Irakasleak aurrean egon barik euskaraz jolastu?
Ikastetxea: Derioko herri ikastetxea. Leioako Berritzegunea.
Egileak: Milagros Maguregi Jauregi
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Ikastetxean bertan Urtxintxakoen prestakuntza jaso ondoren, iraksleek palngintza bat eratu dute, Lehen Hezkuntzako ikasleek egun jakinetan patioko jolasak esukaraz egin ditzaten. Planifikazioa, antolaketa eta ikasleen protagonismoa nola lortu duten izango dira esperientzia honen alderdirik aipagarrienak.
Sarrera
Irakasleak aurrean egon barik euskaraz jolastu? Egitasmoa da Derioko Herri ikastetxean burutu duguna. D ereduko ikastetxe honetan, 23 irakasle eta 242 ikasle daude.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea izan arren, esperientzia hau Lehen Hezkuntzan soilik garatu dugu. Esperientzia hau jolastokiko eremuan burutu dugu; beraz, hezkuntzaren esparru ez-formalean saiatu gara euskararen erabilera areagotzen.
Orain dela 3 urte egindako diagnostikoaren arabera gure eskolako ikasleek jolasaldian erabiltzen zuten hizkuntza nagusiki gaztelania zela ikusi genuen.
Egoera honen zergatia ondoko alderditan aurki daiteke:
- Gure ikasleek EZ dute euskaraz jolasteko AUKERARIK.
- Alde batetik, jolasen transmisio naturalaren katea eten egin da kasu askotan. Jolasak ez dute beste garai batean familian eta kalean zuten tokia. Honen ondorioz, gure eskolako haurrek ez dituzte jolas zaharrak eta tradizionalak ezagutzen eta galtzen ari dira. Beste aldetik, eskolako gurasoen tipologia linguistikoa kontuan hartzen badugu euskara ezagutzen eta erabiltzen duten portzentaia oso murritza da, eta beren bitartez jolasak euskaraz transmititzea zaila dute. Eskolan jolas batzuetarako toki aproposa patioa da, eta hori da hain zuzen ere, aprobetxa dezakegun aukerarik onena ikaskideekin jolasteko eta euskaraz jolasteko.
- Ez dute EZAGUPEN LINGUISTIKORIK. Jolasetan askok eta askok gaztelaniara jotzen dute, ez baitakite euskaraz jolasten. Zaila da ezagutzen ez dutena erabiltzea, ezta? Zer eman beharko diegu, beraz? Jolasa bera aurkeztu, hiztegia, jolasa arautzeko esamoldeak, gazteleraz erabiltzen dituzten moldeak euskaraz ordezkatzeko era egokian, ...)
- EUSKARAZ jolasteko OHITURA ez dute. Beraz, hau ere sortu beharrean aurkitzen gara.
Aurreko guztiari erantzuteko, 1999-00 urtean, plangintza bat burutu genuen. Lehenbizi, jolasen inguruan materialak bildu genituen eta ikasleei erakusteko jolas batzuk aukeratu genituen. Jolas horiek gelan landu ondoren, irakasle eta ikasle guztiak hilean behin patiora ateratzen ginen gure ikasleek euskaraz jolas zitezen. Ondo egon zen, baina plangintza horrela mantentzea zaila zela ikusi genuen, irakasleak erretzeko arriskuan geunden, eta horrezaz gain, lortu nahi genituen emaitzek ez zuten helduaren presentzia beti aurrean aurreikusten.
Ondoren, 2000-01 ikasturtean, plangintza berri bat antolatu genuen. Urte honetako erronka: ikasleak eginkizun hauetan gehiago inplikatzea izan zen. Ikasleei protagonismo handiagoa emanez plangintza beste era batera antolatu beharko genuela konturatu ginen. Aurreko fasean bezala, jolasak ikasi beharko zituzten irakasleen laguntzaz baina ikasi ondoren ikasleek beste batzuei erakusteko ardura eta konpromisoa ere hartu beharko zuten. Eta azkenik, patioan irakasleak egon barik, zirkuitu autonomo baten moduko zerbait martxan jarriko genuke. Urte honetan HN arduradunak eta irakasle batek Berritzegunean Urtxintxako ikastaro bat egin zuten.
Azkenik 2001-02 urtean proiektuarekin jarraitu genuen eta honekin batera ikastetxeko irakasle talde batek prestakuntza ikastaro bat izan zuen Urtxintxa eskolarekin.
Besterik gabe, hemendik aurrera saiatuko naiz azaltzen azken urtean, 2001-02, burutu duguna.
Helburuak eta metodologia
Helburuak:
- Ikasgelatik kanpo euskararen erabilpen ludikoa ahalbideratu.
- Euskaraz jolasteko baliabide linguistikoak izan
- Ikasleen artean euskaraz jolasteko ohitura sortu eta indartu.
- Irakasleen protagonismoa eta autonomia bultzatu komunikazioa euskaraz izanik.
