Txostenak

Ikasleak euskal kulturan murgiltzeko lan-taldeen eraketa

Ikastetxea: San Ignacio Institutua (Bilbo)

Egileak: Xabier Oiartzabal Iriarte.

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Ikasleak euskal kulturan murgiltzeko lan taldeen eraketa eta optimizazioa.

Sarrera

San Inazio BHI, Bilboko San Inazio auzoan kokatuta dago. Auzoaren gehiengoa erdalduna da: euskaldunen proportzioa %32koa da, jatorrizkoa %3a eta alfabetatuena %12a.eta bertan bizi direnek eguna kanpoan ematen dute, auzoa lotarako dute, hiri dormitorioa baita.

Ikastetxea tamainaz txikia da. DBH besterik ez du eta maila bakoitzeko bi ikasgela. Guztira, zortzi ikasgela, denak D eredukoak, 130en bat ikasle eta 18 irakasle.

Gure ikastetxea D eredukoa izanik, ikasleek haien arteko harremanetan oso euskara gutxi egiten dutela kontuan harturik, Ikasle Batzordea eratzea erabaki zen. Batzorde honek ikasleak euskal kulturan murgiltzea abiapuntua izan zitekeelako usteak ekarri zuen horretan sakontzeko lan talde eraketa.

Lehenengo hiruhilabetean hainbat bilera eta egin ostean martxan jarri genuen taldea eta kurtsoan zehar eginkizun horietan murgildurik ibili da.

Helburuak eta metodologia

Bi helburu nagusi ditu ekimen honek:

  • Euskara komunikabideetan eta bereziki gure kultura eta gure gizartean bizirik eta indartsu dagoela jakinarazteko, Euskal kulturari buruzko informazioa landu eta propio jarritako paneletan jarri beste ikasle guztiek horren berri izan dezaten.
  • Euskararen erabilera bultzatu.

Helburu xeheak:

  • Euskal kulturari buruzko informazioa lantzeko hainbat arlo desberdin aukeratzea eta jorratzea: Agenda Kulturala, Euskara, Informatika, Musika, Euskal Literatura, Sexu berdintasuna eta harremana askatasuna, Kirolak, Salerosketa gunea.
  • Panelaz gain: Institutuko Euskal Hiztunen Dekalogoa ateratzea, Euskal Aste kulturalaren egitarauaren planifikazioan parte hartzea, Euskal Abestiak CDaren osaketan parte hartzea, Euskararen erabileraren balorapena egitea.

Erabilera ardatz eta helburu hartuta, uste dugu euskal kulturaren atal desberdinen lanketak hizkuntzaren ezagutzan sakontzea, hizkuntzaren inguruan ditugun beste gaiekiko interesa piztea eta erabileran bultzada handia ekar dezakeela. Uste sendo honek ekarri zuen programa hau abian jartzea.

Hasiera batean irakasleak izan ziren ekimenaren eragile nagusiak. Hauen ekimenez sortu zen ikasleen batzordea. Behin batzordea martxan, ikasleak eurak dira eragile eta hartzaile nagusiak. Euren beharrak asetu eta ekimena ahalik eta erangikorren gerta dadin irakasle baten etengabeko laguntza eta koordinazioa dute. Programa honek ikasle guztiengan eragiten du.

Ekintzen aurkezpena:

  • Hasieran, Panel guztien errotulazioa zehaztu eta gauzatzen da, gero informazioa jorratzen eta jartzen hasteko.
  • Agenda Kulturala: Gure inguruan euskaraz bizitzeko ditugun aukerak aurkeztea: Bilbo gaua, auzoan, larunbata eta iganderako egitaraua. Kafe antzokia gazteentzako antolatutako tailerrak,...(Zaparrada egitaraua). Bilboko agendan zer dagoen adin honetako gazteentzako zuzenduta, Kontzertuak eta aparteko jaialdi eta ekintzen berri.
  • Euskara: Gure Hizkuntzak jasotzen dituen aldeko iritziak eta erasoak aurkezten dira batetik, eta bestetik, institutuan bertan Ikasle Batzordeak egiten duen euskararen erabilpenari buruzko balorapena.
  • Informatika: Mundu honetan agertzen diren berriak (helbide berriak eta zer topa daiteke horietan, birusak direla eta ez direla, ...)
  • Musika: Abeslari eta CD berriei buruzko informazioa ematen zaie, bi ataletan banatuta: Euskalduna eta Internazionala. Honekin lotuta ikasgeletako pasalekuaren sarreran Musika panel berezia dago jarrita. Bertan, asteroko euskal abeslari edota talde bati buruzko biografia, diskografia, irudiak eta kanta batzuen letrak eskuratzeko aukera eskaintzen zaie. Panel berezi honetan agertzen den abeslari, zein taldearen abestiak aste osoan zehar, sarreretan zein irteeretan eta atsedenaldi orduetan entzuteko aukera izan dute (Informazioa, zein CDak Internetetik jasota). Ikasturte bukaerako kurtsoan zehar entzundako abeslari eta taldeen bilduma osatzen da.
  • Euskal Literatura: Txoko honetan literatur lehiaketen berri eta aste osoan egunkarian datozen txisteak, denbora-pasak edo historiak jartzen zaizkie eskura, baita idazleek egindako adierazpenak edo argitaratutako liburu eta aldizkarien berri.
  • Sexu berdintasuna eta harreman askatasuna: Hemen gertatzen diren erasoak, aldeko jarrerak eta gomendioak agertu dira.
  • Kirola: Futbola, Mendia eta Txirrindularitza.
  • Salerosketa gunea: Beraiek saltzeko, erosteko zein trukatzeko duten guztia txantiloi-eredu baten bitartez, bertan jartzeko aukera eman zaie.

