Txostenak

Ahozko errejistroa. Herriko hizkeraren lanketa deklamazioaren bidez.

Ikastetxea: Zumadi herri ikastetxea(Amezketa)

Egileak: Agustin Amiano Gurrutxaga

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Ikasleen hizkuntzaren kalitatea eta herriko hizkera lantzea helburu hartuz, ikastetxean ahozko errejistroak nola lantzen ditugun azalduko dugu; batik bat deklamazioa nola, noiz eta zein bitartekoz lantzen dugun.

Sarrera

Zumadi eskola, Amezketan eta Abaltzisketan kokatua, HH eta LHkoa. 96 ikasle ditu, hauetatik 13 Abaltzisketan. Zonalde guztiz euskalduna. Betidanik erabili duten hizkera eta donuari indarra eta balioa eman nahi izan zaizkio. Badira bospasei urte lanketa honi ekin genionetik.

Helburua eta metodologia

Helburua: Etxeko edo kaleko deklamazioa eskolan indartzea, balioa ematea.

Oinarri teorikoak: Inguru hau oso euskalduna bada ere, komunikabideetan entzuten dugun hizkera ez da bertakoa, nahiz eta antza handia izan. Nahita edo nahi gabe, norbaitekin hizketan jartzean, gure herriko hizkera baztertu eta, komunikabideetatik edo eskolatik ezagutzen dugun beste era horretara moldatzera jotzen dugu. Era honetan, herri edo eskualde bakoitzeko hizkuntza-kalitatea ahulduz doa. Gauza bera gertatzen dela ikusten dugu zenbait espresio edo esamoldeekin. Eskualdeko hiriburutik edo telebistatik jasoa baldin bada, ameto ematen zaio; nahiz eta beste hizkuntza batetik moldatua izan edo gurearen erabilpen okerra adierazi. Gainera, espresio hauek ahaztea oso zaila izaten da, askotan ezinezkoa. Aldiz, herri txiki batetik eraman daitezken esamoldeak edo zabal daiteken kalitatea nekez txertatzen da inguruan.

Eragileak eta hartzaileak: Hartzaile bezala, gutxiago edo gehiago, eskolako ikasle guztiak aipatu beharko genituzke. Oso txikitatik gainera, urtean hainbat antzerki ikusteko aukera dute. Bertan, beraien hizkerak eta hor entzuten dutenak parekotasun handia dutela ikusten dute. Haur Hezkuntza amaitu aurretik hogei antzerkitik gora ikusi izango dituzte eta Lehen Hezkuntzan hasitakoan badakite, ahal dela, kalean edo etxean bezalaxe hitz egin behar dutela. Asko kostatzen zaie, hasiera batean, begien aurrean ikusten dutena beste era batera ahoskatzea, baina denak ez badira ere, gehienak erraz moldatzen dira.

Ekintzen aurkezpena

1- TESTU LANKETA

Ikasturtean zehar bospasei testu mota desberdin lantzeko aukera izaten dugu. Eskola osoan egiten da era honetako lana, nahiz eta aldi berean guztiok testu berdina ez landu. Helburua oso argi ikusi behar dute ikasleek eta lan hori zertan amaituko den ere bai. Honela, olerkiak landu baditugu zinta batean bildu eta etxeetan entzuteko aukera izango dute; antzerkia aztertu badugu, sortu dituztenak antzeztuko dituzte; ipuinak idatzi badituzte, aldameneko geletan edo etxean kontatuko dituzte.

Testu lanketa aipatzerakoan Hizkuntza arloan daukagun lan egiteko erari buruz ari naiz. Testu mota ezberdinak lantzen ditugu gelan eta ondoren hauei etekina ateratzen saiatzen gara (ipuina, elkarrizketa, antzerkia, olerkia, biografia, eskutitza, azalpen testua, publizitatea, pasadizoa...)

Adibide bezala antzerkia aipatuko dut. Testu desberdinetatik antzerkia bereiztuz hasiko dugu lana, ahal den antzerki testu gehien ekartzen saiatuko gara ondoren, dituen ezaugarriak eta berezitasunak aztertzen eta ikasten, eta azkenik bakarka edo taldeka antzerki testuak sortzera pasako dira. Baina antzerki testu batek ez du zentzurik errepresentaziorik gabe, beraz, eskolako ikasleei edo gurasoei eskainiz amaituko da testu honen lanketa.

