Euskara Zerbitzua: hainbat programa (EIMA, IRALE, HE, NOLEGA)
Ikastetxea: Hezkuntza Saila-Euskara Zerbitzua
Egileak: Joxe Miel Odriozola eta Iñaki Artola
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Hezkuntza Saileko euskara zerbitzuak kudeatzen dituen programen inguruko informazioa jaso dezakezu poster honetan: IRALE programa, EIMA ikasmateriala diruz laguntzeko programa, NOLEGA programa, Hizkuntz Eskakizunak.
Sarrera
Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak 20 urte bete ditu dagoeneko. 1980an Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila sortu zenean, eta alor desberdinetako konpetentziak eskuratu ahala, lan-atal eta organo berariazkoak eratu ziren. Horietako bat izan zen, hain zuzen, 1981ean sortutako Euskara Zerbitzua. Hezkuntza-alorreko hizkuntza normalkuntzaren alde eman beharreko pauso askoren gestio teknikoaz arduratu izan da, ordudanik, Zerbitzu hori.
Helburuak eta metodologia
Euskal irakaskuntza sistemak urte hauetan hainbat erronka gainditu behar izan ditu. Nagusiki erdalduna zen irakaskuntza moldetik gaur egun askoz ere euskaldunagoa den moldera iritsi gara. Hasieran irakasle euskaldunen gabezi nabaria izan zuen sistemak; irakasle eskola sustatu eta IRALE sortu zen. Materialen arloan ere bagenituen arazoak: nola lortu argitaletxeek euskarazko materialak egitea sortzen ari zen merkatu berri eta txikirako? EIMA programa sortu zen horretarako. Gaur egun arlo desberdinak jorratzen ditu programa honek, EIMA I, II, III eta IV ataletan antolaturik. Irakaskuntzan aritu behar duen gizajendearen hizkuntzazko gaitasun arloa ere zerbitzu honetatik eraman da urte hauetan. Lehendik Euskaltzaindiak zuen D titulua ardura, EGA izenburupean eguneratu zen eta Zerbitzu honek hartu zuen beronen ardura. Gerora irakaskuntzarako egokitutako gaitasun agiri propioak eratu dira: HE1, HE2 eta HBLEM.
Laugarren atal bat ere sortu zen Euskara Zerbitzuan 1984an, NOLEGA izenekoa. Sigla hauekin NOrmalizazio LEgearen GArapena adierazi nahi izan zen. Eskola giroaren eta Hezkuntza administrazioaren euskalduntzea jarri zitzaion helburu atal honi. Erabilera eta hizkuntza gaitasuna areagotzearren hainbat saio bideratu dira urte hauetan atal honetatik: diru-laguntza deialdiak, lehiaketak, prestakuntza saioak, barnetegiak? 1996-97 ikasturtean Ulibarri programa izango zenaren lehen esperientziak bultzatu ziren atal honetatik. Ikastetxeetako arlo honetako ekimenen eta NOLEGA programa beraren oinarrizko zutabe bihurtu da gaur egun ULIBARRI programa. Jardunaldi honetara ere bide luze eta emankor horren ondorio gisa iritsi gara guztiok ere.
Azkenik, argitaratze arloan ere Euskara Zerbitzuak hainbat arlo jorratu ditu: glotodidaktika, testak eta ebaluazioak, gaitasun agiriak, hizkuntza prestakuntza, zabalkunde lanak, normalizazioaren arloa, etab.
IRALE (Irakasleen alfabetatze eta euskalduntzea)
Arestian aipatu bezala nagusiki erdalduna zen irakaskuntza moldetik gaur egun askoz ere euskaldunagoa den modera iritsi gara. Hezkuntzan erabiltzen diren hizkuntzetan aldaketak egiteak ia ezinbestean dakartza berekin, batetik, ikasmaterial egokien eskasia eta, bestetik, eskola-mundua irakasle egokiz hornitzeko arazoak. Atalburu honetan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bigarren auziari zer-nolako erantzuna eman dion azaldu nahi da.
Eusko Jaurlaritza 1980an sortu zenean bertan, Hezkuntza Saileko arduradunek argi ikusi zuten arazoak izango zirela irakasle euskaldunak eskuratzeko, bai berehala eta bai epe laburrera. Horrelako arazoa konpontzeko, bestalde, bi aukera daude oinarriz: batetik, hizkuntz maila egokia duten irakasleak kontratatzea eta, bestetik, hezkuntza-sistemaren barnean jadanik lanean ari diren irakasleak birziklatzea. Bi bideez baliatu da Euskal Autonomia Erkidegoa, ez bide bakarraz. Baina jaiotza-tasen jaitsierak kontratazio berria galarazi egiten du gehienetan eta horrela gertatu da hemen ere. Horren ondorioz, irakasle euskaldunen hornikuntza irakas-sistemaren barneko birziklatzean (hitz batean, IRALEn) oinarritu da nagusiki azken urteotan.
