Hiriko ikastetxeen arteko euskal astea.
Ikastetxea: Gasteizko ikastetxeak eta denon eskola guraso elkartea.
Egileak: Amaia Urteaga eta Ibon Idirin
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Gasteizko HH eta LMHko ikastetxeek, hizkuntza normalkuntzakoak eta beste hiru. Denon eskola guraso elkartearekin batera, orain bost urte hasitako jarduerak bi helburu ditu: bata, ikastetxeko irakasle, ikasle eta gurasoak aste bat edo bitan euskal kulturako gai batean murgiltzea; eta, bestea, ikastetxe guztiek elkarrekin euskal jai bat egitea Gasteizko kaleetan, hau da, euskal kultura kaleratzea.
Sarrera
Gasteizen ere, euskararen erabilera eta presentziaz kezkaturik, bai eskoletan eta baita hirian bertan ere zerbait egiteko beharra sortu zen.
Hiri honetako eskola publiko eta eskola hauetako guraso elkarteetatik sortutako DENON ESKOLAK bultzatu zuen lehenengo EUSKAL ASTEA orain sei urte.
Beraz, Gasteizko HH eta LMHko eskola publikoaren eta Denon Eskola elkartearen jarduera da.
Hasieran, Guraso Elkarteak bultzatu eta antolatutako ekintza izan zen, ikastetxe bakoitzak bere kabuz antolatzen zituen ikastetxeko girotze eta garapen ekintzak eta egun jakin batean jai nagusia egiten zen hiri erdiko enparantza batean.
Geroztik, Hizkuntza Normalkuntza proiektuak zirela eta, guneko mintegian aztertu zen gaia eta erabaki zen ikastetxe parte-hartzaileen arteko elkar ekintza bat izan behar zuela. Guneko talde batek prestatzen zuen materiala eta ikastetxe parte-hartzaileei banatzen zitzaien. Joan zen ikasturtean Hizkuntza Normalkuntzako gunetik aparte beste mintegi bat sortu zen jarduera hau aurrera eramateko. Mintegiko partaide batek Denon Eskolako bileretan parte hartzen du eta bi taldeen arteko zubi-lana egiten du. Gunetik aparte beste mintegi bat sortu zen jarduera hau aurrera eramateko. Urte bakoitzean gai nagusi bat aukeratzen da, asteko ekintza guztien ardatz moduan. Denon Eskola elkartea, hautatutako gaiaren inguruan, ipuinaz, komikiaz eta antzerki taldeaz arduratzen da; eta, azkenik, jai erraldoi bat antolatzen du hiriko enparantza batean, joan zen ikasturtean egin ez bazen ere. Jai horretan ikasleek, irakasleek eta gurasoek parte hartzen dute. Bost urte hauetan gai hauen inguruan egin dira Euskal Asteak:
- Euskal Mitologia.
- Euskara Araban.
- Herri kirolak.
- Euskal Inauteriak.
- Mendia, natura eta baserria
Oraingoz, hamasei ikastetxek parte hartzen dute, horietako hamahiruk Normalkuntza Proiektua dute eta hiru ez daude proiektuan. Hizkuntza ereduei dagokienez, berriz, hauetako bi ikastetxek A eta B eredua dute, beste bik B
Eta D ereduak eta gainontzeko guztiek D eredua.
Helburuak eta metodologia
Jarduera hauen helburuak hauexek izan dira:
- Euskara eta euskal kultura bultzatzea ikastetxeetan.
- Gurasoak partaide egitea.
- Euskara eta euskal kultura kaleratzea.
Metodologia eta antolaketa:
Ikastetxe bakoitzak arduradun bat izendatzen du, mintegian parte hartuko duena eta ikastetxean dinamizatzaile lana egingo duena. Mintegi hauen maiztasuna taldeak erabakitzen du, materiala prestatzeko behar duen denboraren arabera.
Mintegiko lehenengo egunetan gaia aukeratzen da, antolaketa planifikatu, bai mintegiarena, bai Denon Eskolakoen bileren partaidetzarena, eta jarduera hau ikastetxeetan noiz egingo den erabaki. Ondoren, zein motatako materiala egin nahi den erabakitzen da, beti ere aurreko ikasturteko balorazioa kontuan izanik.
Mintegi barruan lan taldeak osatzen dira. Azkenekoan, joan zen ikasturtean, hiru talde egin ziren, talde bat musikaz eta dantzaz arduratu zen, bigarren taldeak Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Mailako lehen ziklokoak hartu zituen eta hirugarren taldeak bigarren eta hirugarren ziklokoak.
