Txostenak

Euskalduna naiz eta... nahiko ote?

Ikastetxea:Urola ikastola eta Xabier Munibe BHI. (Azkoitia)

Egileak: Joseba Mendia eta Pilartxo Landa

Eskola Hiztun Bila-jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Hainbat saio egin dugu hizkuntzen galera eta berreskuratze prozesua ulertzeko eta hizkuntza normalizazio planetan eragiketa nondik nora jo behar den jakin eta horretarako bideak eskuratzeko. Bi motatako programazioak: irakasleei eta ikasleei zuzenduak.

Sarrera

Gure ikastetxeotan euskararen garapena eta normalizazioa bermatzeko, bertako partaide orok, hizkuntzaren ezagutza eta praxia soziolinguistikoaz BLAI egitea, euskara ezagutzeaz batera, erabilera kontzientea suspertzea.

Xabier Munibe BHI: DBH, D eredua, 205 ikasle, 31 irakasle, 5 ez-irakasle.

Urola ikastola: DBH (Azpeitia), DBHO (Azkoitia-Azpeitia) eta ikasketa hauen barne Heziketa Zikloak eta batxilergoak, Etengabeko ikaskuntza, D eredua, 653 ikasle, 92 irakasle, 18 ez-irakasle.

Egitasmo hau ikastetxeotako ikasle, irakasle, ez-irakasleekin, Azkoitia eta Azpeitiko herri taldeekin burutu da. Ikasleen gurasoekin ekimen puntual soilak garatzera iritsi gara.

Ikastetxe honen eragin esparruan, Urola erdiko bailaran, biztanleriaren %88,12a euskalduna da, eta bertaratzen zaizkigun ikasleetatik %85,93 ere bai. Berezko euskaldun edo ia euskaldun izanik, euskararen garapenerako funtsezko jarrera eta jokabideen ezagutza eskasa da bertoko ezaugarria. Horregatik, ikuspegi soziolinguistikoaren garrantzia. Egitasmo honen zutabeak hauexek lirateke:

  • Jaiotzetik euskaldun izan edo ez, etxe-lagunarte eta ikastetxean euskaraz egitetik landa, hizkuntzaren beste zereginen edo funtzioen berririk edo kontzientziarik ez izatean, euskararen normalizaziorako funtsezko diren hainbat erabilera eremutan gazteleraz baino egin edo jardun ezin daitekeelako aurreiritzian eta praxian aldaketak eragin nahia.
  • Hizkuntza ordezkapen prozesua geratzeko urratsak ematea, hau da, hizkuntza gutxituen ordezkapen prozesuaren ezaugarriak eta eragileak ezagutu, eta aurre egiteko jarrerak aktibatzea
  • Hizkuntza corpusean isteke, statusera irekitzeko ahaleginak bideratzea; hau da, ikastetxeko partaideei hizkuntzaren ikasketa akademiko-linguistakoaz batera, formakuntza funtzionala bermatzea, erregistro eta aldaera ezberdinak, kontestualizazioaren garrantzia, hizkuntz funtzioen errealitatea ... eta berehala praktikaraztea.

Ondoko puntuan zehaztuko diren ekimen desberdinen aplikazio aldien datak segidakoak dira:

  • A-Motibazio saioak: ikasleei zuzenduak (15-18 urte tartekoak): 97-98 eta 99-00 ikasturtetan.
  • B-Soziolinguistika saioak: irakasle, ez-irakasle, euskaltegia eta herri taldeak: 98-99 eta 00-01 ikasturtetan.
  • E-98-99 ikasturtetik gaurdaino

Helburuak eta Metodologia

Egitasmo honen azken helburua, euskararen garapenerako oinarrizko diren jokabide eta ekimenak ohiko bilakatzea da. Hori horrela, egitasmoa bi eratako jardueraz burutzen ahalegindu gara: batetik, aldian aldiko formakuntza saio egituratuak, eta, bestetik, urtez urteko ikasturteko planetan aurrez ikusitako ekimen eta lanaren bidez, zuzendaritza, ikasleria, mintegi, ez-irakasle, kanpo erakunde, eta abarrekin burutu ohi diren lanen bidez. Gure leloa hauxe dateke: edozein ekimen burutzen delarik ere, esanahia eta ikuspegi soziolinguistikoaz berau blai dezagun.