IRALEren garapena
1979an Espainiako gobernuak Elebitasun Dekretu bat eman zuen argitara, Euskal Herriko herri-eskoletan euskara irakastea baimenduz. Era berean, 1978-79 ikasturtean Eusko Kontseilu Nagusia irakasleei diru-laguntzak ematen hasia zen euskara ikas zezaten. Hasiera batean, Sailak maisu-maistraz osatutako taldeak antolatzen zituen, euskara ikasi nahi zuten irakasleekin. 1981-82 ikasturteari begira, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zerbitzu txiki bat sortu zuen irakastordu barneko eta egun osoko hizkuntz prestakuntza emateko. Aldi berean, Sail bereko Euskara Zerbitzua jarri zen martxan eta, IRALEren izenpean, irakasleen hizkuntz birziklapenerako berariazko programa pilotuari ekin zion. 1982-83 ikasturtearen hasieran bi ekitaldi horiek batu egin ziren Euskara Zerbitzuaren ardurapean. Irakasleek IRALEz kanpoko bestelako euskaltegietan egindako euskarazko ikasketak diruz laguntzeaz gain, berariazko hiru irakastegi sortu zituen Sailak IRALEren baitan.
1982ko urtearen bukaera-aldera euskararen erabilera normaltzeko legea eman zen ontzat Eusko Legebiltzarrean, horrela Elebitasun Dekretu berri baten bidez IRALE ofizialki sortuko zuen Agindu baterako bidea irekiz. Agindu horrek IRALEk jadanik erdi bideratutako lanpostuen eta batzordeen funtzioak eta horien arteko harremanak argitzeko aurrerapauso garrantzitsua egin zuen. Administrazio-alderdiari dagokionez, ordenagailu bidezko mekanizazio-proiektu handi bat bideratu zuen; bestalde, ikastaroak emateko ikastoki aproposak aurkitzeak eta horiek egoki hornitzeak buruhauste ugari eman zuten hasierako urte horietan. Irakastordu barneko ikastaroetan parte hartu nahi zutenen kopurua ikaspostuena baino handiagoa zen eta, ondorioz, ikaspostuen kopurua urtero handituz joan zen. Premia larriz euskaldundu beharreko irakasleentzat, gainera, jardunbide berezia antolatu zen.
1986ean lehenengo BIMALE planak biribildu ziren (hots, banakako irakasleak euskaldundu beharrean eskola jakinetako irakasle guztiak euskalduntzera zuzenduta zeudenak), planok nolabaiteko zabalkundea hiru urte beranduagora arte lortu ez bazuten ere. Garai berean sortu zen GUMA (Gutxienezko Maila-aitormena), euskara edo euskaraz irakatsi beharrik izan gabe eskola-giroaren euskalduntze-prozesuan parte hartzaile izan nahi zuten irakasleentzat. Euskararen erabilpena sustatu nahi zuen eskolan plan horrek eta klaustro osoa atxiki behar zitzaion ezarritako araubideari, planaren onuraz baliatu ahal izateko (irakastordu barneko nahiz kanpoko ikastaroetan parte hartzeko lehentasuna).
1992-93 ikasturtean, azkenik, IRALEren ibilbidean izan den lege-aldaketarik handiena ekarri zuen Hizkuntz Eskakizunen edo Perfilen Dekretuak. Ondorioz, irakasleek (ordura arte EGA azterketa gainditzera behartuak baitzeuden) beste epaimahai baten aurrean egiaztatu beharko zuten lanean euskaraz jarduteko gaitasuna. Epaimahaikide izango ziren unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako euskara-irakasleak eta IRALE bertako irakasleak, Hezkuntza Saileko Pedagogi Berrikuntzako, Euskara Zerbitzuko eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkarien gidaritzapean.
Aldaketa handi horren arrazoia, besteak beste, gizarteak eskatzen zuen eskolaren euskalduntze erritmora egokitu nahia izan zen. Eredu elebidunak hedatu ahala, irakaspostuak definitu beharra zegoen, zegozkien hizkuntz eskakizunen arabera, eta eskakizunok betetzeko derrigortasun-epea zehaztu. Testuinguru horretan, EGA azterketaren bidezko amaiera-ebaluazioa desegokitzat jo, eta dekretuan azalduriko hizkuntz helburuen araberako ebaluazio-proba berriak diseinatu ziren, eskolari eta irakasleen lanari lotuagoak eta hurbilagoak.
IRALEko irakastegien funtzionamenduan ere eragin nabarmena izan zuen dekretuak, klaustro izaera eta funtzionamendua aitortu eta ezarri baitzizkien eta, ondorioz, erabakigune garrantzitsuago eta autonomoago bilakatu.
1994ko urtarrilean, bestalde, IRALE programaren ebaluazio-bidea arautu eta hizkuntz eskakizunak egiaztatzeko probak edukiz eta formaz zehazten zituen Agindua argitaratu zuen Hezkuntza Sailak.
