Txostenak

Hizkuntza garatzeko prozedurak

Ikastetxea: Alonsotegiko herri ikastetxea

Egileak: Itziar Falces Eguskitza

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Hizkuntza lantzeko hainbat esparru zabaldu ditugu ikastetxean: hizkuntza txokoa, ludoteka txokoa, ipuin txokoa, ulermen txokoa, irrati-prentsa... Egitasmo osoa nola antolatu dugun azalduko dugu.

Sarrera

Alonsotegi H.I Alonsotegi herrian kokatuta dago. Alonsotegi Enkarterrietako sarreran dagoen lehen herria da. Herri honetan biztanleria erdalduna da nagusiki. Eskolan 165 ikasle ditugu matrikulatuta. Ikastetxeko guraso euskaldunen kopurua oso murriztua da: hamazazpi inguru, besterik ez.

Gaur egun D eredua da nagusi gure ikastetxean. 2002-03eko ikasturterako A eredua desagertuko da, eta gelditzen ziren hiru ikasle Zorrotzako Fray Juan ikastetxera joango dira.

Dena dela, nahiz eta A eredua aurreko ikasturteetan D ereduaz batera jardun, eredu honetako ikasleek ere Hizkuntzako hainbat ekintzetan aktiboki parte hartu dutela esan beharra dago (euren euskara irakasleen gidapean).

1998-99eko ikasturtean Hizkuntzari zuzendutako Formakuntza Proiektuan lanean hasi ginen. Gure asmoa testu mota desberdinak ikertzea eta ekoiztea zen, hauek ikasleekin gelan material batzuen bidez, eta testu libururik gabe landu ahal izateko.

Trini Rubio aholkularitzapean, lehenengoz eta behin Ipuina aztertzen ibili ginen eta zikloetan Ipuin Txokoa antolatu genuen, helburu eta edukiak zehaztuz.

Gure asmoa Ikastetxeko Hizkuntza Curriculuma garatzea zen. Bagenekien bide luzea zela eta hainbat urtetan lanean jardun behar genuela, baina euskararen erabilera gure eguneroko dinamikan barneratu nahi genuen: umeak motibatu eta bide batez trebatu testu mota desberdinak ekoizteko orduan.

Testu libururik gabe eta ikasleek ekoiztutako eta idatziriko testuetan oinarrituz, euren ahozko adierazpena hobetzea zen gure nahia eguneroko lanari zentzua emanez.

Horrexegaitik, Ipuin Txokoaz aritzen ginen bitartean, Luisa Mari Puertasen laguntzari esker Irratia lantzen ere hasi ginen.

Ikastetxean gure maskota den kirikiñoa, Triku, hain zuzen ere, gure Irratiaren ardatza bihurtu zen eta handik datorkio izena: Triku Irratia, ikastetxe barruko irratia.

Ikastetxean, jadanik, anplifikadorea geneukan eta kontrol mahai arrunta prestatu genuen, bi mikrofono eta musika tresnari lotuta. Geletan, ere, altabozak jarri genituen, ikastetxe barrutik irratia esparru guztietan entzun ahal izateko.

Pagasarribide ikastetxean izandako esperientzia ezagutu genuen eta eurek animatuta, gure goizeko irratsaioekin hasi ginen.

1999-2000eko ikasturtean, Ahozko adierazpenaren garapena eta programazioa irratiaren bidez deritzon Berriztatze Proiektuaren bidez Irratsaioen programak burutu egin genituen: goizeko irratsaioak zein asteazkeneko irratsaio berezia. Helbururik garrantzitsuena: hiztun hobeak egitea zen.

Ikastetxean Hizkuntza prozedurak hobetzeko egindako lana bai Haur zein Lehen Hezkuntzari zuzenduta dago. Edukiak, noski, adinari egokituak daude.

Hizkuntza Proiektua Pedagogi Batzordearen bitartez bideratzen da, baina zikloen bidez burutzen den neurrian bai dinamika zein denboralizazioari dagokiola, desberdintasunak sortzen dira, nahiz eta helburu nagusiak berdinak izan.

2000-01 eta 2001-02eko ikasturteetan, ere, lehen aipatutako Berriztatze Proiektuaren jarraipena egin dugu eta Ipuin Txokoaz gain, Irrati-prentsa eta bestelako txokoak prestatu izan ditugu.

