Txostenak

Joku eta jolas bilduma. HH/LH.

FITXA:

Izenburua:Joku eta jolas bilduma

Egilea:Irungo Berritzegunea

Ikasmaila:Haur eta Lehen hezkuntza

Hizkuntza eredua:Denak

Azalpena:Joku eta jolasen bilduma da. Bakoitza dagokion azalpenaz lagundurik doa

Erlojua

Materiala: soka luze bat

Azalpena: Ikasleak biribilean zutik kokatzen dira. Irakaslea edo ikasle nagusi bat, biribilaren erdian kokatzen da: Soka mutur batetik helduta duelarik bueltak ematen ditu, soka behe-behean eramanez. Biribileko ikasleek salto egin behar dute dagokienean, sokak ukitu ez ditzan. Ukitua izan denak puntu bat jasotzen du. Hiru puntu biltzen dituena hilda geratzen da; edo soka hartzen du...

Bat eta Bi abestia

Materiala: soka luze bat

Azalpena: Ikasleak ilaran daude. Saltatzera txandaka erdiratzen dira, (denok kantatzen dugun) abestiaren harian 2 jauzi emanez. Norbaitek sartzen ez badaki erraztasunak eman.

Bat eta bi

sorgina etorri

soka kendu

zulora eraman

afaldu gabe

ohera joan (BIS)

AITA, AMA abestia

Materiala: soka luze bat

Azalpena: Ikasleak ilaran daude: Banan bana ateratzen dira saltoak egitera. Saltariak huts egin arte saltatzen du, gainontzekoek abesti hau kantatzen duten bitartean:

Aita, ama,

zenbat urtekin

ezkonduko naiz:

bat, bi, hiru,

lau, bost...

URTEAK abestia

Materiala: soka luze bat

Azalpena: Ikasleak banan bana sartzen joango dira, jauzi bakar bat egitera, aurrenekoa izan ezik. Denok abesten dugun abestiaren arabera:

Urteak hamabi

hilabete ditu:

urtarrila, otsaila, martxoa,

apirila, maiatza, ekaina,

uztaila, abuztua, iraila,

urria, azaroa eta abendua

SALTOKA abestia

Materiala: soka luze bat

Azalpena: Ikasleak ilaran, banan bana aterako dira saltatzera. Abestiaren arabera momentu batzuetan bi saltari egongo dira:

Saltoka, saltoka,

nabil ni gustora,

salto eta salto

bat sartu arte.

Sartu dadila ...(Mikel)

(e)ta biok elkarrekin,

salto eta salto

bat irten arte.

Eman (e)zazu buelta

(e)ta irten zaitez (BIS)

ARTAZIAK eta KRABELINA abestiak

Materiala: soka luze bat

Azalpena: Ikasleak ilaran kokatzen dira. Eta abesti hauen arabera saltoka jarduten dute txandaka:

ARTAZIAK:

Nire artaziak

ireki eta itxi

ikutu zerua

ikutu lurra

belaunikatu

eta orain kanpora

KRABELINA:

Krabelina bat dut

(izena) rentzako

ezkontzen denean

emango diot

ezkondu da

eman diot

baina bere senarrak (emazteak)

kendu dio

Saskibaloiko erruleta

Materiala: Talde bakoitzak saskibaloiko baloi bat eta saski bat

Azalpena: Marrazkian azaltzen diren posizio horietatik ikasleak, txandaka, saskiratzen saiatzen dira. Hasieran denak 1 puntuaren atzean kokatzen dira, jaurtiketak hortik egiteko. Saskiratzea lortzen duenak posizio bat aurreratzen du eta jokatzen jarraitzen du. Lortzen ez duenak, berriz, hurrengo txanda arte itxaron beharko du.

Txandan dagoenak hartzen badu aurrekoak sartu ez duen baloia lurra ukitu baino lehen (errebotean), hortik jaurtitzea erabaki dezake (zegokion tokitik jaurti ordez).

Hilak eta biziak(BRILLE)

Materiala: Baloi bigun bat eta markaturiko zelaia.