Helburu nagusia:

Euskalduna euskaldun kontzientziadun bilakatzea.

Helburu xeheak:

  1. Nor bere jarrerak duen eraginaz jabearaztea eta hausnarraraztea.
  2. Legediaren laguntzak eta mugak ikustaraztea.
  3. Elebitasunaren gezurraz hausnarraraztea.
  4. Ezagutzaren eta erabileraren arteko desberdintasunak ikustaraztea.
  5. Hizkuntza fenomeno soziala denez, ikaste hutsak (formala), erabilera funtzionalik gabe (formala eta ez formala) hizkuntza horren normalizazio lagundu baino areago kaltetu egin ohi duela ikustaraztea, eta horren aurrean jokabide oinarrizkoak martxan jartzea.
  6. Konpromisorako prestura susperraraztea: Nik ere egin nezake... ra heltzea.

Oinarri teorikoak:

  • Jose Maria Sanchez Carrión Txepetx: Un futuro para nuestro pasado.Claves de la recuperación del Euskara y Teoría social de las lenguas.
  • Lasarte Oriako Ttakun kultur Elkartearen Motibazio Egitasmoa.
  • J.L. Alvarez Enparantza, Txilardegiren ekarpenak.
  • Koldo Zuazoren ekarpenak.
  • Imanol Esnaolaren ekarpenak.
  • Julen Arexolaleiba.- Xamar: Orekan: Herri eta Hizkuntzen ekologiaz
  • eta beste hainbat.

Eragileak eta hartzaileak:

Eragileak eta hartzaileak
Hartzaileak Ttakun Kultur Elkartea eragilea Iñaki Arruti, Pablo Suberbiola eragileak H.N.B eragilea
Xabier M. Ikastola a b e
Urola Ikastola a b e
Euskaltegia b
Herri Taldeak b
Gurasoak -------- -------- --------

Ekintzen aurkezpena:

Arestian zehaztutako saioak bi eratara burutu ohi dira: Formakuntza saioak (a eta b) eta eguneroko ekimenak (e).

Formakuntzari dagokionean, ikasleei zuzendutako motibazio saioak eta irakasle, ez-irakasle, euskaltegi eta herri taldeei egokitutako soziolinguistika saioak leudeke.

Ikasleei zuzendutako saioen ardura, adin hauetako gazteekin lanean diharduten taldeei ematea funtsezkotzat jo ohi dugu, zeren horrela, saioei, akademia kutsua kentzea lortu ohi da eta hizkuntzaren alderdi ez-formala eta emotiboa aktibatu eta lantzeko aukera emanik, mezua xamurrago barnera baitaiteke. Saiook ikasleriaren eskola dedikazioaren barne sartu ohi dira, ordutegi zehatzez antolatuta eta koordinazio lanak Hizkuntz Normalkuntza Batzordeak eta ikasburutzak egin ohi.

Irakasle eta besteei zuzendutako soziolinguistika saioak berriz, irakastorduz kanpora eta bi astetan banaturik burutu dira. Saio hauetara azaltzea borondatezkoa izan ohi, eta, inguruko ikastetxe zenbaiti ere gonbita egin ohi zaio. Saio hauen ardura soziolinguistikoa eremuan formakuntza teorikoa izateaz batera, bere eguneroko lanean ere, eremu hori lantzen duten pertsonak izan dezaten erabaki ohi, nolabait esateko, pertsona eskarmentudunak izan daitezen. Azken saioa, 00-01 ikasturtean burutua, hezkuntza sailaren irakasleriaren formakuntza egitasmoaren barne antolatu da. Bestalde, IRALE barnean, ikastetxeok euskaltegiekin batera antola ditzakegun hobekuntza ikastaroen barne ere, ?corpus?ari lotutako formakuntzarekin batera, soziolinguistikako saioa tartekatzearen esperientzia ere burutu da.