Dena dela, Txokoei dagokien lana (programazioa, materialak,...) behin eta berriz ebaluatu eta hobetu beharra dagoenez gero, amaigabea dela esan daiteke.

Helburuak eta metodologia

Gure Proiektuko helburu nagusia hauxe da: Testu mota desberdinak lantzea, idatzi zein ahozko adierazpena hobetuz

Bestalde helburu xeheak:

  • Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak hobetu, ikasleek ekoiztutako testuak funtzio bat betetzen duela kontuan izanik.
  • Ikastetxeko dinamika aktibo eta komunikatiboa areagotu, bai gela zein beste esparruei dagokiela (liburutegia,...).
  • Ahozko adierazpena hobetu esaldien arteko lotura, esamoldeak eta intonazioa.
  • Gure ikastetxean ahozko adierazpenari, komunikazioari, garrantzia handia eman nahi diogu. Hizkuntza eguneroko hartu-emanetarako komunikazio tresna da azken batean.

Triku irratia:

  • Triku Irratia Hizkuntza txoko guztien ardatza da. Goizeko irratsaioak era berdinean egituratzen dira: aurkezpena, eguraldiaren berri ematea, urtebetetzeen aipamena eta zorionak ematea, eguneko menua eta berriak.
  • Asteazkeneko irratsaio berezian, berriz, bestelako edukiak aurkezten dira: txokoetan ziklo desberdinetako ikasleek ekoiztutako testu mota desberdinak: elkarrizketa, txiste, erreportaia, iragarki, albiste, hitzaldi, olerki edo/eta ahokorapiloa.

Gelan egindako hizkuntza lanak bete behar duen funtzioa hori da: irratian adierazi eta hedatzea. Ikasleok eurek batzutan eragile/egile/esatariak, eta beste batzutan hartzaile/entzuleak izaten dira.

Haur Hezkuntzako lau urteko gelatik hasita Lehen Hezkuntzako seigarren mailaraino, astez aste talde bat arduratzen da goizeko irratsaioa eskaintzen. Tutoreak gela barruan irratsaioko lana zuzentzen du zikloan sortutako materiala erabiliz (fitxak, esamolde plastifikatuak,...).

Asteazkeneko irratsaioan berriz ziklo guztietako ikasle bat edo bik hartzen dute parte eta gelan Irrati-prentsa txokoan landutako testua aurkeztu eta azaltzen dute: albistea, txistea, elkarrizketa,...dela.

Hirugarren zikloko ikasle bi edo hiru programako esatariak izaten dira eta gidoia jarraitzen dute saioko atal nagusiei lotura emanez eta musika tartekatuz.

Ikasturtean zehar irakasle bat asteazkeneko irratsaioaren antolamenduaz arduratzen da eta asteazkena izan aurretik programako esatariekin prestakuntza lan egiten du: gidoia birpasatu eta adierazpena landu.

Asteazkeneko irratsaioaren atalik garrantzitsuena ASMAKIZUN LEHIAKETAri dagokiona da. Astero asmakizuna adierazten da eta ikastetxeko ikasleek erantzuna Trikuren postontzira botatzen dute. Hiruhilekoan asmakizun gehien igarritako ikasleek saria jasotzen dute Trikuren eskutik.

Irratsaio berezian aurkezten diren lanak ikasleek Irrati-prentsa txokoan ekoizten dituzte.

Txoko hau modu desberdinean planteatzen da ziklo bakoitzean.

Haur Hezkuntzan zein Lehen zikloan, batez ere, ikasleek prestaturiko lanak beste gelakideen aurrean azaltzen dituzte edo/eta grabatzen dituzte ez baita posible dena irratsaioan agertzea.

Lehen zikloan goizero ahozko eguraldi programa eskaintzen da gela barruan eta astelehenero ahoz Albistegia lantzen da.

Irrati-prentsa txokoaren oinarrizko jarduerak hauek dira: albiste laburrak, asmakizunak, eguraldiaren berria, menuak, ...

Bigarren eta hirugarren zikloetan berriz bestelako testuak lantzen dira. Kasurako, albisteetaz gain, txisteak, iragarkiak, elkarrizketa, erreportaia, ipuinak etab.

