Txostenak

Mintzagrama gelan eta jolasean

Ikastetxea: Arratia/Eguzkibegi ikastolak (Artea)

Egileak: Errose Aurrekoetxea eta Ana Mezo

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Gela barruan eta gelatik kanpo ere hainbat talde dinamika egin daitezke ikasleen arteko harreman afektiboak euskaraz sortzeko eta sendotzeko, Neur-karelatik, hizkuntza egoeraren popatik brankara aplikazioko mintzagramaren emaitzetan eta Arruga i Valeriren teorian oinarrituz; afektua eta hizkuntza lotuta duadenean eremu pribatuko erabilera ere suspertzen delakoan. Teoria, dinmika adibideak eta bibliografia aurkeztuko ditugu.

Sarrera

Aurkezpen honetan azalduko dena Neur-Kareletik, Hizkuntza Egoeraren Popatik Brankara diagnosia egiterakoan otu zitzaizkigunak eta gerora garatutako ideiak dira. Hemen aurkeztuko duguna bi ikastetxe ezberdinetan egin da: Galdakaoko Eguzkibegi ikastolan eta Arteako Arratia ikastolan hain zuzen ere. Bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu eta biak oso ezberdinak dira. Eguzkibegi ikastolak, 0 urtetik DBHra arteko ikasleak ditu. Guztira 600dik gora ikasle eta 50 irakasle. Galdaka herrian kokatuta dago, non euskararen ezagutza indizea %33-35 artean dagoen. Arratia ikastola Herri Ikastetxea dugu bestea, eskola txikia, 40 ikasle ingurukoa eta 6 irakasle, Arratia bailarako Artea herrian kokatuta dago non euskararen ezagutza indizea %85-90ekoa den. ikastetxe bietan D eredua bakarrik dago betidanik eta bietako klaustrokideak oso konbentzituta daude euskara normalizatu behar bada denoi dagokigula horretan lan egitea.

Beraz, hemendik aurrera esango duguna, bi ikastetxeen arteko esperientzien bilketa da, zati batzuk guztiz ezberdin antolatu dira batean eta bestean, bakoitzaren ezaugarrien arabera, baina helburua eta ardatza bietan berdinak jarraitu dira, eta ardatz horri egingo diogu erreferentzia. Gure helburua euskararen erabilera areagotzea izan da egoeran formaletan eta ez formaletan, gogoan izanda une bakoitzean egiten den hizkuntza hautaketa, hizkuntza horretan dugun jakite mailarekin lotuta egon arren, sarri askotan hautaketa horrek zerikusi zuzena izaten duela hizkuntza horretan izandako bizipenekin, eta bizipen horiek arrazionalak edo/eta emozionalak izan daitezke. Beraz gure interbentzioa maila bi horietan egin dugu.

Neur kareletik... aplikazio informatikako gelaz gelako mintzagramak egin genituen eta emaitzetan Euskararen aldeko hiztun aktiboak, Gazteleraren aldeko hiztun aktiboak, hiztun pasiboak eta indibiduo isolatuak aztertu genituen. Eranskinetan ikus daiteke emaitzen taula bat eta honek zer nolako mintzagrama irudiak hartzen dituen. Egia esan, hauxe bera orain dela urte batzuk eskuz egiten genuen, eta aplikazio informatikoak asko erraztu dizkigu lanak.

Mintzagrama mota ezberdinak daude, batzuk aukeraketak bakarrik dituzte (guk erabili duguna bezalakoak), beste batzuk aukeraketak eta gaitzespenak. Batzutan aukera bat baino gehiago egiten dira eta hauek ere sailkatu daitezke. Horretarako galdetegia osatu behar da, eta hau egiterakoan ere irizpide ezberdinak erabili daitezke (soziotelikoa edo psikotelikoa). Guk hau guztia ikastaro baten bitartez zabaldu genuen klaustroan, eta formaziorako erabilitako oinarri teorikoak, Arruga i Valeri eta Moraledaren liburuetatik hartu genituen. Bukaeran bibliografi iturriak ematen ditugu eta kareletik ... karpetako liburutxoan ere agertzen dira.

Helburua eta metodologia

Behin klaustroak edo zikloko irakasleriak aurreko formazioa eta erabakiak hartu dituenean, ikasle talde bakoitzari aurkeztu eta azaldu egiten zaio taldearen motibazioa landu behar delako, zintzotasuna lantzeko helburuak argitu behar direlako, egun horretan daudenak eta ez daudenak kontuan hartzeko, eta hau guztia gela horretako tutoreak edo talde horretan pertsona hurbila denak egin behar du. Eskola osoa dago prozesu honetan inplikatuta, aplikazio informatikoan oinarritu gara, aukera bakarra egin dugu eta positiboa, gure kasuan soziotelikoa da euskararen erabilera formalagatik galdetzen delako baina konturatu gara sarritan elementu psikotelikoak ere (harremanak) islatzen dituela eta harreman hauek dira gure helburua: lotura afektiboak sendotu eta hauek euskaraz sortu.

