Txostenak

Euskaraz Bizi: hainbat material ikusgai

Ikastetxea: Jakintza ikastola (Ordizia)

Egileak: Antton Amondarain Esnaola.

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Euskaraz Bizi programan erabili izan diren hainbat material erakutsiko ditugu

Sarrera

Jakintza ikastolak (Ordizia, Gipuzkoa) 680 ikasle ditu B eta D ereduetan banatuta. Ikasle horiekin HH, LMH, DBH eta DBHO-ko ibilbidea egiten dugu bertan. Izenez oso euskalduna izan arren, izatez euskalduntasunaren kontzientzia moteltzen doan Goierri eskualdean kokatzen da. Eta urteak dira, hamar gutxienez, gainbehera honi aurre egiteko asmoz heldu geniola Euskaraz Bizi lan-proposamenari, geroago Ulibarriri ere baietza eman genion bezala.

Helburua eta metodologia

Euskararen ezagutza eta erabileraren arteko etena gainditzea edo arintzea izan zen eta da geure helburu orokorra. Geroztik, zikloz ziklo eta etapaz etapa, giza baliabideen arteko adostasun handiz, denon artean diseinatutako estrategiak aplikatzen dihardugu. Beraz, geure helburua da euskararen ezagutza optimizatzea AHOZKOTASUNARI bere lekua eskainiz, eta bestalde ikasleak eskolako esparruan bizi ohi dituen komunikazio egoerak (arlo ludikoan eta eskolaz kanpoko jardueretan) euskaraz izan daitezen SUSTATZEN ahalegintzen gara. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 1. zikloan, euskararen sustatzaile nagusi bezala, Argitxo iratxoa hautatu genuen. Pertsonaia maitagarria da, eta ikasleei hain gogoko zaien magikotasunean oinarrituta, ikaslearen bizitza esparru guztietara euskararen aldeko mezua hedatzen saiatzen da. Horrela, irakasleen esku-hartze bero eta sutsuari esker, Argitxok euskaraz egiteko mezua luzatzen die uneoro eta edonon. Gainera, hori gauzatzen den bakoitzean, poztu egiten da eta portaera hori ohitura bihurtzen joan dadin, indartze neurriak (hitzezkoak, sozialak, ...) eskaintzen ditu.

Baliabideak

Baliabideen artean, giza baliabideek (irakasle, zaintzaile, guraso, eta begiraleek) dute lehentasuna. Hauetatik guztietatik, batez ere, irakasleen abileziak, prestakuntzak eta euskaltzaletasunak eragiten du ikasleengan, alegia profesionaltasunak. Euskaraz Bizik, besterik gabe, euren esku jartzen ditu tresna edo elementu material batzuk eta euren ardura da hauei bizia ematea, euskararen aldeko mezulari bihurtzea. Hona zenbait material:

  • Argitxoren panpina: irakasleak, maiz-maiz, txotxongilo modura erabiliko du mezuak emateko, zoriontzeko, ipuinak kontatzeko...
  • Beste zenbait: ipuinak, ikaslearen komunikazio egoera ezberdinetara egokitzen diren argitxoren marrazkiak, pegatinak, biserak, horma irudiak, Argitxoren kasetea, Argitxo irratia...

Ondorioak

Argitxoren inguruan egituratutako estrategiak, era goxoan eta sistematikotasunez aplikatzen direnean, ziur esan daiteke, oso-oso eraginkorrak direla. Gainera, euskararen erabilera sustatu eta handitzeaz gain, ikasleen arteko harremanak eta ikasle-irakasleen artekoak goxatu eta orekatu egiten ditu. Gurasoekin lan egin eta euren lankidetza lortzen den heinean, familia ingurunean ere paper eraginkorra jokatzen du.

Hau guztia horrela eman dadin, ordea, ezinbestekoa da ikaslea murgiltze sistema trinko eta osatuan mugitzeaz gain, hezkuntza erakundeak, eskolak alegia,Hizkuntza Proiekturik ez badu ere, euskararen trataera eta sustapena arautuko duen Ikasturteko Hizkuntza Plangintza izatea.

Aurrera begira

Plangintza edo lan-proposamen guztietan bezala, zilegi ez ezik beharrezko ere bada, etengabe ekarpenak egiten joatea. Ekarpenak, giza baliabideen arteko kohesioa indartzeko; ekarpenak, material erakargarriak eta berriak sortzeko; ekarpenak, indartze neurri berriak asmatzeko...Hau guztia, ordea, berez ekartzen du dinamika errotu eta sendo batek.