Txostenak

Herria eta eskola elkarlanean

Ikastetxea: Arrigorriagako intitutua.

Egileak: Joseba Ibarretxe eta Felix Bilbao.

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Arrigorriagan lantalde bat osatu da, euskara suspertzeko. Lantaldearen berezitasun nagusia da kultur elkarte batek koordinatzen dituela udala, beste kirol eta kultur elkarte batzuk eta eskolak. Koordinazio horri esker hainbat ekintza interesgarrik aurrera egiten dute, adibidez: aldizkaria, irratia eta tailerrak.

Sarrera

Arrigorriagako herrian, orain dela urte batzuk, euskalgintzan ziharduten zenbait eragilek ume eta gazte arlorako zerbait antolatu eta egin behar zela sumatu zuten.

Gure herrian, euskararen ezagutza eta erabileraren arteko jauzia nabarmena da. Datuen arabera, biztanleriaren %22 euskalduna da, baina erabileraren indizea %4an dago. Alde hori are nabarmenagoa da ume eta gazteen artean.

Hori guztia kontuan harturik, herriko euskara elkarteak, Abarrak taldeak, dei egin zien herriko talde euskaltzaleei, ikastetxeei eta udalari, euskararen alde elkarlanean aritzeko.

Horrela sortu zen Arrigorriagan Euskaraz Bizi taldea, herriko batzorde eragile legez. Bertan, ondoko taldeen ordezkari bana dago: Udaleko euskara zerbitzua, Abarrak euskara elkartea, Arrigorriagako Lehen Hezkuntzako Eskola, Arrigorriagako Institutua, Eskola eta Institutuko Guraso Elkarteak, AEK, Udal Euskaltegia, Xibiri Aisialdi Taldea eta Arrigorriagako Kultur Etxea.

Helburuak eta metodologia

Arrigorriagan Euskaraz Bizi taldearen helburu nagusia herriko biztanle ororen (ume eta gazteena, batez ere) euskararen ezagutza eta erabilera suspertzea da, hainbat eragileren elkarlanaren bitartez.

Lehenengo pausua eragile guztien adostasuna lortzea izan zen, helburu komunak definituz. Jarraian helburu xeheak finkatu genituen: eragile bakoitzak bere esparruan garatu zitzakeenak.

Metodologia egokia aukeratzea ere eginkizun garrantzitsua izan zen: bileren maiztasuna zehaztu, gai ordenak sistematizatu, aktak jaso, erabakiak zabaltzeaz arduratu..., hitz batean: koordinazio lana. Lan hau Abarrak Euskara Elkarteak hartu zuen bere gain.

Baliabideak

Elkarlan proiektu honetan gaur egun lanean ari diren elkarteak eta euren egitasmoak hauexek dira:

  • Abarrak Euskara Elkartea: Koordinazioa, lan burokratikoa eta administratiboa, diru laguntzen kudeaketa, dinamizazioa...
  • Udaleko Kultur Etxea: Lonbo aretoan ume eta gazteentzat euskara hutsezko programazio berezia antolatzea. Hainbat alorretako tailerrak eratzea euskaraz. Euskal Astean parte hartzea.
  • Lehen Hezkuntzako Eskola eta Bigarren Hezkuntzako Institutua: Liburu Eguna, Atxantaizu Aldizkaria, Gaztegorri Irratia, Euskal Astean parte hartzea, eta beren normalizazio planetan dituzten hainbat ekintza garatzea.
  • Udaleko Euskara Zerbitzua: Euskal Astea antolatzea, Zinea euskaraz, Kantuz Kantu argitalpena, gurasoei zuzendutako sentsibilizazio kanpainak eta begirale ikastaroa.
  • *Guraso Elkarteak, Xibiri Aisialdi Taldearekin batera:* Umeentzako udalekuak eta ludoteka iraunkorra.
  • Arrigorriagako AEK eta Udal Euskaltegia: Berbalagun proiektua, Berbabarri proiektuaren lehen urratsak eta institutuko ikasleentzako EGA ikastaroak.

Nabarmentzekoa da proiektu bakoitzaren arduradun nagusia hemen aipatutakoa izan arren, beste eragile guztiek ere kasuan kasuko ekintzetan parte hartzen dutela.

Ondorioak

Lehenengo eta behin, azpimarratzekoa da Arrigorriagan Euskaraz Bizi batzordeak Arrigorriagan euskararen alde lan egiteko beharra plazaratu duela. Eta are inportanteagoa: gure herrian barneratu egin da euskararen aldeko lan horrek bateratua eta elkarlanaren ondorio izan behar duela, salbuespenak salbuespen.

Arrigorriagan Euskaraz Bizi taldearen helburu nagusiak baloratzeko, euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea alegia, zain gaude noiz aterako diren iaz egindako errolda berria eta erabilera inkestaren emaitzak. Dena dela, elkarlan honen ibilbidea laburra da, lau urte besterik ez, etekin nabarmenak emateko. Epe luzeagoan egin beharko da balorazio hori, diagnosia eta lortutako emaitza zehatzak alderatuz.

Aurrera begira

Lau urteko ibilbidearen ondoren, eta herrian izan duen onarpena eta zabalkuntza kontuan hartuta; gure ustez, Arrigorriaga Euskaraz Bizi Batzordearen gidaritza Udalaren Euskara Zerbitzuak hartu beharko luke, gidaritza hori zama handia baita boluntario ari diren taldeentzat. Badirudi horrela izango dela, Arrigorriaga Eusko Jaurlaritzaren EBPN planean sartu baita.

Beste arlo batzuetako eragileak ere proiektu honetara hurbiltzeari oso komenigarri deritzogu (kirol munduan dabiltzan taldeak, musika eta dantza taldeak,...).