Txostenak

Herritarrak gelara: 94 urte eta oraindik eskolan!

Ikastetxea: Lezamako herri ikastetxea

Egileak: Itziar Abarrategi Txurruka eta Inmaculada Retolaza

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Lezamako eskolan herritar batzuk gonbidatu ditugu bertara, herriko aberastasun linguistiko eta kulturala ikasleei agertzeko asmoz. Ekimen horren xehetasunak azalduko ditugu: pertsonen aukeraketa, aurretiko prestaketak eta egindako lana.

Sarrera

EUSTAT-en arabera (1996) Lezaman euskaldunen proportzioa %85,27 da (Euskaldun alfabetatuak %73,22 eta jatorrizkoak %63,73). Herri oso euskalduna, beraz.

Ikastetxea 123 ikasle eta 15 irakasle ditu eta Haur Hezkuntza nahiz Lehen Hezkuntzan dihardu. D ereduko ikastetxea da.

Egitasmoa 5. eta 6.mailako taldeei zuzendua da eta bertan parte hartzen duten ikasleen %65a jatorriz euskalduna da.

Justifikazioa

Aipagarria da gure eskolako irakasleek aspaldidanik izan dugun bizkaierekiko jarrera. Honen ondorioz, 4.mailara arte ikasketak bizkaieraz egiten dira eta 5.mailatik aurrera batuari sarrera ematen zaio.

Hirugarren zikloan, ordea, arazo batekin egin dugu topo: Gure ikasleek harreman kolokialetarako etxeko euskara erabili beharrean erdarara jotzen dutela. Ikasgelan bertan, kontakizun, txiste, pasadizo,.... edo zerbait etxeko moduan ahoz kontatu behar zutenean zailtasun handia zutela ikusi dugu.

Gure ustez, euren bizitzan etxeko eta eskolako hizkuntzaren artean dagoen etenak eragiten du hori. Adibidez, haur batek bere amamari batuaz nahiz erdaraz zuzentzen zaio eta ez etxeko hizkeran. Beraz, eten hori gainditu nahian, eskolan etxeko euskarari tokia ematen saiatzen ari gara.

Gabezia hau ikusita, eta daukagun ondare linguistiko eta kulturala ez galtzeko, gogoan izan dugu askotan bertako jendea eskolara hurbiltzea. Adibidez, aurreko ikasturtean ere irratsaioa osatzeko elkarrizketa bat egin genion bertako gizon bati eta euskaltzalearen konpromisoa betetzeko (Hau kanpaina bat da) herritar bi ere gurekin egon ziren euren bizimodua apur bat kontatzeko.

Ekimen hau multzo zabalago baten baitako ekintza bat gehiago da. Txorierriko beste eskola batzutan (Larrabetzu, Zamudio ...) antzeko esperientziak izan dira eta hauetatik ideiak jasotako ideiak gure errealitateari egokituz prestatu dugu.

Helburuak eta metodologia

Egitasmo honek helburu hauek ditu:

  • Txorierriko hizkera eskolara hurbildu.
  • Bertoko hizkuntza ezagutu eta eskolakoa aberastu.
  • Ikasle euskaldun zaharrek etxeko euskara balioesten ikastea.
  • Antzinako bizimodua eta tradizioak ezagutzea: Bendejerak, letxera, baserri giroa ...

Honelako ekintza bat burutzeak aurretik eta ondoren lan egitea eskatzen du:

  • Hizlari egokia topatzea.
  • Elkarrizketa aldez aurretik prestatzea.
  • Bisitaren irudiak eta soinua jasotzea
  • Gelan ondoren egin beharrekoa prestatzea: hiztegitxoa, elkarrizketa, egunkaria?

Hona hemen egindako lanaren adibide bat

Antzinako emakumeen bizimodua

Herriko dendariarekin berba egin ondoren bi emakume hauen berri izan genuen eta telefonoz jarri ginen harremanetan. Eskolara etortzeko prest zeudela ikusita saioa prestatzen hasi ginen.

Emakumeen egunean, Juli eta Benigna gure eskolara etorri ziren euren gaztetako lanak zelakoak ziren azaltzera.

Tutoreak 5. eta 6.mailako ikasleak bildu zituen eta emakumeen egunari buruz mahai inguru bat antolatu zuen. Zergatik eta noiztik ospatzen den, emakumea eta lana, ... Ikasleek gaiari buruzko iritziak eman zituzten. Lehen urrats hori eman ondoren Juli eta Benignaren bisitaren berri eman genien eta taldeetan antolaturik egin beharreko galderak prestatu zituzten.