Euskararen gaitasun agiriak
Edozein hizkuntz plangintzatan emaitzak zer-nolakoak diren jakitea ezinbestekoa da ezarritako jardunbidearen etekin-balioa neurtu ahal izateko. Horretarako, berriz, maila desberdineko neurketa asko burutu behar dira. Hezkuntzari dagokion hizkuntz plangintza osoaren emaitzekin lotutako neurketak egin izan dira, EIFEak hain zuzen. Banan banakoen emaitzez eta horietarako neurpideez zera esan behar da: hezkuntza sistema arruntaren mailaz mailako ohiko neurpideak eta lanpostuetarako lehiaketak alde batera utzita, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatutako neurpideak zortzi dira; hain zuzen ere: HE1, HE2, HBLEM, EGA, B titulua (1985era arte), GUMA (1993ra arte), IGA (1996ra arte) eta EIT. GUMA eta IGA.
EIMA (Euskal Ikasmaterialgintza)
Gorago esan denez EIMA programaren bidez ari da Hezkuntza Administrazioa, aurrerago esango diren kanpo-ekintza lagungarriekin, euskarazko ikasmaterialgintza hezurmamitzen. Horrela:
- EIMA I programa-atalaren bidez ikasmaterial inprimatuaren prestakuntza bultzatzen ari da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila 1982tik aurrera;
- EIMA II programa-atalaren medioz ikus-entzunezko ikasmaterialgintza ari da, 1984tik aurrera, bideratzen (horri, gainera, 1982-83 epeko berariazko jarduna erantsi behar zaio);
- EIMA III programa-atalaz hezkuntza softwaregintza bideratzen ari da 1985etik aurrera;
- EIMA IV programa-atalaz, azkenik, irakasleen sorkuntza-lana bultzatzen da, 1996tik aurrera.
NOLEGA (Normalizazio Legearen Garapena) 
Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilpena Arauzkotzekoak, honela dio bere 17. atalean:
Jaurlaritzak, ikasleei nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko dituzteneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskara giroa bermatuko du, barne nahiz kanpo-ekintzabideetan eta arduralaritzako ihardun eta agirietan euskara agizko adierazpide eginez
Ildo beretik, 1983ko Abuztuaren 1eko Aginduak, bere 12. atalean zera dio:
Hezkuntza eta Kultura Sailak beharrezko neurriak hartuko ditu euskararen erabilera eskolagiroan bermatzeko, klase barruan nahiz klasez kanpoko ekintzetan ohiko adierazpide bihurtuz
Lege-agindu hauek oinarritzat hartuz eta helburu horiek betetzeak Hezkuntza Administrazioan hizkuntz normalkuntzarako aurrerapausoak ematea eskatuko zuela jakinik sortu zen Hezkuntza Sailaren Euskara Zerbitzuan NOLEGA (Normalizazio Legearen Garapena) izeneko atala, 1984an.
NOLEGA atalaren egitekoak, beraz, bi arlo nagusitan gauzatu dira: Eskolagiroa euskalduntzea eta Hezkuntza Administrazioa euskalduntzea.
Eskolagiroa hitza aipatzen denean, oso zentzu zabalean aipatzen da. Ikastetxean euskara ikasteko klase emankizun formaletatik kanpora geratzen den baina ikasleak euskara bereganatu, landu, sakondu eta erabiltzeko eragin handia duen une, ekintza eta esparru oro sartzen da bere barnean. Izan ere, eremu urriko hizkuntzen kasuan, soziolinguistikako adituek gero eta garrantzi handiagoa aitortzen diete ikaskuntza akademiko hutsaz aparteko suspergarri eta lagungarriei. Ikasleek euskara erabiltzea dute xede inportanteena arlo honetan antolatzen diren ekimenek.
Hezkuntza Administrazioa euskalduntzeari dagokionean ere hainbat ahalegin egin da azken urteotan. Hezkuntza sailburuak 1985ean bertan eman zuen Administraziotik ikastetxeetarako dokumentazio isuriaren hizkuntz jarduera arautzen zuen agindua. Administrazioan bertan ere agindu hori gauzatu ahal izateko pauso sendoak eman ziren, hasieran Langiroko Trebakuntza izena izan zuen eta gerora ALET bilakatu zen planarekin, nagusiki egoitza nagusian. Gerora hizkuntz eskakizunen ezarpena egin da eta une honetan erabileraren erronkari aurre egiteko urratsak planteatzen ari dira. Ikastetxeei begira une honetan Hizkuntz Normalkuntzako Programa dago indarrean.
NOLEGA atalak programa sorta zabala eskaintzen die Euskal Autonomi Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei. Horietako batzuek urteetako ibilia dute; beste batzuk berriagoak dira. Banan-banan eta bakoitza bere aldetik hartuta ekintza solte eta puntual gisa geratzeko arriskua dago. Hortaz, azken urte hauetan batez ere plan osatuen lanketa da bultzatu eta indartu nahi dena.
