Ikasleen arteko elkartrukeak
Ikastetxea: Gabriel Aresti Institutua (Bilbo)
Egileak: Asun Landa eta Isabel Gorriņo
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena
Gure ikastetxeak IKABIL programan parte hartu du azken urteotan. Ekintzen antolamendua ikastetxearen dinamikaren barruan azalduko dugu.
Sarrera
Gabriel Aresti institutua 450 ikasle eta 45 irakasle dituen Bigarren Hezkuntzako ikastetxea da. Ikasle gehienek D ereduan ikasten dute, DBHn B ereduko lerro bat baitago.
Gure ikastetxearen kezkarik handienetako bat euskararen erabilera izaki, elkartrukea oso interesgarria iruditzen zitzaigun, are gehiago iparraldekoekin egitea, haiekin harremanak ezinbestean euskaraz izan behar baitziren, bai han bai hemen.
Ekintza hau egiten dugun 3.urtea dugu dagoeneko. Berau DBHko 4.mailako ikasleekin egiten dugu, eta gehienek hartzen dute parte, 30 bat urtero. Renee Cassin Baionako Lizeoko euskara ikasten ari diren ikasleak abenduan Bilbora etortzen dira, gure ikasleen etxeetara, aste batez; eta udaberrian geureak Baionara joaten dira.
Lehenengo ikasturte hartan gure kabuz egin genuen, Guraso Elkarteak, ikasleek eta institutuak ordainduta. Gero Ikabil programa sortu zen eta berehala eskabidea egin genuen.
Helburuak eta metodologia
Helburu nagusia euskararen erabilera bultzatzea da, batez ere ikastetxetik kanpo, inguru desberdin batean. Honen haritik beste hiru xede nagusi planteatzen ditugu. Batetik, inguru erabat erdaldunean bizi diren ikasle hauek euskara eguneroko giza harremanetarako balio duela konturaraztea, Baionako ikasleekin euskara baitute komunikazio hizkuntza bakarra, hangoek gaztelera gutxi eta gureek ere frantsesa antzera. Honekin batera euskarak bizi duen egoera latzaz jabetzen dira. Euren egunerokoan gertutik bizi badute ere, beraien bizimoldeak ez baitie hizkuntzaren errealitatea ikusten uzten. Eta azkenik, irteera honek euskalki bat bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen die.
Helburu nagusiarekin batera beste bi gutxienez betetzen ditugu. Batetik, Lapurdiko errealitate geografiko, historiko eta ekonomikoa ezagutu eta beraiek bizi dutenarekin alderatzeko aukera dute; eta bestetik, etxetik kanpo egon beharra, beste familia batekin bizi, haien ohiturak, bazkariak, ordutegiak,.... bizi modu desberdinera moldatzen dira.
Ekimen honen urratsak
Elkartrukea gauzatu baino arinago:
- Ikasle eta gurasoekin bilerak egiten dira helburuak eta egitaraua azaltzeko, eta konpromiso batzuk adosteko (ikus 4.eranskina)
- Klase eta ikasgai desberdinetan gai batzuk landu: euskalkia, geografia, historia... (ikus 2.eranskina)
- Bi ikastetxeen arteko gutun trukaketa. Elkartrukea baino arinago elkar ezagutzeko eta interesa sortzeko.
Elkartrukea: Baionako ikasleen bisitan. Gaia: Bizkaia atzo eta egun:
- La Arboleda: meategiak.
- Gernika: Bizkaiko historia: Batzarretxea, Europako Parkea.
- Bermeo:Arrantza eta portua Arrantzale Museoa.
- Aulesti: Baserria gaur. Nekazal turismoa. Bolibar: Museo etnografikoa. Ziortza.
- Bilbo: Alde zaharra. museo antropologiakoa eta Guggenheim.
- Gai akademikoez aparte, hango eta hemengo ikasleek elkarrekin egoteko aukera daukate. Bermeoko bisita elkarrekin egiten dute, eta arratsaldeetan ekitaldi desberdinak antolatzen dira: Kafe Antzokia bisitatu (dantza ganbara), afari bat... Azken egunean, goiza institutuan ematen dute, gure ikasleekin batera sartzen dira hainbat klaseetan, eta, Gabonetako bezpera denez gero, institutuko jaian parte hartzen dute: Sto. Tomas Txiki, kontzertua, mozorroak ...
Elkartrukea: Baionan:
- Baiona: hiria eta portua. Katedrala. Baionako xokoleta
- Donibane Garazi. Irulegi irratia (Irratsaioa eta elkarrizketa). Baigorri (Pisciculture).
- Ibilaldi bat menditik: Saratik Zugarramurdiraino.
- Abbadie Jauregia.
- Donibane Lohitzune.
