Txostenak

Hizkuntzen inguruko haurnarketaz ikasleen motibazioa piztu

Ikastetxea: Mariaren lagundia ikastola (Bergara)

Egileak: Ana Errasti Garitaonandia

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

DBHko ikasleekin hizkuntzen inguruko informazioa eta hausnarketa saioak prestatu ditugu euskararen erabilera areagotzeko asmoz. Berariazko saioak egin ditugu, klase arruntetatik bereiztuta.

Sarrera

Esperientzia hau Bergarako Mariaren Lagundia ikastolan martxan jarri da

Ikastolak 560 ikasle ditu HH, LH, DBH, eta GMHZetan banatuta; denak D eredukoak, GMHZko espezialitate bat izan ezik.

Ikasleen eremua aztertzean eta erabilerak behera egiten duela konturatzean erabaki genuen euskarako ikasgaiaz gainera, batzuengan eragina izango zuelakoan, hizkuntzen inguruko hausnarketa saio bereziak prestatzea.

Saioak bi ikasturtetan egin ditugu: 2000-01 eta 2001-02

Helburua eta metodologia

Ekintza honen helburu nagusia, ikasleen euskararen erabilera areagotzea da.

Horretarako hizkuntzen errealitatera hurbiltzeko, eta euskararen egoera ulertzeko, zenbait gai eta dinamika prestatu ditugu; bakoitzaren bitartez helburu zehatzagoak landuko ditugun arren, euskararen erabileran eragitea izango da nagusia.

Antolaketa

DBHko 3. eta 4.mailatan eman ziren saiook. Ikasturtean zehar 2 orduko 4 saio prestatu ziren.

Bigarren urtean (2001-02), 3.mailan lanketa bera egin zen, baina 4.ekoekin 2 orduko 2 saio besterik ez, errepaso gisa antolaturiko bi unitate erabiliz.

Taldekatzea berezia proposatu genuen, talde naturalak nahastuz baina maila errespetatuz; guztira 6 talde. Zergatik? alde batetik talde txikiagoak egiten genituelako eta bestetik, irakasle gehiagok parte hartzeko aukera zutelako.

Saioen arduradunak, irakasle bat baino gehiago eta ahal izan ezkero, Euskara eta Literatura ikasgaiaren irakaslea ez izatea pentsatu genuen, egunerokotasunetik aldentzeko eta ikuspegi zabalagoa eman ahal izateko lanari. Honela lehenengo urtean, Biologiakoa, Ingelesekoa eta Euskarakoa aritu ziren eta bigarrenerako talde honi Gorputz Hezkuntzakoa gehitu zitzaion. Honek garrantzi handia du guretzat, aipatu bezala, eskolako guztion lantzat hartzera garamatzalako.

Metodologiari dagokionez ere, bereziak diren dinamikak, talde lanak, joko, jolas proposamenak eta batez ere talde handian eginiko hausnarketetan oinarritzen dela esan beharra dago.

Baliabideak

2000-01 ikasturtean:

  1. Kultura. Euskal kultura. Ikastolako HNParen azalpena eta informazioa.
  2. Munduko hizkuntzak: hizkuntzen inguruko zenbait kontzeptu.
  3. Hizkuntza estandarra/euskalkia: erabilera eremuak. Gazte hizkera.
  4. Hizkuntzen ikas prozesuak. Errealitate linguistikoak, tipologiak. Herriko egoeraren azterketa.

2001-02 ikasturtean:

  1. Hizkuntzak eta funtzioak
  2. Hizkuntzen balorazioa. Euskararen erabilera eremuak.

Materiala:

unitateak geuk prestaturikoak dira eta horretarako zenbait iturri izan dugu; batzuk aipatzearren: ESAIZU, euskara eta literatura (ELKAR), guneko taldeak ekarritako zenbaitzuk, baita, prestakuntza saioetako ideiak ere. Musika eta kantak, bertsoak, mapak,... (Ikus eranskinean unitate didaktiko bat adibidetzat)

Ondorioak

Azken saioa bukatzean, ikasleei balorazio orri bat ematen zaie eta baita irakasleei ere, bakoitzaren iritzia jaso asmoz.