Eguneroko ekimenetan, azkenik, edozein delarik ere antolaturiko ekimena, berorren bidez zein estrategia soziolinguistiko lantzen den eta zertarako antolatu den ezagutaraziz jarri ohi da abian; era honetara tentu handiz eta poliki-poliki baina garden, egiten dugunaren kontzientziaz jabetuz joan gaitezen.

Metodologia:

Motibazio saioak: Metodologia interaktiboa. Iritzi trukaketak, Jolasak. Jokoak.Dantzak. Rol jokoak (Epaiketa)

Soziolinguistikako saioak: Aurreiritzi panela. Azalpenak, Elkarrizketa-Eztabaida.

Baliabideak

Giza/erakunde baliabideak: Iñaki Arruti (Lasarte-Oriako Udaleko Euskara teknikaria), Ttakun Kultur Elkartea (Iñaki Eizmendi eta beste), Ttakun Kultur Elkartea (Pablo Suberbiola), Hizkuntza Normalkuntza batzarkideak, Hezkuntza saileko irakasleriaren formakuntza egitasmoak, Azpeitiko Udal euskaltegia.

Baliabide materialak: telebista, bideo kamera, bideoa, argazki makina, grabagailuak, transparentzia proiektorea, areto edo espazio ezberdinak, arbela ...

Material didaktikoak: Bideo zintak, transparentziak, euskarri teorikoak eta lan gida (beha material osagarria)

Aurrekontua:

  • a1.iturria: Ikastetxearen fondo propioak: 680 euro
  • a2.iturria: Ikastetxearen fondo propioak: 1836 euro
  • b1.iturria: Ikastetxearen fondo propioak: 240 euro
  • b2.iturria: Eusko Jaurlaritzako irakasleriaren formakuntza egitasmoak: 538 euro
  • e.iturria: Ikastetxearen fondo propioak (Hizkuntza normalkuntza mintegi-esleipena): 360 euro/urte

Ondorioak

Egitasmo honetan Txepetxen eskema orokorra jarraikiz bi lorpen mota bereiz nahi ditugu: motibazio eta ezagutza lorpenak, eta, egunerokoak edo erabilera lorpenak, aurrekoen materializazio direnak, hau da, eguneko bizitzan praktikan islatuak. Azken hauek, orain artean ezin neurtu ditugu, eta, lorpen zantzuaz bakarrik mintza gaitezke, joeraz alegia.

Lorpenak aritzean, bestalde, egitasmo honen aplikazio gune naturala ikastetxea dela azpimarratu nahi dugu, eta eremu horren eragina, subjektuak (ikasle, irakasle ...) jasotzen duen guztizko eragin eremuaren %14koa baino ez dela kontutan izan behar dugu (ikus atxikiriko taula), eta, eguneroko erabilera funtzionalaren balorazioa egiteko orduan, eragin eremu osoa kontutan hartzea halabeharrezkoa dela esan behar, gure kasuan, hori kanpo gelditzen zaigularik.

Motibazio eta ezagutzan sartuz gero lorpenak esanguratsuak dira:

Motibazioa

  • Normalizazio prozesua aintzat hartu du pertsonalaren ia erabatekoak eta kontrako joerarik ez da nabarmendu
  • Normalizazioan parte hartzeko etengabeko formakuntzaren beharra sentitu, eta, antolatutakoetan partehartze altua %65 ingurukoa izan da
  • Normalkuntza batzordeak antolatutako saioen balorazioa altua da, sentsazio ona edo oso ona azaldu du gehiengoak
  • Normalkuntza batzordeak antolatutako ekimenen arrera ona izan da eta zenbaitetan partehartze esanguratsua.

