EUSKARAREN ASTEA: auzo mailako egitaraua.
Ikastetxea: Santutxu auzoko ikastetxeak: Solokoetxe BHI, Karmelo ikastola LH, Gabriel Aresti institutua, Txurdinaga-Artabe institutua, santutxu BHI eta Txurdinaga behekoa institutua. Bilbo.
Egileak: Itziar Gardeazabal eta tasio Erkizia Almandoz
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Aurten ere euskal astea antolatu dugu, iazko esperientzian oinarriturik. Helburua: auzoan euskararen presentzia areagotzea. ekintzak hiru mailatan banatu ditugu: ikastetxe bakoitzean, ikastetxeen artean ea auzoan. Normalkuuntzako ikastetxeen proposamena izan da eta oso baliagarria da beraien arteko harremanak sendotzeko.
Sarrera
Euskararen astea azken bi urteotan Santutxu?Txurdinaga zonaldeko 6 ikastetxek eta zenbait kultur elkartek elkarrekin egindako lanaren emaitza da.
Ikastetxe horietako lau D eredukoak dira. Aldiz, beste bietan eredu ezberdinak dituzte, nahasturik. Ikastetxe gehienak bigarren hezkuntzakoak dira, baina ez denak, badira lehen hezkuntza eta haur hezkuntzakoak ere.
Zonaldea erdalduna da, baina euskararen alde urte askoan lan ugari egin izan da. Ekimena ikastetxeena izan da eta lan gehiena euren esku egon da. Ikastetxe hauek Ulibarri programan parte hartzen dutenez, Gunea baliatu dugu koordinaziorako.
Euskararen erabilera eskasa dela-eta arduraturik geunden; izan ere, neska mutilen euskararen erabilera nabarmen jaisten delako auzoko eta lagunarteko giroan.
Aurten apirilaren 15etik 21 arteko astea aukeratu dugu, baina ez dago urteroko data zehatzik. Dena den, udaberri hasieran ospatzeko asmotan gara, aurrerantzean ere.
Helburuak eta metodologia
Helburu nagusia euskararen erabilera ikastetxetik bizitzako esparru guztietara hedatzea da; horretarako, lehen baldintza nerabeak motibatzea da.
Helburu hori lortzeko konturatzea euskalduntze prozesuan ikastetxea bakarrik ez dela nahikoa; eta, beraz, guztion lana eta eragina koordinatu eta uztartu behar dela.
Era berean, beharrezkoa da ikastetxeen arteko elkarlanak duen garrantzia eta ahalmena begi-bistan uztea.
Horretarako, euskararen inguruan ahalik eta auzoko jenderik gehiena bildu behar bada, pentsaera eta sentsibilitate ezberdineko euskaltzaleak elkarlanean jarriz. Baina, bereziki, gazteria inplikatu behar da. Era horretan nabarmen geratuko da euskararen erabilera zabaltzeko ezinbestekoa dugula ahalegin kolektiboa.
Egitasmoan hiru maila edo esparru bereizten ditugu:
A. Lehen esparrua ikastetxe bakoitza da
Ikastetxe bakoitzak nahi edo ahal duen eran antolatzen du astean zehar euskara suspertzeko baliagarria izan daitekeen zenbait ekitaldi. Ikastetxe batzuetan, urtean zehar egindako lanaren gailurra besterik ez da aste hau; honelako ikastetxeetan ekitaldi andana antolatzen dituzte. Beste zenbaitzuetan, berriz, euskararekiko grina sortzeko egiten dira eta horrelakoetan, ekitaldi banaka batzuk besterik ez dira izaten. Baina guztietan zerbait komuna da: egun horietan euskararen alde ekitaldi zaparrada antolatzen direla.
B. Bigarren esparrua eskolarteko ekitaldiak dira:
Parte hartzen dugun ikastetxeen artean zenbait ekitaldi prestatzen ditugu. Aurreko urtean bertso paper lehiaketa besterik ez genuen antolatu, baina aurtengoan lau dira martxan jarri ditugun ekimenak:
- Eskolarteko kanta lehiaketa.
- Eskolarteko bertso paper lehiaketa.
- Ikastetxeen arteko herri kirolak.
- Auzoko zenbait plazatan: euskaraz jolastu.
