Txostenak

Erabilera ohiturak lortzeko motibazio ekimenak: maskota eta bestelakoak.

Ikastetxea: Ibaibe herri ikastetxea (Barakaldo)

Egileak: Arantza Altube eta Iñaki de Nikolas

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Maskotak eta beste zenbait ekimen sistematikok ikasleak euskaraz mintzatzera bultzatzen ditu, baita ikastetxez kanpo eta modu informalean ere. Margot maskotak euskarazko lotura sendoa lortu du ikastetxean, bai ikasleen artean patioan, baita ikasle-irakasle eta irakasleen artean ere; gainera, zikloetako ekintzen arteko lotura emankorra sortu du.

Sarrera

Ibaibe Herri Ikastetxea, Barakaldon, hau da, zonalde erabat erdaldun den zonaldean kokatuta dagoen D ereduko Haur eta Lehen Hezkuntzako eskola da. Une honetan 334 ikasle ditu.

Inguru honetan erabilera sustatzea erronka zaila izanik, argi zegoen sustatzekotan eskolak berak heldu behar ziola erronkari. Beraz, erabilera bultzatzeko ezinbestekoa den gaitasuna, eta honekin batera etxeak edo inguruak eskaintzen ez duen motibazioa lantzen ditugu. Motibazioa indartzeko ikasleek oso berea duten eta euskararekin identifikatzen duten pertsonaia maitagarria sortu genuen : MARGOT.

Maskotak eta beste zenbait ekimen sistematikok, Hizkuntzaren erabilera formal eta informaletan, ikasleak euskaraz mintzatzera animatzen ditu, gelan zein gelaz kanpo.

Margotek, erabilera saritzeko ekartzen dizkigun opariak, lantzen gauden sekuentzia didaktikoekin lotzen saiatzen gara, baita eskolan antolatzen diren ekintza orokorrekin, Kultura Astearen kasuan edo H.N.B.tik proposatzen diren ekintza orokorrekin ere.

Ikastetxeko pertsonaia maitagarriak, MARGOTek HNP ekimenen arteko lotura ahalbideratzen laguntzen du. HNParen inguruko erreferentzia izanik, irakasleen elkarlanaren emaitzen gune eta ekimen berrien abiapuntu bateratuan oinarritzen den heinean.

Koordinazio sistematikoetan euskararen erabilera bultzatzeko ekimenak adostu, diseinatu eta burutze lanak ikastetxe osoko erantzukizuna dira, beraz, irakasle guztiena, nahiz eta eskuartze maila desberdinak gertatu. Gurasoentzat ere, euskararen erabileraren erreferentzia argi bihurtu da eta euren partaidetza ere.

Helburua eta metodologia

Hasiera batean MARGOT pertsonai maitagarria Haur Hezkuntzarako sortua izan zen, baina apur-apurka eskolako beste etapa eta eremuetara zabaldu zen, gaur egun erabileraren erreferentzia argia izanik.

MARGOT ikusezina izan daiteke, eskolan bizi da eta izugarri gustatzen zaio umeak euskaraz egiten entzutea. Horrela gertatzen denean ikusgai bihurtzen da, gu bisitatzera dator eta sariak ekartzen dizkigu baina entzuten ez duenean edo erabileraren beherakada nabaria denean eskolatik dabilela eta zer egiteko asmoa duen adierazten digu, indartze jarduerak antolatzen diren bitartean.

HNB-ak plangintza oso bat egiten du kurtso hasieran. Hiruhilabetean behin gutxi gora behera, batzordetik plangintza orokorra aurkezten da eta plangintza hau zikloetara doa. Zikloetan onartu eta edukiez betetzen da, berriro H.N.B.ra bueltatzeko. Bertan denboralizazioa, antolakuntza orokorra eta materiala prestatzen da, eta azkenean gelaratzen da.

Gure plangintzan, gurasoen parte hartzea eskolako jardueretan duen garrantzia zehaztu nahi dugu. Hiruhilabete bakoitzerako dagoen plangintzaren berri ematen zaie eta beraien parte hartzea nolakoa izan behar den azaldu egiten zaie (batez ere Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako 1. zikloan). Batzuetan gutuna jasoko dute etxean eta bertan jartzen duena burutzen lagundu beharko digute, beste batzuetan MARGOT etxeetara joango denez oparitxo bat erosi beharko dute bertan ipintzeko. Honekin lortu nahi duguna, MARGOT etxeko pertsonaia ere izatea eta erabileraren eremuak zabaltzea da.

Gure plangintzaren helburua, beraz, umeen arteko ohiko harremanak euskaraz izatea da. Plangintza hau aurrera eramateko eskola komunitateko kide guztiak parte hartzen dute eragile eta hartzaileen papera izaten.

Baliabideak

Erabiltzen diren baliabideak batez ere giza baliabideak dira, Margot gure maitagarria irakasle, 3. zikloko ikasle zein ikasle ohiak izaten baitira.

Margoten presentzia eskolako gune guztietan dago. Geletan eta pasabideetan bere argazkiak edo mezuak agertzen dira eta patioan, irratiaren bitartez gogorarazten da.

Ondorioak

Antolatutako ekintzak gauzatu diren bitartean, euskararen erabilera areagotzea lortu da; gelatik ateratzea eta pasilloan, patioan eta kalean erabiltzea eta euskararen erabilera informala bultzatu dute.

Dena den, adinaren arabera eta irakasleen inplikazioaren arabera, lorpen maila ezberdina izan dela, kontuan izan behar dugu. Areagotzen edo erlaxatzen garen neurrian emaitzak era batekoak edo bestekoak izan daitezke. Haur Hezkuntzan 2 urteko umeak eskolatu zirenetik euskararen erabilerak izan duen gorakada nabaria izan dela kontuan hartu behar dugun beste puntua da.

Orokorrean, lortutako emaitzekin oso pozik gaude, eguneroko erabilpenean isla izan baitu. Ezinbestekotzat jotzen dugu plangintza honetan estamentu guztien parte hartzea mantentzea, kasuren batean areagotzea eta gurasoen parte hartze zuzena duen garrantzia kontuan hartzea eta bultzatzea.

Aurrera begira

Hurrengo ikasturteari begira, positiboak diren elementuak mantentzeaz gain, hau da, eguneroko erabilera bultzatzen dituztenak, norberaren kontrola, MARGOT-en oharrak..., eskola osorako ekintza lorgarrietan gehiago sakontzeko asmoa daukagu.

Azken helburua oso argi geratu behar da eta umeen gustukoa izatea ezinbestekoa da.