Zoroa irratia: irrati tailerra.
Ikastetxea: Adurza ikastola (Gasteiz)
Egileak:Jose Manuel Martinez Fernandez
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Ikastolan aurten tailer bat eratu dugu, hirugarren zikloan ahozkotasuna lantzeko. Era xumean egiten da, grabaketen bidez, baina ikasleengan arrakasta handia du. Jardueraren helburuak, antolaketa, ikasleen eta irakasleen partaidetza eta balorazioa azalduko ditugu.
Sarrera
Irrati tailer hau Adurtza ikastola publikoaren 5. et 6.mailako umeek burutu dute 2001-2002 ikasturtean.
Gure ikastola Lehen hezkuntzakoa da, D eredu bakarra du eta bi lerro, bi gela mailako, alegia. Gasteizko hegoaldean kokatuta dago, Adurtza auzoan hain zuzen, eta 300 bat ume ditu.
Orain dela lau urte Hizkuntza Normalkuntza edo Ulibarri programaren barruan sartu ginen eta iaz ahozkotasuna lantzeko berriztapen proiektu zabal bat aurkeztu genuen umeen euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin. Proiektu honek hiru atal zituen:
- Haur hezkuntzan ipuinen lanketa ipuin kontalari baten laguntzaz
- 3. eta 4.mailetan bertsolaritza landu bertsolari batekin
- 5. eta 6.mailakoekin, ikastola osoari zuzendutako irrati tailer bat antolatu.
Proiektu honen barruan, irratiaren zeregina bikoitza zen:
- Hirugarren zikloko umeen ahozko zein idatzizko hizkuntza modu atseginean landu.
- Irratiaren bitartez, ikastola girotu, euskararen erabilera bultzatu, hainbat akats nabarmendu eta, orokorrean, euskararen aldeko mezuak igorri.
Irailean sortu genuen beraz, eskola irrati klasiko bat, (emisorarik gabe gure emisioak auzora zabaltzea ez baitu merezi), hau da umeekin gidoiak prestatu, grabatu eta handik bi egunetara eskolako megafoniatik entzun.
2001-2002 ikasturtean zehar funtzionatu du. Aurrerantzean...
Helburuak eta metodologia
Tailerra ikastolako 5. eta 6.mailako umeek burutu dute asteazkenero bi saioetan, goizeko 11:30etatik 13era, alegia.
Gure ikastolan tailerrak antolatzeko dugun planteamenduari jarraituz, irrati tailerra zikloka antolatu dugu, bi mailetako umeak nahastuz (5. eta 6.a). Era honetan, ikasle guztiek hiru tailerrak egiten dituzte urtean, hiruhilabetero aldatuz. Irakasleak, beraz, hiru aldiz errepikatzen du tailerra hiru ume-talde ezberdinekin.
Zikloko umeak banatu eta hiru talde osatu dira 14 edo 15ekoak. Kopuru honekin lan egin dugu hiruhilabetero asteko irratsaioa aurrera eramateko.
Txanda bakoitza hamar saiotan gauzatu da. Lehenengo lau saioak prestaketa lanetarako erabili dira eta beste seiak irratsaioak grabatzeko. Aipatu 15 umeok talde txikietan lan egin dute (bosna ume) eta talde bakoitzak bi irratsaio egin ditu. Hortaz, hiruhilabetero sei irratsaio grabatu dira, 18 guztira.
Irratsaioak asteazkenetan grabatu eta ostiraletan emititu dira arratsaldeko 3:30etan lehen hezkuntza osorako 15-20 minutuko iraupena izan dutelarik.
Irratiak ez dauka emisorarik eta grabaketaren bidez funtzionatu du; ez da, beraz, zuzeneko irratirik izan.
Tailerraren arduraduna irakasle bakar bat izan da arlo honetan inolako eskarmenturik gabea. Orain lehen bezala dirau, jakin ezer ere ez baina eskarmentua bai, Zoroa irratiak eman diguna.
Irratsaioaren edukina 
Sintonia
- Agurra eta urtebetetzeak
- Ikastolako berriak: irteerak, kanpainak, obrak...
