Txostenak

EUSKAL GIROTZE BARNETEGIAK: hainbat material ikusgai

Ikastetxea: Alkiza eta Segurako EGB

Egileak: Imanol Lizardi eta Agustin Mujika

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Hamasei urteko bidea egin dute Euskal Girotze Barnetegiek. Bertan erabiltzen dituzten materialak, programak, jolasak, e.a. ikusgai izango dituzue poster honetan.

Sarrera Euskal Girotze Barnetegiak bost dira; hiru Gipuzkoan: Alkiza, Elgoibar eta Seguran; eta bana, Araban eta Bizkaian: Espejo eta Plentzian, hurrenez hurren. Elgoibarko Aubixa baserrian dagoena eta Segurakoa D eredukoak dira; Alkiza eta Plentziakoak B eredukoak; eta Espejokoa, A eredukoa.

Alkiza eta Segurako barnetegietara LHko 3, 4 eta 5mailako ikasleak joan ohi dira; Elgoibar eta Plentziakoetara, LHko 6.maila eta DBHko 1. eta 2.mailakoak; eta Espejokora, LHko maila guztietako eta DBHko 1. eta 2.mailako ikasleak.

Barnetegi hauek gehienbat erdal giroan bizi diren ikasleek bost egunez behintzat euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten sortuak dira. Lehenengoa 1.985. urtean zabaldu zen Euban, eta, geroztik, Eubakoa bera Plentziara eramatearekin batera beste laurak zabaldu dira. Azkena 1.999an zabaldu zen, Espejokoa, ordura arte Gaztelun zegoena ordezkatuz.

Bertara ikasgela osoak etorri behar du, ikasleen tutorearen laguntzaz. Batzuetan taldeak txikiak direla eta, bi ikastetxetako taldeak elkartzen dira, gutxieneko kopurua osatzeko. Gehienezko ikasle kopurua hogeita hamabostekoa da, eta gutxienekoa, hamabostekoa.

Barnetegietara Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako edozein ikastetxetatik lehen zehaztutako mailetako edozein talde etor daiteke, ikastetxea publiko nahiz pribatu izan, A, B edo D eredukoa izan.

Helburuak eta metodologia

Helburu nagusia eta helburu xeheak

Barnetegi hauen helburu nagusia etxean eta kalean erdal giroan bizi diren haurrei euskal giro aberats bat ezagutzeko eta, are gehiago, bertan euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea da; horrela, beren euskara ikasteko prozesuari bultzada eragingarria emanez. Batez ere, zera lortu nahi da: euskaraz lehen pausoak ematen ari diren ikasleei, hizketan askatu ezin hori gaindiaraztea, euskaraz komunikatzeko gai direla konturaraziz, bere buruarekiko segurtasuna eta konfiantza sortzea eta hitz-etorria indartzea. Beraz, barnetegien xede nagusia ikasleen hizkuntz gaitasuna indartzeko ekintzak egitea izango da. Ekintza guztiok garaiz prestatu eta jakinaraziko zaizkie bertara joan behar dutenei.

Honela laburbildu genitzake, beraz, gure helburu nagusi zein xeheak:

Hizkuntz helburu orokorrak:

  • Euskaraz bizitzeko aukera eskaini.
  • Erabilera bultzatu, ikasleen hizkuntz gaitasunaren arabera.
  • Irakasleari bestelako hizkuntz baliabideak eskaini.
  • Irakaslearen espektatibak handitu.
  • Euskararen bidez Euskal Herria ezagutu.
  • Euskal kulturara hurbildu.
  • Ikasleen euskararekiko jarrera positibo eta aktiboa bultzatu.

Giza mailako helburuak:

  • Talde bizitza eta sozializazioa:
    • talde lana bultzatu
    • taldean elkarbizitza sendotu
  • Haurraren nortasuna eta autonomia garatu:
    • norbere ideiak azalduz eta besteenak errespetatuz, nortasuna sendotu
    • haurraren autonomia maila indartu.
    • arauak: elkarbizitzarako tresna
  • Berdintasunaren kultura:
    • parekotasuna
    • hezkidetza
    • integrazioa
  • Natura ezagutu eta zaindu.
  • Bestelako gizarte giroak ezagutu eta errespetatu.

Oinarri teorikoak

Barnetegira datozen haur talde gehienak erdal girokoak dira. Normalean, eskolan bakarrik sentitu eta erabil dezakete euskara. Arlo honetan dago barnetegiak egin diezaiekeen eskaintzarik onena: ingurune euskaldun batean kokatuta dagoen barnetegian, euskara hutsean bizitzeko aukera eskaintzen zaie. Goizetik gauera, beren artean, monitoreekin eta irteeretan ezagutuko dituzten pertsonekin, euskara nahikoa izango zaie komunikatzeko. Kasu batzuetan nahikoa bakarrik ez, beharrezkoa eta ezinbestekoa ere bai.