C. Hirugarren esparrua Santutxoko auzoa da:
Auzoko Kultur talde guztiak gonbidatuak dira eta hainbatek parte zuzena hartzen dute. Gazteen denbora librea, neurri handi batean behintzat, ikastetxeko esparrutik at gelditzen zaigu. Nork eragin dezake, bada, gazte euskaldunak euskaraz dibertitu daitezen? Ez dago ukatzerik, hori gehienbat euren esku dagoela. Alferrik ari gara zirikatzen baldin eta ez badugu beraien motibazio pertsonala suspertzen. Hala ere, hezitzaile eta euskaltzaleok zer eman badugunez gero, institutuetako gazteen eta auzoko kultur taldeen arteko elkarlana bultzatzen saiatzen gara.
Neska mutilen euskalduntze prozesua bideratzeko ikastetxeak bakarrik ez dira nahikoak. Guztiz okerra da azken urteetan gizartean zabaltzen ari den joera, zeinen arabera ikastetxeen baitan gelditzen den euskalduntze prozesuaren zama osoa.
Ikastetxeetako lanak ezinbestean behar du familiaren eta beste gizarte eragileen inplikazio zuzena. Beraz, hurbilenetik hasita, ikastetxeen ahaleginak auzokoen eta gurasoen eragina eskatzen du, eragile horiek guztiak osagarriak dira eta beren elkarlana ezinbestekoa da.
Programa (ikusi 1. eranskina)
Baliabideak
- Ikastetxe bakoitzeko euskara batzordea.
- Institutuetako neska mutilen euskara batzordea (bereziki azpimarragarria da neska mutilek izan duten protagonismoa)
- Ikastetxeetako HNAT-ekin osaturiko batzordea.
- Auzoko elkarte kulturaleko ordezkariekin egindako batzordea.
- Ikastetxe, guraso elkarte eta BBK zein Lankide Aurrezki Kutxaren diru laguntza.
Aurrekontua (ikusi 2. eranskina)
Ondorioak
Neska mutilak pozik gelditu dira. Egin ditugun inkesta batzuen arabera, antolakuntzan gehien parte hartu dutenak arras kontent gelditu zaizkigu.
Neska mutilen protagonismoa nahiko zuzena izan den heinean, aste honetako helburuetako bat lortu dugula uste dugu.
Auzoko kultur elkarteak eta ikastetxeetako ordezkariek oso balorazio positiboa egin dute.
Datorren urteari begira, ekitaldia errepikatzeko erabakia aho batez eta ilusioz hartu izanak balorazio ona adierazten digu.
Ebaluazio tresnak:
Ebaluazio sistematiko bat egin nahirik, galdera sorta bat prestatu genuen.
Galdera horietan oinarrituz, ikastetxe bakoitzean hausnarketa saio bat egin genuen, eta beren iritziak Gunera eraman ziren.
Gunean, ikastetxe guztietako iritziak aztertu eta ondorio orokorrak atera genituen.
Aurrera begira
Inguruko beste ikastetxe batzuk erakarri behar ditugu; horretarako, ezinbestekotzat jotzen dugu berritzegunearen laguntza.
Pausu berriak eman behar dira, aurtengoaren bidetik, neska mutilen protagonismoa eta parte hartze zuzena gorpuztu eta bideratzeko ahaleginean.
Ikastetxeko guraso elkarteak zuzenean inplikatu daitezen jadanik beraiekin mintzatu behar dugu. Bi urte hauetako jardunaren huts egite nabarienetakoa gurasoen inplikazio eza izan da eta, beraz, alor hori landu behar dugula iruditzen zaigu.
Auzoetako kultur elkarteekiko elkarlana ere sendotu egin behar dugu; eta, azkenik, udaletxeko euskara zerbitzuaren inplikazio zuzena lortzen saiatu.
1. Eranskina: PROGRAMA
SANTUTXU-TXURDINAGAKO EUSKARAREN ASTEA. Apirilaren 15etik?21era.
ASTEARTEA:
- Eskolarteko kanta lehiaketaren finala. LHko 5 eta 6mailak gehi DBHkoak Txurdinaga Behekoako Institutuan.
ASTEAZKENA:
- Pailazoak. Briñas eskolan. Arratsaldeko 17:00etan
- Mahaingurua: Euskararen egoera eta etorkizuna Andolin Eguzkitza; Martxelo Otamendi eta Xabier Mendiguren. Arratsaldeko 20:00etan. AEK-ren egoitzan, Arbidea 21. Txurdinaga.
OSTEGUNA:
- Eskolarteko bertso paper lehiaketaren sari banaketa eta bertso saioa. LHko 5 eta 6mailak gehi DBH lehen zikloa: Txurdinaga Behekoa institutuan; DBHko 3 eta 4mailak gehi Batxilergoa eta Lanbide Heziketakoak Gabriel Aresti Institutuan.
