H.N.batzordearen osaketa eta elkarlana: ikastetxeko eremu eta hizkuntza eragile guztien artean osatutako plangintza.
Ikastetxea: Orokieta herri ikastetxea (Zarautz)
Egileak: Arantxa Olaskoaga Iturri eta Idoia Lasarte Arabaolaza.
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Hizkuntz Normalkuntzako Batzordeari buruzko azalpenak emango ditugu: Osaketa, antolaketa, lan egutegia eta osagai bakoitzari dagokion plangintza. Besteak beste, ikastetxeak hautatutako arduradun teknikoa, zuzendaritza taldeko ordezkaria, ikasketa burua, heziketa ziklo bakoitzeko ordezkariak, ikastetxeko administraria, dokumentazioa, jangelako begiralea, aisialdia, guraso elkarteko ordezkaria, guraso eskola, ikastaroak...
Sarrera
Orokieta Herri -Eskola, Zarautzen (20.000 biztanle) dagoen eskola publiko bakarra da. HH eta LH etapetan D ereduko hiru lerro ditugu. Guztira 625 ikasle eta 49 irakasle daude.
Zerbitzuetako langileak (begiraleak, sukaldariak, garbitzaileak, atezaina) 21 dira .
Eskola honen sorrera 1.978. urtean kokatu behar dugu. 1.996an bi urteko gelak zabaldu genituen. Azken lau ikasturte hauetan ikasle kopurua bikoiztu zaigu. Hazkunde honek eskola antolakuntzan eragin handia izan du.
Egoera berri honetan curriculum proiektuak eztabaidatzen hasi ginen, Hizkuntza trataerari lehentasuna emanez.
NOLEGA deialdietan ere parte hartu izan dugu euskararen erabilera bultzatzeko, eta orain dela bi ikasturte sartu ginen Ulibarri programan. Lehen ikasturtean Ikastetxearen hizkuntz egoera aztertu genuen, diagnostikorako baliabide informatikoa erabiliz, eta Hizkuntza Normalkuntza proiektua diseinatu genuen.
Diagnostikoaren datuetan oinarriturik, momentu honetan, gure eskolan euskararen ezagutza hau da: ikasleen eremuan %63, gurasoen eremuan %67, eta Zerbitzuetako langileriaren eremuan % 96. Eremu guztiak kontuan hartzen baditugu, aldiz, euskararen ahozko erabilera gure eskolan %75,20 da. Gurasoen eremuan ezagutza %portzentaia %67 izan arren erabileran ehuneko txikiena eman du. Horren ondorioz 2001-02 ikasturtean Normalkuntza Proiektua sendotzeko eskola komunitate osoaren, gurasoak barne, inplikazioa lortzea izan zen helburua.
Helburua eta metodologia
2001-2002 ikasturte hasieran eskola komunitate osoaren ordezkaritza jasoko lukeen organo zabala eratzea erabaki genuen.
Eremu guztietako ordezkariak biltzeko ordutegi egokia bilatzen saiatu ondoren esklusiba orduetan egitea erabaki genuen. Eskolako Normalkuntza Batzordea hilean behin bildu da.
Batzordearen osaketa hau izan da:
- HH ko ordezkaria.
- LH etapako Ziklo guztietako ordezkariak .
- Espezialisten ordezkaria.
- Gurasoen ordezkaria.
- Aisialdiko ordezkaria (jangelako begiralea).
- Administraria.
- Zuzendaritza taldeko ordezkaria.
- Eskola batzordeko arduraduna.
Eremuen araberako lan plangintza proposatu zen eta bertan eginkizunak banatu genituen kideen artean.
KLAUSTROKIDEAK (HHko ordezkaria; LH etapako Ziklo guztietako ordezkariak; Espezialisten ordezkaria; Zuzendaritza taldeko ordezkaria; Eskola Batzordeko arduraduna:
- Patioko jolas garaietan euskal giroa bultzatu. Kantak eta jolasak programatu
- Aurreko ekintzak izan duten eragina baloratzeko NEURKETAK egin ikasturte hasieran eta amaieran
- Paisaia linguistikoaren inguruan : eskola barruko pasilloak eta espazio guztiak girotu
- NOLEGAko deialdi ezberdinak programatu
- Ahozkotasunaren inguruan (Zarauzko euskalkia) lehen urratsak eman
- Herri mailako aldizkaria sortu, planifikatu,bultzatu
- Herriko ipuin lehiaketa landu, bultzatu
- Irakasleentzako prestakuntza saioak
ADMINISTRARIA:
- Familiei igorri zaizkien testuetan zuzentasuna eta argitasuna zaindu
- Hornitzaileekin harremanak euskaraz bultzatu (ahoz nahiz idatziz)
AISIALDIKO ORDEZKARIA:
- Batzordeko erabakiak bere taldekideei ezagutarazi eta planifikazioa egin, bere eremuan ekintzak aurrera eraman ahal izateko. Era berean euren lanak eta ekarpenak batzordera ekarri
- Jangelako txandetan ( zikloka antolatuak ) eta jolas garaian Euskal giroa bultzatu
- Programatutako kanta eta jolasak adin eta ziklo ezberdinetara egokitu
GURASOEN ORDEZKARIA:
- Batzordeko erabakiak bere taldekideei (Guraso batzordea) ezagutarazi eta bere eremuan ekintzak aurrera eraman. Era berean euren programazioaren berri batzordean azaldu
- Aurten gurasoentzako ikastaroak antolatu: HABE eta udal euskaltegiarekin bilerak egin eta informazioa eskuratu; oharrak prestatu; gurasoekin bilerak egin; bi ikastaro mota diseinatu: euskaraz dakienentzat eta ez dakienentzat
Baliabideak
- Ulibarri programaren inguruan sortutako materialak erabili dira.
- Giza-baliabideak: eremu guztietako ordezkariak.
Ondorioak
- Eremu informaletan euskararen erabilera sustatzea haurrengan.
- Gurasoen inplikazioa lortzea.
- Eskola bere osotasunean normalkuntza prozesuan elkarlanean aritzea.
- Normalkuntza proiektuaren inguruan egiten genuen lana sistematizatzea.
Aurrera begira
- Euskararen erabilera beste eremuetan (pasilloak, sarrera-irteerak...) ere bultzatzeko eskolako langile guztion artean irizpide berdinak adostea.
- Eskola eta programa etxeetara eta herrira zabaltzeko urratsak aztertzea.

