Txostenak

Euskalpiada: ikasleek antolaturiko euskal astea.

Ikastetxea: Itxaropena ikastola (Trapagaran)

Egileak: Guruzne Ezkurra Izeta.

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Euskal Asteko azken eguneko programa ikasleen euskara-taldeak antolatzen du eta euskal giroko ekintzez osatzen dute

Sarrera

Gure ikastetxea Bilbo Handiko ezkerraldean kokaturik dago,Trapagarenen. 300 ikasle ditugu eta D ereduko ikastetxea da. Euskalpiada DBHko ikaslez osaturiko euskara taldeak antolatzen du eta ikasturteari bukaera euskal giro alaian ematea du helburu.

Helburuak eta metodologia

Helburu edo xede nagusia hauxe da: euskaraz eta euskal giroan ondo pasatzea.

Eragileak ikaslez osaturiko euskara taldekideak izan dira eta hartzaileak DBHko ikasle guztiak.

Ekintzak astean zehar banaturik egon dira eta programa honakoa hau izan da:

  • Astelehenean klaseko lehenengo bi orduetan lehiaketa ezberdinetan parte hartzeko aukera izan dute:literatur lehiaketa, bertso paper lehiaketa eta eranskailu lehiaketa aukeran eta posible da bat, bi edo hirurak aukeratzea; hori bai, aukeratzen duten lanaren gaiak euskara eta euskal munduarekin zerikusia izan behar du.
  • Asteartean ikasturte bukaerako txangoak dira eta gela bakoitzak euskara ikastolatik kalera ateratzeko konpromisoa hartu beharko du joan aurretik.
  • Ostegunean, Kirola Euskaraz, gela guztiak ikastolatik hurbil dagoen landa batera joan eta zenbait lasterketa eta jolasetan parte hartzeko aukera izango dute kirol irakaslearen gidaritzapean.
  • Ostiralean EUSKALPIADA, azken eguneko jaia. Programa berezi batekin emango diogunez bukaera asteari:
    • 9etan IRRINTZI LEHIAKETA jolastokian
    • 10etan EUSKAL JOLASAK: Sokatira, Arto bilketa, Txinga erute
    • 11etan Lehiaketa ezberdinen txapeldunei SARI BANAKETA eta HAMAIKETAKOA
    • 12etan EUSKAL DISKOTEKA

Baliabideak

Baliabide aldetik ez dugu gauza handirik behar izan .Asteleheneko ekintzetarako bakarrik kartulina batzuk eranskailuak aurkezteko.

Horma-irudietarako paper zuri handiak jarri ditugu.

Kirola Euskaraz ekintzarako dominak erosi ditugu sari bezala ikasleei emateko.

Ostiralean lehiaketen txapeldunei banatzeko euskal musikako CDak erosi genituen, 7 guztira. Hamaiketako moduan ogia eta txorizoa eman genien eta Euskal Diskotekarako ikastolako musika aparailua erabili genuen eta ikasleek ekarritako CDak, jarri zitzaien baldintza bakarra musika euskalduna ekartzea behar zutela izan zen.