Hizkuntz Normalkuntzako Programa. Ikastetxeko Plan Osatua
Ikasleei begira aritzea ez dela nahikoa begi-bistakoa da. Ikastetxeko helduen mundua ere hor dago: klaustroak, mintegiak, irakasleen arteko harremanak, gurasoekikoak... Material idatziek ere garrantzi handia dute ikastetxearen bizitzan: aktak, inprimakiak, gutunak... Azkenik ikastetxeak berak ere, herriko erakundea den heinean, dagokion eragina izan beharko luke gizartean hizkuntza normaltzeko bidean.
Beraz, hainbat zutabe ditugu aztergai, ez bakarrik ikasleena. Batetik hizkuntza irakasteko erabiltzen ditugun tresnak eta metodologiak etengabe aztertzea eta fintzea komeni zaigu. Erabiltzen ditugun testuak eta materialak ere aztertzea beharrezkoa da. Bestetik irakasleok prestakuntza aldetik ditugun gabeziak azaleratu eta lotsarik gabe gainditzera jo behar da. Erabileraren eta harreman esparruen auziei aurre egin behar diegu modu eraginkorrean, ez soilik ikasleei begira jarriz, baita ikastetxeko planteamenduak eginez ere. Hau da Plan Osatua, hauxe besterik ez da Hizkuntz Normalkuntza Programa (HNP); arlo bakoitzaren gaur egungo egoera aztertzetik abiatuz, hurrengo urterako edo urteetarako zentzuzko norabide eta helburuak finkatzea, adostea eta gauzatzeko neurriak eta baliabideak jartzea.
1996-97 ikasturtean 23 ikastetxetan Hizkuntz Normalkuntzako saiakuntza proiektuak bideratu ziren. Gerora 1997-98 eta 1998-99 ikasturteetarako proiektu hauetan parte hartzeko deialdi irekiak egin ziren. Deialdi hauetan sartutako ikastetxeak dira gaur egun proiektu hauetan ari direnak. Urte hauetan baja gutxi batzuk egon badira ere, gaur egun 315 ikastetxek jarraitzen dute programa honetan.
Labur-labur esanda hauek dira proiektu hauen zutabe nagusiak:
- Normalkuntza proiektuen motorra ikastetxean bertan dago.
- Ikastetxeko motor hori kanpoan ere elikatu behar da.
- Ikastetxeak eta inguruneak elkar elikatu behar dute.
Antolamendua eta ULIBARRI programa 
Bistan da 315 ikastetxeetako programen arteko loturak, koordinazioa, topa-guneak lortzea ez dela gauza erraza. Nekeza da, beharrezkoa ere bada. Halere, ondo aprobetxatu nahi baditugu ditugun baliabide urriak erabat zaindu beharreko puntua dugu hau. Hona hemen labur-labur koordinazio honetan parte hartzen duten elementu nagusiak:
- Ikastetxeko Hizkuntz Normalkuntzako Arduradun Teknikoa- HNAT eta ikastetxeko Normalkuntza Batzordea-HNB: Ikastetxeko Plana koordinatu eta dinamizatzea da bi hauen ardura.
- Gunea: Eskualdeko ikastetxeetako HNAT-ak biltzen dira gunean. Gune hauetan azpi-guneak izan daitezke kopuruak edo helburuak horretara behartuta. Gune hauen koordinazio eta dinamizazio lanak Berritzeguneko Hizkuntz Normalkuntzako Teknikariak-HNTak hartzen ditu bere gain. Guneari HNATen prestakuntza-helburua ere ezarri zaio. Gunea gutxi gora behera hilean behin biltzen da.
- HNATen prestakuntza: Ikasturtero irail-urrietan HNT eta HNATentzat prestakuntza saioak antolatzen dira. Saio hauetaz programaren aholku-elkarteak arduratzen dira. Aurten, prestakuntza saio horien ordez, jardunaldi hau antolatu dugu.
- HNTen arteko koordinazioa: Hauen arteko koordinazioa eta lanen banaketa antolatzea ezinbestekoa da. HNA-Hizkuntz Normalkuntzako Arduradunak, bere aldetik edo aholku-elkarteekin batera, bideratzen ditu koordinazio lan hauek. Ikasturteko gutxienez lau koordinazio saio orokor antolatzen dira. Hauetan estrategia bateratuak finkatzeaz gain HNTz osatutako lan-taldeak antolatzen dira eta epe laburrerako helburu jakinak ezartzen zaizkie talde hauei. Saio hauei ere HNTen prestakuntza-helburua ezarri zaie.
- HNTen arteko koordinazioa: HNTen arteko koordinazioa eta lanen banaketa antolatzea ezinbestekoa da. Ikasturteko lau koordinazio saio antolatu dira. Bertan 18 HNTek aholku-elkarteen gidaritzapean estrategia bateratuak finkatzen dituzte. Bertan HNTez osatutako lan-taldeak antolatzen dira eta epe laburrerako helburu jakinak ezartzen zaizkie talde hauei. Saio hauei ere HNTen prestakuntza-helburua ezarri zaie.