- Egunero klase bat ematen dute Baionako kideekin, eta arratsaldeak familia eta lagunekin ematen dituzte herri desberdinetan. Arratsalde bat Baionan ematen dute eta kontzertu batera joan eta gero, elkarrekin afaltzen dute. Azken egunean jolasak eta kirolak antolatzen dira Lizeoan.
Hau guztia gauzatzeko, irteerak bertoko bi irakasleekin egiten dituzte, eta fitxa eta galdetegi batzuk bete behar dituzte (ikus 1. eranskina). Azalpenak irakasleok edo bertoko arduradunek ematen dituzte euskaraz. Lapurdi eta Behe Nafarroan egiten diren bisitetan azalpenak hango euskalkietan ematen dira. Galdetegiak betetzeko galderak egin behar dituzte. Azken egunean bilera bat egiten dugu galdetegiak eta fitxak denon artean zuzentzeko eta komentatzeko. Bertan ebaluaketa egiten hasten gara, batez ere gustura egon diren, probetxugarria izan den, nola sentitu diren... komentatzeko, eta hausnarketa komuna egiteko.
Baliabideak
IKABIL programan parte hartzen dugu, Eusko Jaurlaritzak propio jarrita dituen diru laguntzak lagungarri gertatzen baitzaizkigu oso. Hortaz aparte ikasle bakoitzak 30 euro ordaintzen du.
Ekimena girotzeko, Klasean apunteak,fitxak, mapak, planoak,Turismo bulegoetan hartutako txostenak eta informazioa... erabiltzen ditugu.
Dirutan, jasotzen ditugun laguntzak aintzat harturik, kostu handirik gabe aurrera eraman daitekeen ekimena da. Nahia, gogoa eta helburua garbi izatea dira ditugun tresna eraginkorrenak. Gainerakoak, diru kontuak kasu, nork bere egoerari egokitu beharko dizkio.
Gureak ondoko hauek sortzen ditu:
- Autobusak Baiona-Bilbo, Bilbo-Baionako bidaiak egiteko.
- Irteerak egiteko autobusak edo trenak (Gernika-Bermeo irteeran, alegia)
- Museoko sarrerak.
- Azken gaueko afaria.
- Fotokopiak. Planoak, mapak eta abar doan eskuratzen ditugu Turismo bulegoetan, Udaletxean etab.
Bazkariak familien kontura doa. Baionan gaudenean, berriz, Lizeo desberdinetan egiten dugu bazkaria.
Ondorioak
Beste helburu batzuk betetzen badira ere, motibazioa da agian lorpenik handiena. Jakin-mina, interesa pizten da hara joan baino arinago, gutunekin, klasean entzundakoarekin eta batez ere hango ikasleak etorrerarekin.
Eragina neurtzeko propio prestatutako galdetegiak erabiltzen ditugu (ikus 3.eranskina)
Bestalde, gurasoek beste ekimen batzuetan baino gehiago inplikatzen dira, Baionako ikasle bat etxean hartu behar dutelako. Ikasle horrekin egoteak, komunikatzen saiatzeak (guraso asko ez dira euskaldunak, eta erdi frantsesez erdi gazteleraz aritu behar izaten dira) ... haiengan ere interesa eta motibazioa sortzen du. Irakasleen aldetik, Euskara eta Gizarteko irakasleak dira gehien inplikatzen direnak, klasean gai horiek landu behar dituztelako. 4.DBHko tutoreek ere parte hartzen dute,Zuzendaritzako taldekoek, eta, noski, haiekin Baionara doazenek.
Arazorik ere ez da falta izaten. Agian arazorik handiena Baionako ikasle batzuen euskara eskasa izan da, kontuan hartuz asko ez direla jatorrizko euskaldunak, eta Lizeoan euskara ikasgai bat baino ez dela. Bestalde, ekimen honetan ez dugu ikasle guztien partaidetza, DBH 4. mailako 50 ikasleetatik 30-35 inguru joaten dira. Beraz, Baionan dauden bitartean antolamendu arazo batzuk sortzen dira institutuan, klase bakoitzean ikasle gutxi batzuk geratzen direlako. Beste aldetik ere, hara doazen irakasleek (bi normalean) ez dute ordezkorik, eta haien klaseak besteok hartu behar ditugu.
Aurrera begira
- Landu nahi diren gaiak hobeto lotu ildo edo xede baten inguruan.
