Txostenak

IKASTETXEEN ARTEKO TXATA: ikasleen arteko harremanak euskaraz bideratzeko baliabidea.

Ikastetxea: Zalla institutua.

Egileak: Alberto Mardones Alonso.

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Proiektu hau Enkarterriko eta Meatzaldeko ikasleen arteko harremanak euskaraz izan daitezen sortu zen. Ikasleen arteko txateoa egiteko baldintza batzuk ezarri genituen: besteak beste, elkarrizketa guztiak euskaraz izatea. Lehen faseko helburua egitura sendoa ezartzea izan da, etorkizunean helburu ausartagoak lortzeko asmoz.

Sarrera

Berrehun ikaslez osatutako ikastetxea dugu Zalla BHI, DBHko kurtso guztiak dauzkagu, orain arte A eta D ereduak izan dira, A eredua desagertuko da bi urte barru.Aurten 12 ikastalde izan ditugu, datorren urtean 2 talde gutxiago izango ditugu, alegia, 10 talde.Hemendik aurrera zenbaki hau mantenduko dugu, beraz, nahiko egonkor edukiko dugu ikastalde kopurua hurrengo urteetan.

Euskal txateoa egin dugu lehen zikloko ikasleekin.

Ideia hau sortu egin zen Urtuellako berritzegunean eta hemen elkartzen garen ikastetxeak horretan gelditu ginen.Arrazoia gehien bat izan da lehen hezkuntzako ikastetxeak zeudelako eta hauengandik hurbilen ditugun ikasleak lehen ziklokoak direlako.

Helburuak eta metodologia

Kurtsoaren hasieran komentatu genuen agian ekintza bat izan zitekeela, kurtso erdian berriro komentatu genuen eta kurtso erditik bukaerara praktikatzen hasi gara ahal izan dugun guztia.

Euskara arlo guztietara eraman nahian, helburu orokorra izan zen, nolabait, Enkarterriko eta mehatzaldeko ikastetxeetako ikasleek elkar ezagutzea eta harremanak hastea edo edukitzea euskara erabiliz.

Helburu zehatza izan da gaur egun pil-pilean dagoen ekintza bat, hain zuzen, ordenadorearen bidez komunikatzea edo hitz egitea , azken finean, txateatzea euskaraz. Hortaz modan dagoen zerbait interesgarria eskaintzea euskaraz. Nolabait esateko, hizkuntza ez formala praktikatzeko bidea.

Oinarri teorikoak:

Euskarak hizkuntza komunikatiboa eta erakargarria izan behar duela ikasleentzat, gaztelania?euskara lehia honetan maila honetan euskarak daukan hutsunea betetzeko ahalegin guztiak egin behar dira.

Eragileak eta hartzaileak:

Eragileak: gure ikasleak.

Hartzaileak: gure ikasleak.

Metodologia:

  1. Ikastetxeak egun eta ordu zehatz batean gelditzen gara, helbide elektroniko eta kanala aldez aurretik aukeratu ondoren.
  2. Ikasle bakoitzak badauka bere ikastetxearen erreferentzia: adibidez, Zalla 3, Itxaropena 4,...
  3. Euskaraz derrigorrez egin behar dela behin eta berriro esan, bestela, ikasleen joera erdarara pasatzekoa da.

Baliabideak

Gure kasuan lehen hezkuntzako informatika gela erabiltzen dugu, hortxe internetera konexioa daukagulako.

Ondorioak

Berria eta erakargarria den mundu informatikoan eta interneten euskara erabiltzea edo komunikabidea izatea.

Eragina neurtzeko erabilitako adierazleak, irakasleak klasean edukitako gertuko ikusketa eta zuzenketa ekintza izan dira, egiten ari ginen bitartean.

Arazoak:

Internet batzuetan ez da ibili, nahiko frustrantea da ikasleentzako konektatu ezin izana, dena den batzutan gertatzen den arazoa izan da, ulertezina zenbait aldiz, baina konpondu beharrekoa dudarik gabe.

Beste arazoa izan dira irakasle batek edo bestek edukitako despistea dela eta, ez dugula egin txateoa. Erneago eta adiago egonda konpontzen den akatsa.

Aurrera begira

Hemendik lor daitezke ikasleek haien artean erabiltzen dituzten esaldi mota ezberdinak, berauek nahiz eta gaztelaniaren itzulpen hutsak izan, baliagarriak izan daitezke irakasleak itzulpen egokia edo eta euskaraz, parekorik balego, antzeko esaldiak irakasteko ikasleei, beraz , bidea ematen digu ikasleek maila kolokialean edo ez formalean daukaten (daukagun) hutsune hori, nolabait, euskaraz betetzen hasteko.