Ludotxokoa:

Ludotxokoari dagozkion edukiak olerki, ahokorapilo eta asmakizunak izaten dira. Hauek batez ere Haur Hezkuntzan eta lehen zikloan lantzen dira.

Lehen zikloan Ludotxokoa, Ipuin txokoa eta Hitzaldi txokoa astean bi saiotan lantzen dira. Ikasleen taldea hiru taldetan banatzen da eta ikasleek hamabostaldian zehar honetariko txoko batean dihardute.

Ludotxokoko lana burutzeko ikasleak nahiago duen olerki, ahokorapiloa,..aukeratzen du. Ondoren hau idatzi, ilustratu eta ikasi beharko du. Hamabostaldia igaro ondoren beste umeen aurrean edo irratsaioan azaldu beharko du.

Ipuin txokoa:

Ipuin txokoaren helburu nagusia ikasleek eurek asmaturiko ipuinak asmatzea litzateke. Aldez aurretik, ipuina zertan datzan (hasiera, argudioa eta amaiera; esamoldeak,...) talde handian lantzen da gelan beste saio batzuetan.

Umeek ipuina asmatzeko orduan errekurtso desberdinak erabiltzen dira. Horietako bat Propp kartetan oinarritzen da: umeak hiru hitz aukeratzen ditu eta horietatik abiatuta istorioa asmatu eta zikinean idatzi. Behin istorioaren gertaerak ordenean eta ondo lotuta egon, garbian idazten da ipuina eta ilustratzen da.

Bigarren zikloan Ipuin Txokoa ez da beste txokoekin paraleloki lantzen. Hiruhileko bakoitzean txoko bat bereziki lantzen dute proiektu gisan.

Ipuin kontalaritza:

Ipuin Kontalaritza dela eta, astean saio bat gelan bertan erabiltzen da ipuina beste ikaskideen aurrean kontatzeko .

Astelehen goizean taldeko ume batek berak irakurritako ipuina kontatzen die beste umeei irudietaz edo/eta bestelako errekurtsoz baliatuz: ideien elkar erlazioa, esaldien barruko egitura, hiztegia eta intonazio egokia lantzen dira.

Berriz ere, eta honekin erlazionaturik, Liburutegian asteazkenetan eguerdian, hain zuzen ere, ikasle talde batek edo/eta irakasle batek ipuina kontatzen du umeen aurrean (borondatezkoa). Honetarako liburutegian txoko bat bereziki prestatzen da.

Ulermen txokoa:

2000-01eko ikasturtean ikastetxeko bigarren zikloa Ulermen Txokoa martxan jarri zuen mintegi batean eginiko materialetaz baliatuz. Ulermen Txokoaren helburu nagusia testu idatziaren irakur ulermena lantzea da.

Txokoaren garrantzia ikusita ondorengo ikasturteetan Lehen eta Hirugarren zikloetako materialak sortu eta prestatzea lortu dugu (beste ikastetxe batekin harremanetan eta Berriztatze Proiektuaren bidez).

Materialak hainbat ataletan sailkatuta daude eta kolore berde eta gorriak zailtasuna adierazten dute:

  • hitz ezkutua, hitzak osatu, izenburua asmatu, testuak osatu, ipuinak osatu, ipuinak amaitu, sinonimoak eta antonimoak, lerroaldeak ordenatu, galdera-ondorio dira, nagusiki, lantzen diren atalak.

Ulermen txokoa astean saio batean lantzen da, eta bideratzeko metodoa apur bat desberdina izaten da zikloari begira(adin bakoitzeko ezaugarriak eta gaitasunak kontuan hartu behar dira).

Txoko honetan ikasleak bere lana programatuta dauka bere progresioa kontuan hartuz eta bai aniztasuna zein autoebaluazioan oinarritzen da.

Hitzaldi txokoa:

Hitzaldi Txokoa Lehen zikloan bereziki lantzen da. Honetan ikasleek azalpenezko testuak erabiltzen dituzte tresna gisan informazioa jasotzeko eta ondoren Hitzaldi-fitxa betetzeko.

Azalpenezko testuak fitxa plastifikatuetan aurkezten dira eta ikasleak gogokoen duena aukeratzen du. Normalean gaiak Animaliak eta Landareak izaten dira.

