Txostenak

Ikasleen Euskara Elkartea

Ikastetxea: Mogel-Isasi institutua (Eibar)

Egileak: Jon Joseba Garaizabal Tolosa

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Normalkuntza saioetan ikasleak ere parte sentitzea garrantzizkoa da. Ikasleen euskara elkarteak izan daitezke horretarako bidea. Eskola honetan Ikasleen elkartea nola sortu zen, zertan diharduen, eta zertan eragin duen azalduko dugu.

Sarrera

Ikasleen Euskara Elkartea da Mogel Isasi BHIn landu dugun egitasmoa. Mogel Isasi BHI, D ereduko ikastetxea da eta 300 ikasle inguru ditu DBHko 4 ikasmaila eta 15 ikastaldetan. Esan bezala, ikasle hauek guztiak D hizkuntza ereduan daude eskolatuta eta hauetatik %65,97 jatorrizko euskaldunak dira. Inguruneari erreparatuaz, Eibarko biztanleen %46a euskalduna da, eta %9a besterik ez jatorriz euskalduna. Euskaldun alfabetatuen kopurua berriz %30ekoa da.

Ikasleen euskararen erabilera sustatzeko eta Euskal Kulturako ekimenak indartzeko asmoz , 99-00 ikasturtean Ikasleen Euskara Elkartea sortu zen.

Helburuak eta metodologia

Helburuak:

  • Euskararen erabilpena sustatu eta indartu, bere normaltasuna bermatzeko bai ikastetxe barruan, bai Eibarko hirian.
  • Erdara entzuten denean, modu egoki eta adeitasunez ohartarazi.
  • Bai ikasle arteko, bai irakasle-ikasleen arteko harremanak hobetu, giro baikor bat sortuaz eta ikastetxearen hezkuntza proiektuaren eraikuntzan eta hobekuntzan protagonismoa hartuaz.

Ikasleria osoari zuzendu zaio egitasmoa eta eragile izan dira euskararekiko konpromisoa sinatu dutenak.

Emandako urratsak:

  1. Euskara mintegian egitasmoa aztertu.
  2. Irakasleei klaustroan asmoa azaldu.
  3. Ikasleei gelaka azaldu.
  4. Akordioa zabaldu eta sinadurak bildu.
  5. Lan Talde desberdinak osatu.
  6. Talde horien ordezkariekin Talde Eragilea osatu.
  7. Martxan jarri.
  8. Taldearentzat izen egoki bat asmatu.
  9. Logotipoa sortu (lehiaketa baten bidez)
  10. Txapak eta ezaugarriak egin.

Ikasleen euskara elkarteko zereginak:

Jarraian, elkartekideen zereginak zerrendatuko ditugu eta metodologia atalean zehaztuko zeregin bakoitza burutzeko bidea:

  • Euskararen erabilera sustatzea.
  • Euskararen hobetzea.
  • Literatura.
  • Ohitura eta jaiak.
  • Euskararen inguruan motibazio saioak.
  • Kanpo harremanak.

Metodologia

  • Euskararekiko dekalogoa sinatzera eta bertan esaten denarekin konprometitzera bultzatu ikasleria guztia.
  • Gaizki erabiltzen diren esaldien zerrendak egin eta baita eta esamolde egokien zerrendak. Zuzenketarako horma-irudian.
  • Antzerkiak egin. Bertsogintza bultzatu. Ipuin eta bertso lehiaketetan parte hartu. Aldizkaria plazaratu.
  • Gaztain erre, San Andresak, Olentzero, Sta. Ageda, Inauteriak, San Jaunak, Euskal Olinpiadak, Kilometroak...
  • Ikasle Ohiak erabili motibazio saioak emateko.
  • Guneko Euskara Elkarte eta Batzordeekin bilerak egitea eta baita herriko euskararekin zer ikusia duten talde edo erakundeekin.

Baliabideak

Baliabide garrantzitsuena, pertsonalaren inplikazioa gertatu da:

  • Irakasleek, ekimena azaldu dute eta erraztasuna eman ikasleei ekimenak aurrera eramateko.
  • Ikasleek, proiektuan sinistu eta buru-belarri aritu dira bakoitza sartu den taldean
  • Ikasle ohiak eurak ere inplikatu izan dira lanen bat eskatu zaienean.

Materialea: Fotokopiak, C.D.ak, bideoak, pankartak....

Aurrekontua

IKE, Guraso Elkarte eta Eskola aurrekontutik aterata.

Oso garrantzitsua da era honetako ekintzen aurrekontua izatea kontuan, bai Urteko Planean eta baita ikastetxeko aurrekontuan ere.

Ondorioak

  • Ikasleak ikastetxeko partaide aktiboa izatea eta sentitzea.
  • Ikastetxeko funtzionamenduan inplikatua sentitzea.
  • Ikasleen protagonismoaz jabetzea.
  • Euskara hobetzen saiatzea
  • Ikastetxeko harreman giroa hobetzen saiatzea.
  • Euskara dela eta, herri berdineko eta kanpokoekin harremanak zabaltzea.

Arazoak

  • Konstantzia eza, erraz aspertzea.
  • Eskolako azterketak eta bestelako zereginak.
  • Biltzeko arazoak: eskola ordutan bada hainbat irakasleen kexak eta orduz kanpo bada ezina.

Aurrera begira

Honako hobekuntza hauek proposatuko genituzke pertsona, material eta inguru mailan egitasmoa hobetu ahal izateko:

Pertsonalak

  • Ikasleen artetik Talde eragilea osatzen dutenak nortasun eta heldutasun handikoak izatea.
  • Irakasleak lehendabiziko klaustroan jakinaren gainean ipini eta euren lankidetza eskatu. Ekimenak aurrera eramateko, batzuetan beraien laguntza beharrezko dela adierazi.

Materialea

  • Ikastetxeko aurrekontuan diru bat izendatzea.

Kanpo harremanak

  • Bailarako Guneko Ikasleen bilerak maiztasun gehiagorekin egitea oso motibagarriak baitira