Jolas eguna:
Asteko egun zehatz batean, astelehenetan hain zuzen, ikastetxeko patioan jolasak antolatzen dira. Izan ere, saio bakoitzean bi jolas aukeratzen dira eta beti dago talde bat jolas horiek landu eta ikasi ondoren besteei erakusteko ardura hartzen duena.
Irakasleen antolaketa eta partaidetza:
- HIZKUNTZ NORMALKUNTZA arduraduna: jolasak aukeratzen ditu eta parte hartzen duten beste irakasleei jolas bakoitzari buruzko azalpenak, arauak eta jolas horretan landuko diren esamoldeak ematen dizkie.
- HEZIKETA FISIKOKO IRAKASLEA: ikasleek jolasak ondo ikas ditzaten arduratzen da.
- MUSIKAKO IRAKASLEA: jolasari dagokion kanta lantzen du.
- GELAKO TUTOREA: eskolako beste zikloko ikasleentzako azalpena nola egin lantzen du. Zein esamolde erabili arreta eskatzeko, emaitzak adierazteko... Zeintzuk diren zaindu beharreko formak eta esamoldeak, akatsak eta abar.
Ikasleen antolaketa:
- TALDE ARDURADUNA: Dagokion astelehenerako bi jolas ikasi eta prestatzen ditu. Gelaren tamainaren arabera, bi edo hiru ikaslez osaturiko taldeak egiten dira. Bikote edo hirukote bakoitzak eskolako talde baten ardura hartuko du eta patioan aukeratutako jolasa jolastuz beraiei erakutsiko die.
- ESKOLAKO BESTE GELAK: ikasleekin bi talde egiten dira. Horrela, taldeak ez dira oso handiak, gehienez jota 12-13 ikasle, eta arduradunei baldintza hauetan jolasa erakutsi eta praktikatzea errazago egiten zaie.
- Gela bateko ikasleak beraz, talde arduradunarekin patioan izango direnean bananduta izango dira: A TALDEAk jolas bat ikasten duen bitartean B TALDEAk beste bat ikasiko du. Eta hamabost minutu jolastu ondoren tokiz aldatuko dira eta B taldea A taldea zegoen tokira joan eta bertan toki horretan dauden arduradunen laguntzaz beste jolasa ikasiko du.
- PATIOKO IRAKASLE ARDURADUNAK jolasa aldatzeko txanda jakinarazten du megafoniaz eta ikasleak zirkuitua jarraituz beste jolas eremura pasatzen dira.
- EUSKARA ERABILPENAREN BEHAKETA: Talde bakoitzaren euskararen erabilera orri batean jasotzen da eta jolasak amaitu ondoren Bikote ARDURADUNAK orria betetzen du. Datu hauek, gelako erregistro orrian eta eskolakoan islatzen dira.
- HEZIKETA FISIKOKO IRAKASLEAK, haurrak jolastokira atera baino lehen, iragarki txartela jartzen du. Bertan, egun horretako talde arduraduna eta jolasen izenak agertzen direlarik.
- ESPAZIOAREN ANTOLAKETA: Patioan toki banaketa egin da eta jolas batzuetarako lurrean marrak ere margotuta daude. Ikasleek badakite beraz non egon eta jolas aldaketa egiten dutenean nora joan behar duten.
Azpimarratzekoak:
- Jolasak aukeratzerakoan adina ez dugu kontuan hartzen. Urtxintxakoekin izandako ikastaroan gu geu konturatu ginen mailakatzeak ez zeukala zentzu handirik. Helduok ederki pasatzen genuen jolas askorekin. Beste aldetik, zentroan ere ikasleekin ikusi dugu: seigarren mailakoak oso gustura daude zubiri-zubiri jolasarekin aritzen direnean.
- Lehenengo zikloko ikasleak bakarrik jasotzaileak dira. Momentuz besteengandik jolasak ikasten dituzte, ez ditugu jarri besteei erakusteko egoeran.
- Beste kasu guztietan, hau da hirugarren mailatik gora, berdin irakatsi edo besteen azalpenak entzunez ikasten dute, eta honetan ere adinaren irizpidea ez dugu jarraitzen. Harrigarria da ikustea 6.mailako batek 3.mailakoak emandako azalpen eta aginduak nola betetzen dituen.
- Jolas batzuk errepikatzen dira. Behin ikasi zuena, orain beste bati erakutsi behar izana.
- Sistematizazioa eta jarraipena ezinbestekoa izan da plangintza hobetzen joateko.
Baliabideak
Jolasen aukeraketarako materialak:
- HIK HASI materialak: CD-ak eta txostenak.
- Berritzegunean izandako bildumak.
- Heziketa fisikoko irakaslearen materialak.
- Urtxintxa jolasak ..... CD eta ikastaroan emandako karpeta.
- Jolasteko materialak: pilotak, sokak, intxaurrak, ...
Ikastetxean egindako materialak:
- Patioko iragarki txartelak: talde arduraduna eta aukeratutako jolasak adieraziz.
- Jolas bakoitzeko azalpen orria. Oroipen moduan txosten baten bilduta.
- Jolasetan landuko diren egiturak orria.
- Euskararen erabilpena gelako erregistro orria.
- Jolasetako euskara erabilera eskolako horma irudia pasabidean jartzeko.