Eranskinean ikus daiteke guk erabilitako galdetegia. Mintzagramak ikasgelaka egin dira, tutore bakoitzak datuak batu ditu eta zenbakietara pasatu, aplikazio informatikoa bete du eta mintzagramak irudikatu ditu. Ondoren, mintzagrama interpretatu egiten da: (zer joera erakusten du, irekia edo itxia, zatikatua azpitaldeekin, taldeko egiturak zeintzuk diren, zein bikote, izar, kate, irla edo azpitaldea, etab. agertzen diren. Talde osokoa egin ondoren, ikasle bakoitzaren informazioa ere ateratzen da, azalpenak topatzen zaizkio eta azterketa talde horretako irakasleri osoak egiten du, aurrerantzean erabakiak adostasunez hartzeko)

Gelako gorabehera guztiak aztertuta eta ulertuta daudenean, gela horretan nola interbenitu erabaki behar da, eta hau ere gela horretako irakasle orok. Interbentzioa bi eratan antola daiteke:

A.-Lanerako taldekatze moduak aztertuz eta erabiliz (talde nagusia, lan talde txikia, bikoteka, etab.; hau da, hiztun mota guztiak aintzat hartu behar dira eta guztiekin lan egin: talde homogeneo, heterogeneo, aktibo eta isolatuekin). Ikus eranskinetan taldeko kideen sailkapen adibide bat. Nork nor zertarako aukeratu duen. Aurreko taularen informazioaren arabera honako emaitzak ere biltzen ditugu eta horretatik abiatuta hauek izan daitezke aukerako talde batzuk:

  • Hiztun pasiboak eta isolatuak hiztun aktibo bihurtzeko murgiltze egoerak sortuz.
  • Gazteleraren aldeko hiztun aktiboak euskararen aldeko hiztun aktiboak bihurtzeko.
  • Talde homogeneoak eginez.

B.-Harremanetarako taldeak: Giza trebeziak landuz:

  • Trebetasun fisikoak
  • Isolatuak taldean murgildu
  • Sentimenduak hitzez adierazten ikasi
  • Taldeko konfiantza irabazi
  • Elkarrenganako onarpena landu
  • Blokeoak ekiditen

C.-Elkar ezagutzen: (aniztasunaren balioa, bakoitzak norbere burua onartu, autonomia eta sormena landu, segurtasun sentimendua sortu, hitz jarioa hobetu eta funtzionalki aprobetxatu, gatazkak konpondu...)

Baliabideak

Bibliografia:

Mintzagramak interpretatzeko:

  • Isasi X eta Erriondo L. (2000). Neur kareletik Hikuntzaren Egoeraren Popatik Brankara. Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Nagusia. Gasteiz.
  • Arruga i Valeri, Artur (1983). Introducción al test sociométrico. Biblioteca de psicología 17, Herder, Barcelona.
  • Moraleda, Mariano (1976). Sociodiagnóstico del aula. Biblioteca del educador (Marova) 20. Marova, Madrid

    Jokoak eta dinamikak ateratzeko:

  • Talde dinamika eta hikuntza ikaskuntza AEK. Arabako Didaktika Taldea. AEK. 1992
  • Euskal Jolasen Bilbuma Cda Urtxintxa Eskola. 2001
  • Euskaraz olgetan Ikastola Arratia. 1999baliabideak
  • Joko bilduma Arabako Didaktika Taldea. AEK. 1988
  • Soka saltorako kantak Lea-Artibaiko Eskola Publikoak. BI-2000
  • 101 juegos no competitivos GRAO, 1993
  • Todos los juegos del mundo Planeta, 1999

Ondorioak

Batez ere euskararen erabileran eragitea gelaz barne eta gelaz kanpo, heziketa fisikoko klaseetan hasi eta gizarte edo tutoretza orduetan.

Talde edo gela bakoitzeko irakasle oro ohartu da bere zeregina ere hizkuntza irakasle izatea badela, hala heziketa fisikoko irakaslea izan, nola matematiketakoa edo tutorea.

Eguzkibegi Ikastolan euskararen erabilera ez-formalaren neurketa egin zen (SEI elkartearen laguntzaz) eta bertan aurre pausu bat ere nabari zen. Ezin dugu esan honen ondorioa baino ez denik, baina lorpena frogatu da.

Harremanak eta afektua euskaraz ere landu daitekeela ikusi izan dugu.

Zer arazori aurre egin izan behar diegu?

  • Klaustro osoaren formazioari.
  • Taldeko lana egin beharrari.
  • Erabaki bateratuak hartu beharrari.
  • Sarritan nola jarraitu ez jakiteari.

Eranskinak

1-EMAITZEN ADIBIDE BAT

2-EUSKARAREN MINTZAGRAMAREN ADIBIDE BAT

3-EUSKARAREN BESTE MINTZAGRAMA BAT

4-GAZTELERAREN MINTZAGRAMA BAT

5-GALDEKIZUNA EGOKITUTA

6-MINTZAGRAMAK INTERPRETATU

7-MINTZAGRAMAK INTERPRETATU

8-TALDEKO KIDEEN AZTERKETA

9-NOR ZERTARAKO HAUTATUA IZAN DEN

  1. TAULAKO INFORMAZIOAREN AZTERKETA

11-AUKERAKO TALDEAK

12-HARREMANETARAKO TALDEAK