Irratia: ikastetxeko egunerokoan txertatutako tresna.
Ikastetxea: Etorkizuna ikastola (Abanto-Zierbana). Urtuellako berritzegunea.
Egileak: Gotzon Goitiz Goiogana
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena 
ikasleek irrati programa bat egiten dute, eta beste edozein arlo bezala lantzen dute. Gela guztietan irrati aparilua dago eta irratsaioa emitizten denean irratia pizten dute. Irrati-gelako tresna elektronikoak ikasleen ardurapean daude eta eurek kontrolatu behar izaten dituzte. Berriak emateko irakasle baten laguntza izaten dute ikasleek.
Sarrera
Etorkizuna ikastola Gallartan kokatuta dago. Bertan linea bateko 2 urtetik LH osoa ematen dugu D hizkuntza-eredu deritzanean. Gutxi gorabehera 180ren bat ikasle guztira.
Amara Berri sisteman oinarritutako metodologian murgilduta dabil azkenaldiko ia 13-14 urteotan.
Metodologi sistema honetan, Amara Berri deritzona, Departamentu edo klase bakoitzean, bizitzako jarduerak edo gizarte-testuinguruak lantzen dira.
Bizitzako jardueratzat antzerkia, prentsa, bikoizketa, eta abar ulertzen dira, eta jarduera hauetariko bakoitzaren zertarakoa bat baino ez da, irratia: Txupatxus irratia.
Beste hainbat ezberdinen artean (Txupatxus Telebista, Txupatxus aldizkaria, erakusketak, agerraldiak, hitzaldiak...)
Zertarako hauek aparteko garrantzia daukate metodologia honetan eta ikaslearen laneko jardunaren xedea izango litzateke. Era xumeago batez esanda, ikasleak prentsako testuinguru baten barruan ipuin bat, albiste bat, deskribapenen bat sortu behar baldin badu, agerpen publiko bakarra duen heinean, kasurako Irratiko emanaldiarena, aktibitate hori askoz motibatuago burutuko du.
Helburuak eta metodologia
TXUPATXUS IRRATIAREN HELBURUAK:
Txupatxus irratia oinarrizko Curriculumaren barruan, ez da ikasgai gisa hartu behar, baizik eta baliabide onuragarri baten izaera izan behar du hezkuntza-helburuen garapen-jarduera ugaritan.
Irratiak gainerako baliabide didaktikoekin batera erabateko koherentzia izan behar du hezkuntza testuinguru orokorrean.
Gure sistema metodologikoan, Txupatxus irratiaren helburu didaktiko eta xede nagusia, jadanik aipatutako testuinguru baten irteerarena izatean datza.
Hau da, arloetan garatu beharreko xedeen baliabide didaktiko izanik, testuinguru baten garapenerako irteera edo zertarakoa, alegia.
TXUPATXUS IRRATIRAKO LEHEN SAIOAK:LEHEN ZIKLOAN
Irratia deritzaguna tresna erabilgarria izan dadin ikasleen eskuetan, urratsez urrats emandako irakaspen baten ondorio izaten da.
Honela 1.zikloan, ikasleak gelako eguneroko jardunean, tartetxoak (kolektiba saioak, ordu erdi bat egunero) izaten dituzte eta ziklo horretan dauden bi gelatxoak elkarrekin boz-gailu bitartez eta mikrofonoaz anplifikaturiko mezuak, jokoak, esamoldeak, errefrauak eta abar igortzen dituzte. Jarraian klasean, igorritakoaren inguruko lanketa egin dezaten.
Ikaslea 2.ziklora iristen denean, gainerako 3.zikloko ikasleekin batera Txupatxus irratiaren martxaren ardura osoa izatera iritsiko dira.
TXUPATXUS IRRATIAREN BARNE-ANTOLAKUNTZA:
Kurtso hasieran ikastetxeko antolakuntza orokorra zehaztean, 2. eta 3.zikloko ikasleriak erabakitzen du bozketa bidez, hirugarren zikloko zein ikasle izango den Txupatxus irratiko arduraduna.
Honen betekizunak, egunero irratia piztetik goizeko 9:30etan, eguerdiko ordubatetan itzali artekoak izaten dira.
Goizeko lehen irratsaioa hasi aurretik Egunon saioa alegia, pizten du emisorea, hau irratirako irakasle arduradunarekin batera egiten du.
Goizean zehar, bere eginkizuna izango da irratian egun horretako egongo diren bi ikasleak abisatzea (egun horretako arduradunak nortzuk izango diren zerrenda bat izaten da).