- Mintegiak gehiago inplikatu, haien programazioan elkartrukean landuko diren gaiak sar ditzatela. Uste dugu akademikoki garrantzi gehiago eduki beharko lukeela gai batzuetan
Eranskinak
1. eranskina: Txangoetan lantzeko fitxak
Donibane Lohizune (taldeka, planoa erabiliz irakaslerik gabe) (Baionako irakasleek egindakoa):
- Luis XIVa deitu plazan zarete. Zer ikusten duzue erdian? zein dira plaza hori inguratzen duten egoitza (jauregi) famatuak? Zendako deitu dute horrela plaza hau? (informazioa bildu jendeari galdetuz)
- Zoaz kaira (portura) eta Maitexa Infantaren etxea ikusiko duzu. Etxea deskriba ezazu.
- Elizara zoaz. Luis XIVek eztei egunean baliatu duen atea aurki ezazu. Nola da ate hau orain?
- Elizan sartzen zara. Galeriak zenbat lerrotan dira? XVII. Mendeko erretaula beha ezazu. Zenbat saindu itxura daude? Bataio harria deskriba ezazu.
- Ganbeta karrikan (kalea) ibil zaitez. 18. zenbakian eta 20.zenbakian diren egoitzek zer bereizitasun dute?
- Errepublika kalea jarrai ezazu. 17. zenbakian etxe zaharrena aurkituko duzu. Espainolek 1558an Donibane erre zutenean etxe hau salbatua izan zen. Deskriba ezazu.
- Victor Hugo kalean ibil zaitez. Zer ikusten duzu?
Bilbo. Bilbo Zaharra:
- Koka itzazu Bilboko planoan Zazpi Kaleak
- Santiago Katedrala: estiloa, berezitasunak, klaustroa, portadak, ateak. Konta ezazu nolakoa den eta zer gustatu zaizun gehien. Konparatu Baionako Katedralarekin
- Zazpi Kaleak deskribatu. Zer dago bertan? Izenak jarri itzazu hemen.
- Unamuno Plaza eta Plaza Berria aurki itzazu planoan.
- Museo etnografikoko bost gauzen izenak jar itzazu hemen. Zer da gehien gustatu zaizuna?
Bilbo erdialdea:
- Ibaiaren izena eta ibilbidea seinalatu planoan.
- Zubiak: Izenak. Nolakoak dira? (oinezkoentzat, autoentzat ...)
- Udaletxea: Non dago? Konparatu Baionakoarekin. Antzekotasunik?
- Zer da Kafe Antzokia? Noiz sortu zen? Zertarako? Tabernatik kanpo zertarako erabiltzen da?
- Guggenheim: Kanpotik: zerez egina dago? Eraikina gustukoa duzu? Zergatik? Zeren itxura dauka?
- Guggenheim barruko aldetik: nolakoa da? Gustura ibili zara? Gustatu zaizu erakusketa?
- Gabriel Aresti: Nor zen? Informazioa bila ezazu eta 7 lerro idatzi.
- Nire aitaren etxea. Ezagutzen zenuen poema hau? Zein da aitaren etxea? Zer esan nahi du Arestik poema honekin?
Gernika
- Bidean: Seinalatu ibilbidea mapan:
- Bilbotik Gernikara: Herriak
- Aurki ezazu Arteagako Dorretxea (XIX. Mendean Maria Eugenia Enperatresak zaharberritu zuena)
- Santimamineko kobazuloa
- Seinalatu Gernikako itsasadarra eta ibaia, izena jarriz.
- Gernikan:
- Gernikako Arbola: Euskal Herriaren askatasunaren sinboloa. Zergatik? Zer egiten zen bere itzalean? Zein motatako arbola da?
- Batzarretxea: Zer dago bertan? Zertarako balio zuen lehen? Eta gaur egun?
- Picassok Gernika koadroa margotu zuen. Zein izan zen gaia? Noiz gertatu zen?
- Europa Parkean eskultura batzuk daude. Norenak dira? Nolakoak dira?
Bermeo:
- Seinalatu mapan ibilbidea (Gernikatik Bermeoraino)
- Zer da Urdaibai?
- Zein da jarduera nagusia Bermeon? Zein da herritarren lanbide nagusia?
- Zein motatako arrantza /arrainak hartzen dituzte?
- Nola du izena portuko dorreak? Zergatik?
- Jar itzazu hemen museoan ikusi dituzun bost gauzen izenak.
- Zer da gehien gustatu zaizuna gaurko irteeran?
2- eranskina: Iparraldeko zenbait hitz (klasean lantzeko, hara joan baino arinago)
Nola zara?/Nola zaude?
Etxerat/etxera
Baionarat/Baionara
Pesta/jaia
Seriosa/serioa, formala
Irri egin/farre egin
Elgarrekin/elkarrekin
Biziki/oso
Biziki untsa/oso ondo
Ez adiorik/laster arte
Berant/berandu
Zonbait/zenbat
Emaiten/ematen
Egoiten/egoten
Nola zira?/nola zaude?
