Txostenak

EUSKARA HOBETUZ: akatsen zuzenketak egiteko proposamena.

Ikastetxea: Ballonti BHI. Portugalete(Sestao)

Egileak: Myriam Lizarralde Azkoaga eta Helena Chamosa

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Gure ikastetxean erdal giroko haurrek H2an egiten dituzten akatsak zuzentzeko erabiltzen dugun sistema azalduko dugu.

Sarrera

Ballonti BHI (Portugalete)

D eredua

Partaideak Kopurua
Ikasleak 471
Irakasleak 60
Idazkaritzakoak 2
Atezainak 2
Gelak 19
Mintegiak 12

Bizitzaren arlo guztietan helburuak jartzen ditugu eta horiek lortzean beste batzuetara jotzen dugu. Hau horrela izanda Portugaleteko Ballonti Institutuan ere, agian larregi planifikatu gabe, euskalduntze planean aurrera pausu handia eman dugu: zentro guztiz D eredukoa izatea. Baina, ondo dakigu hori ez dela nahikoa eta, beraz, 2000-01 ikasturtetik aurrera bigarren puntu batean gaude: euskararen kalitatea eta erabilpena hobetzeko bidean.

Gure asmoak argitzearekin batera birgogoratzea nahi dugu Ballontin, euskararen alde hainbat urteetan lana egin ondoren, atera dugun ikasketa: irakasle guztiak garela hizkuntza irakasleak. Baieztapen hau kontuan izanda irakasle guztiak garela erreferentea pentsatzen dugu eta, beraz, gure hizkuntzaren erabilera zaindu behar dugula ikasleengan eragina izango baitu.

Helburuak eta metodologia

Irakasleok, askok orain dela urte mordo bat bukatu genuelako euskalduntze prozesua, beste askok entzundakoaren kutsaduragatik, edo dena delakoagatik, zalantzak ditugu eguneroko erabilpenean, baina denbora edo aukerarik ez birziklatzeko eta eguneratzeko.

Gure asmoa, beraz, Euskaltzaindiaren arauak zabaltzea, erabilera aholkuak egitea eta euskara aberasten hastea izan da.

Aurrean esandakoa bideratzeko zentroko bi irakaslek, hamabostero, klaseetan, pasabideetan, irakasle gelan, mintegietan, zein institutuko leku eta egoera ezberdinetan sor zitezkeen elkarrizketak zuzentzeko edo aberasteko iradokizunak prestatu dituzte.

Aholkuak ikasle zein irakasleen eskuetan izan dira. Bigarren hauei eskatu zaiena zera izan da: hamabostaldi horretarako emandakoa gogoan izatea eta zuzen erabiltzea. Horrela, uste dugu, geure burua aberasteaz gain ikasleentzat eredu onak izan gaitezkeela.

Lehen esan bezala aholkuak 15ero banatu dira eta irakasleengana heltzeko bidea Mintegi Buruak izan dira, hauek mintegi buruen bileretan jaso dute informazioa eta mintegiko partaideen artean zabaldu dute, hori egin ondoren buletina kortxoan utzi dute hurrengoa hartu arte. Erabilitakoak mintegi bakoitzak honetarako prestatutako karpetan gorde dute.

Ikasleengana, geletako kortxoetan prestatu den euskara txokoan jarri dugun buletinaren bidez helduko gara. Berria ipini eta zaharra kentzearen ardura euskarako mintegiko irakasleek hartu dute; hauek, horrez gain, dagokien taldean buletinaren azalpena egin dute.

Baliabideak

Zentroko ikasle, irakasle, atezain eta bulegariak inplikatuta dauden hobekuntza eta formakuntza lan hau bideratzeko, bi irakasleri astero elkarrekin egoteko ordu bete eman zaie. Ordu horretan gai egokienak aukeratu, osatu, egokitu eta buletin itxuran emateko prestatu dute.

Buletinaren ardatz eta erreferente nagusia Euskaltzaindia (Arauak) izan da. Horrez gain, alde batetik, gramatikako kontsultetarako Ilari eta Entzi Zubiriren Euskal Gramatika Osoa eta IVAPek eskaintzen duen interneteko kontsulta zerbitzua erabili ditugu; beste alde batetik, helburua hizkuntza aberasteko proposamenak zabaltzea izan denean Justo Mª Mocoroaren Repertorio de Locuciones del Habla Popular Vasca eta Gotzon Garateren Atsotitzak liburuetara jo dugu.

Guzti hau aurrera eramateko NOLEGAko IKE atala erabili dugu eta diru laguntza ederra lortu dugu.

Ondorioak

Buletinaren itxura, hau da formatua, instituzionalizatu egin dugu eta badu bere nortasun berezia. Irakurleak badaki zer den jasoko duena: orri bakarra, koloreetan eta begietatik sartzen dena.

Bestalde, bai irakasleengan, bai ikasleengan egunerokoan zuzenketa nabariak ikusi ditugu. Hala ere, poliki doan prozesua da eta luzera begiratu beharko dugu.

Bukatzeko, esan beharra dago informatizazioak eragin handia duela ikasleengan eta, beraz, posta elektronikoa erabiltzen hasi garenetik, badirudi, proiektuan inplikazio handiagoa adierazten dutela.

Aurrera begira

Buletina, azken hiruhilabetean, Proiektuan inplikatutako partaide guztiei (ikasle, irakasle, atezain eta idazkariei) posta elektronikoaren bidez jasotzeko aukera eman badiegu ere, datorren urtean helbideen poltsa handitzea espero dugu eta, ahal den neurrian, buletina interaktiboa bihurtu nahiko genuke.