Txostenak

JOSTAMINTZA: jolasa eta kirolaren bidez erabilera informala lantzen.

Ikastetxea: Txurdinaga LHI. Bilbo. Txurdinagako berritzegunea (B02)

Egileak: Angel Goyoaga Rekalde

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Ikastetxean euskararen erabilera informala lantzeko asmoz, proiektu bat sortu dugu heziketa fisikoko irakasleekin batera, euskal kirola gai bezala hartuta. Ikastetxe osoa inplikaturik dago. Ikasturtean zehar 3 saio orokor dauzkagu eta, prestatzeko, heziketa fisikoko orduak erabiltzen ditugu.

Sarrera

Haur eta Lehen Hezkuntza. B eta D ereduak, maila bakoitzean B ereduko talde bat eta D ereduko 2 edo 3 talde. Guztira 650 ikasle.

Gure eskola erdaldun eskualdean kokatuta dago, guraso gehienak gaztelaniaz mintzatzen dira eta jatorriz etorkinak dira. Auzoak 17.468 biztanle ditu 2000ko datuen arabera.

Lehenengo ekintza euskararen erabileraren diagnostikoa egitea izan zen. Bertan, nabarmendu zen jolastokian gaztelania nagusi zela. Egoera honi erantzuna emateko 1998-1999 ikasturtean jolasaldirako jolas zuzenduak hilero antolatzea erabaki genuen, arduradunak ikastalde bakoitzeko tutoreak izanik. Hori aurrera eroateko jolas bilduma bat banatu zen, tutore bakoitzak jolasak bere ikasleekin gauzatzeko.Baina hilabeteak joan hilabeteak etorri, ez zen ezer egin.

Ikasturtearen amaieran ebaluaketa egitean hausnarketa sakon bat egin genuen horri buruz, eta bertan ikusi genuen tutoreak nahiko lanpetuta zeudela eta beste bide batetik joan behar genuela eta goitik behera aldatu genuen ekintza.

Zer egin edo zelan bideratu umeak jolasaldian euskaraz jolas daitezen?

Ikusirik jolasak gorputz hezkuntzarekin lotuta daudela, arlo horretako irakasleekin aztertu genuen zein bide izango litzatekeen egokiena umeak jolasaldian euskaraz jolasteko.

Jostamintza lehenengo aldiz 1999-2000ko ikasturtean. Ikasturte barruan hiru egun dedikatzen dira, hiruhilekoko bana.

Helburuak eta metodologia

Gure ikastetxean hizkuntza normalkuntzako proiektua planifikatu zenean, helburu orokorra edo azkenekoa finkatu genuen:

Euskara izan dadila irakaskuntza sistemaren berezko hizkuntza, eskola hizkuntza zein komunikazio hizkuntza, bai ohiko irakats-hizkuntza gisa zein irakats ekintzak ez direnetan ere.

Helburu zehatza ezartzean bi alderdi bereiztu genituen:

1- Kirolak eta jolasak euskaraz egitea eta bizitzea.

2- Adin desberdinetako umeak elkarrekin eta elkarlanean jolastea.

Helburu hori aurrera eramateko ekintzen antolaketa finkatu genuen:

  • Kirola eta hizkuntza lotuko zuen leloa adierazgarri bat asmatu.
  • Jolas eta kirol desberdinak antolatu.
  • Jolas eta kiroletan haurrak erabil dezaketen hizkuntza mota ikasgeletan finkatu eta landu.
  • Hizkuntza erregistro horiek ikasleei eskaini.
  • Egunak finkatu jolasak eta kirolak gauzatzeko.

Hori guztia aurrera eramateko arduradunak Gorputz Hezkuntzako irakasleak, tutoreak eta hizkuntza normalkuntzako batzordea izan dira.

Ekintzen deskribapena:

  1. Asmatu zen hitza: JOSTAMINTZA. Bi hitzez osatua, josta (aginte eran) alde batetik eta bestetik mintza (aginte eran).
  2. Horrekin batera ondorengo leloa: JOLASEAN GOZATU ETA EUSKARAZ MINTZATU. Lelo hori borobiltzeko abesti bat prestatu genuen, musika Oskorriren Sagardoari (Bedeinkatua izan dedila) abestikoa harturik, eta letra eskolako irakasle batek sortua. Ume talde batek abestia grabatu zuen eta hori erabiltzen da Jostamintza eguna girotzeko.
  3. Jolasak mailako ikasleak trukaturik. Aukezpena:

Jolasak ezezagunak dira umeentzat, bi ikasturtean behin aldatzen baitira.

Gorputz Hezkuntzako irakasleak mailako talde bakoitzari jolas baten aurkezpena eta azalpena egiten dizkio.

Jostamintza eguna heltzean maila bakoitzetik taldeak egiten dira. Adibidez 3.mailan 4 ikastalde badaude, lau talde sortuko dira ikasle guztiak nahasturik.

