TIKIEN TXOKOA: ikasleen erabilera eta kalitatea hobetzeko ekintza.
Ikastetxea: Deustuko ikastola(Bilbo)
Egileak: Gerardo Sienra Alvarez
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Ikasleen euskararen erabilera sustatzeko estrategia, LHko 3.zikloko ikasleek HHkoei euskaraz jaolasten laguntzen diete.
Sarrera
Deustuko Ikastola 1963an sortu zen, ordutik hona euskaraz irakatsi duelarik.
Gaur egun Ikastola hiru lerrotako IPI (Ikastetxe Publiko Integrala) bat da, hau da, HH, LH eta DBH batzen ditu zuzendaritza bakar baten ardurapean. Hizkuntza ereduari dagokionez, D eredua da izendapen ofiziala, hala ere, guk murgiltze eredua izendatzen dugu, irakaskuntzaz gain ikastetxean dauden zerbitzu eta eskolaz kanpoko ekintza guztiak euskaraz eskaintzen direlako (honek euskara komunikazio hizkuntza bakarra bihurtzen du).
Deustuko Ikastola Deustuan kokatuta dago, hau da, Bilboko auzo baten. Ikastetxea erdigunean dagoenez, umeengandik hurbil dago. Beraz ez dute garraiobiderik behar, gehienak oinez etortzen direlarik. Biztanle gehienak erdaldunak izan arren, euskaldunen kopurua aipagarria da. Ikastolara datozen umeen familien bizitza-maila ertaina da, beren ikasketa-mailaren bataz bestekoa altua izanik, hau da, Deustuko sendiek orokorrean dituzten ezaugarri berberak. Lanari begiratuz, gehienak zerbitzu-sektorean eta Deustutik hurbil egiten dute lan.
Deustua bizitza propioa duen herria izan arren eta orokorrean era guztietako zerbitzuz ondo hornituta egon arren, dituen zerbitzu kulturalak eskasak dira. Aisialdirako zerbitzuak eta zineak badaude, baina kirola egiteko, umeek jolasteko edo kultura garatzeko toki premia nabaria da. Deustuan mota askotako elkarteak daude: kultur taldeak, kirol taldeak, eskautak, erlijiosoak... Baina beraien eragina nahiko mugaturik dago. Euskara kaleratzeko ekintza gehienak Ikastola, Matxintxu euskaltegia eta Berbaizu euskara elkarteen esku sortzen dira.
Irakaskuntzari dagokionez, Deustuko eskaintza zabala da baina bi arlotan oso argi eta garbi ezberdindurik: alde batetik, 2 Ikastetxe Publiko, D ereduko matrikulazioarekin eta bestetik, 3 ikastetxe Pribatu Kontzertatu, B ereduko matrikulazioarekin. Batxilergo mailako ikasketak eta unibertsitatekoak ere bertan edo oso hurbil daude.
Zergatik honelako ekintza bat diseinatu eta aurrera eraman?
HHko ikasleriaren aldetik:
- Gure inguruko HHko ikasleen euskal hiztunen ereduak oso mugatuak izaten dira (gehienetan irakasle eta edo gurasoak). Beraz, euskal hiztunekiko harremanak ezartzeko aukerak ugaritu behar dira.
- HHra heltzen diren ikasle erdaldunei ikasketa prozesua euskaraz izateak zailtasun berezi bat suposatzen die. Zailtasun hori gainditzeko motibazioa lortu behar da, hain zuzen ere, euskararen bidez haurrei ekintza erakargarriak eskainiz. Horregatik, euskarazko ekintza alai, motibagarri eta ludikoen eskaintza ahal den neurrian zabaldu behar da, haurrek gratifikanteak diren ekintzetan Euskararen bidez parte hartu ahal dutela ikus dezaten.
- HHko ikasleek imitazioz ikasten dituzte hizkuntza-moldeak. Horregatik, zenbait akats berehala zabaldu eta normaltasunean ezartzen dira. Nagusiekiko imitatzeko gogoa oso handia da eta horretaz baliatu behar dugu: HHko ikasleei imitatzeko hizkuntza-eredu egokiak eskaini behar dizkiegu (eredu egokia = ezabatu nahi ditugun akatsak ondo esaten dituen hiztun bat).
LHko 3.zikloko ikasleriaren aldetik:
- Adin hauetan lehengo puntuetan aipatutako euskarazko ekintzekiko motibazioa gutxitu da, ikastetxetik kanpoko ekintzak, jeneralean erdaraz direnak, erakargarriagoak izaten direlako. Horregatik euskara prestijiatu beharrean gaude. Hau egiteko era bat euskaraz egiten duten ikasleei maila altuago bat eskaintzea da: txikien irakasle edo arduradun izateko papera, hau da, helduarena.
- Akatsen zuzenketa era teorikoan lantzen da, baina zaila izaten da praktikara eramatea. Akatsak bilatu eta zuzentzeko benetako egoera praktikoak eskaini behar dira, era erakargarri eta iraunkor baten.