Azalpena: Bi talde daude aurrez aurre kokaturik, norbere zelai erdian. Jokalariak beste taldekoak hil egin behar ditu, horretarako baloiaz zuzenean joaz, ondoren baloiak lurra ukitu behar duelarik. Hau gertatuz gero joa izan denak hildakoen zelaira joan behar du, baloiarekin jokoan esparru berritik jarraituz.

Zelai batean jokalaririk geratzen ez denean bukatzen da jokoa.

Jokalariren batek, ihesean dabilela, kanpoaldeko eremua zapaltzen badu bere burua hiltzen du, eta baloirik gabe joan behar du hildakoen esparrura.

Oharra: hil ahal izateko gerritik behera jotzeko agintzea komeni da, nahigabeak saihesteko.

TEK

Materiala: Baloi bat eta 5 edo 6 kono

Azalpena: Bi talde ditugu: jaurtitzaileak (korrikalariak) eta jasotzaileak. Lehenak ilaran daude, baloia ostikoka hankaz jotzeko prest. Besteak zelaian sakabanatzen dira, eta baloia jaso eta beraien pitcherari ahalik eta azkarren pasatzea dute helburu.

Bitartean jaurtitzaileak konoz kono itzulia ematen ahalegindu behar du. Gerta litezkeenak:

  • Jaurtitzailea honako egoeretan geratzen da hilda: baloia bolean hartzen badiote; bere korrikaldian pitcherrak TEK esaten duen momentuan, 2 konoren artean baldin badago; egoera berean hartua zegoen konoren batera iristen bada; edo egoera berean bere taldekidea aurreratzen badu; eta, noski, konoen ingurutik joan ordez, barrualdetik joaten bada.
  • Jaurtitzaileak bizitza lortzen du itzuli osoa ematea lortzen badu baloia jo eta berehala.
  • Bizitzek hildakoak (ordenan) libratzen joateko balio dute.
  • Pitcherrak baloiarekin lurra joaz TEK ozenki esan behar du, korrikalariak entzuteko moduan.
  • Taldeek eginkizunez aldatzen dute jaurtitzaile (korrikalariak) guztiak hilda daudenean, edo denbora bat betetzen denean.

Zapitxoa

Materiala: Zapi bat eta marrak lurrean

Azalpena: Bi talde ditugu norbere marra atzean eta zenbaturik, (zenbat korrikalari, hainbat zenbaki).

Irakasleak erdiko marratik zenbaki bat aipatzen du ozenki, eta zenbaki hori dutenek korrika atera behar dute zapia hartu eta bere zelaira eramatera.

Hilda geratzen da hartzerakoan erdiko marra zapaldu edo gainditzen duena, edo bestearen atzetik abiatzen dena hark zapia hartu gabe (izkina eginez), edo besteak zapia hartu eta bere zelaira eramatea lortzen badu harrapatua izan gabe.

Jendea hiltzea baino hobe izaten da garaileari puntua ematea eta helburu bat jartzea (adibidez 10 puntu lortzen duen taldea garaile).

Katea

Materiala: Zelai mugatu bat

Azalpena: Hasieran harrapatzaile bat dugu (edo gehiago). Gainontzekoak ihesean ibiliko dira. Harrapatzaileak norbait ukitzen duenean eskua emango dio eta, bion artean katea osatuz, besteak ukitzera joango dira, horrela katea luzatuz. Denak harrapatuak izan direnean bukatzen da jolasa. Norbait zelaitik ateratzen bada ere hilda geratzen da.

Eguzkia eta hormak

Materiala: hiruzpalau zapi urdin, zapi hori bat eta zelai mugatu bat.

Azalpena: Hormak (izotza edo jela), zapi urdinez jantzita, gainontzekoak ukitzera joan behar du. Ukitutakoak hormatuta (izoztuta edo jelatuta) geratzen dira; hau da, geldirik eta besoak gurutzean. Baina bada eguzki bat (zapi horiduna) hormatutakoak ukituz libratzen dituena. Ikasle guztiak izozturik daudenean bukatzen da jolasa. Batzuetan ez da bukatzen eta rolak aldatzea komenigarria izaten da.