- NOLEGA programa: Euskara Zerbitzuko atal honi dagokio programa osoaren kudeaketa. Horretarako aholku-elkarteekin etengabeko harreman estuan egon behar izaten du. HNT eta HNArekin ere etengabeko harremanak ditu NOLEGA atalak. Hizkuntz Normalkuntza eta oro har NOLEGA programako bestelako gai guztiak izaten dira aztergai koordinazio eta informazio saio hauetan.
- Jarraipen eta Ebazpen batzordea: Programa honetan sartuta dauden ikastetxeen jarraipena egitea da batzorde honen helburu nagusia. Bertan aztertzen da ikastetxeen jarraipena. Programa uztea erabakitzen duten ikastetxeen kontua ere batzorde honetan aztertzen da. Batzorde honi dagokio gaiaren inguruko erabaki-proposamenak sailburuordeari helaraztea.
- Ebaluaketa: Ikasturte amaieran ikastetxe bakoitzak hausnarketa-galdekizuna betetzen du. Hurrengo ikasturterako plana ere sasoi horretan bete ohi dute. Galdekizun hauen hustuketatik hainbat bilduma eta datu atera dira berriro ere ikastetxeetara itzuliz berauek elikatzeko.
- Bildumak eta materialgintza: HNPen inguruan hainbat bilketa lan osatu dira jadanik. Gunean sortutako materialak dira batzuk, HNTen lan-taldeen fruitu besteak, aholku-elkarteen sormen lanak ere badira... Dagoeneko Neur kareletik hizkuntza egoeraren popatik brankara, ikastetxeko erabileraren diagnostikorako tresna argitaratua eta hainbat ikastetxetan erabilia izan da. IKABILerako laguntza-materiala ere bide honetatik sortua da. Beste hainbat lanek laster hartuko dute inprimategiko bidea. Argitaratuko ez direnak ere badira, eta hauek ere, luzamendu handiegirik gabe, 2002-03 ikasturtean izango dira ikastetxeen eskura antolatzen ari garen Dokumentazio-gunearen eskutik.
- ULIBARRI programa: Denok ari gara ahalegin berean, goian aipatutako 315 ikastetxe hauek eta beste hainbat, seguruenik. Bertan irakasle eta teknikariok, bertan guraso eta ikasleak... Denok batera osatzen dugu gogo bat, asmo bat. Baina oraingo honetan ez gaude bakarrik, asko gara eta elkarri lagundu eta animatzeko oso prest gaude gainera. Denok dakigu lan hauetan bakarrik aritzeak, bakarrik sentitzeak eta aurrerapenak argi ez ikusteak berez dakarren nekea, baina ULIBARRITARROK ez gaude bakarrik eta hori laguntza handia da. XIX. Mendearen amaieran Arabako Okondon jaio eta Abandon euskaltzale sutsu agertu zitzaigun pertsonaia aukeratu da programa batera biltzeko.
- Dudarik gabe Ulibarri programaren emaitzak ikusten ari gara jadanik eta denok ditugu orain arte lortutakoarekin harro izateko arrazoiak. Lorpenen neurriak, ordea, ez gaitu itsutu behar, bakoitzak bere ezaugarrien araberakoak izango ditu. Lorpenen jarraibidea eta sendotasuna da ziurtatu beharrekoa, abiada gure lan-taldeak eta gure indarrek jarriko dute. Indar hauek ondo neurtzea da gure erronka datozen urteetarako. Proiektu hauek piztu dituzten ilusioak eta itxaropenak zapuztuko ez badira, ezinbestekoa dugu irakasle guztion partaidetza zeregin honetan.
- HNP hauen bidea luzea izango da. Proiektuak sendotzen jarraitzea eta ikastetxean beronek dituen sustraiak ondo zaintzea da une honetan dugun erronka nagusia.
- Esku artean dugu dagoeneko ESKOLA HIZTUN BILA jardunaldia (irailak 19 eta 20). Bertan Ulibarri programaren baitan dauden 75 ikastetxek beraien esperientzien berri emango dute. Arlo ugari jorratuko dira eta dudarik gabe elkarren artean ondorio aberatsak ateratzeko parada izango da.
Dirulaguntza deialdiak
Lau deialdi dira: Ahozko Adierazpena indartzekoa, Ikasgelaz Kanpoko Ekintzak (IKE), Euskal Girotze Egonaldiak (EGE) eta Ikastetxeen Arteko Binakako Loturak (IKABIL).