- Askotan ikasle nagusiek ikasle txikiak gutxiesten dituzte eta horregatik berdin zaie beraien aurrean erdaraz egitea. Txikiekiko euskararen ardurak hartzerakoan nagusiek beraien burua prestijiatua ikusten dute eta txikiekiko harreman onak baino hobeak ezartzen dira.
Txikien txokoa Deustuko Ikastolan 1995-96tik aurrera garatutako esperientzi bat da. Bere ibilbidean zehar izen eta ezaugarri ezberdinak izan baditu ere, oinarrizko eredua ez da aldatu: hilabetean behin ikasle nagusiak eta haur txikiak jolas-txokoetan elkartzea.
Gaur egun, hain zuzen ere, LHko 3.zikloko ikasleak dira HHko ikasleekin ekintza hau burutzeko ardura dutenak.
Helburuak eta metodologia
Helburu nagusiak:
- Haur Hezkuntzako ikasleei euskaraz adierazteko aukerak gehitu.
- Lehen Hezkuntzako 3.zikloko ikasleei euskaraz mintzatzeko motibazioa indartu.
- Ikasleek erabiltzen duten hizkuntzaren kalitatea hobetu.
- Ikasleen espresibitate ez formala aberastu.
Helburu xeheak:
- Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasle nagusien arteko harremanak hobetu eta euskaratu. Klasean landutako espresio ez formalak praktikan jarri.
- Euskararen erabilpena ekintza ludikoetara zabaldu.
- Haur txikiekiko indartze pertsonalizatuak erabili.
- Euskararen erabilpenean eta zabalkuntzan norberak duen garrantziaz ohartarazi.
- Egiten ohi diren akats gramatikalak eta erdarakadak zuzendu.
- Hiztegi ez formala aberastu.
- Errespetu eta errespontsabilitate jarrerak bultzatu.
- Ikasleak klasetik kanpo nolakoak diren sakonago ezagutu.
Eragileak eta hartzaileak:
Irakasleria
Irakasleak ekintzarekiko motibazioa eta hizkuntzaren kalitatea hobetzeko ardura duten eragileak dira. Horretarako koordinaturik egon behar dira denon artean ondorengo lanak aurrera ateratzeko:
- ikasleek erabiltzen ez dakizkiten espresio ez formalak bildu eta landu behar dituzte
- ikasleek egiten ohi dituzten hizkuntza akatsak aztertu behar dituzte eta klasean beraien zuzenketa landu behar dute
- aurreko bi puntuetan landutako klaseko edukiak eguneroko harremanetan erabiltzen direla ziurtatu eta bultzatu behar dute.
Ikasle Nagusiak (LH 3.zikloa)
Ikasle nagusiak, alde batetik, beraien irakasleen lan pedagogikoaren hartzaileak dira eta, ekintza egiten duten bitartean, jaso dituzten eduki eta jarreren eroaleak dira, hau da, txikiekiko eragileak.
Ikasle Txikiak(HH)
Haur Hezkuntzako ikasleak prozesuaren azken hartzaileak dira.
Ekintzen aurkezpena:
Txikien txokoa ekintza hilabetean behin burutzen da, arratsalde osoa (3retatik 5ak arte) harturik. Ekintza honetan LHko 3.zikloko ikasle talde batek HHko maila batekin (3, 4 edo 5 urtekoak) lan egiten du.
Fisikoki, ekintza Ikastolako beheko solairuko sarreran dagoen pasabide zabal batean. Espazio honetan HHko ikasleek jolasteko gustukoak dauzkaten txoko ezberdinak antolatzen dira, beti kontuan harturik ahozko komunikaziorako aproposak izan behar dutela (mahai-futbolak, pilotak jaurtitzea, eskabagailuak, mozorroak, eraikitzeak, sukaldeak, soka saltoak, trizikloak...).
Txoko bakoitzean LH 3.zikloko ikasle batzuk daude arduradun gisa, haurren jolasak bideratzeko eta/edo beraiekin jolasteko ahalik eta gehien hitz eginez. HHko ikasleek nahi duten txokoan jolas dezakete, hala ere, txoko ezberdinetatik pasa daitezen ahalegintzen da.
Metodologia:
Ekintzaren aurretiko egunetako lanak:
- HHko irakasleek ekintzaren aurreko egunetan ekintza erabili behar dute motibazio bezala (Haur Hezkuntzakook euskara asko egin behar dugu nagusiak gugana etor daitezen) eta bereziki nagusien laguntzaren helburu berezia izango diren ikasle txikiak zehaztu behar dituzte (haurraren izena duen txartelaren koloreak zein haurrekin bereziki hitz egiten ahalegindu behar dugun adieraziko digu eta)
- LH 3. zikloko irakasleek, alde batetik, akats gramatikalen eta erdarakaden zuzenketa eta hizkuntza ez formalaren esamolde eta espresioak landu behar dituzte, eta bestetik, akatsen zuzentzeko teknika egokiak eta ekintzarekin lortu nahi ditugun jarrerak eta helburuak zehazki azaldu behar dizkiete ikasleei.