Jarraian, bere gelako ohizko lanetara abia daiteke. Arazoren bat, behar izanen bat-edo... balego, berriro agertu beharko litzateke irratian konponbidea emateko.
Egun horretan, eta egunero txandakatuz bi ikasle, (bat 2.ziklokoa eta bestea 3.ekoa) arduratuko dira irrati-emanaldiak egiten. Bi hauek izango dira lan metodo baten laguntzaz goiz osoan irratian izango direnak.
Beraiek egingo dute irratiko teknikariaren lana eta irratira inor joaten ez den bitartean, horretarako propio ezarritako ekintza batzuen bidez etenik gabe emanaldia martxan edukiko dute.
Emanaldia 4 emanaldi mota ezberdinez osatzen da (Egunon saioa, aurkezpena, irrati leienda, txorroroskopoak, txupatxus albistegia, abesti dedikatoria eta agurra) eta ezaugarriak ondorengok dira:
EMANALDIA
Egunon saioa (9:30-10:00)
Zertan datza:
- Goizeroko gelako ume batzuek (txandaren arabera) etxetik ekartzen dituzten egun horretako albiste esanguratsuak.
- Albisteak jatorriaren arabera: Mundukoak, Europakoak, E.H.koak, etab. Izan daitezke.
- Ikasleak albistea eman ondoren, irakasleak berarekin komentatzen du.
- Saio honetan, gainerako oharrak ere izaten dira: egun horretan nortzuk izanen diren liburutegiko arduradunak, ikastetxean galdu edo aurkitutako gauzak...
Irratsaioko partaideak:
- Irakaslea eta lau ikasle, gehi goiz osoan izango diren irratiko bi arduradunak.
Nori zuzendua:
- 3., 4., 5. eta 6.mailako ikasle guztiei.
- Bakoitzari dagokion gelan irratsaioa entzuteko irratia dago.
Egunon saioa (9:30-10:00)
Zertan datza:
- Klaseetan daudenek albiste hori koadernotxo batean idazten ahalegintzen dira.
- Igorritako albisteak, edo albistearen testuingurua kontutan izanik, ondoren klase bakoitzean horren inguruko elkarrizketak sortzen dira ikasleen artean.
- Jarduera honen bitartez, albistearen mamia lantzeaz gain, diktaketa, hizkuntzaren erabilera, ulermena eta hainbat kontzeptu finkatzea du helburu.
Irratsaioko partaideak:
- Irakaslea eta lau ikasle, gehi goiz osoan izango diren irratiko bi arduradunak.
Nori zuzendua:
- 3., 4., 5. eta 6.mailako ikasle guztiei.
- Bakoitzari dagokion gelan irratsaioa entzuteko irratia dago
Aurkezpena (10:10-10:25)
Zertan datza:
- Tarte honetan goiz horretako bi arduradunek, jarraian eta ordu batak arte Txupatxus Irratiko(horrela deitzen diogu irrati honi) jarraitzaile nekaezinek izango duten goizeko programa azaltzen dute.
- Geletatik edozein momentutan ikasleren bat edo beste etor daiteke bere lanen bat emititzera: kontestu bateko Irteera, alegia.
Irratsaioko partaideak:
- Irratian goiz horretan tokatzen zaien bi arduradunak.
- Elkarren artean txandakatzen dira teknikari eta aurkezle lanetan.
- Geletatik etorritako ikasleak.
Nori zuzendua:
- Etxeetan normalki, bada gurasoren bat edo beste jarraitzen duena. Hala ere, Gallartan esan behar, ikastolako gurasoen %2k baino ez dakiela euskaraz.
- Geletatik jarrai dezakete nahi izanez gero.
- Liburutegiko arduradunak goiz osoan bertako irratia izango du piztuta. Emanaldietan gora beheraren bat izanez gero, bera arduratuko litzateke irratiko bi arduradunei jakin arazteko.
Irrati Leienda (10:10-10:25)
Zertan datza:
- Horretarako propio dauden liburuetatik, Euskal Herriko legendak irakurtzen dituzte.
- Hori bai, ahoskapena zainduz, abiadura eta efektu bereziak tartekatuz.
- Geletatik edozein momentutan ikasleren bat edo beste etor daiteke bere lanen bat emititzera: testuinguru bateko irteera, alegia.
Irratsaioko partaideak:
- Irratian goiz horretan tokatzen zaien bi arduradunak.
- Elkarren artean txandakatzen dira teknikari eta aurkezle lanetan.
- Geletatik etorritako ikasleak.
Nori zuzendua:
- Geletatik jarrai dezakete nahi izanez gero.