Horien artean lehena dugu berriena. Honek, orain arte urteetan hain ezagun izan ditugun Eskola-Antzerkigintza, Eskola-Bertsogintza eta Eskola-Kantagintza batean biltzen ditu. Deialdi berri honek, beraz, aurreko hirurak birformulatu egiten ditu. Ahozkotasuna modu zabalean hartu eta ikastetxe mailako plangintza behar duen ekimena dela uste dugu. Horregatik ahozkotasuna lantzera eta indartzera begira antolatzen diren ekimen guztiak deialdi bakar batean bildu nahi izan dira. Horrela sortu da Ahozko adierazpena indartzeko ekintzetarako deialdia. Deialdi honek bere baitan hartuko ditu baita ere ahozko adierazpena indartzeko diren kontalaritza edo irratigintza saioak.
Ikastetxeetan irakasle saiatu askoren ahaleginei esker lehenagotik ere martxan zeuden hainbat ekimeni oinarri egonkorragoa, Hezkuntza Sailaren ezagutza eta, ahal den neurrian, diru eta azpiegiturazko babesa emateko helburua dute, horrelakoetan oraindik saiatu ez diren ikastetxeetara ere hedatzeko asmo argiaz.
Egonkortasuna, berez, urtea joan eta urtea etorri programa ikastetxeen eskueran izango dela jakiteak ematen dio horietako bakoitzari. Hezkuntza Sailaren ezagutza eta diru babesa, Erabakia EHAAn argitaratuz eta dirulaguntza ikastetxeari emanez gauzatzen da. Azpiegiturazko babes gisa, berriz, orain arte erosi, prestatu, argitaratu eta ikastetxeetara igorri edo Berritzeguneetan beraien eskura jarri diren liburu, bilduma eta argitalpenak aipa daitezke.
Lau dirulaguntzetako hirutan (Ahozko Adierazmena, IKE eta EGE) eskabidea egiteko garaia irailaren hasieratik urriaren 11 artekoa izaten da. IKABIL deialdirako epea, ordea, ikasturteko 3. hiruhilekoan irekitzen da, hurrengo ikasturterako eskabidea egiteko. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren zirkular baten bidez jakinarazten zaie ikastetxeei bere garaian.
Hitzarmen bidezko eskaintzak
Multzo honetan jarri ditugu ikastetxeei dirulaguntza zuzena emanez ez, baizik eta bi elkarterekin hitzarmenak eginez gauzatzen diren bi ekimen: Idazleak Ikastetxeetan programa Euskal Idazleen Elkartearen eskutik eta Euskara Zine Aretoetara programa Tinko Euskara Elkartearenetik.
Euskal Idazleen Elkarteak urteak daramatza Idazleak Ikastetxeetan izeneko programarekin lanean. Idazleek ikastetxeetara bisita egiten dute. Bisita horren aurretik ikasleek idazlearen obra aztertzen dute eta, horrela, beraientzat oso aberasgarri gertatzen den esperientzia interaktibo bati ematen zaio bide. Bisitaldi horiek, besteren artean, honako helburuok dituzte: ikastetxeetan literatur zaletasuna sustatzea, idazleen eta ikasleen aurrez aurreko harremanak bideratzea, euskal idazleen obren zabalkundea, ikasleen literatur gaitasuna sendotzea, teoria praktikarekin lotuz eta, azkenik, idazteari gaur eguneko mundu gero eta teknologikoagoan leku propioa aurkitzea.
EIEren eta Hezkuntza Sailaren arteko Hitzarmena 1997an sinatu zen lehen aldiz. Handik hona etengabe urtero sinatzen den hitzarmen honen bidez EIEk emanaldi kopuru jakin bat egiteko konpromisoa hartzen du programa honen baitan.
TINKO Euskara Elkarteak, lehenagotik hasita, ikastetxeei eskaini eta eman izan die zine aretoetan euskarazko filmak ikusteko parada, hartarako propio prestatutako materialen bidez gaia gelan jorratuz, bai pelikula ikusi aurretik eta bai ikusi ondoren. Honako helburu hauek ditu programak: euskal ikasleen zine zaletasuna sustatzea, zinea ikasleen giza eta gizarte balioak bultzatzeko tresna bihurtzea, ikasleak euskarazko zinearen ikusle izaten ohitzea, euskara zine munduan normaltzeko oinarriak jartzen laguntzea eta euskarazko film eskaintza egon dadin film multzo konplitu baten oinarriak jartzea.
Euskara Zine Aretoetara programarako Hitzarmena ere 1997an sinatu zen lehen aldiz. Handik hona etengabe urtero sinatzen den hitzarmen honen bidez TINKOk duen plangintza osoaren zati bat diruz laguntzen du Sailak.
Euskal Girotze Barnetegiak
Bost Euskal Girotze Barnetegi daude martxan une honetan: Alkiza, Plentzia, Espejo, Elgoibar eta Segurakoak.
