Txostenak

Ikasleak kontu kontalari hizkuntz gaitasuna lantzeko

Ikastetxea: Barrutia ikastola(Gasteiz)

Egileak: Blanca Garcia Agirre

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Ikasleak, lau edo bosteko taldetan, gelan ipuinak, bertsoak, antzerkiak, etab. Prestatu eta beste geletara joaten dira emanaldiak egitera. Esperientzia hau 5 urteko geletatik 6.mailakoetara egiten da. Helburua ahoskera, erritmoa eta doinua lantzea da.

Sarrera

PI Barrutia ikastola, Lakua 05 auzoan kokatuta dago, Gasteizko ipar mendebaldean, eta bertara datozen umeak Sansomendi auzokoak eta inguruko herrietakoak (Astegieta, Estarrona, Ali,...) dira nahiz eta beste kopurutxo bat hirikoa ere izan. Ikastola honetan Haur eta Lehen Hezkuntzako 380 ikasle ditugu.

Esperientzia hau Hizkuntz Normalkuntza Proiektuan txertatutako ekintza bat da. Ikastolan umeak euskaraz irakurri, idatzi eta hitz egiten dute, baina ohartu gara mintzamenean hutsune handia dutela. Ikasgelan bertan, eskolako jolastorduetan eta oro har eguneroko jokamoldeetan hainbat kasutan ez da dakitenaren eta egiten dutenaren artean lotura-bide handirik ikusten.

Hau dela eta, 1998-1999 ikasturtean ekintza hau aurrera eramaten hasi ginen. Gure asmoa aho-hizkuntza, modu formalean eta ez formalean, bultzatzea zen.

Helburuak eta metodologia

Helburuak

  • Ikasleek ahoz jarduteko trebetasuna lantzea: ahoskera, intonazioa, erritmoa, ...
  • Testu mota eta jenero ezberdinak lantzea (azalpenak, deskribapenak, bertsoak, ipuinak, antzerkiak, olerkiak, asmakizunak, txisteak...) bakoitzari dagokion erregistroa kontuan izanik.
  • Besteen aurrean hitz egiteko jarrera ezberdinak lantzea.
  • Entzulearen ezaugarrietara egokitzea.

Metodologia

Aipatu bezala, HNPan programaturiko ekintza bat da. Kurtso hasieran klaustroak onartu ondoren, ikasturtean zehar aurrera eramaten dugu. Hasieran ere egutegia prestatzen da, horrela tutore bakoitzak badaki noizko prestatu behar izango duen bere saioa.

Urrian hasita, astero-astero eta txandaz txanda, 6.mailatik HHko 5 urteko geletara iritsi arte gauzatzen da ekintza hau.

Maila bakoitzak erabakitzen du zer aurkeztuko duen besteen aurrean. Batzutan, ikasgelan landu den gai batekin lotura du (adibidez, Ingurunea) eta besteetan, berriz, hizkuntza lantzeko baliabide bat bihurtzen da.

Aste bakoitzean maila bateko ikasleak kontu kontalari ibiltzen dira. Maila horretako tutoreek 16 taldetxo osatzen dituzte hiru edo lau ikaslerekin. Talde txiki hauek, prestatutako kontaketa beste geletan aurkezten dute.

Ekintza honen iraupena ez da oso luzea, askoz jota 10-15 minutukoa izaten da, eta beti asteko egun eta ordu berean egiten dugu.

Baliabideak

Erabiltzen diren testuak mota hauetakoak izaten dira:

  • Ingurunearekin lotutako testuak
  • Ipuinak
  • Bertsolaritza saioetan sortutako bertsoak
  • Asmakizunak
  • Txisteak

Testuez gain, emanaldi txukun eta ikusgarria lortzeko Plastika arloan kutxak, apaingarriak eta bestelakoak prestatzen dira.

Ekintza honek ez du aurrekontu berezirik eskatzen. Materiala ikastetxean bertan egiten dena izaten da.

Ondorioak

Ekintza honen emaitzak oso positiboak dira, besteak beste ondoko hauek:

  • Besteen aurrean hitz egiteko ohiturak sortu dira.
  • Besteena entzuteko eta baloratzeko ohitura hartu dute.
  • Ahozko eta idatzizko produkzioak bereizten ikasteko tresna izan da.
  • Adin ezberdinetako ikasleen harremanak hobetu dira.
  • Ikasleek ikasitakoa besteei erakusteko gogoa sortu da.

Gurasoengan ere eragina izan duela esan dezakegu; ahozko hizkuntzaren garrantziaz ohartarazteko ekintza hau oso lagungarri jotzen baitugu.

Ekintza hau lehendabiziko aldiz martxan jarri genuenetik, bilakaera oso positiboa nabaritu dugu irakasleok, bai jarreretan bai edukietan ere. Beste alde batetik, sortutako dinamika ohitura bihurtu da, ondorioz, ahozko hizkuntza era sistematikoaz lantzen da gure ikastolan.

Hasiera batean eta dinamika erabat finkatu arte, hainbat eragozpen eta arazo sortu ziren. Plangintza ondo eratu ondoren arazo horiek gaindituta geratu ziren.

Aurrera begira

Orain arte irakasle bakoitzaren esku egon da zein testu mota eta jenero landuko den gela bakoitzean aurkezpenerako. Horrela egitean zenbait testu eta jenero errepikatu egin dira eta beste batzuk landu gabe geratu dira. Hutsune hau da datorren ikasturterako bideratu nahi duguna.

Datorren ikasturte hasieran testu mota eta jenero ezberdinen zerrenda egingo dugu eta mailaka sailkatuko ditugu.