Jolasak: ondo pasatuz hizkuntza ikasi
Ikastetxea: Albiz herri ikastetxea (Sestao)
Egileak: Miguel Tapia Trigueros eta Ana Vivanco Camarero.
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Jolasa irakaskuntzan modu sistematikoan sartzeko ahalegina egin du ikastetxe honek. Horretara iristeko emandako pausoak eta eratutako antolaketa azalduko dugu.
Sarrera
Sestaoko ALBIZ LHI ikastetxean burutu dugu egitasmo hau. Bertan, 535 ikasle ditugu (D=495;B=40) eta 39 ikasgela (HH=12;LH=17;D=14;B=3)
Ikasgeletan eta jolas garaietan landu dugu, alde batetik jolasen bidez ondo pasatzeko eta bestetik haur eremuan euskararen normalizazioaren arazoei aurre egiteko.
00-01 ikasturtean jarri zen martxan eta 01-02 ikasturtean izan du segida.
Helburua eta metodologia
Helburu nagusia eta helburu xeheak:
- Jolasaren garrantziaz jabetzea (jolasaren ezaugarriak eta alderdiak)
- Euskararen erabilera sustatzea (hizkuntza ez formala)
- Euskaraz jolasteko tresna berriak ikastea (jolas berriak eta ohiko jolasak)
Oinarri teorikoak:
00-01 eta 01-02 hasierako ikasturteetan bi ikastarotan parte hartu dugu eskolako irakasle gehienok.
Lehenengo ikastaroan jolasen oinarrizko kontzeptu teorikoak; jolasen garrantzia heziketa eta kultur transmisiorako tresna moduan.... eta honekin batera euskaraz jolasteko tresna ugari ikusi ditugu.
Aurtengo ikasturtean eskema honekin sakontze ikastaroa burutu dugu: euskara sustatzeko jolasa nola erabili eta ohiko jolasen berreskurapena.
Eragileak eta hartzaileak: irakasleak eta eskolako HN taldea eragileak izan dira eta ikasleak hartzaileak.
Ekintzen aurkezpena eta metodologia:
Zer egin?
- Hizkuntza Normalkuntza taldeak prozedura edota helburuen arabera jolasen sailkapena egin du (soka saltoan, korruak, jolas erritmikoak, harrapaketan,...) gero jolasak aukeratzeko eta proposamenak egiteko asmoz.
Nola?
- Astero bat edo bi jolas aukeratu eta materialak gauzatzen dira: abestiak (kasete /eskolako megafonia), A/3 orri batean testu eta marrazkia ateratzen dira; prozedura azaldu, hiztegia eta esamoldeak landu.....
Noiz,non landu?
- Ikasgeletan zein patiotan irakasleen bitartez. Hilero landutako jolasekin jolas eguna antolatzen da, horretarako zikloen arabera patioak banatzen dira, jolas garaia luzatzen da eta ikasleak taldeka antolaturik jolas batetik bestera pasatzen dira.
Baliabideak
Eskolako baliabideak erabiltzen dira bai jolasak bultzatu eta egiteko (megafonia, soka, baloiak, gomak, txingoak,...) bai materialak sortzeko (marrazkiak, kartelak,...)
Material didaktikoa: alde batetik ikastaroetan jasotako materiala erabili ohi da eta bestetik merkatuan argitaraturik dauden bideo zintak, CD, kasetek eta aldizkari didaktikoa.
Aurrekontua: prestakuntza proiektu aurkeztu da diru laguntza jasotzeko eta ikastaroen gastuei aurre egiteko.
Ondorioak
Ikasleak oso pozik daude jolasekin. Planteatutako helburuak guztiak oraindik ez dira lortu baina ekintza hau oso baliagarria da eta abiapuntua da jolasen bidez euskaraz aritzeko.
Eragina neurtzeko erabilitako adierazleak: jolas egunak egin ondoren balorazioa egiten da.
Bestelako eraginak: neurri batean, batez ere ikasle txikiek ikasitako jolasak erabiltzen dituzte parkeetan eta beste lagun batzuekin.
Arazoak: ikasleei haien kabuz kosta egiten zaie jolastea.
Aurrera begira
- Ikasgela eta batez ere jolas garaietan irakasleen inplikazioa handiagoa izan beharko da (programetan ondo planifikatu, jolasteko konpromisoa..).
- Ikasle nagusiekin (5. eta 6.mailakoak) esperientzia zabaltzea txikiengana (jolasak azaldu, haiekin jolastu,..).
- Guraso elkartearekin, kanpoko eragileekin proiektua prestatzea, udalari diru laguntza eskatzea eta esperientzia (jolasa eta euskara) herrian zabaltzea.