Gabiraia

Materiala: Esparru mugatu bat

Azalpena: Batetik gabiraia dugu eta bestetik korrikalariak (gainontzekoak). Gabiraiak korrikalariak zelaiaren alde batetik bestera igarotzen direnean harrapatzen (ukitzen) ahalegindu behar du. Ukitutakoak gabirai bihurtzen joaten dira. Gabiraiak solte edo eskuak loturik egon ahal dira, baina ezin dira beren esparrutik atera.

Korrikalariek aurreraka joan behar dute, inoiz ez atzeraka (hau eginez gero gabirai bihurtzen dira). Jolasa denak gabirai bihurtu direnean bukatzen da.

Biko katea

Materiala: Eremu (zelai) mugatu bat

Azalpena: Hasieran bat geratzen da, hau besteen atzetik korrika joango da norbait harrapatzeko asmotan. Lortzen badu eskutik heldu eta bikotea besteak ukitzera joango da. Lau lagun elkartzen direnean bi bikotetan banatuko dira, honela hirukoteak baino ez dira sortuko.

Jolasa denak harrapatuak (harrapatzaile bihurtuak) izan direnean bukatzen da.

Telegrama

Materiala: ez da ezer behar

Azalpena: Ikasleak biribilean eserita daude eskuak loturik, bat izan ezik (hori erdian). Ikasle batek mezua nori pasako dion esaten du eta egin. Horretarako erdikoak begiratzen ez duen momentu batean bere eskuetako batekin aldamenekoari eskua estutzen dio; horrek gauza bera bere ondorengoari, etab. Mezua jaso behar zuenak bere eskua estutu dutela sumatzen duenean zera esaten du: jaso dut mezua.

Hori gertatzen denean hurrengo mezua igorri beharko dio berak nahi duenari.

Baina erdikoak norbait ondokoaren eskua estutzen harrapatzen badu haren tokia hartuko du, eta harrapatutakoak erdira joan beharko du.

Zapataren bila

Materiala: ez da ezer behar

Azalpena: Ikasleak biribilean kokatzen dira, zutik eta eskuak elkarri emanez. Bakoitzak bere zapata bat erdiko pilan utzi du. Helburua: Irakasleak agintzen duenean, inork eskurik askatu gabe, bakoitzak bere zapata bilatu eta bere jatorrizko lekura eramatea oinen bidez erakarriz. Beraz norbaitek eskua(k) askatzen bad(it)u ez da helburua betetzen.

Jolas hau zailago egiteko isilik eginaraztea ere badago.

Kasu guztietan kolaborazioa edo elkar laguntza bilatu behar da.

Lanbideak

Materiala: Ez da ezer behar

Azalpena: Ikasle guztiak biribilean (edo biribil erdian) kokatzen dira, erdikoa izan ezik. Erdiko horrek ofizio edo lanbide baten imintzioak egin behar ditu. Ikusleren batek zertan ari den asmatzen badu erdira joango da, eta jolasarekin jarraituko du.

Dantza indiarra

Materiala: Ez da ezer behar

Azalpena: Ikasle guztiak biribilean daude eta eskuak loturik. Helburua, eskurik askatu gabe baina aurrera-atzera eta eskuin-ezkerrera mugituz, besteen oinak zapaltzea da eta nork bereak zaintzea. Hori, jakina, kontu handiz egin behar da, inork minik har ez dezan.

Partaideen kopuruaren arabera bi talde edo gehiago egin daitezke.

Patata beroa

Materiala: Baloi bat (edo beste edozer)

Azalpena: Ikasleak biribilean eserita daude, bat izan ezik (erdikoa). Biribilekoek patata eskuz esku pasatzen diote aldamenekoari. Bitartean erdian (edo kanpoan) dagoenak zenbaki jakin batera arte kontatzen du, eta zenbaki horretara iristen denean patata zuena hilda geratzen da.

Bi aukera daude:

  • hildakoa kanporatzea eta kanpoan zegoena biribilera sartzea (rolak aldatzea), edo
  • kanpoan zegoena kanporatzea biribilera joan gabe; era horretan geroz eta jokalari gutxiago geratuko lirateke biribilean.

Sokatira

Materiala: Soka luze eta sendo bat

Azalpena: Bi talde ditugu aurrez aurre sokaren alde banatan, sokari gogor eutsiz. Epaileak agintzen duenean atzeraka tira eginez beste taldea marra batetik atera edo pasaraztea dute helburu.