- Zer entzun hura ikasi: gure euskara hobetzeko saioa
- Publizitatea: iragarki barregarriak
- Erreportaia: gai bati buruzko lanak; Elkarrizketak: bisitak, gogoetak, kexak...
- Baietz asmatu ezetz asmatu, gure lehiaketa jokoa: igarkizunak
- Txokoloko, gure txiste eta umore saioa: txisteak
Sintonia
Agurra motza izaten da, barregarri eta zirikatzailea eta irratiaren beraren propaganda egiteko aprobetxatzen da. Ondoren asteko urtebetetzeak aipatu eta zorion kanta jartzen da beti
Ikastolako berriak horretan, asteko irteerak (antzerkiak, erakusketa, txangoak, barnetegiak, entzunaldiak...) eta edozein gelak ez ohiko den zerbait egiten duenaren berri ematen da baita auzoan eta hirian euskaraz antolatzen den edozein ikuskizun.
Zer entzun hura ikasi irakasleak egiten du eta euskararen inguruko saioa da, gehiago ikasteko, akatsak zuzentzeko, ahozko tradiziotik hartuta hizkuntzaren arlo ludikoa islatzen duten hainbat gauza aurkezteko (ahokorapiloak, ipuin txikiak, zozketarako formulak, burla koplak), e.a.
Publizitatea: zentzurik gabeko iragarki zoroak
Erreportaiak sormen lanak izan dira gai baten inguruan: gimnasia artistikoa, gitarra, bideojokoak, futbol femenino, pelikulak, interneteko helbideak...
Elkarrizketak egin dira bai kanpoko jendeari nola barrukoei: barnetegi batera joan diren umeei, ikastolatik joatean atezainari, ikasturte bukaeran zuzendariari, entrenatzaileei... Hemen sartzen dira ere irratira egindako bisitak, alegia, edozein talde edo gela zerbait prestatu eta gurera etorri denean.
Baietz asmatu ezetz asmatu gure lehiaketa da, beti igarkizunen bitartez eta sariekin (txupa txups bat). Lehenengo lehiaketa, irratiari izena jartzeko izan zen eta hortik atera zen Zoroa irratia.
Txokoloko saioa, txisteak kontatzeko erabili ohi da.
Atal guztiak ez dira inoiz emititu irratsaio batean luzeegia joko zukeelako eta normalean bost edo sei atal baino ez dira grabatu: agurra, berriak, lehiaketa eta txokolo beti eta, taldearen arabera, erreportajea, elkarrizketa edo iragarkia. Euskararen inguruko saioa, tarteka, irakasleak prestatzen zuenean.
Helburuak eta lorpen maila
Hauexek ziren ikasturte hasieran markatutako helburuak:
- Irratia aitzaki, ahozko zein idatzizko hizkuntza landu
- Ahoskera, intonazioa, ebakera, enfasia.... egokiak lortu
- Ikastola girotu eta irratiaren bidez, euskararen erabilera bultzatu
- Bat-batekotasunari aurre egiten jakin
- Irratiari gustua hartu
Helburu hauetatik hirugarrena da tailer honen helbururik behinena.
Ahozkotasuna lantzeko garatu dugun proiektu honen barruan, hauxe izan da gure abiapuntua eta oinarria, baita gure ardatza ere: nola zabaldu euskararen erabilera ikastolako esparru guztietara, alegia. Hizkuntzaren ezagutza eskolako curriculumak ziurtatzen badu, proiektuak motibazioari ekin behar dio euskara bertako hizkuntza izango bada. Irratiak ikastolako kontzientzia gisa funtzionatu du, guztion ahotsa izan eta identitate kolektiboa sortuz. Girotze lana soberan bete du eta erabileraren bultzatzailearen papera ere bai.
Helburuen lorpenari begira esan dezakegu helburu guztiak bete direla, maila ezberdinean bada ere. Kontraesana dirudi baina ahozko hizkuntza ez da apenas lantzen irratiaren bidez, irratsaioak idatzi egiten dira gero irakurtzeko eta tarte gutxi egiten zaio bat-batekotasunari. Beraz, hizkuntza idatziarekin aritu gara batik bat, irratsaio bakoitzak 6-7 folio hartuz.
