Hizkuntza formala zein informalean, harremanak euskaraz: EUSKEGIÑE, ikastetxeko euskara zaindaria.
Ikastetxea: Mukusuluba herri ikastetxea (Barakaldo)
Egileak: Celia Uria Barral eta Begoña Iriondo Etxenagusia
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Euskegiñe izeneko maskota erabiltzen dugu, eragile moduan, ikasleen ahozko jarduna euskaraz izan dadin, bai hizkuntza gai formaletan (curriculum gaiak), bai informaletan. Batzuetan lehiaketa eratzen dugu maskotaren bidez (nor da nor edo zer da zer...)

Sarrera
Curriculum gaiak (hizkuntza formala) eta hizkuntza informala,euskaraz burutu daitezen,motibazioan eragiteko laguntzaile EUSKEGIÑE ,maskotatxoa bihurtu da.
Zenbaitetan, lehiaketa itxuraz jantzirik (Zer da zer...Nor da Nor...) horrela ere burutu ohi dira hizkuntza formal eta informaleko ekintzak.
Ikasleak motibatzeko modu atsegina izatez aparte EUSKEGIÑE irakasleen ekintzen topagune edo euskararen erabileraren erreferentzia ere bada.Euskararen erabilerarako ekintzak bateratzen dituena. Euskegiñe gela eta ospakizun guztietako pertsonaia da. HNBak proposatu eta klaustroan onartu ondoren, ikastetxe osora hedatzen dira ekintzak,beraz irakasle guztiengana heltzen da eta guztien eskuartzeaz elikatzen da. Guraso gehienentzat ere, oso ezaguna bilakatu da ikastetxeko maskota.
Helburua
Helburu nagusia ikasleen arteko harreman guztietan euskararen erabilera bultzatzea izan da. Urteetan hau izan da gure kezka nagusia, eta are handiagoa normalizazio proiektuarekin hasi ginenetik, oso zaila gertatzen zaigulako irakaslearekin ez bada, euren artean euskaraz aritzea. Horregatik, normalkuntza batzordeak lan honi ekin zion 98-99 ikasturtean. Ikastoletako Argitxo eredu hartuta, gure maskota sortzea bururatu zitzaigun. Horretarako maskota lehiaketa bat antolatu genuen, abestia jarri (hau 3. zikloko umeei egokitzea eskatu zitzaien), umeei aurkeztu eta gelako euskararen kontrolerako orriak egin genituen lehenengo urtean. Hurrengo urteetan, Euskegiñek (Nolega batzordeak) hainbat ekintza antolatu zituen (asmakizunak, esaera zaharrak, e.a.). Bestalde, euskararen erabilera saritzeko horretarako propio egindako PINak, diplomak eta bestelako opariak banatzen genituen.
Hau guztia lortzeko, Nolega batzorderako ziklo guztietan ordezkari bana izendatu zen. Batzorde honek lehiaketak antolatu, ziklo guztiei ezagutarazi eta emaitzen kontrola eta ebaluaketa egiten du. Honela, klaustro osoak parte hartzen du.
Baliabideak
Gomaespumazko maskota bat egin da, jaietan eta ekintza inportanteetan agertzen dena. Baita ere PINak, pegatinak, kamisetak, kartulinazko diplomak (gelakoak eta pertsonalak), Ulibarri programako esaldiak paper handian, kontrol orriak, abestiaren grabaketa eta CD salmenta, opariak (jolasak, liburuak, bideoak, ..., geletarako)
Ondorioak
Lehiaketa garaian umeen partehartzea nabarmena izan da, irakasleriaren inplikazioa handia izan da, eskolako giroa hobetu da, euskara gehiago entzun da eta gustura egiten diren ekintzak direla egiaztatu dugu. Nolega batzordeak zikloetako iritzi eta proposamenak jasotzen ditu: ikasle eta irakasleenak.
Arazoak ere izan ditugu: Maskota oso erakargarria da ume txikientzat, baina nagusiekin beste zerbait asmatu behar izan dugu: laguntzaile bihurtu eta irratia martxan jarri.
Aurrera begira
Irratiaren programaketa zehatza egitea iruditu zaigu datorren ikasturterako oinarrizkoena. Instalazio osoa egin dugu aurten eta umeek erabil dezaten eta eskola girotzeko proposamenak jasotzen ari gara. Zentzu honetan, gure asmoa hauxe da: nagusiei irratia erabiltzeko ardura eta motibazio handiagoak ematea. Ekintzak klase orduetan eta atsedenaldi orduetan burutu daitezke.
Eranskinak