Epaileak agindu arte ez dute indar egiten hasi behar.

Normalean talde bakoitzak bi aldeetatik tira behar du; berdinketa balego hirugarren tiraldia egingo litzateke.

Saltatuz salbatu

Materiala: Ez da ezer behar

Azalpena: Ikasleak zelaian eserita daude hankak aurreraka dituztela, bi izan ezik: ehiztaria (A) eta usoa (B). Ehiztariak usoa harrapatu behar du. Usoa nekatzen denean eserita dagoen norbaiten hanken gainetik salto egin dezake eta berehala eseri (bere burua salbatuz). Orduan eserita zegoen hori zutitu eta ehiztari bihurtzen da, eta ehiztari zena uso bihurtzen da.

Ehiztariak usoa harrapatzen badu rolak trukatzen dituzte. Ehiztari berriak ehizan hasi aurretik hiru arte zenbatu beharko du.

Erreleboak

Materiala: Edozer (baloiak, konoak edo ezer ez)

Azalpena: Hiru edo lau talde ditugu, bakoitzean lauzpabost lagun, ilaran kokatuak. Txandaka joan beharko dute lasterketa egitera, irakasleak agindutakoa eginez. Iristen denak lekukoa emango dio bigarrenari edo eskuan txalo bat jo, hau atera dadin, eta horrela azkeneko jokalariak bukatu arte.

Aukerak:

  • korrika joan-etorri,
  • baloiari boteak emanez joan-etorri,
  • hankamotzetan joan, atzeraka etorri,
  • arrastaka ahoz gora joan, saltoka etorri,
  • baloia hankartean joan, esku artean etorri,
  • eskuez oinak helduz joan, karramarro eran etorri,

Tunela

Materiala: Soka luze xamar bat

Azalpena: Bi lagunek eragiten diote sokari, besteak hasieran ilara batean kokatzen dira.

Soka bere punturik altuenean dagoenean ilarakoek, txandaka, azkar igaro behar dute sokaren azpitik (tunela bailitzan), sokak ukitu gabe.

Txalupa

Materiala: Soka luze xamar bat

Azalpena: Bi lagunek sokari eragiten diote, baina gora jaso gabe; hau da, altuera jakin batean beste aldera emanez (belaunen altueran edo). Gainontzekoak, banan bana ateratzen dira saltatzera. Hainbat aukera daude:

  • bi jauzi eta kanpora,
  • kale egin arte jardutea,

Lau izkinak taldeka

Materiala: Tokiak markatzeko bost gauza: konoak, uztaiak edo klariona.

Azalpena: Bi, hiru edo lau kideko 5 talde. Lau talde izkinetan kokatzen dira, eta bestea erdialdean. Erdialdeko horiek 1, 2 eta 3! esandakoan beste talde guztiek eta baita beraiek ere izkinaren bat betetzera joan behar dute ahal den azkarren (taldeko denak izkina berera, baina solte). Lekurik gabe geratzen den taldea erdira pasako da eta jolasarekin jarraituko da.

Arauak: Taldekideen artean azkena da erabakigarria; hau da, hiruko talde batean bi aurrena iritsi arren, hirugarrena beste talde osoa baino geroago iristen bada, bere taldea kanpoan geratuko da. Nahita nahi ez aldatu behar da izkinaz.

Aldaera bat: eskuak loturik dauzkatela egitea.

Bai, bi, hiru Karabin Karaba

Materiala: Ez da ezer behar.

Azalpena: Jokalari guztiak marra baten atzetik abiatzen dira, bat izan ezik; azken horrek paretari begira eta begiak eskuez estalirik, hauxe esaten du: bat, bi, hiru, karabin karaba eta segituan buelta ematen du ea norbait mugitzen harrapatzen duen. Bitartean (buelta ematen ez duen bitartean). jokalariak aurreratu egiten dira.

Ikusia izan gabe horma ukitzera ailegatzen denak tomate esaten du eta bestearen tokia hartzen du, eta jolasak jarraitu egiten du.

Paretakoak buelta emandakoan norbait mugitzen ikusten badu esan egiten dio eta horrek hasierako marrara itzuli behar du.