Txikien Txokoaren ekintzaren garapena
- HHko ikasleak klasera heltzen direnean (arratsaldeko 3retan) irakasleek egingo den ekintza gogoratzen eta azaltzen diete.
- LHko 3.zikloko ikasleak klasera heltzen direnean bi taldetan banatzen dira. Talde bat irakaslearen zuzendaritzapean jolas txokoak muntatzera doan bitartean, beste taldea HHko ikasgeletara doa eta parte hartuko duten haurren aurpegiak margotzen hasten dira. Ikasgelako haur guztiak margoturik daudenean txokoetara abiatzen dira.
- Ikasle txikiak txikien txokora heltzen direnerako (3:20?3:30) txoko guztiak martxan daude. Haur bakoitza nahi duen txokora doa eta jolasten hasten da, bere inguruan ikasle nagusiak ibiliko dira: galderak egiten, bere jolasa berbalizatzen, argibideak ematen, jolasak proposatzen, laguntzen...
- Ekintza garatzen den bitartean ikasle nagusiek beraien irakasleek jarri dizkieten helburuak betetzen ahalegindu behar dute: arreta berezia behar duten haurrekin hitz eginez, landu dituzten espresioak txoko bakoitzean erabiliz, ikasle txikiek egiten dituzten akatsak zuzenduz eta kalitate handiz hitz egiten ahaleginduz. Bitartean irakasleek (LH eta HHkoak) ekintza era egokian garatzen ari dela ziurtatzen dute, ikasleei beharrezko argibideak edo aholkuak emanez.
- Ekintza amaitzen denean (4:30?4:40), erabilitako materiala ikasle nagusi guztiek batu eta gordetzen dute.
Baliabideak 
Ezberdinak dira aukeratzen diren txokoen arabera. Une honetan hauek dira Deustuko Ikastolan erabiltzen ditugunak:
- Aurpegiak margotzea: makilatzeko margoak
- Eraikiketak: hiri bat irudikatzen sintasolezko moketa bat, eraikitze pieza pila bat eta kotxe txikiak.
- Eskabagailuak eta kamioak: Ehunka kortxo, hondartzarako pala, eskabagailu eta kamioi bolkete batzuk.
- Mozorroak: arropa zaharrak (zapatak, zorroak, jakak, gonak, zapiak...) eta tamaina ezberdineko oihalak.
- Soka saltoak: sokak eta abestien grabaketak.
- Trizikloak.
- Pilotak jaurtitzea: kolorezko pilota pila bat eta saski batzuk.
- Mahai-futbolak.
- Sukaldetxoak: jolasteko sukalde batzuk, mahai batzuk eta osagarriak (bandejak, plastikozko platerak, lapikoak, frutak, edalontziak, elikagaiak...)
Material didaktikoak:
- Akats gramatikalak lantzeko fitxak.
- Espresioak eta esamoldeak lantzeko fitxak.
- Landutako edukiak gogorarazteko kartelak.
Aurrekontua:
Ekintza hau oso aurrekontu txikiaz jarri daiteke martxan (edo diru asko gastatuz, hala nahi izan ezkero).
Merkea izateaz gain, guztiz errentagarria iruditzen zaigu, haur kopuru mordoa biltzen duelako eta, materiala zaindu ezkero, urte askotarako inbertsoa izan daitekeelako.
Ondorioak
Ekintza hau oso arrakastatsua gertatu da beti. Nabaria izaten da ikasle nagusiengan sortzen duen ilusioa. Horregatik, berarekin lotutako helburuak eta aurretiko ekintzak motibazio berezi batekin lantzen dira.
Euskararekin zerikusia duten helburuez gain, nabari da ikasle nagusien haur txikiekiko harremanek jasotzen duten aldaketa: txikiekin ekintzak egiteko gogoa biderkatzen da eta ekintza honen bitartean haurren artean sortutako ezagutza eta konplizitatea ekintza beretik kanpo eguneroko harremanetara zabaltzen da.
Eragina neurtzeko erabili ditugun adierazleak, irakasleen arteko koordinazioa eta ikasleengandik jasotako iritziak eta eskaerak izan dira.
Arazoak:
- Denborarekin ager daiteke errutina eta honek ekartzen ohi den helburuak ondo betetzeko erlaxazioa.
- Normalean euskara egiteko interesa erakusten ez duten LH 3ko ikasleekiko trataera. Gure kasuan, euskara erabiltzen ahalegintzen diren pertsonak prestijiatzea helburu garrantzitsua denez, ekintza egiten denean gutxiengo interes bat erakutsi ez dutenek ezin dute parte hartu (eskubidea irabazi ez dutelako).
- Ikasle nagusien prestakuntza eta motibazioa ona izan behar du, bestela, ekintza garatzen den bitartean, beraiek hasten dira jolasten, proposatutako helburuak landu gabe.
- Batzutan ekintza hau zaratatsu gertatzen da (jolasen bitartean egiten den zaratagatik). Hau kontutan hartu behar da leku aproposa topatzerakoan.