Lehenengo urteetan arlo bakoitzerako material berezia egin zen, hau da, hizkuntza orduan lantzeko, matematika orduan,... Joan zen urtean material orokorra eta oso ludikoak egin behar zela planteatu zen eta horrela egin zen. Mintegian prestatutako materiala ikastetxeetara eramaten da, paperean, CDan, bideo zintan,... erabilerarako orientabideekin. Ikastetxean materiala aztertu ondoren, zer erabiliko den ziklo bakoitzean erabakitzen da eta kopiak egiten dira.
Aste batean edo bitan garatzen da jarduera ikastetxeetan, guztietan ezarritako hamabost egun horien barruan.
Arestian aipatu bezala, Denon Eskola elkartea, ipuina, komikia eta antzerkiaz arduratzen da. Horretarako idazle, irudigile eta antzerki talde bat hitzartzen dute. Ipuina eta komikia argitaratzen dira eta parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleei banatzen zaie. Ordainketaren zati handi bat Denon Eskolak egiten du eta bestea ikasleek edo ikastetxe bakoitzeko Guraso Elkartearen bidez.
Antzerkirako, berriz, antzerki talde bat kontratatzen du Denon Eskola elkarteak eta egutegi bat egiten da parte-hartzen duten ikastetxeetan ikasleekin antzerki saioak egiteko, ezarritako hamabost egun horietan. Ekintza hauez gain, arratsalde batean hiriko enparantza batean jai erraldoi bat egiten da ikasle, irakasle eta gurasoak partaide direlarik.
Baliabideak
Material ugari egin da bost urte hauetan. Gehienetan, prestatutako material guztia ez da erabili, baina oso egokia da ikasturtean zehar beste momentu batzuetan erabiltzeko.
Esate baterako, joan zen ikasturteko gaia MENDIA, NATURA ETA BASERRIA izan zen eta horretarako prestatu zen materiala hauxe izan zen:
Denon Eskolak:
- Ipuina.
- Komikia.
- Antzerkia ikastetxeetan
Berritzeguneko mintegian:
- Musika eta dantza taldeak:
- Gaiaren inguruan kanten bilduma eder bat, hiru Cdtan, eta liburuxka bat letrekin.
- Herri eta jolas motrizitateko dantzen bilduma bideo zinta batean eta horien musika CD batean.
- HH eta 1. zikloko taldeak:
- Ipuinaren egokitzapena maila hauetarako.
- Ipuinaren binetak.
- Ipuinaren irudiak handituta.
- Familia kartak.
- Memory.
- Puzzleak.
- Denborapasak: hizki zopak, gurutzegramak,...
- Ebakigarriak.
- 2. eta 3.zikloetako taldeak:
- Trivial jokoa.
- Memory.
- Familia kartak.
- Denbora-pasak.
- Hiztegia.
- Urkatuaren jokoa, euskarri informatikoan.
- Mapak.
- Informazio osagarriak irakasleentzat.
Material guztiaren kopia Berritzeguneko Normalkuntza Zerbitzuan gordetzen da eta beste edozein ikastetxek erabili nahi izanez gero, kopia bat egiten zaio.
Ondorioak
Laburki esanda, lorpen hauek azpimarra daitezke:
- Gasteizko hamasei ikastetxetan proiektu berbera izatea eta aste edo hamabostaldi horretan helburu komun baten inguruan lan egitea, hau da, euskara eta euskal kultura suspertzea.
- Denon Eskola elkartearekin harreman estuak izatea.
- Euskal Astea ikastetxeetako jarduera iraunkor bat izatea.
- Ikasleentzat euskararen erabileraren eta garrantziaren erreferente bilakatzea, era ludiko eta atsegin batean.
Aurrera begira
Euskal Aste bakoitza amaitzean ikastetxe bakoitzean balorazioa egiten da, mintegian prestatutako galdeketa jarraituz. Balorazio horiek mintegian aztertzen dira eta hurrengo ikasturtean oso kontuan izaten dira. Oro har, balorazioak onak eta baikorrak dira, halere, badira zenbait gauza hobetu beharrekoak, horien artean hauexek:
- Ikastetxeek Denon Eskola elkartearekin harreman gehiago eta zuzenagoak izan beharko lituzkete aste hau hobeto prestatzeko.
- Ikastetxe bakoitzeko Guraso Elkarteak parte zuzenagoa izan beharko luke, jakinik familiaren eragina zein garrantzitsua den euskal hizkuntza eta kulturaren auzian.