OSTIRALA:
- Eskolarteko herri kirolak eta jolasak. Batxilergoa, moduluak eta DBHko 2zikloa: Gabriel Aresti Institutuan; Lehen hezkuntza: Auzoko plazetan.
Eta ostiral iluntzean...:
- Gazteria euskaraz blai 18:00etatik 22:00etara Karmelo plazan.
- Altxor izkutuaren bila.
- Aerobik ere euskaraz, noski.
- Euskal kulturaren konkurtsoa.
- Dantzatzen ere euskaraz eta kitto !!!
- Bertso afaria Sorgintxulon, auzoko bertsolarien eskutik.
LARUNBATA:
- Kale antzerkia. Arratsaldeko 19:00etan.
- Trikipoteoa. R.Bastida plazatik arratsaldeko 20:00etan.
- Kalejira Samasikurekin. Karmelo plazatik irten eta auzoan zehar, arratsaldeko 19:30etan.
IGANDEA:
- Dantzari eguna
- Diana
- 11:00etan Dantzariak Karmelo Plazan elkartu.
- Dantza emanaldiak auzoko hainbat plazatan.
- 13:00etan dantzari taldeen desfilea.
- 14:00etan bazkaria.
- Arratsaldeko 16:30etan dantza emanaldia Etxeberria plazan. Euria egingo balu, Berriotxoako kiroldegian egingo genuke.
- 19:00etan erromeria Karmelo Plazan.
2.Eranskina: AURREKONTUA
- Asegurua: 50.000
- Bertso paper lehiaketako sariak: 45.000
- Eskolarteko kanta lehiaketako sariak: 45.000
- Eskolarteko herri kirolak: 30.000
- Kalejira (fanfarriak, txistulariak): 50.000
- Kartelak eta esku programak: 200.000
- Mahaingurua: 75.000
- Dantzari eguna:
- Nafarroako dantzarien bidaia: 80.000
- Nafarroako dantzarien bazkaria: 50.000
- Gazteria euskaraz blai:
- Agertokia: 75.000
- Megafonia: 100.000
- Argindarra: 20.000
- Sariak: 50.000
Guztira: 860.000
3. Eranskina: ESKOLARTEKO BERTSO PAPER LEHIAKETA 2002
ONARRIAK
1. Nork parte hartu? Ikastetxeetako neska mutil guztiek parte hartu dezakete. Hiru ataletan banatuko ditugu:
a) 12 urte artekoak
b) 12-14 bitartekoak (DBH-ko lehen zikloa, alegia)
c) 15-18 bitartekoak (DBHko 2.zikloa, batxilergoa, moduloak ...)
2. Lanak: Parte hartzaile bakoitzak bertso paper sorta bakarra bidali dezake. Bertso paper sorta bakoitzeko idatzi beharreko bertsoak, gutxienez bi eta gehienez bost izango dira.
3. Gaia: Gai librea izango da guztientzat.
4. Nora bidali:
SANTUTXUKO BERTSO ESKOLA
Eskolarteko bertso paper lehiaketa.
Menendez y Pelayo 12-14
- SANTUTXU (Bilbao)
5. Epea eta baldintzak:
- Ikastetxe bakoitzak egin beharko du lanen arteko lehen aukeraketa, inork 25 sorta baino gehiago bidali ez dezan.
- Lanak jasotzeko azken eguna, apirilaren 11 izango da.
- Bertsoek berriak izan beharko dute, beste inon aurkeztu edo kantatu gabeak.
- Bertso paperean ez da egilearen izenik agertuko. Bertso sorta izengoitiz sinatu behar da.
- Egilearen izen deiturak eta ikastetxea aparteko sobre edo kartazalen batean ipiniko dira. Kartazal bien kanpoaldean izengoitia eta adina jarri behar da.
6. Epaia: Epaimahaia Santutxuko bertso eskolako kideek osatuko dute.
7. Sari banaketa: Apirilaren 18an izango da, aurretik adieraziko den ordu eta tokian. Adin bakoitzeko 3 sorta sarituko dira.
4.Eranskina: KANTA LEHIAKETA 2002
Helburuak:
- Euskal kantagintza zabaldu eta suspertzea.
- Haurren eta gazteen zaletasuna piztea.
- Kantuaren bidez hezitzea.
- Musikaren heziketa teorikoa, praktikaren bidez ere bultzatzea.