Ahoskera, intonazioa, abiadura, eta abar egokiak lortzeko borroka polita izan da grabaketa garaian. Lortu ez, baina hobetu, asko egin dute.
Bukatzeko, umeei izugarri gustatu zaie irratiko esatari bihurtu eta mikrofonoetatik hitz egitea.
Baliabideak
Zoroa irratiaren grabaketa estudioa ikus-entzunezko gela barruan dago, bi mahai handien gainean eta honako parafernalia honekin:
- Nahasketa mahaia, 6 pistakoa (4 mikro, CD eta kasete)
- CD erreproduzitzailea
- Pletina bikoitza
- Irrati kasete arrunta
- Lau mikrofono
- Bi bafle
Hau guztia Euskal Gobernutik iritsitako diruarekin eskuratu dugu. Honez gain, papera, boligrafoa, zintak eta umeen ahotsak, jakina.
Dirua bi iturrietatik iritsi zaigu:
- Ahozkotasuna lantzeko berriztapen proiektoaren barruan: 50.000 pezeta
- Nolega barruan, irratigintza lantzeko: 68.000 pezeta
Pulamentuzko irratia egiteko askoz gehiago behar da (4 kasko pare, kaskoen anplifikatzailea, mini-diska ...) baina, beti bezala, dagoenarekin konformatu behar nonbait eta hala edo nola moldatu egin gara.
Ondorioak
Tailer honek eskatzen duen lanari dagokionean, bi arlo bereizi behar dira: prestaketa eta grabaketa.
Prestatze lana oso lan nekosoa izan da. Sormena eta irudimena beharrezkoak dira irratsaioen edukiak asmatzeko (agurrak, erreportajeak, elkarrizketak, iragarkiak...) eta ikasleak hasieran zeharo galduta ibili dira folio zuriaren aurrean. Bestalde, ez zuten menperatzen irratiko testu moldea eta hizkuntza erregistroa(errepikapenak, erritmoa, hizkera bizia...) eta asko kostatu zaie lanari egokitzea. Gainera, zuzentasuna ere hor dago beti: ortografia, puntuatze markak... Azkenik, ordenagailuan idatzi behar dira gidoi guztiak eta gehienak ez ziren horretan inoiz aritu. Irakaslearen lana guzti honen inguruan astuna suertatu da.
Grabaketa, ordea oso une kilikagarria izan da, kilikagarria eta histerikoa. Umeak urduri, izerditan, adi-adi eta zerbait garrantzitsua egiten duenaren kontzientziarekin, zeharo kontzentraturik eta giro onean. Barre handiak egin ditugu eta honek ahantzarazi egin ditu aurreko neke guztiak.
Ikasleen motibazioa, interesa eta gogoa ezin hobea izan da.
Ikastolan eragina nabaria izan da eta giro ederra eman dio eguneroko eskola bizitzari. Irratsaioaren lehiaketa eta berarekin zetorren saria arrakasta handia lortu du eta umeak une hori noiz iritsiko zain zeuden.
Euskararen erabileraren inguruan, zaila da zerbait esatea. Irratiarekin batera aurten bertsolaritza eta ipuinak ere landu dira proiektuaren barruan eta euskara bultzatzeko hiru kanpaina antolatu ditugu. Zaila da irratiak izan duen eragina neurtzea eta gainerako ekintzetatik bereiztea baina ziur gaude prestigio handia eman diola euskarari, batetik nagusiek egin dutelako, (5. eta 6.mailakoek) eta, bestetik, esparru akademikotik nolabait kanpo ibili den gauza erakargarria izan delako. Gauza hori, gainera, irrati bat izan da eta paper hori bete du, ikastola osoko elkargune eta elkar komunikatzeko tresna bat izatea, hain zuzen.
Hazi guzti hauek erein ditugu aurten, eta itxaropentsu agertu behar dugu gerora amestu dugun uzta jasoko dugulakoan.