- Patioaren planoa: jolasak non izango diren adierazten duena.
Ondorioak
Gaur egun, egindako lana eta antolaketari esker ikasleak bakarrik daude patioan euskaraz jolasten. Lehen ezagutzen ez zituzten jolasak ezagutu eta jolastu egiten dituzte. Ikasleen artean jolastu eta komunikatzeko ohitura sortzen ari da. Emandako aukerak eta baliabideak ederki aprobetxatu dituzte.
Gure ikasleek patioan txartel iragarkian jolasa eguna dela ikusten dutenean izugarrizko poza adierazten dute.
Euskararen erabilpenaren behaketa egiten da eta saiatzen dira gero eta emaitza hobeagoak lortzen.
Euskararen erabileran ume batzuk besteak baino zorrotzagoak dira eta batzuetan horrek arazoak sortu ditu.
Aurrera begira
Esperientzia Haur Hezkuntzara zabaldu nahi dugu. LHko ikasleek orain arte ikasi dituzten jolasak ikaskide txikiei erakutsiko dizkiete. Horretarako Heziketa fisikoko ordua erabiltzeko asmoa dugu. Patioan lau zirkuitu gehiago egingo dira.
Jolasen aukeraketan ikasleek ere parte hartuko dute. HN arduradunak bat aukeratuko du eta beste jolas bat gelan erabakiko dute.
Taldeak egiterakoan 1. eta 2.mailako neska-mutilak nahastu egingo ditugu. Lehen mailakoak sartu berriak dira plangintza honetan eta besteekin nahasterakoan haien arteko euskara egiteko ohitura ondo lotu nahi dugu.
Euskararen erabileraren neurketa poliki-poliki kendu nahi dugu.
Eranskinak
- -IRAKASLEEN ANTOLAKETA

- -ESKOLAKO IKASLE TALDEKATZEA: adibide bat
|
1. MAILA: A TALDEA (Intxaurreta) 6. mailako 2/ 3 arduradunekin |
1. MAILA: B TALDEA (zelai errea) 6. mailako 2/ 3 arduradunekin |
2. MAILA: A TALDEA (Intxaurreta) 6. mailako 2/ 3 arduradunekin |
2. MAILA: A TALDEA (zelai errea) 6. mailako 2/ 3 arduradunekin |
|
3. MAILA: A TALDEA (Intxaurreta) 6. mailako 2/ 3 arduradunekin |
3. MAILA: A TALDEA (zelai errea) 6. mailako 2/ 3 arduradunekin |
4. MAILA: A TALDEA (Intxaurreta) 6. mailako 2/ 3 arduradunekin |
4. MAILA: A TALDEA (zelai errea) 6. mailako 2/ 3 arduradunekin |
|
5. MAILA: A TALDEA (Intxaurreta) 6. mailako 2/ 3 arduradunekin |
5. MAILA: A TALDEA (zelai errea) 6. mailako 2/ 3 arduradunekin |
21 ikasle hauek binaka bananduta aurreko talde guztiekin 2 jolas ikasi eta irakatsi egingo dizkiete: Intxaurreta eta zelai errea |
|
- -JOLASAK PRESTATZEKO HILEKO PLANGINTZA
|
ARDURADUNA
|
DATA
|
JOLASAK
|
|
3. MAILA
|
maiatzak 6
|
Botxo (intxaurrekin) Pilotak |
|
4. MAILA
|
maiatzak 13
|
LokotxakLapikora (soka salto) |
|
5. MAILA
|
maiatzak 20
|
Anboato Zapien jolasa |
|
6. MAILA
|
maiatzak 27
|
Intxaurreta Zelai errea |
|
1. 2. MAILAK |
Aurreko guztiak besteen laguntzak ikasiko dituzte |
|
- -JOLASETAN LANDUKO DIREN EGITURAK
Azalpenak egiteko:
- Lehenengo
- Ondoren
- Gero
- Azkenik
Arreta eskatzeko:
- Erne egon
- Adi egon
Emaitzak adierazteko:
- Bi talde direnean, puntuak adierazteko
- bat eta bi (horren ordez bi bi goaz esaten dute)
Hurrengo akatsa zuzendu:
- Jolastuko dugu GAIZKI
- Jolastuko gara edo jolastu egingo dugu ONDO
- -EUSKARAREN ERABILPENA TALDE GUZTIETAKO ERREGISTRO ORRIA
MAILA: ............................
EUSKARAZ EGIN DUTE?: Beti, askotan, gutxitan
|
Urtarrilak
14
|
Urtarrilak
21
|
Urtarrilak
25
|
Otsailak 4
|
|
|
1. maila
|
_____
|
_____
|
_____
|
_____
|
|
2. maila
|
_____
|
_____
|
_____
|
_____
|
|
3. maila
|
_____
|
_____
|
_____
|
_____
|
|
4. maila
|
_____
|
_____
|
_____
|
_____
|
|
5. maila
|
_____
|
_____
|
_____
|
_____
|
|
6. maila
|
_____
|
_____ |
_____
|
_____
|