Komenigarria izaten da (txikiak badira) irakasle batek epaile lanak egitea.

Hamar pase

Materiala: Baloi bat

Azalpena: Bi talde. Talde bakoitzeko jokalarien artean 10 pase segidan egitea da helburua. Beste taldekoak, baloia harrapatuz gero, gauza bera lortzen ahaleginduko dira.

Arauak:

Baloiduna ezin da mugitu dagoen lekutik (bere taldekideek, bai),

Baloiduna ezin du inork ukitu, eta ezin zaio baloia eskuetatik lapurtu,

A jokalariak B jokalariari pasatzen badio, B-k ezin dio A-ri pasa, hirugarren bati baizik.

Baloia markaturiko zelaitik ateratzen bada, beste taldekoek aterako dute baloia.

Txuriak eta beltzak

Materiala: Ez da ezer behar (marrak bakarrik)

Azalpena: Bi talde daude aurrez aurre kokaturik: txuriak eta beltzak.

Irakasleak txuriak esaten badu, txuriak beltzen atzetik joango dira haiek ukitzera, (eta alderantziz beltzak esaten badu).

Ukituak izan direnak beste taldeko partaide izatera pasatzen dira. Beraz, kolorea tokiaren araberakoa da.

Armiarma

Materiala: Zelai mugatu bat

Azalpena: Jokalari guztiak euliak dira hasieran, bat izan ezik: armiarma. Irakasleak agindutakoan, denak batera joan daitezen, euliek zelaiaren alde batetik bestera igaro behar dute, armiarmak ukituak izan gabe.

Arauak: Ukitutakoak armiarmaren laguntzaile bihurtzen dira eta, hilak izan diren tokitik mugitu gabe, euliak hiltzen saiatuko dira, haiek ukituz.

Ukitua den azkena hurrengo armiarma izango da.

Denak, bai euliak, bai armiarma, beti aurreraka mugituko dira.

Pilotari eragin

Materiala: Baloi bat

Azalpena: Denak biribilean zutik kokatzen dira, bat izan ezik (hori erdian). Erdiko horrek biribileko bati baloia ondo pasatzen dio, eta horrek jaso baino lehenago txalo bat jo behar du eta baloia behar bezala jaso. Kale egiteko edo huts egiteko erak:

  • txalorik ez jotzea,
  • txaloa jo bai, baino baloia ez jasotzea,
  • txaloa ez dagokizunean jotzea, erdikoaren keinuak engainatu egin zaituelako (ez dizu baloia zuri pasa).

Hildakoek eseri egin behar dute. Azkena geratzen dena izango da hurrengo jokaldiko erdiko jokalaria.

Sagua eta katua

Materiala: Ez da ezer behar

Azalpena: Denak biribilean eserita. Bat kanpotik korrika dabil biribilaren inguruan (sagua). Saguak biribileko bat ukitzen du eta ihesean alde egiten du. Ukitutakoak (katua) saguaren atzetik atera behar du hura harrapatzera. Saguak nekatzen denean beste norbait ukitzen du, hori katu bihurtuz, eta horren lekuan esertzen da. Ondorioz katu zena sagu bihurtzen da.

Sagua harrapatua baldin bada rolak aldatzen dira, hiru arte zenbatzen du eta saguaren atzetik abiatzen da.

Eztanda

Materiala: Baloi bat (edo antzeko zerbait)

Azalpena: Denak biribilean eserita bat izan ezik (erdian). Erdiko horrek begiak itxirik dauzka eta isilean zenbatzen du: 10era iritsitakoan beso bat jasotzen du, 20ra iristean beste besoa (gurutzean izango ditu biak), 30era ailegatzen denean goraino altxatzen ditu besoak, eta abisua esaten du, eta 40ra iritsitakoan txaloa joaz eztanda! esaten du. Momentu horretan baloia duena hilda geratzen da eta eseri egin behar du.

Bitartean biribilekoak eskutik eskura baloia pasatzen ari dira, ahal den azkarren. Hildakoak daudenean (eserita eta hankak aurrera), baloia hurrengoari pasatzeko hildakoen gainetik pasa behar da, eta berriro tokira itzuli. Irabazlea hilda geratzen ez den bakarra da.