Euskal Girotze Barnetegi hauen helburu nagusia etxeko eta/edo kaleko erdal giroan bizi diren haurrei euskal giro aberats bat ezagutzeko eta, are gehiago, bertan euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea da, honela beraien euskara ikasteko prozesuari bultzada eragingarria emanez. Batez ere zera lortu nahi da: euskaraz lehen pausoak ematen ari diren ikasleei, hizketako orduan duten askatu ezina gaindiaraztea; euskaraz komunikatzeko gai direla konturaraziz, beren buruekiko segurtasuna eta konfiantza sortzea; hitz-etorria indartzea, eta egiten duten euskara aberastea. Beraz, barnetegien xede nagusia ikasleen hizkuntz gaitasuna indartzeko ekintzak burutzea da. Etxe hauetan aste beteko egonaldiak egiten dituzte A, B zein D eredukoek; beti ere ikasgela osoak izan behar dute, bere irakaslearekin. Barnetegi hauek ikasturte garaian egiten dute lan, eta bertaratzen diren ikasgelak astero aldatzen dira.
1998-99 ikasturtera arte B ereduko barnetegietako egonaldiaren iraupena bi astekoa izan bazen ere, ordutik barnetegi guztietako egonaldiak 5 egunekoak dira. Modu honetan ikasgela gehiagori erantzuteko aukera dugu batetik; hainbat ikastetxe eta irakasleren eskaerari erantzuten diegu bestetik, egonaldiaren antolamendua erraztuz, eta, azkenik, taldearen erronka da egonaldiak luzeran galtzen duena trinkotasunean irabaztea.
Hurrengo ikasturtean zehar barnetegi hauetara joateko eskabideak egiteko epea martxoaren erdi aldetik maiatzaren hasierara izan ohi da zabalik. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak horretarakoxe zirkular bat bidaltzen du ikastetxe guztietara, epea irekiz, eskabide-orriak, egonaldi-txandak, ordaindu beharrekoak eta araudia erantsita dituela.
Barnetegi hauek ezin dituzte hartu eskaera egiten duten talde guztiak. Helburu berberekin ikastetxeek hainbat eta hainbat egonaldi antolatzen dituzte bestelako egoitzetan. Euskal Girotze Barnetegiek egonaldi hauek ondo antolatzeko lagungarri den materiala sortu izan dute eta gaur egun ere material berria atontzen ahalegin berezia egiten ari dira. Egonaldi horietarako dirulaguntzak ere banatzen ditu Hezkuntza Sailak goian aipatutako EGE deialdiaren bitartez. Hain zuzen ere ikastetxeek bere kasa egiten dituzten irteera hauei begira proiektu erabat berritzailea garatzen ari gara barnetegi hauetan. Irakasle saiatu hauei lana etekin handiz egin dezaten eta adi berean errazagoa gerta dakien, irteera hauetan lagungarri izango duten material sorta osatzen ari gara. Lan mardula da baina laster izango dugu zer eskaini.
Euskararen kalitatea - Lehiaketak
Ikasleek euskara erabiltzeko helburuak, ordea, badu beste alderdi garrantzitsu bat ere: euskara horren nolakoa edo kalitatea. Ikaslearen aho-lumei darien euskara inguruak ematen dionaren ispilu izan ohi da ?erdal giroko kasuetan ikastetxeak berak eta bertako irakasleek/langileek darabiltenarena, neurri handi batean?. Arlo honi ere gero eta arreta handiagoa jarri beharra azpimarratzen dute hizkuntz adituek, erabilera eta kalitatea elkarren zordun jotzen baitituzte. 1995ean Euskaltzaindiak antolatutako euskara zuzenari buruzko jardunaldietan ere arlo honetan ahalegindu beharra plazaratu zen. Irakasleek eta ikastetxeetako langileek beren euskararen kalitatea hobetzeko beren bideak dituzte, IRALE edo IVAP-HAEEen bidez, dagozkien agiriak lortzeko lehenik eta euskara landu eta sakontzeko, ondoren. GARATU programan euskaraz eskaintzen diren ikastaroek ere oso aukera ona ematen dute gai jakin bateko prestakuntza hizkuntza horretan jaso eta lantzeko.
Irakasmunduan gabiltzanon artean gero eta zabalduago dago hizkuntzaren maila desberdinak zein eta nolakoak diren argitzen joan beharko dugula. Ikasle batzuk etxeko euskaratik, euskalkia edo azpieuskalkia tarteko, iritsiko dira batu standardera. Beste askok azken hau dute abiapuntu, erdal girokoak izaki. Standarda ondo ikastea da, noski, lehen erronka, baina hizkuntza bizi, gozo eta gatz-piperdunetik edaten eman beharra ere nabaria da. Euskara molde bera erabili behar ote dute, bada, jendaurre zabaleko egoera formalean, gelan irakasleari zuzentzen zaizkionean eta lagunartean? Batez ere esanak paperean jasotzeko ordurako lagungarri handia da Euskaltzaindiak onartutako hitanoaren aditz batua, adibidez. Antzerki, bertso eta kantaren inguruko saioetan ere toki nabarmena hartzen du hizkuntz maila edo erregistroen auzi honek. Aukera paregabeak dira gaia argitzen joateko ez ezik, aurrerabide praktikoan jartzeko ere.
