ARGITXU: giroan, motibazioan eta erabileran eragile.
Ikastetxea: Alazne Ikastetxea (Barakaldo)
Egileak: Miren Irazabal Roca
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Maskotak eta beste zenbait ekimen sistematikok ikasleak euskaraz mintzatzera bultzatzen ditu, baita ikastetxez kanpo eta modu informalean ere. Margot maskotak euskarazko lotura sendoa lortu du ikastetxean, bai ikasleen artean patioan, baita ikasle-irakasle eta irakasleen artean ere; gainera, zikloetako ekintzen arteko lotura emankorra sortu du.
Sarrera
Alazne ikastetxea Barakaldoko ikastetxe pribatua da. Haur , Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ditu bere jarduera. Barakaldoko biztanleriaren % 3ak ezagutzen du euskara eta %1 inguru izango da egunero erabiltzen duena.
Euskararen egoera kaskarra ikusita, ikastetxearen baitan euskararen erabilera sustatzeko eta bultzatzeko eskolaren esparru guztietan eragingo zuen zerbaiten beharra ikusi genuen, umeek oso hurbileko sentitu eta biziko zuten behar zuen, eta aldi berean gurasoentzat ere erakargarri gertatu zitekeena. Horrela sortu genuen gure maskota: Argitxu.
Helburua eta metodologia
Motibazio maila gehitzea da hasiera hasieratik genuen helburu bakarra, motibazio honek erabilera ekarriko duelakoan baikaude.
Argitxuren ideia, zegoeneko maskotaren bat zuten ikastetxeekin izan genituen harremanen ondorengoa izan zen. Beste ikastetxeetan hain arrakastatsu zena guretzat ere interesgarri izan zitekeela ikusi genuen.
Ikastetxe barruan eragileak irakasle euskaldunak gara, eta hartzaileak, batez ere ikasle, eta baita gurasoak ere.
Behin erabakia hartuta, plana abian jarri genuen. Gabon aurretik D.B.H.ko ikasleen laguntzaz hasi ginen maskota lehiaketarekin. Gabonetan, maskotaren aurkezpena egin zen gela guztietan. Inauteri ondoren Argitxuren istorioren lehiaketa egin eta maiatzean, maskotaren irudia kaleratu genuen kamiseta, txano eta pinen bidez. Irakasleei eta ikasleei Argitxuren historia azaldu zitzaien.
Baliabideak
Argi geneukan: maskota bitxia, maitagarria izan behar zuen, ikasleek oso hurbileko sentituko zutena, eta alaia, euren laguna izango zena. Aldi berean, mozorro gisan erabil zitekeena nahi genuen, ikastetxeko ikasle batek janzteko modukoa.
Izenarekin ere antzeko zerbait gertatu zitzaigun. Askok ingeles edo erdal komunikabidetako izenak hartu nahi zituzten arren, oso garbi genuen izena euskalduna behar zuela eta ez zen erraza izan.
Azkenean, Argitxu izena jarri genion. Gabon ostean banatu genuen Haur eta Lehen Hezkuntzako Lehen Zikloko umeei Argitxuk ekarritako panpina bana eman eta harekin euskaraz egin behar zutela esan genien. Horretaz gain, Argitxuren abestia, ipuina, kamisetak, pinak eta txanoak ere banatu zaizkie.
Ondorioak
Lehen urtea izan dugu eta esperientzia oso positiboa gertatu zaigu, arrakasta handia izan baitu ikastetxeko eremu guztietan. Umeek euskara eta Argitxuren irudia erabat identifikatu dute, eta ikusi dute euskara ikasteko ez ezik gainerako giza harremanetarako ere baliagarria dugula.
Aurrera begira
Presentzia nabariagoa izatea (Euskararekin lotutako lehiaketak, ekintzak etab.) eta Argitxuren istorioak antzezlan gisa plazaratzea.
Laburpena
Marrazki lehiaketa baten bidez Argitxu maskota izena eta diseinua aukeratu zen. Goma-aparrezko mozorroa egin ondoren, umeei aurkeztu zitzaien, oparitxo bana jaso eta bakoitzak konpromiso bat hartu zuen: Euskaraz ahal duten neurrian egingo dutela.
Ikastetxeko une konkretuetan hantxe dago maskota beti. Bere diseinuagatik oso berezia baita gure maskota.
Argitxuk, aurten sortu dugunez, oraindik ez ditu betetzen bete beharko lituzkeen funtzio guztiak, hauek apurka-apurka erantsiko dizkiogu. Oraingoz eta batez ere gelaz kanpoko ekintzetan hartzen du parte, jaialdietan hantxe agertzen da hutsik egin gabe, edo ustekabean ikasleen aurrean azaltzen da haurrengan zirrara sortzeko asmoz. Txikiengan eragin handia du, motibatzaile ona dela ikusi dugu.