Guretzat, bi urtetan eginiko lanak merezi duela esan behar dugu. Ikasleen aldetik, gehienak behintzat, gustura aritu direla ikusi dugu eta horrelaxe aitortzen dute; eta saioetatik beti, ikasle guztiek ideiaren bat edo beste ere atera dutela frogatu dugu, dela kontzeptuetan dela jarreratan.

Inplikatutako irakasleen balorazioa ere oso positiboa da eta jarraitzekoaren aldekoak ditugu.

Ezin dena lortu da, egun batetik bestera erabileraren aldaketa handiak nabaritzea, baina gu oso pozik gaude eta benetan uste dugu zenbaitzugan eragina izan dutela saioek . Hala ere lan honetan hasiko den irakasleari esango genioke ez sartzeko gelara saioa eta gero egoera berri bat aurkituko duela pentsatuz, pentsatu behar du batzugan izango duela eragin positiboa, beste batzuk ordea asper- asper eginda ikusiko dituela.

Aurrera begira

Metodologiari dagokionez, lehen saioa nahiko trinkoa izan da, hau da, betea eta izaera eta euskarri desberdin eta ugari dituena: kanta, bertso, bideo,... aldaketa ugari eskatzen dituena, hurrengoetan saio berdinagoak dira eta musika..., gutxiago darabilgu. Ikasleen iritzia ere berdintsua izan zen, aldaketa asko egiten zirela alegia eta saioa mugimendu gehiegikoa zela. Horregatik beste guztien oinarria talde lana da eta aldaketa gutxiagokoa.

Orokorrean gure taldeak positibotzat jotzen ditu saioak, hala ere uste dugu, ekintza guztietan bezalaxe, oso, oso inportantea dela irakasleon jarrera positiboa eta horrela azaltzea ikasleen aurrean; gure ustez hau da arrakastaren gakoa. Ez dugu lortuko DANAK erakartzea baina ziur gaude batzugan eragin dugula.

Eranskina: UNITATE DIDAKTIKO BATEN ADIBIDEA

MUNDUKO HIZKUNTZAK

Helburuak:

  • Hausnarketa egitea
  • Ikasleek gertaeren aurrean hizkuntza iritzia izan dezaten
  • Ahal bada inplikazioa lortzea

Edukiak:

  • Hizkuntza maioritarioa
  • H.minoritarioa
  • H.normalizatua
  • H.minorizatua
  • H.maiorizatua
  • Diglosia
  • Elebitasuna
  • Hizkuntza ordezkapena
  • H.interferentziak.

Halere helburua ez da kontzeptu hauek ikastea, euren inguruan gogoeta, hausnarketa bideratzea baizik.Beraz ez dugu inor aspertu behar kontzeptu hauek ezagutu arte!

Prozedura:

  1. Entzun Sarasua anaien SCIURUS MUNDANUS kanta. Munduko barietateaz hitz egiten dute: arraza, hizkuntza.
  2. Arbelean denon artean, beraiek dakizkiten, ezagutzen dituzten....hizkuntzen zerrenda luzea egingo dugu. Komeni zaigu latina, grekera, hau da klasikotzat jotzen direnetatik baten bat agertzea, beraz guk ere osatu dezakegu. Argi utzi munduan askoz gehiago hitz egiten direla, 3000tik gora.
  3. Zerrenda egin ondoren hizkuntzen mapa erakutsi. Europakoa da daukaguna eta frogatu. Frogatu alde batetik hizkuntza aniztasuna eta baita nazio bat ez dela= hizkuntza bat; formula hau ez dela egiazkoa alegia.
    • Suitzan ez da suizoa hitz egiten; hitz egiten dira frantsesa, alemana, italiera eta erretoromanikoa.
    • Italian, hizkuntza ofiziala italiera da, baina honetaz gain 12 hizkuntza gehiago hitz egiten dira
    • Frantzian ofiziala frantsesa, eta beste 8 hizkuntza hitz egiten dira.
  4. Bueltatu zerrendara eta talde txikietan sailkatuko dituzte irizpide honen arabera: H.KLASIKOA-H. MODERNOA-H.ETNIKOA