Ikasleen euskararen kalitatea sustatzeko propio antolatutako bi lehiaketa ditu NOLEGA atalak: idatzizkorako Urruzuno literatur lehiaketa, azken hamazazpi urteetan Irakaskuntza Ertainetako ikasleen emaitzak suspertu eta urteroko argitalpenetan plazaratu dituena. Ahozkorako, berriz, jendaurreko irakurketan ebakera, doinu eta erritmo egokia helburu harturik, hamaika urte beteak dituen Abelino Barriola saria, gazteagoei zuzendua.
Lehiaketa hauen bion epeak ikasturteko bigarren hiruhilekoan ireki eta martxoaren bukaera aldera ixten dira. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak hartarako propio zabaltzen duen zirkularrean jakinarazten dira data zehatzak.
Irakasleen prestakuntza
Programa hauei guztioi etekin hobeak ateratzeko, irakasleen gogo-ahaleginez gain, prestakuntza ere behar da. Prestakuntza horren eskaerari erantzun nahirik, hainbat ikastaro, mintegi eta antzeko antolatu izan da.
Ikastetxeen errotulazioa
Goian azaldutako eskolagiro horretan begi-bistako eragina du ikastetxeko errotulazioak. Lan hau ikastetxeko hornikuntzaren atal bat gehiago gisa hartzeko joera dago. Agian gutxik ikusten dituzte horren atzean dauden bestelako helburuak. Batetik, eskola-bizitza hobetzeko eta bere antolamendua errazteko sistema moderno, egoki eta erabilgarri bat topatzea. Bestetik, bere hizkuntza egoera normalduan duten herrialdeetako errotulazioei eskatzen ez zaien helburu zehatza: euskara ikasten ari den ikasleria hizkuntza horren ikasgelaz kanpoko eguneroko presentziara ohitu dadin laguntzea, eskola-giroa euskalduntzeko urratsei emendiozko beste bat erantsiz. Seinalizazio arloko euskara normaldu eta estandarizatzeko aurrerapauso handiak eman dira, herri ikastetxeetan behintzat, 1985ean lanari ekin zitzaionetik. Horren lekuko dira argitaratutako bi liburuak.
Ondorioak
Euskal Irakaskuntza 10 urte argitalpenak biltzen ditu 1982-92 epealdiko datu esanguratsuenak. Argitalpen honen eguneratzea (20 urtekoa alegia) prestakuntza fasean dago.
Aurrera begira
Euskara zerbitzuaren atal bakoitzari une bakoitzean erronka berriak sortu zaizkio eta gaur ere badugu gure arreta non finkatu.
- IRALE: Kopuruek irakasleria nahiko euskaldundua dugula esaten badigute ere, irakasle horien hizkuntzazko goi mailako prestakuntza dugu gaur kezka iturri. Hor jarri beharko ditugu indarrak eta baliabideak hurrengo urte hauetan. Irakasleen hizkuntzazko prestakuntza ez ezik, berauen prestakuntza oro har euskaraz ere jasotzea ziurtatu beharko da.
- EIMA: Batez ere, Lanbide Heziketaren moduluen ugaritasuna sortzen ari da azkenaldian zailtasun nabaria euskal materialgintzan. Lan mundutik hain gertu dagoen esparru honek berebiziko garrantzia du eta, hortaz, arreta berezia eskaini nahi zaio.
- EUSKARAZKO GAITASUN AGIRIAK: Dauden agirien arteko baliokidetasunaren edo bateratzearen arloan badugu oraindik aurrera egin beharra. Bestalde, Europa mailan hizkuntzen gaitasun arloan ere badira berauen mailak eta eskakizunak bateratzeko ahaleginak (ALTE programa). Hiztunaren hizkuntzazko ibilbidea ere jaso nahi da adostutako Portafolio dokumentuan.
- NOLEGA: Eskola ez da, hizkuntzaren erabilera eta motibazioaren arloan, eskola-komunitatean ditugun ikasle, irakasle, gurasoengan eragiten duen agente bakarra. Hau ezin dugu inola ere ahaztu, eta horrela adierazi behar diegu gainerako eragile guztiei. Halere, eskola bada hizkuntzaren normalizaziorako tresna eragingarria. Bertan egindako lana ikuspegi honetatik ondo optimizatuz eta bere eragina eskolako hesitik kanpora helaraziz, gaur egun, hemen, seguruenik, dugun normalizaziorako elementurik trinkoena dugu. Hortaz, ikuspegi hau ahaztu gabe, lortu ezin diren helburuak finkatu gabe eta egindakoa ondo errotua gera dadin ziurtatuz, etengabeko aurrerabidean jarri behar ditugu gure ahaleginak. Horretarako, dudarik ez dugu, ULIBARRI programarekin, guztiok batera abiarazi dugun txalupatxoak laguntza paregabea eskainiko digula.