2- ANTZERKI TAILERRA.

Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek bertan parte hartzen dute, urtean ordubeteko bost saiotan. Bost saio hauetan antzerki txiki bat (10-12 ikasle izango dira gehienez) ematen zaie, ikasi eta antzeztu behar dute eskola osoarentzat.

Antzerki hauetan, batuaz idatzitako testua bertako hizkerara moldatzen dute eta bost saio hauen ondoren, antzeztu.

3-NOLEGA eta BARRIOLA.

Urtero parte hartzen dugu, deklamazioa lantzeko aukera berezia direnez. Eta landu ditugun atal hauetako batzuk ere, ikasturte amaierako jaialdian gurasoei eskaintzen dizkiegu.

Baliabideak

Ez da ezer berezirik behar lan honetarako. Antzerkiak landu ahal izateko bada hainbat material liburuetan. Batzutan bertatik hartzen ditugu edo moldatu. Baina eskolan sortutakoak ere baditugu hainbat.

Deklamazioa lantzeak ez digu aurrekontu berezirik eskatzen oraingoz.

Ondorioak

Norberak bere etxeko hizkera Euskal Herriko edozein tokitan erabiltzeko ziurtasuna lortu behar dugu gure eskoletan, hau ere gure eginkizuna da. Eta era honetan landuta, babestuta edo indartuta lor daitekeela pentsatzen dugu.

Ikasleek, era honetan, bere hizkuntzarekiko ziurtasuna lortzen dute. Edozeinekin hizketan jarritakoan, bereari balio handiagoa ematen diote, besteen hizketara moldatu beharrik ikusi gabe.

Baina, testu baten aurrean, eta gure ikastetxetik atera ondoren ere testu baten aurrean egin beharko dute lan, batuaz lortuko ez lituzketen zentzua eta grazia emateko gai izango dira. Edozeinen aurrean irakurtzeko orduan entzungarriagoa egiten da honelako irakurketa bat. Irratsaio bat prestatzen edo eskaintzen ari direnean, bertako hizkerak oinarri nagusi izan behar du eskoletan txertatutako irrati txiki hauetan. Gure eskolan irratirik ez badugu ere, deklamazioan nabarmentzen direla adierazi izan digute DBHn jaso dituzten irakasleek.

Eta oso argi ikusten da hau dena antzerkietan, testuan irakurtzen dutena berehala moldatzen dute errepresentazioan, batuaz irakurri dutena bertako hizkerara aldatuz. Baina ez da hori bakarrik, doinua ere landu behar da eta urte batzutan landu bada ikasle gehienak egokitzen dira.

Urtero ikasturte amaieran jaialdi bat eskaintzen diegu gurasoei, eta gurasoak ez direnak era hurbiltzen dira bertara. Saioaren ondoren, behin baino gehiagotan aipatu izan dugu kostako zaigu honelako taldea berriro harrapatzea, baina egia da, urtez urte, talde guztiak antzerki, bertso edo kontaketa saio oso dotoreak erakusteko gai izaten dira.

Barriola deklamazio sarira azken bost urte hauetan aurkeztu gara eta guztietan saria lortu dugu. Baina ez da denbora asko eskaintzen lehiaketa hau prestatzeko, bidea jorratuta dagoenean pausuak errazagoa baitira.

Gurasoek ere badakite honelako lanari garrantzi handia ematen diogula eta emaitzak ikusita oso gustura daudela esan genezake. Gainera ikasleek eskenatokian agertu behar dutenean ia-ia guztiak etortzen dira, eta askotan aiton-amonak eta lagunak ere bai. Bertako ikasleak izandakoek ere asko estimatzen dituzte honelako saioak.

Aurrera begira

Era honetako lana hobetzeko irrati baten beharra dugu eskolan. Benetako etekina argi, maiz eta gainera herri osoan honela ikusiko genuke. Agian animatu beharko genuke behar diren pausuak ematen. Tresna oso baliagarria da.