Jolas bakoitzak bere zenbakia dauka eta txoko jakin baten kokatuta dago. Umeak txoko horretara heltzean zenbakia ikusita dakite zein jolas den eta zeini dagokion jolasa aurkeztea eta azaltzea. Horrela, ikastalde guztiek emango dute jolas baten azalpena.

Taldekide guztiek ulertuta hasten dute jolasa. Araurik nagusiena denbora guztian euskaraz mintzatzea da.

Jolas trukaketa:

Jolas trukaketa
1.maila 2.maila 3.maila 4.maila 5.maila 6.maila
Koloretako sorgina Galtzerdi garraioa Ehiztaria Lokotxak lapurtzen Hiru erratzak eta pilota baloia zakarrontzira
Armiarma Arrantzan Nork du pilota? Aurrekoa harrapatzen Piloten guda Baloiari ihes egin
Lau kantoi Musukatzailea Zuria-beltza Etxeko mudantza Erbiaren ehiza Erlojuaren orduak
----- ----- Puxikak apurtzea Baloi lapurrak ----- -----

Herri kirolak

Kirol hauek ere mailaka egiten dira umeak nahastuz.

  • Gizon Froga
  • Lokotxak
  • Mugalariak
  • Aizkolariak

Kirolak eta jolasak eskola osoko ikasleak trukatuz

Umeen elkarketa

Guztira 6 jolas antolatzen dira, eta, horren arabera, 6 talde sortzen dira, Lehen Hezkuntzako ume guztiak nahastuz. Hau da, talde bakoitzean 1.mailatik 6.mailarainoko umeak daude. Umeak banatzeko sistema kolorezko txartel bat da, eta talde horren barruan hizki baten arabera taldetxoak egiten dira. Umeei banatutako txartelean zenbaki batzuk daude, eta, horren arabera eta zenbakien ordena jarraituz, umeek badakite nondik hasi, jarraitu eta amaitu.

  • Aulki errelebua
  • Lokarriak
  • Arropak jantzi
  • Uztaia pasatu
  • Uztaia lotu
  • Saltoak

Jolasen hizkuntza Gorputz Hezkuntza arloko eskola orduetan lantzen dute arlo horretako irakasleek, eta herri kiroletako hizkuntza tutoreek ikasgeletan.

Hizkuntza ezagututa umeekin ariketa batzuk egiten dira.

Baliabideak

Baliabide nagusia irakasleak dira, eta, batez ere Gorputz Hezkuntzakoak.

Egiten ditugun jolasak eta kirolak hainbat esperientzietatik atera dira. Erabiltzen ditugun materialak edozein eskolatan topatu ahal direnak izaten dira: baloiak, pilotak, uztaiak, bankuak... Eta herri kiroletarako bakoitzari dagozkionak, umeen erabilerara egokituta: gomazko aizkorak, egurrezko lokotxak, autoen gurpilak...

Horretaz aparte, guk sortu dugun materiala: Alde batetik jolas eta kirol bilduma eta bestetik argazki sorta eta bideoa.

Ondorioak

Euskararen erabilerari buruz, esan genezake, umeen iritzia hartuta, baduela bere eragina. Gehienak saiatzen dira euskaraz mintzatzen baina ez da lortzen behar den beste. Hiztegia aberasten da, jolas formulak ikasten dituzte eta adin desberdinetakoak elkarrekin eta elkarlanean jolasteak badu bere eragin baikorra.

Ekintza gauzatu eta gero galde-sorta bat pasatzen zaie ikasleei haiek euren ebaluaketa egin dezaten. Galde-sorta mailaren arabera prestatzen da.

Hau guztia aurrera eramateko daukagun arazo nagusiena eguraldia da; eguraldi txarra eginez gero, espazio fisikoa murriztu egiten baita.

Aurrera begira

Umeen iritzia aintzat hartuta oso nabarmena da euskaraz gehiago egin behar dutela. Saiatzen eta konturatzen dira euskaraz egin behar dutela, baina askotan gaztelaniara jotzen dute, alde batetik bat-batekotasunagatik, eta, bestetik, euren jolas kodea gaztelania delako.

Bestalde, euren erantzunetan jolas edo kirol batzuen aldaketa eskatzen dutenez, hori kontuan hartuta aldatu egin dira eta egingo dira.

Tutoreen aldetik inplikazio gehiago izatea komenigarri ikusten da: umeek beraien tutoreari jolasa azaldu eta tutoreek ulertzen ez dutena umeei galdetu. Bide horretatik tutorea gehiago inplikatuko litzateke, eta, beste aldetik, umeen euskararen erabilera areagotuko litzateke eta jostamintza egunean jolasen azalpenetan erraztasun gehiago edukiko lukete.