5-7 minutu eman hau egiteko. Ariketa honen helburua da, irizpide honekin zaila dela sailkatzea, konturatzea, irizpide hau subjektiboa baita: hizkuntza klasikoak prestigiodunak izan ohi dira, modernoak beharrezkoak eta etnikoak ezertarako balio ez dutenak.

  1. Zailtasunak ikusi ondoren sailkapen berriak egitea proposatuko diegu, irizpide OBJEKTIBOAK erabiliz:

Hiztun kopuruaren arabera

  • Utzi minutu batzuk taldetxoetan egin dezaten. Gero talde handian termino hauek azaldu:
  • H. maioritarioa, hiztun kopuru handikoa da eta h. minoritarioa kopuru txikia duena.
  • Honen inguruko informazioa fotokopietan aurki dezakegu (Elka, Esaizu)

Funtzioen arabera. Sailkapen hau egin ahal izateko Txepetxen teoriaren eskailerak aztertu beharko ditugu.

  • Funtzioak dira zertarako erabiltzen diren hizkuntzak. Banatu fotokopiak eta ikusi ze funtzio bete ditzakeen hizkuntzak. Hau gainetik ikusi, gehiegi sakondu gabe, pare bat minututan eta pasatu 2. sailkapena egitera
  • H.MAIORIZATUA kontsideratzen da 5. funtziotik gora betetzen dituena; H.MINORIZATUA 5.etik beherakoak eta H.NORMALIZATUA 5.a arte betetzen duena.
  1. Ondoren talde handian komentatu. Komenta daitezkeenak:

Ez da berdin maioritarioa eta maiorizatua; minoritario eta minorizatua. Adibidez:

Islandian 280000 biztanlek islandiera hitz egiten du, gehiengoak. Kopuruari begiratuz minoritarioa dela esan dezakegu, baina ez minorizatua funtzio guztiak betetzen baititu.

Irlandera administrazio mailan erabiltzen da, baina jendeak kalean, etxean ez du erabiltzen.

Israelen, hilda zegoen hizkuntza, baina independentzia lortu zutenean (orain 50 urte) hizkuntza ofiziala izateaz gain, jendeak bereganatu eta erabiltzen hasi zen. Gaur egun hizkuntza zeharo normalizatua da.

  1. Eteteko entzun R.Ordorikaren Egin kontu kantua
  2. Ondoren talde txikietan galderoi erantzun:
    • Zeintzuk dira euskarak betetzen dituen funtzioak?
    • H.normalizatua da?
  3. Eman A.Duhalderen Etxeko andre abestiaren letra eta iradokizunak idatz ditzatela.

Hren NORMALIZAZIOA funtzioak berreskuratuz 5.era iritsi artekoa, izango litzateke.

Abestia entzun.

  1. Irakurriko dugu Los virus del idioma eta erantzun galderoi:
    • Zer iradokitzen dizu?
    • Zer dira zure ustez hizkuntza interferentziak?
    • Badira euskaran horrelakorik? Egizue zerrenda bat.
    • Zein da interferentziak hizkuntza batengan duen eragina, eta ondorioa?
  • Ondoren talde handian gogoeta bideratu: h.interferentziak, ordezkapenak,.. elebitasuna (oso zaila da hau errealitatean gertatzea, normalean H1k H2 menperatzen du).

  • Irakurri Menéndez Reigada-ren testua, eta komentatu. Gaia: hizkuntzei buruzko iritziak eta balorazioak