OKILTXO eta BART
Ikastetxea: Rosario ikastetxea (Barakaldo)
Egileak: Jon Ander Rola Careaga
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Maskotak eta beste zenbait ekimen sistematikok ikasleak euskaraz mintzatzera bultzatzen ditu, baita ikastetxez kanpo eta modu informalean ere. Margot maskotak euskarazko lotura sendoa lortu du ikastetxean, bai ikasleen artean patioan, baita ikasle-irakasle eta irakasleen artean ere; gainera, zikloetako ekintzen arteko lotura emankorra sortu du.
Sarrera
Gure ikastetxea Bizkaiko ezker-aldean kokatzen da, Barakaldoko Burtzeña auzoan. Eskualde honetan bertoko euskararen aztarna guztiak desagerturik daude desindustrializazioa eta bertora bizitzen etorritako etorkinen kopurua dela eta. Gaur egun, inguru honetan dagoen giroa guztiz erdalduna dela esan dezakegu.
Ikastetxe pribatua da. HH, LH eta DBHko ikasgelak ditu. Orain dela 6 urte arte, A eredua bakarrik zegoen. Gaur egun, HH eta LHko maila guztietan B eredua dago, HHn eta LHko 1 eta 2 mailetan eredu bakarra delarik.
B ereduko irakasleek geneukan ardurarik handiena ikasleen euskararen erabilera bultzatzea eta sustatzea zen. Lehenengo urteetan, nahiz eta hitz egiteko adina gaitasunik eduki, ikasleek gelako ariketak egiteko eta noizean behin irakasleekin hitz egiteko baino ez zuten euskara erabiltzen. Beraien arteko harremanak beti gazteleraz izaten ziren. Hori dela eta, euskararen erabilera bultzatzeko maskotez baliatzea pentsatu genuen. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 1. Ziklorako pertsonaia magiko bat asmatu genuen, eta bigarren eta hirugarren zikloetarako irudi hori baliagarria ez zenez, egokiago izan zitekeen beste bat asmatu behar izan genuen.
Okiltxo orain dela 4 urte gutxi gorabehera sortu genuen eta orain dela bi ikasturte Bart-ekin hasi ginen.
Helburuak eta metodologia
Helburuak:
- Irakasle euskaldunekin dauden bitartean erabiltzen duten hizkuntza bakarra euskara izatea, bai gela barruan bai kanpoan
- Ahozko mintzamenean erraztasun gehiago hartzea
- Hizkuntza ez formala bereganatzea.
Bi maskota hauek ez dira berdinak, eta beraiekin erabiltzen ditugun estrategiek eta ekintzak desberdinak izango dira
Okiltxoren ideia sortzeko, Lizarrako ikastolan asmatutako Argitxo pertsonaia hartu genuen eredutzat. Okiltxo Haur Hezkuntzako lehen kurtsoetan ipuin baten bidez sartzen dugu. Ordutik aurrera haurrek gela barruan euskara bultzatuko duen pertsonaia magiko bat daukatela dakite, euskara beronekin identifikatu eta hitz egiten ahaleginduko dira. Badakite, noizean behin, lagun horrek sariren bat emango diela.
Beste maskota Bart da. Kasu honetan, ez da pertsonaia magikoa. Honek lasterketa baten bidez euskaraz hitz egitera bultzatuko ditu haurrak. Talde guztiek ibilbide bat igaro behar dute eta talde osoak ibilbide hori igaro ondoren sari bat jasoko du (beraien gustuko ekintzaren bat normalean).
Baliabideak
Une honetan ez daukagu maskotaren panpinarik, baina epe laburrean lortu nahi dugu. Hala ere, beste baliabide batzuk erabiltzen ditugu: Ipuina, abestia, sariak, guk eginiko kartel handiak...
Guzti hau aurrera eramateko hizkuntza normalkuntzatik jasotako dirulaguntza erabiltzen dugu, eta hurrengo urterako diputazioko dirulaguntza bat ere jasotzea espero dugu, panpina behingoz egin ahal izateko.
Ondorioak
Eragina oso nabarmena izan da. Hasiera hasieratik umeen aldetik jarrera aldaketa nabaria igarri zen. Gela guztietan lortu dugu gure orduetan eta gurekin egiten dituzten ekintzetan euskara izatea beraien arteko harreman hizkuntza. Bart urte batzuk beranduago sortu genuen eta maila horietan ere lehenago lortzeko gai ez ziren erabilera maila lortu zuten.
Erabilera neurtzeko, Normalkuntza proiektuko Ulibarri programak sortutako diagnostikoa aurten aplikatu dugu, eta erabilera neurtzerakoan B ereduko gelak aztertu ditugu. Ez dugu egin B ereduko gela kopuru txukun bat eduki arte. Ezin izan dugu tresna honekin maskoten eragina neurtu, maskoten ideia martxan jarri zenean, ez genuelako daturik jaso, beraz bilakaera neurtzea ezinezkoa zaigu oraingoz. Halere urte batzuk barru berriro neurtzeko asmoa daukagunez orduan bai atera ahal izango ditugu ondorio zehatzagoak.
Arazoen artean bi dira aipagarrienak, batetik hasieran ez ginela irakasle guztiak neurri berean inplikatu, eta bestetik oso baliabide urriak genituela eskueran.
Aurrera begira
Maskotekin material gehiago sortu eta Okiltxo batez ere, gure eguneroko lanean sartzea; Hizkuntza, Inguru, eta abarretan. Irakasleen artean koordinazio handiagoa eta eraginkorragoak izatea. Ikastetxeko ekitaldi orokorretan Okiltxo eta Barten presentzia handiagoa. Hurrengo urteetarako Okiltxoren panpina handi bat ere Haur Hezkuntzakoentzat panpina txikiagoak egin nahi ditugu. Honekin batera, Okiltxo eta Bart-i buruzko komiki bana osatu eta bi pertsonaia hauen presentzia areagotzea bai pasabideetan, bai geletan. Azkenik, ikastetxeak antolatutako ekimenetan (inauteriak, aste kulturala...) Okiltxori lekua eman nahi diogu (pregoilaria...)