Panelaz gain beste arlo batzuk ere jorratu dira. Hauek guztiak H.N.P.ko Ikasle Batzordekideek bideratu dituzte:

  • INSTITUTUKO EUSKAL HIZTUNEN DEKALOGOA: Partaideen dekalogoa eta lan egiteko arautegiaren zirriborroa atera zen lehendabizi. Gero, Euskara Panelean eta Klase guztietan jarri zen, ekarpenen bat egin nahi zuen orok aste beteko epea zuela jakinaraziz.
  • Euskal Aste Kulturalaren egitaraua: Joan den ikasturteko Egitarauan oinarrituta, aldaketak eta proposamenak egin. Astea pasa eta gero horren balorapena egin.
  • Euskararen erabileraren balorapena
  • HIZTUN AKTIBOA MOTIBAZIO BEREZIA sortuz gero, balorazioan eta proposatutako aldaketetan parte izan.
  • EUSKAL ABESTIAK CD atera: Kurtso bukaeran, ikasturte osoan zehar jarritako abeslari eta taldeen bina abesti aukeratu eta CDa planifikatu.

Metodologia

Ikasleen Batzordea osatzen duten kideek, guztira hamabost, bi eratan lan egin dute. Jorratzen diren bost arlo edo esparruen inguruko lanketan talde txikitan banatu dute lana; gai orokorrak (Euskal Astea, Dekalogoa...) jorratzeko berriz, Talde Osoko lana bultzatu dute.

Asteazkenero arratsaldeko 3:00etatik 4:30etara Informatika gelan bildu da batzordea, ikasleak irakasle arduradunarekin batera. Erabili dugun materiala: Aste osoko EUSKALDUNON EGUNKARIA, Internet, Zaparrada taldeak bidalitako informazioa, taldeetako kideek ekarritakoa, ...

Lan egiteko era errazteko eta ahalik eta azkarren egiteko, irakasle arduradunak informazioa arloka jaso eta lanketa sakonik egin gabe, karpetetan sailkatuta, eramaten du. Erabiltzen diren Interneteko helbide interesgarrienak ere gorde egin dira.

Arlo bakoitzean, informazio egokia erabaki, azpimarratu, errotulua behar izanez gero egin, konposaketa egin ondoren bere tokian itsatsi eta bukaeran dagokion panelean txukun-txukun grapekin jarri.

Baliabideak

Hainbat material ahigarri (errotulagailuak, kola, erregelak, artaziak, grapagailuak, kuterrak, azpimarragailuak, errotulkiak,...) Fotokopiagailua eta plastifikagailua dezente erabiltzen dira. Ordenagailuak, Internet, EUSKALDUNON EGUNKARIA (Ikastetxeak egunero jasotzen du), CDak,...

Ondorioak

Eragina esparru desberdinetan nabaritu da. Ikasleak eurak Taldea eratzean eta zeregina izatean prozesuan protagonista sentitu dira. Eurena da programa eta horrela bizi dute. Ez dago inposaketarik edo atzetik ibili beharrik, ikasleen inplikazioan eragin beharrik ez dago beraz.

Ikasle Batzordekideek asteazkeneroko bilerak euskara hutsean egiten dituzte, euskaraz bizi dituzte. Batzordekide direnak ez ezik gainontzeko ikasleak ere euskaraz bizi daitezen, hauek erabilera bultzatzeko ardura agertu dute.

Institutuko paisaia astero berritzeaz gain, txukun eta erabat euskaraz agertzen zaigu.

Panelak biziak dira eta guztioi jorratutako arlotan informazioa eskaintzeaz gain aldeko giroa sortzen du.

Ikastetxea egunero euskal musikarekin girotzen dugu.

Hiztun aktiboaren Dekalogoa zehaztea.

Eragina neurtzeko erabiltzen ditugun tresna ez dira apartekoak: Ikasleek eguneroko bizitzan egindako iruzkinak eta behaketa zuzena dira dauzkagun termometro nagusiak. Eta hori baino benetakoago gerta daitekeena Ikasle Batzordekoen balorazioa, beste ikasleekin batera egoten baitira.

Arazoen eremuan, aurten izan dugun ordutegia ez digu gehiegi lagundu. Asteazkenero 3:00etatik 4:30etara jarrita genuen bilerara ikasle batzuk, nahiz eta joateko asmoa eta gogoa izan, ezin izan dute parte hartu. Irakasle arduradunarekin antzeko zerbait gertatu da, batzuetan beste motatako bilerak tartekatzean ezin izan du bertan egon, eta ikasleek, bakarrik daudenean, ez dute berdin funtzionatzen.

Aurrera begira

Bileren egutegia eta antolaketa aldatu beharra ikusten da, ikasleen ordutegia kontuan izanda. Egun eta bilera bakarra izan beharrean, datorren ikasturterako hiru egun eta ordutegi desberdin aurreikusten ditugu:

  • Jantokian gelditzen direnak asteartero bazkal ostean klaseak hasi bitartean.
  • Asteazkenero, ahal dutenentzako, aurten izan dugun ordu berean 3:00etatik ? 4:30etara.
  • Asteazkenero, atsedenaldian beste bi taldeetan sartzen ez direnak.

Arloak eta eginbeharrak talde antolaketa berriari egokituko zaizkio:

  • Lehenengo Ziklokoek: Agenda Kulturala, Informatika, Musika eta Kirola.
  • Bigarren Ziklokoek: Euskara, Sexu berdintasun eta harreman askatasuna, eta Euskal Literatura.

Honez gain, guztiok batera biltzeko, hilero egun bat jarri beharko da, balorazioak egiteko, ideia berriak edo ekarpenak aurkezteko eta guztion artean egin beharrekoa aurrera eramateko.