Ezagutza

Eremu honetan formakuntza eskabideak, eta beraz, lorpenak hizkuntz ezagutza eta berorren kalitatearen inguruan garatu dira neurri oso zabalean. Horren lekukoa: Irakasle/ez irakasle (R300, Iturri onetik 1 eta 2, H200, eguneroko kalitate lanketa, saio soziolinguistikoak) eta ikasleriaren kasuan (EGA agiriaren lorpena, selektibitate emaitzak)

Erabilera

Erabilerari dagokionean nahiz eta gutxienekoa (harreman, eta akademia nahiz lanbide mailan) ia erabat bermatua dago ikasleria nahiz irakasleriaren baitan hutsunetxorik baden arren, esanguratsuago bigarrenon artean.

Besterik gertatzen da ordea kalitate funtzionalari dagokionean, hau da, euskalkia, estandarra, formala, ez formala, aldaera eta erregistrori dagokienean, lorpenak oso-oso apalak baitira.

Dena den, erabilera mailako lorpenaz hasieran esandakoa aintzat hartu behar (ikastetxearen eragin %14koa). Horregatik, erabilera funtzional mailako lorpenaz mintzatzea baino lorpen zantzuaz mintzatzea nahiago dugu.

Eragina neurtzeko erabilitako adierazleak:

Espresuki diseinaturiko adierazlerik erabili ez den arren, kategoria hori lehenak soilik izanen bailuke, ondokoak adierazletzat har genitzake:

  • Saioen balorazio txostenak: saio hauetan lortu nahi ziren helburuen lorpen maila adieraziko lukete, bai saio emailearen aldetikoa, halaber, hartzailearen aldetikoa ere.
  • Euskal materialgintza jarduera: bada, bereziki heziketa zikloetan, ikas/irakas materiala falta den modulu/jakintzagairik. Irakasle andana bat IRALE barneko R400 programa baitan IKASLANekin harremanetan, mintegi nahiz bakarka materiala prestatze lanetan ari da, askotan musutruk.
  • Nor bakoitzari dagokion lanaren kalitate zaintza eskabidea. Pixkanaka, irakasleriak bere lanerako laguntza eskatzen ari da, eta egindakoaz, kalitatezko irizpideak eskatzen hasia da.
  • Eskolaz barne nahiz kanpoko jardueratan behatutako hizkuntz praxiaren berri H.N. batzordeari helarazi ohi zaio: Unibertsitate/enpresa bisitaldiak, antzerki emanaldiak ... zein hizkuntzatan antolatu/eman diren, hizkuntz kalitatea nolakoa izan den ... Era honetara HN batzordeak kanpo erakundeon hizkuntza praxian eragiteko bideak eta hizkuntz sareak egituratzeko aukerak irekiz doaz.
  • Ikastetxeko publizitate/marketing arloan, hizkuntza normalkuntza irizpideen aplikazioaz informazio bila dator irakasleria.

Bestelako eraginak:

  • H.N. batzordearen eta bere lanaren ezagutza.
  • Ikastetxeko sail ezberdinen eta ikastetxeko dokumentaziotako produkzio propioan hobekuntza kuantitatibo eta kualitatiboa.
  • Herri dinamiketan parte hartzeko prestura ikaslerian.
  • Ikasle batzorde osaketa.

Arazoak:

  • Soziolinguistika eremua oso interesgarri eta esanguratsutzat hartzetik eguneroko praktikan martxan jartzeko jauzirako zailtasunak: ohitura aldaketak.
  • Euskarari dagokion funtzio eremu zabalaren murrizketa eta konpartimentalizazioa. Irakaslerian, euskarari lagunarteko eta lanbide funtzioa ezagutzen zaio eta ikasle/gurasoetan lagunarte eta akademia funtzioa.Beraz, funtzio eskaileratan, hirugarren mailara iristear legoke.

Aurrera begira

  • Norbanako, urrats-urratsezko borondatezko konpromiso erreal /eginkorraren eremua diseina eta bertan murgil (Urrats ttipiaz baina urratsez urrats aitzinatuz).
  • Ikasleriak akademia munduaz landa, normalizazio prozesutan parte hartzeko bideak urratzea, herri dinamiketako bideak irekitzea.
  • Irakas/ikas programa eta egunerokoan hizkuntz funtzioak lantzeko oinarrizko diren hizkuntz aldaera eta erregistroen ezagutza eta erabilera ziurtatzea.