Ahozko eta idatzizko akatsen identifikazioa eta zuzenketa
Ikastetxeak:
LH: Bekobenta HI, Ondarroa HI, Zubi-zahar ikastola, Lekeitio HI.
BH: Ondarroa-Lekeitio BHI, Lea-Artibai ikastetxea, Markina BHI, Azkue ikastola. B10 berritzegunea.
Egileak: Maite Irastorza Mendiola
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Hizkuntza akatsak identifikatu eta zuzentzeko bidea finkatzeko ahaleginetan ari dira gune honetako ikastetxeak. Lehen Hezkuntzakoak, batez ere, ahozkoan ari dira eta Bigarren Hezkuntzakoak idatzian.
Sarrera
Goian aipatu diren ikastetxe guztiak dira. Denak D ereduko ikastetxeak dira.
Ahozko akatsen bilketa Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta ikastola batean egin da. Eta idatzizkoena, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, ikastola batean eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuan.
Ahozkoak ikasleen artean batu dira, geletan eta gelaz kanpoko jardueretan. Eskola baten irakasleen artean batu dira, bilerak eta klaustroak aprobetxatuz.
Idatzizkoak, egoera formalean hartutakoak dira, Euskara ikasgaian, eta klaseko idazlanengandik jasoak. Joan zen ikasturtean hasi zen ahozkoen taldea lan honekin.
Helburua eta metodologia
Ikasle, eta zenbait kasutan, irakasleen euskara hobetzea izan da lan honen helburua.
Ahozko akatsak: Iraleko Kontuan izan txostenean agertzen ziren akatsak aztertzen hasi eta konturatu ginen, horietako gutxi batzuk egiten dituztela eskualdeko ikasleek. Baina, liburu hartan ez ziren agertzen hainbat akats gure artean barra-barra entzuten direnak.
Horregatik, erabaki genuen geure ikastetxeetan egitea identifikazio zehatz bat: joan zen ikasturtean, Ondarrukoek ekin zioten lanari; eta aurten, Markinakoek eta Lekeitiokoek. Denek zeukaten lehendik ere bilketa moduko bat eginda.
Akatsak bildu ondoren sailkatu egin ditugu, eta horiek zuzentzeko erak aztertzen aritu gara. Sailkatze-prozesua eta aztertze-prozesuak guneko bileretan egindako lanak dira. Ikastetxe batzuetan, gurasoek honen berri izan dute eurek etxean zuzendu ahal izateko, jakinik akats asko etxetik etorri direla.
Idatzizko akatsak: Batxilergoko ikasleengandik jasotakoak dira. Ikasle hauek, ahozkotasunean duten aberastasun, jariotasun,... kontuan hartuz, idatziko lanak oso pobreak zirela bai lexiko mailan, baita sintaxian ere konturatu ziren Euskara lantzen duten irakasleak. Horregatik, klaseko dinamikan txertatuta dauden idazlanak hartu eta identifikatzeari ekin diote 2 ikasturteetan zehar. Identifikatu ondoren sailkapena egin zuten eta horren azterketa egin dute, ondorio batzuk atera direlarik.
Baliabideak
Ahozko neurketan: Ikasleek, zenbait kasutan, euren kideen akatsak identifikatu dituzte. Beste batzutan, irakasleek ikasleenak jaso dituzte. HNAT batek bere ikastetxeko irakasleenak jaso ditu.
Idatzizkoan: EGAko liburuak erabili dira, idazlanen gaia eta gidoia aukeratzeko. IVAPeko Argiro eta beste lanak erabili dira, sailkapena egin, azalpen asko bertan agertu izan direlako. Zuzenketa bideak jorratu barik daude idatzizkoen kasuan.
Ondorioak
Ahozkoak: Ikasleak konturatzen dira txarto esandakoaz, gero eta gehiago. Irakasleek zuzenketaren beharrizana ikusi dute, eta horretan daude buru-belarri momentu honetan. Gurasoak hasi dira konturatzen erabileraz gain, kalitatea ere oso garrantzizkoa dela hizkuntzaren kasuan, eta eurena ere badela zeregin hori, hau da, akatsik gabeko hizkeran zuzentzea euren seme-alabei.
Ikasleak jarri dira, txandaka, gela barruan, bere kideek berba egiten dutenean egiten dituzten hutsuneak jasotzen. Ekintza hau izan da baliagarria gogoeta egiteko, eurak konturatu daitezen zer den akatsa eta zer ez, zer den onargarria,...
Ikastetxe batean, datorren ikasturterako AEKrekin batera ikastaro bat antolatu nahi dute gurasoen akatsak zuzentzeko: identifikatuta daudenak gurasoekin landu .
Idatzizkoak: Zuzentze erak landu barik daude oraindik.
Aurrera begira
Zergatiak aztertu ditugu guneko bileretan , baina zuzenketak lantzeko bideak jorratu behar dira oraindik.
Zuzenketa-erak jorratu behar dira; ahozkoak lantzeko modu batzuk aurreikusi ditu taldeak, baina idatzikoetan ez da ezer landu.

