Kultur Astea
Ikastetxea: Maria eta Jose ikastetxea(Zumaia) eta Antoniano ikastetxea(Zarautz)
Egileak: Joxean elorza eta itziar Murua.
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
HN Proiektuaren ekimen garrantzizko bat da. Kultur astean ikastetxe osoa kanpaina baten inguruan murgiltzen da, festa giroan. Programazioa ekintza askorekin osatzen da: pregoia, hitzaldiak, aldizkaria, erakusketak, ipuin kontalariak, zinea, irteerak,....
Sarrera
Euskararen aste hau Zarauzko Antoniano eta Zumaiako Maria eta Jose ikastetxeek antolatu dute, era honetan ikastetxe bakoitzean:
- Antoniano ikastetxean: HH?LH(D eredua) ikasmaila bakoitzean gela bat; DBH(D eta B ereduak) ikasmaila bakoitzean bi gela.
- Maria eta Jose ikastetxean: HH-LH-DBH(D eredua)ikasmaila bakoitzean bi gela.
Egitasmoa, nagusiki, ikasleen eremuan gauzatu da, baina kontuan izan dugu gurasoen eremuan ere eragitea. Arrazoi nagusia aste hau antolatzeko, hezkuntza proiektuaren barnean euskararen erabilera bultzatzea eta sendotzea izan da eta euskal kultura ikastetxean bizitzea.
Euskararen aste hau Antoniano ikastetxean 2002ko martxoaren 20, 21 eta 22an ospatu zuten eta Maria eta Jose ikastetxean, berriz, 2002ko otsailaren 4, 5, 6, 7 eta 8an.
Helburua eta metodologia
Bi ikastetxe hauen helburu nagusia ikastetxeak osorik euskal kulturan eta euskaraz murgildurik bizitzea da, ikasleengan motibazioa eta kontzientziazioa bereziki landuz.
Horretarako, beharrezkoa da euskararekin eroso eta gustura sentitzea; beraz, euskara eta euskal kultura era ludiko eta atseginean landu nahi ditugu.
Euskara erabiltzeko aukera normalizatuak eskaini nahi ditugu, ikasgela barruan eta ikasgelaz kanpoko jardueretan, ikasleek beren bizitzako egoera guztietan era eroso eta errazean euskaraz komunikatzeko behar dituzten hizkuntz trebetasunak beregana ditzaten, nola arlo formalean hala ez formalean.
Txepetxen ekarpenei jarraituz: motibazioa eta erabilera, biak suspertu nahi ditugu. Horretarako ikastetxeetako hizkuntz normalkuntza batzordea sortu dugu; batzordetik ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoengan ere eragin nahi dugu. Euskararen aste honek aukera eskaintzen die guztiei, festa giroan eta modu atseginean, euskal kultura ezagutu eta bizitzeko.
Baliabideak
Baliabide nagusiak giza baliabideak izan dira: batzordekideen eta irakasleen inplikazioa; zuzendaritzaren onarpena eta laguntza eta emanaldietarako taldeen eta hizlarien jarduna. Bestelakoak hauexek izan dira: jokoak eta kantak egiteko ikastetxeetako jolas eta kantu bilduma; herri kiroletako tresnak (lokotxak, soka, txingak, zakuak...); euskarazko filmak; antzerki gidoiak...
Aldizkari bat ere egin ohi da. Antoniano Ikastetxean aldizkaria Euskararen Astean argitaratu eta banatzen da, aste horretan zehar geletan lantzeko. Aldizkaria HH eta LHko ikasleek sortua da eta beraientzako olerki, ipuin, denbora-pasa, txiste, horoskopo eta horrelakoez osatuta dago. Aldizkaria, gelan landu ondoren, ikasleei banatzen zaie etxera eraman dezaten.
Ondorioak
Aste horren barruan euskararen presentziak eta erabilerak bultzada handia izaten du eta ikasleengan euskara erabiltzeko kontzientzia indartu egiten da. Gurasoak ere inplikatzen dira euskararen erabileran, eta euskal kultura ezagutu eta bizitzearen garrantziaz kontzientziatzen dira.
Gurasoen parte hartzea honela gauzatzen da:
- aldizkarian parte hartzen dute, orrialde bat idatziz
- txokolatada prestatu eta banatzen dute
- aerobik saioa antolatzen dute...
Astearen eragina neurtzeko irakasle eta ikasleei galdeketa bat egiten diegu, idatziz edo ahoz, adinaren arabera.
Arazo nagusia eguraldi txarra egiten duenean izaten dugu, izan ere, ekintza asko ikastetxeko patio irekietan egiten direnez, horrelakoetan bestelako ekintzak antolatu behar izaten ditugu.
Aurrera begira
DBHko ikasleen inplikazio handiagoa lortu behar genuke, ekintzak antolatu eta gauzatzeko orduan.
Gurasoen partehartzea ere areagotu egin beharko genuke, hizkuntz normalkuntza batzordean beraien partaidetza izendatuz.