Alegera/pozik
Amini bat/pixka bat
Burrasoak/gurasoak
Gisakoa/jatorra
Agian/behar bada
Ahantzi/ahaztu
Aitzin/aurre
Aise/erraz
Aitzitik/ordea, ostera
Anartean/bitartean
Anitz/asko, ugari
Arrangura/kezka
Atxiki/eutsi
Ahuer/alfer
Aurride/senide
Bederen/behintzat, gutxienez ere
Begiratu/zaindu
Debaldetan/alferrik
Emazte/emakume
Eri/gaixo
Erran/esan
Eztiki/gozoki
Galdatu/eskatu
Bilakatu/bihurtu
Emeki/astiro
Fite/arin
Gan/joan
Gibeleratu/atzeratu
Hauteman/antzeman, igarri
Hits/triste
Ihardetsi/erantzun
Jin/etorri
Miatu/aztertu
Onhetsi/onartu
Oren/ordu
Othoi/arren, mesedez
Pairatu/jasan, sufritu
Pota/musu, laztana
Sobera/gehiegi
Sortu/jaio
Tronpatu/engainatu
Usu/sarri, arin
Xarmangarri/liluragarri
Xede/helburu
Xume/apal
Zinez/benetan
3. eranskina: Ebaluaketako galdetegi bat.
(Ondo, Oso ondo, edo Txarto erantzun behar duzu)
- Egitaraua:
- Donibane Lohitzunen igarotako eguna
- Lizeoan emandako denbora
- Osozelaiko harpetara bisita
- Baionako txokolateria
- Sara
- Abbadie gaztelua
- Miarritze
- Jokoak
- Zerbait komentatu nahi duzu honi buruz?
- Aisialdia
- Kontzertua
- Arratsaldeak
- Afaria
- Zure komentarioa:
- Harremanak
- Harremanak familiarekin
- Ikaslearekin
- Baionako taldearekin
- Irakasleekin
- Zerbait komentatzeko?
- Iritzi orokorra:
- Gomendatuko zenieke datorren urtekoei elkartrukea egitea? Zergatik?
- Hango euskara entzutea baliagarria izan da zuretzat?
- Zein hizkuntzetan komunikatzen zinen hango kidearekin? Eta familiarekin?
- Hango euskararen egoera ezagutzea?
- Datorren urtera begira, zer aldatuko zenuke?
- Orokorrean gustura gelditu zara? Zergatik?
- Probetxugarria izan da zuretzat? Zerbait ikasi duzu?
4. eranskina: Guraso eta ikasleen konpromisoak eta ardurak:
Guraso eta ikasleekin egindako bilera desberdinetan konpromiso batzuetara heldu ginen. Hauexek dira.
Ikasleen konpromezuak:
- Lehenik eta behin HARRERA EZINHOBEA ematea, gure gonbidatuak dira eta Hego Euskal herrikook abegi onekoak garela erakutsiko diegu.
- Gure auzoa, instituturako bidea, Bilbo kontrolatzen lagunduko diegu eta eurek tokiak ondo menperatu arte lagunduko ditugu, planoak elkarrekin begiratuz, bideak elkarrekin eginez, e.a.
- Kalean elkarrekin gaudenean gure lagunak aurkeztuko dizkiegu, talde txikietan ibiliko gara, kontutan izanik gure ardurapean daudela.
- Etxean ere familiarekin komunikatzen lagunduko diegu, ez ditugu bakarrik utziko, e.a.
- Egunerako bazkaria bokaten bidez egingo dute, lehenengo egunean eurek ekarriko dituzte etxetik, baina asteartean, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean egun osorako irtengo dira eta poltsa txiki batean jarriko diegu bazkaria (bokatak eta fruta) eta etxean gurasoei laguntza emango diegu hauek prestatzen.
- Egunero arratsaldez ordutegi normala egingo dugu, hau da, gurasoek esaten dituzten orduak errespetatuz eta salbuespena ostegun gauekoa izango da, gurasoek badakite eta guztiok elkarrekin jaitsiko gara Otxarkoagatik gaueko hamaikak eta erdiak aldera, hamabietarako etxean egoteko. Hori da konpromisoa.
Familien ardurak:
- Familian integratzen saiatzea (nahiz eta etxean ordu gutxi pasatuko dute)
- Komunikazioa erraztea. Batzuk ez dute euskara oraindik menperatzen.
- Etxera etortzeko orduak kontrolatzea. Ostegunean 12ak arte egon daitezke kanpoan, afaria dela eta.
- Egunero bokadiloak prestatzea irteeretarako. Kontutan izan behar da egun osorako janaria izango dela, beraz, komenigarria izango litzateke bokadiloetatik aparte fruta, gailetak... prestatzea.
- Begoņa eta Atxuriko bideak erakustea, eta Bilboko planoarekin laguntzea.