Animalia denean nolakoa den (itxura), non bizi den, eta bestelako informazio interesgarriak aurkitu eta idatzi behar dituzte.

Landarea denean, nolakoa den, noiz loratzen den eta non aurkitu daitekeen.

Laburpenaz gain marrazkia egin behar dute eta ikasi ondoren besteen aurrean azaldu hamabostaldia igarotzean.

Baliabideak

Gure ikastetxean Berriztatze Proiektuaren (Ahozko adierazpenaren garapena eta programazioa irratiaren bidez) inguruan burutu ditugu Hizkuntzarekiko lanak.

Txokoak, Irratia, Ipuin Kontalaritza, Ulermen txokoa,.. izan dira Proiektuan aurkeztutako iharduerak. Bide horretatik presupuestoa eskuratu izan dugu lana burutu ahal izateko.

Aurrekontuan material suntsigarriaz gain material bibliografiakoa, informatikoa eta baita aholkularitzari dagokiona (desplazamenduak barne) kontuan hartu behar dira.

Irratia dela eta, arrunta izan arren, teknika aldetiko betebeharrak zituen eta horiek martxan jartzea lortu izan dugu: geletako altabozak eta kableatua; anplifikadorea eta kontrol mahaia, mikrofonoz eta musika tresnaz.

Bestalde gure ikastetxeko Irakaslegoak Teknologia berrietan lanean jarduten duen neurrian posible izan zaigu hainbat txokoetarako fitxak ekoiztea programa desberdinak erabiliz.

Lana burutzeko formakuntza saioak erabili izan ditugu, asteazkenetan 12:30etatik 14:00ak arte, eta Ikasketa Burua izan da horren koordinadorea. Pedagogi Batzordearen bidez zikloetako koordinadoreok ados jarri dira egin beharreko lanaz eta gero zikloetan burutu izan da.

Aholkularitza dela eta, Luisa Mari Puertas, Trini Rubio, eta Mariam Bilbatuak eskainitako laguntza ezinbestekoa izan zaigu une desberdinetan .

Gero ere Txokoei dagokiela Zamakola eta Pagasarribide ikastetxeetako esperientziak oso lagungarriak izan zaizkigu.

Irratirako prestatu izan ditugun materialak Luisa Mari Puertasek utzitako fitxetan oinarrituta daude erabat.

Gero ere, ikastetxeko irakasle batzuk Irratigintza ikastaro batean parte izan dute Bilbo Irratian irratirako didaktikaren inguruan eta hau beti aberasgarria izaten da ideia berriak izateko eta ikastetxean aplikatzeko.

Bestelakoak testu liburuetatik hartu eta moldatu izan dira. Kasurako Lehen zikloko Hitzaldietarako eta Ipuin Txokorako Anaya argitaletxeko hainbat material aprobetxatu egin da.

Lehen pausuak emateko, hau da, ikerketa eta eztabaida egiteko ere, bibliografia oso garrantzitsua izan da: Hik hasi aldizkariko artikuluak eta Hizkuntzari dagozkion testuak.

Ondorioak

Gure ikastetxean Triku maskota eta bere Irratiaren eragina handia izan da: giro alaia, beroa eta euskalduna sortzen da goizero eta ikasleok programaren zain daude partaide moduan batzutan eta besteetan entzule gisan.

Txokoei esker eguneroko dinamikan autonomia handiagoa lortzen dute ikasleek eta euren partaidetza aktiboagoa izaten da:

  • Ikasleek egindako lana irratiaren bidez ikastetxean hedatzen da. Eurek sortutako lanak (ipuina, olerkia, iragarkia,..) helburua bete behar du, hauxe da, besteei komunikatu behar zaie.
  • Ikasleen ahozko adierazpenari garrantzi handiagoa ematen saiatu izan gara bai gelako barruko dinamikan zein beste esparru batzutan.

Gelako txokoetan autoebaluazio zein interebaluazioa bultzatzen da eta hauen emaitzak eraginaren adierazleak dira: irratsaioetan zein asmakizun lehiaketan eta Ipuin Kontalaritza jardueretan den partaide edo entzuleen portzentaietan ere neurtu daiteke eragina.

