan txertatu
Egitasmoak
- DBH, DBHO eta Lanbide Heziketako ikastetxeei normalkuntza planetan laguntza ematea
- DBH, DBHO eta Lanbide Heziketan euskarazko ereduen 5 urteko bilakaera aztertzea
- 12 eta 16 urteko gaztetxoek ikasketa D edo B ereduan jarraitzea
Ikastetxeen lanaren errefortzurako jarduerak
- Aurre matrikulazio kanpaina
- Motibazio saioak
- Ikastetxeetako euskara taldeak
- Muxutruk aldizkaria
Aisia
Helburuak:
- B eta D ereduko ikasleak gehiengo diren 18 urte artekoentzako jarduerak euskalduntzea
- Eskola orduz kanpoko jardueretan aurrerapausoak ematea
- Euskarazko eskaintza indartu eta ez dagoen kasuetan sortzea
Egitasmoak:
- Euskarazko eskaintza diseinatu eta egituratzea
- Eskolatik herri guztietara zabaltzea
- Aisialdi eskaintza euskaraz martxan jartzea
- Aisialdiko begirale ikastaroa euskaraz eskaintzea
- Euskara talde eta euskara elkarteetan dihardutenei soziolinguistika ikastaroak eskaintzea
Lagunartea
Helburuak:
- Gazte euskaldunen berezko guneetan euskararen erabilera indartzea
Egitasmoak:
- Euskara elkarteek garatu beharreko egitasmoak dira honakoak, eta elkarte hauek indartu arte garatzeko aukera handirik ez dugu
- Koadrillategi edo antzeko egitasmoren bat garatu beharko litzateke
Esperientzia zehatzak
Euskararen jarraipenerako familia egitasmoa
Familia bidezko euskararen jarraipenak inguru erdaldunduetan duen egoera kezkagarria ikusirik eta azken 12 urteotan garatu den transmisio kanpainaren bilakaera kontuan hartuta, udal teknikariek eta irakaskuntza guneak gaiaren marko berria ezarri eta egitasmoaren diseinu berria egitea erabaki zuten.
Gaiaren inguruko batzorde teknikoa herrietako euskara teknikariek, Oarsoaldeko euskara teknikariak, Irungo Berritzeguneko HNTak eta AEK-ko bi teknikarik osatu dute, izan ere AEKri egin baitzitzaion prozesua dinamizatzeko eskaria.
Abenduan hasi eta ekaina bitartean gauzatu da prozesua honako eragile hauen parte-hartzeaz: Ikastetxe guztietako HNATak, euskaltegi guztietako ordezkariak, euskara elkarteetako ordezkariak, ikastetxe batzuetako guraso batzuk, udaletako eta eskualdeko euskara teknikariak eta Irungo Berritzeguneko HNTa.
Prozesu honek batera bildu ditu lau bilera edo tailerretan bestela bakoitza bere gunean bildu ohi diren eragileak.
Lehenengo tailerrean egoeraren azterketa egiteko AMIA (Aukerak Mehatxuak Indarguneak Ahuleziak) izeneko azterketa egin zen. Tailerretan ateratako ondorioak eragile bakoitzari bidali zaizkio nork bere erakundean aztertu, landu eta ekarpen edo aldaketak egin ditzan. Gero hurrengo bileran atal horri dagokion behin betiko txostena onartu da.
Bigarren tailerrean behin betiko AMIA onartu eta prozesuaren helburu nagusiak eta ildo estrategikoak deskribatu eta lehentasunen arabera ordenatu ziren. Hirugarren tailerrean, berriz, behin betiko helburuak eta ildo estrategikoak onartu eta ekintzak proposatu, deskribatu eta lehentasunaren arabera ordenatu ziren, zein eragileri legozkiokeen adieraziz.
Laugarren tailerrean 2002-2003ko eskaintza zehazteko lehenengo urratsa eman zen eragile talde bakoitzak eskaintza berriaren gutxienekoak finkatu zituen.
Orain gune bakoitza bere lanketa propioa egiten ari da ekintza horiek gauzatzeko bideak eta epeak zehazten indarrak ongi neurtuz.
Ondorio gisa, marko berria eta eskaintza berria zehazten dituen txostena eta, zeharkako ondorio gisa, elkarlan esperientzia aberasgarria geratu dira.
Eskola kirola 
1997-98 ikasturtean Oarsoaldeko eskola kirolaren egoera zein zen jakiteko eginiko azterketa batek hutsune larriak jarri zituen mahai gainean. Alorraren egoera kaskarra bistaratzen zuten datuek. Kirol begiraleei zegokienez, ezegonkortasun handia zegoen: oso jende gaztea eta baldintza kaxkarretan.
Hutsune hauei hizkuntza mailako eskasiak lotzen zitzaizkien; eskualdeko ikasleen %91k eredu euskaldunetan ikasten zuen, baina eskola kiroleko begiraleen erdiek ez zekiten euskaraz. Kirol jardueren %25a bakarrik garatzen zen euskaraz. Azkenik, kirol prestakuntzari erreparatuz, prestakuntza zuten entrenatzaileak, %18,9 ziren.
Oarsoaldeko Kirolaren lan-mahaia lau herrietako eta eskualdeko euskara eta kirol teknikariek osatzen dute. Mahai honek gaur egun eskola kirola lantzen du, nagusiki, eta horrek ikastetxeekin harreman estua eta iraunkorra izatera eraman ditu.
Irakaskuntza gunearen bidez lantzen dira eskola kiroleko urteko ardatzak, bai eta kirol koordinatzaileek kirol teknikariekin egiten dituzten bileren bidez ere.
Hasieran defizitak berretsi ziren eta 5 urteko plan progresiboa jarri zen indarrean. Kirol begirale euskaldunak eta kirol prestakuntza dutenak izatea da helburua, jarduerak euskaraz garatzeko bideak jartzea.
| 5 Urteko Plan Progresiboa | |||||
|---|---|---|---|---|---|
| Ikasturtea | 1999/2000 | 2000/2001 | 2001/2002 | 2002/2003 | 2003/2004 |
| Monitore euskaldunak (%) | 40 | 55 | 70 | 85 | 100 |
| Jarduerak euskaraz (%) | 40 | 55 | 70 | 85 | 100 |
| Kirol prestakuntza (%) | 40 | 55 | 70 | 85 | 100 |
Plan progresiboa egoki betetzen ari da: kirol teknikari bat ikastetxez ikastetxe dabil eta kirol gaiak eta euskara etengabe lantzen ditu begirale eta talde guztiekin.
Iazko balantzean begirale euskaldunen kopuruak gora egin arren, erabilerak ez zuela neurri berean gora egiten ohartu ginen. Hausnarketa sakon baten ondotik, kakoa kirol begiraleen euskararekiko eta lan horrekiko motibazioa eta jarrera zela ondorioztatu genuen.
Azken ikasturtean lanketa berezia egin da arlo horretan: kirol begiraleentzako motibazio saioak, hizkuntza ohiturak aldatzeko estrategiak, kirol terminologia, esamoldeen bilketa...
Aldi berean ikastetxeen egituretan eskola kirola txertatzeko ahalegin berezia egin da, eta egia esan emaitza oso baikorrak lortu dira; erabilerak % 15 egin du gora. Ondorioztatu dugu, eskola kirola ikastetxean bertan egiten denez, ikastetxeek jarraipen zuzena egiten dioten neurrian emaitzak asko hobetzen direla.
Kontuak kontu, eskola kirolak oraindik duen erronka nagusia ezegonkortasunarena da, profesionalizaziorik eza, eta horretan ere urratsak ematen ari gara Oarsoaldean.