Nork parte hartu? Eskola-ikastolako LH eta DBHko edozein ikaslek parte har dezake. Euskaraz kantatzea eskatuko zaie, banaka, binaka edo taldeka, nahi den eran.
Kategoriak: Bitan banatzen da:
- Lehen Hezkuntzakoak.
- Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak.
Zenbat partaide?
Ikastetxe bakoitzetik gehienez 3 ordezkarik parte hartu ahal izango dute. Beraz, ikastetxe bakoitza arduratuko da aurre-aukeraketa egin beharko balu.
Nolako kantak? Kanta zahar eta berriak eman daitezke, beti ere herritar eran, ez goi mailako polifoniaz.
Zenbat kanta? Partaide bakoitzak abesti bakar bat aurkeztuko du.
Nola epaitu? Epaimahaiak kontuan izango ditu: doinua, hitzak, ahotsa, trebetasuna, interpretazioa, kantuaren ekarpena (nobedadea kantutegi zaharrekoa edo berrikoa izan daitekeelarik). Kantu lehiaketa dela gogoan izan: kantariak nahi bezalako musika laguntza eraman ahal izango du, baina beste ezeren gainetik kantua baloratuko dela jakinez. Partaideak, beraien ahotsez bakarrik baliatuko balira, komeni litzateke hasierako doinua hartzen laguntzea. Musika laguntzaileak gazteak edo helduak izan daitezke.
Sariak: Kategoria bakoitzeko lehen hirurentzat izango dira sariak. Epaimahaiak beste sari batzuk eman ditzake, beti ere horretarako duen arrazoia zein den zehaztuz.
Izena emateko epea: Apirilaren 12rako eman behar da izena.
Nori? Ikastetxe bakoitzeko Euskara Arduradunari edo Karmelo ikastola-Solokoetxe BHIra idazki bat bidaliz postaz (Solokoetxe kalea, 17. Bilbo) edo faxez (944 795 534)
Finala: Apirilaren 16an, arratsaldeko 15:00etan,Txurdinaga Beheko ikastetxeko aretoan.
5. Eranskina: HERRI KIROLA LEHIAKETA 2002
OINARRIAK
1. Nork parte hartu: Ikastetxeetako DBH 2.ziklo eta Batxilergoko ikasleek parte hartu dezakete.
2. Kirolak: sokatira, lokotxak, pelota (eskuz eta palaz) eta txingak.
- Sokatira:
- Talde bakoitzean hamar ikaslek parte hartu behar dute.
- DBHkoek Batxilergokoen kontra lehiatu behar dutenean, epaileek erabakiko dute
- Batxilergoko taldetik lagun bat edo bi atera behar dira, pisuaren arabera.
- Ikastetxe bakoitzetik lau taldek parte hartu ahal dute.
- Lokotxak eta txingak: Ikasle guztiek parte hartu ahal dute, baina asko apuntatzen badira, ikastetxe bakoitzean bertan egin beharko da aurre-aukeraketa, 4 ikasle geratu arte.
- Pelota: eskuz eta palaz eta bikoteka. Partiduak: eskuz 10 tantora eta palaz 15era izango dira, eta ikastetxe bakoitzeko bi bikotek parte hartu dezakete (bikote bat eskuz eta beste bat palaz).
3. Noiz jokatu: Apirilaren 26an (ostirala) 11:00etatik 13:30ak arte. Kirol guztiak Gabriel Aresti Institutu alboan dauden frontoietan egingo dira. Palaz Txurdinaga Artabe institutuko frontoian jokatuko da.
4. Izena emateko epea: Apirilaren 10erako bidali behar dira kirolari edo talde guztien izenak Gabriel Aresti Institutura (Euskara arduraduna)
5. Epaileak: Ikastetxe bakoitzetik 2 ikasle aurkeztu beharko dira epaile lana egiteko. Beraien ardurak honako hauek izango dira: kirol bakoitzaren arauak ezarri, jokatzeko taldeen arteko zozketak eta ordena egin, epaitu...(*)
6. Sari banaketa: Apirilaren 26an, lehiaketa bukatzen denean, egingo da; eta kirol bakoitzeko bi talde edo bi kirolarirentzat izango dira.
(*) Ez genuen horrela egin: Azkenean Txurdinaga Behekoako Lan Heziketako 3 ikaslek ("Kirol Jarduerak" zikloa egiten ari direnak, hain zuzen ere) hartu zuten ardura, irakasle batzuekin batera.