- Liburutegiko arduradunak goiz osoan bertako irratia izango du piztuta. Emanaldietan gora beheraren bat izanez gero, bera arduratuko litzateke irratiko bi arduradunei jakin arazteko
Txorroroskopoak (11:00-11:45)
Zertan datza:
- Egun horretako horoskopoak umeak asmatuak.
- Batetik bestera musika tartekatuz.
Irratsaioko partaideak:
- Irratian goiz horretan tokatzen zaien bi arduradunak.
- Elkarren artean txandakatzen dira teknikari eta aurkezle lanetan.
- Geletatik etorritako ikasleak.
Nori zuzendua:
Berdin
Txupatxus Albistegia (11:45-12:25)
Zertan datza:
- Egun horretako Euskaldunon Egunkariatik interesgarrien iritzitako albisteak irakurtzen dituzte. Ahoskapen egokiak eginez eta albisteen artean musika tartekatuz.
- Albisteekin amaitzeko hurrengo eguneko eguraldiaren prebisioa egiten dute.
Irratsaioko partaideak:
- Berdin
Nori zuzendua:
- Berdin
Abesti dedikatoria (12:25-12:25)
Zertan datza:
- Norberari gustukoen zaionari eskainitako abesti dedikatoriak dira.
Irratsaioko partaideak:
- Berdin
Nori zuzendua:
- Berdin
Agurra (12:25-13:00)
Zertan datza:
- Goizean izandako teknikariak beren izenak aipatuz, hurrengo bat arte, egun ona pasa esanez, agurtzen dute.
- Irratiko ikasle arduradunek ondo jasota utzi duten begiztatzen du eta hurrengo goizerarte emisorea itzalita uzten du.
Irratsaioko partaideak:
- Berdin
Nori zuzendua:
- Berdin
EMANALDIETARAKO IKASLEAREN LAN METODOA: 
9:30etan: Egunon saioa
Egunon saioa amaitzen denean, musika jarri eta aurkezpena prestatzen hasiko gara.
10:10ean: Aurkezpena
Gure Txupatxus Irratia aurkeztuko dugu, FM 107an. Ondoren, entzuleei goiz osoko programazioa azalduko diegu.
Hau guztia egin ondoren, ipuin edo legenda bat aukeratuko dugu.
Entsaiatuko dugu eta efektu bereziak pentsatuko ditugu (guk ahoz egiteko).
10:25ean: Irrati leienda
Aukeratutako legenda edo ipuina irakurriko dugu, noizbehinka musika tartean sartuz.
Amaitzen dugunean, txorroroskopoak asmatzen hasiko gara (egunkarikoak lagungarriak izan daitezke).
Bakoitza asmatu eta idatziko dugu.
11:00etan: Txorroroskopoak
Asmatutako txorroroskopoak irakurriko ditugu.
Bat amaitzerakoan, musika jarriko dugu.
Honen ostean, albistegia prestatzen hasiko gara: egunkaria hartu eta albisteak aukeratuko ditugu.
11:45tan: Txupatxus albistegia
Aukeratu ditugun albisteak irakurriko ditugu, astiro, ondo ahoskatuz eta ulertzeko moduan. Albisteen artean musika apur bat jarriko dugu.
Albisteak amaitu ditugunean, eguraldiaren prebisioa irakurriko dugu.
12:25ean: Abesti dedikatoria
Zein abesti jarriko dugun eta nori eskainiko diogun pentsatuko dugu.
_Nori eskaintzen diogun, zergatik eta abestiaren izenburua eta taldea zein den_emitituko dugu. Ondoren abesti osoa utziko dugu.
12:55tan: Agurra
Entzuleak agurtuko ditugu, teknikariak nortzuk izan diren aipatuz.
Dena batuko dugu: zintak, liburuak, arkatzak... eta ordenatuta utziko dugu.
Aparailuen gainean zapiak jarriko ditugu.
Txanden zerrendan gurutzea jarriko dugu.
Emisioa ezin da moztuta gelditu: beraz, _musika zaindu eta zintak prest eduki,_ tarteak beste ekintza batzuk sartzeko aprobetxa ditzakegu: txisteak, asmakizunak, olerkiak, elkarrizketak, erreportai laburrak...
Baliabideak
- Irrati emisorea.
- Mikrofonoak.
- Irratiak (gutxienez bat gelako).
- Musika zintak, CDak...
- Liburuxkaren bat edo beste (Legendak...)
- Euskaldunon Egunkaria.
- ...
Aurrekontua:
Behin emisorea izanda, noizbehinka kontatu behar izaten den gastu finko bakarra aberiena izaten da.
Gainerakoa nahi adina aberats daiteke irrati-emisore bat.: CD-ak, mikroak, ekipo berezitxoagoak,...