Bisita:

  • Eguerdian, tutorea emakumeen bila joan zen bitartean, beste tutorea umeekin zain egon zen ikasgelan.
  • Elkarrizketa oso giro lasaian egin zen. Hasieran aurkezpen txiki bat egin genuen eta horren segidan emakume bakoitzak bere bizimodua kontatu zuen. Kontakizuna amaitutakoan umeek galderak egin zizkieten (momentu batzuetan tutorearen laguntza beharrezkoan izan zen bietako batek entzumena apur bat galduta zeukalako eta galderak ez zituztelako oso ondo ulertzen: hiztegia, egiturak,...).
  • Amaieran, txalo zaparradarekin batera, ikasle bik lora bana eman zieten denon izenean eta, eskolako ohitura jarraituz, gailetak eta ardo goxoa hartuz bukatu genuen ekitaldia.
  • Guztira ordubete inguru egon ginen elkarrekin

Gelan egindako lanak

Hausnarketa:

Azken 20 minutuetan tutore bakoitzak bere gelan ikasleen iritzia jaso zuen. Besteak beste, ondoko iritziak bota zituzten:

  • Emakumeen lanbidea gogorra zela iruditu zitzaien.
  • Ikasleen mundutik oso urrun zegoela egoera hori, oso antzinako kontuak zirela.
  • Hizkera aldetik, ikasle batek (lezamarra ez dena) adierazi zuen ez zuela inoiz entzun inor horrela hitz egiten.
  • Beste batzuk aitite-amamaren moduan hitz egiten zutela esan zuten, oso arraroa zela.
  • Baziren beste batzuk inoiz entzun izana bai, baina ezezaguna gertatzen zitzaiela adierazi zutenak.
  • Orokorrean oso gustuko ekintza izan zen eta umeak pozik atera ziren.

Gelako hiztegia

Bideo grabaketa ikusten zuten bitartean ikasle bakoitzak bere koadernoan hitz ezezagunak edo deigarriak jaso zituen. Koaderno honetan, atal bi bereiz daitezke: batean eguneroko ekintzetan agertzen diren hitz berrien esanahia jasotzen dute eta bestean ekintza hauetan jatorriz bertakoak diren hitzak, esamoldeak... eta hauen esanahia. Adibide moduan horra hor egun horretan ikasle batek jaso zituen hitz batzuk:

  • Koiu= hartu
  • Lotu= gelditu
  • Bapez= bat be ez = ezer be ez
  • Burrusia= blusa
  • Sorki= eskuzapia / buruan pisua eramateko jartzen dena
  • Iten= egiten
  • Axe= huraxe
  • Oin= orain
  • Ingeru= 15 litro inguru, gutxi gorabehera
  • Biharrak= lanak
  • Beitu= begiratu
  • Atoan= oraintxe bertan
  • Basi= unto
  • Erdu= etorri

Egunkaria

Eskolako egunkarian ekintza honi buruz ikasle bik artikulu bat idatzi zuten (ikus eranskina).

Baliabideak

Ez da ezer berezirik behar egitasmoa gauzatzeko. Lekuko egokiak topatzea da, beharbada, zailena. Egin nahi denaren arabera bisitaldia bideo edo audio formatuan jaso daiteke eta nahi den moduan ustiatu. Bisita mistela goxoa eta pasta batzuekin laguntzea, ezinbestekoa ez bada ere, oso egokia da behar den konfiantza giroa eman eta esker ona adierazteko.

Ondorioak

Egitasmo honekin gure ikastetxean herriko hizkera, kultura eta bizimodua era zuzenean ezagutzeko eta duen garrantziaz jabetzeko bide bat zabaldu dugu.

Ikasleen baitan gure nagusiekiko onarpen eta errespetua ereitea lortu dugu, oso jarrera baikorra erakutsi dute bai batzuk, bai besteek.

Ikasleen familia girokoak diren pertsonak eta hizkerak (baserria, etxeko euskara, aitite-amamaren kontakizunak,...) eskolaratzeak etxean dutena balioetsi eta norberaren jatorriarekiko harroago sentitzen lagundu dielakoan gaude.

Aipagarria da, halaber, herritar horiengan eskolak adierazten duen interesak duen eragina: garrantzitsuak edo beharrezkoak sentiarazi ditugu.

Aurrera begira

Ildo honi eutsi beharra ikusi dugu. Adineko pertsonena baliabidea egokia da eta ikasmaila guztietara hedatu nahi genuke egitasmoa. Joandako ikasturtekoa lehen urratsa besterik ez da izan, datorren ikasturtean ekintzak eta lan estrategiak hobeto planifikatuz egindakoa hobetu egin nahi dugu.