Dena den, Pedagogi Batzordea ostegunero batzartzen da eta bilera hauetan zikloetan jasotako emaitzak eta iritziak aztertzen dira beharrezkoak izan daitezkeen aldaketak aplikatzeko edo/eta hutsuneak zuzentzeko.

Irakasleen eremuan ere eragina ona izan da, zeren eta Proiektu honen bitartez talde lana bultzatzea lortu baitugu: denok helburu berdinak lortu nahian elkarrekin lanean jardutea.

Arazorik handiena egunerokotasunean datza: hainbat jarduera batera antolatu eta martxan jarri behar dira. Materialak prest egon beharra ere sarritan arazo bihurtzen da.

Bestalde, nahiz eta txokoetako materialak eduki, sarritan aldaketak egin behar dira guztiz egokiak ez direlako eta zikloen artean koordinazioa batzutan zaila egiten da astiaren faltagatik.

Aurrera begira

Gure ikastetxean oraindik ez dugu Hizkuntza Proiektua bukatu.

Ulermen Txokoa hiru zikloetan martxan jarri ostean, 2002-03eko ikasturtean, ulermenari dagozkion Haur Hezkuntzako material bereziak sortzea da gure asmoa. Bestalde oraindik txokoa osotzeko beharrezkoak izan daitezkeen atalak gehitzeko aukera ikusi beharko dugu.

2002-03eko ikasturtean ere Formakuntzan Azalpenezko testuak gaiaren inguruan lanean arituko gara. Azalpena, testu mota hau, interesgarria dela deritzogu.

Jadanik Lehen zikloko Hitzaldi txokoan zein Ingurunearen Ezaguera arloko ihardueretan erabiltzen diren testu entziklopedikoen sekuentzia didaktikoak landu nahi ditugu.

Matilde Sainzek idatziriko hainbat artikulu eta Azalpenezko testu entziklopedikoaren azterketa eta didaktika izeneko liburuan oinarrituz lanean arituko gara.

Gaur egun erabiltzen ditugun testu entziklopedikoen ikerketa egingo dugu eta ondoren zikloz ziklo testuen sailkapena egingo dugu. Honen bidez lantzen ditugun eduki eta helburuak zehaztuko ditugu sekuentzia didaktikoaren esperientzia kontuan izanik. Lan hau burutzeko Matilde Sainzen aholkularitza espero dugu.

Bestalde, Irratiari dagokiola, irratia txokoa kokatzeko leku aproposagoa prestatuko dugu, pladurezko hormetaz mugaturik eta altzari egokiagoz horniturik, ikasleok erosotasunez, hauxe da, ondo jezarrita eta bakoitzak bere mikrofonoa aurrean programa jarraitu ahal izateko.

Gero ere esatarien ardurak eta betebeharrak zabalagoak izango dira. Orain arte Irratia arduraduna zen irakaslearen ordez, ikasleok eurek osotuko dituzte goitik behera asteazkeneko irratsaioaren gidoia

Esatariak/gidoilariak

Hau burutzeko Hirugarren zikloan Irratia Tailerra sortuko da, ostiralero ordu eta erdiko saioan gidoiak egiteko eta ahozko adierazpena lantzeko.

Orain arte teknika zela eta oso mugatua egon gara, baina behin tresneria eta leku aldaketa eginik, Irratsaioko aurkezpeneko sintonia zein ataletako sintoniak prestatzen ere ahaleginduko gara lehen aipatutako Irratia Tailerraren bidez.

Aurreko urteetara begira ere, ikastetxeko asmoa da gure Triku Irratia herrian hedatzea emisora baten bidez. Baina hau egin aurretik, gure barruko teknika eta antolamendua hobetzea nahiago genuke.

Orokorrean, materialen sorkuntza ez da inoiz amaitzen eta behin eta berriz hobetu daiteke:Materialak praktikan jarri ondoren sarritan berritu edo ordezkatu behar izaten dira.

Bestalde zikloen arteko koordinazioa eta lotura lortzea oztoporik handienetakoa izaten da. Hau lortzeko Pedagogi Batzordearen, Ikasketa Buru eta koordinadoreen lana oso garrantzitsua da. Azken batean irakasleen elkar lanean datza Proiektuaren ardatza