Egonaldiak irauten duen bost egunetan zehar, konturatuko dira euskara ez dela eskola giroan bakarrik existitzen eta balio duen hizkuntza bat. Euskara bizirik dagoen eta bizitzeko balio duen hizkuntza dela konturatuko dira; beren arteko harremanak bideratzeko balio duen hizkuntza dela eta beraiek gai direla harreman horiek eskolatik kanpo ere euskaraz gauzatzeko.

Orain arte aipatu dugun guztia alaitasunez blai gauzatzen saiatzen gara, giro atseginean. Umeek ez dute eskola kutsurik duen ekintzarik egiten. Jolasak, dantzak, abestiak eta tailerrak dira egonaldiaren oinarrietako bat. Barnetegiak euskaraz gozatzeko aukera eskaintzen die haurrei.

Etxe barruan egiten ditugun ekintzez aparte, egonaldiaren beste zutabeetako bat barnetegia kokatua dagoen herriko eta inguruko aukerak aprobetxatzea da.

Barnetegiaren hirugarren zutabea lau irakaslek osatzen duten monitore taldea da. Monitoreen eginbeharrak, aste osoko programa eta ekintzak aurrera eramateaz aparte, haurrei hizkuntza eredu ahalik eta txukunena eskaintzen saiatzea da eta, era berean, haurrekin giza harreman goxo eta jatorrak sortzen ahalegintzea.

Ekintzen aurkezpena

Ekintzen aurkezpena
Tailerrak Irteerak Lotura Ekintzak Barruko Jolasak kanpoko Jolasak
Antzerkia Baserria Abestiak Txantxa jolasak Baloi jolasak
Bideo-pelikula Natur irteerak Gaueko saioa... Mahai jolasak Egur jolasak
Ordenadorea ------ ------ Musika jolasak Pilota jolasak
Telesaioa ----- ----- Jolas mugikorrak Puxika jolasak
------ ------ ------ ------ Zapi jolasak
------ ------ ------ ------ Harrapaketa eta lasterketak
------ ------ ------ ------ Herri kirolak

Metodologia

Euskara gogoz har dezaten nahi badugu, euskararen ingurua osatzen duen guztiak ikasleen gustuko izan behar du, derrigorrez. Alferrik da euskarari buruz hitz politak esatea edo euskara goraipatzea, irakasteko era ez bazaie atsegin. Une guztiak zaindu eta neurtu behar dira gainera. Ikasleen jarrera hobetzeko lana uneoroko eginkizuna da. Garrantzia eman behar zaio momentu bakoitzean zer, non eta nola proposatzen zaionari, helburu nagusia ikaslearen motibazioa piztea baldin bada. Alde batetik, monitoreok gauza izan behar dugu aldez aurretik prestaturiko programazioa egokiena den ala ez aztertzeko eta baloratzeko; eta, ondoren, aldaketaren bat egitea premiazkoa bada, horretarako prest egon behar dugu.

Baliabideak

Era askotakoak dira erabiltzen ditugun baliabideak eta material didaktikoak, lehen aipatu dugun ekintzen zerrendaren moduan. Garrantzitsuenak hauek dira:

Ikus?entzunezkoak:

  • bideo-kamerak
  • telebista, bideoa...
  • audio ekipoa (nahasketa mahaia barne)
  • proiektoreak (kanoia barne)
  • diskoteka tresnak
  • kamera digitala

Ordenagailuak (gure bulego-lanetarako bat, eta beste hainbat ikasleek erabiltzen dituztenak)

Barne-jolasetarako hainbat tramankulu, panel eta abarrekoak.

Kanpo-jolasetarako hainbat tresna: baloiak, palak, pilotak, stikak, planoak...

Antzerkia. Telesaioetarako hainbat material: Jantziak, ileordeak, dekoratuak, hainbat tresna

Bulegoko materiala (fotokopiagailua...)

Ondorioak

Milaka dira urte hauetan barnetegietatik pasa diren haurrak, gehienak gustura etorri eta gusturago joanak. Hori baino adierazgarriagoa da guretzat, hala ere, irakasleek berek askotan azaldu duten berriro etortzeko nahia, gehienbat hemengo egonaldiak ikasleen euskararen garapenerako eragin positiboa izan duela adieraziz. Horrek frogatzen digu, ikasleak ondo pasatzeaz gain, barnetegiak baduela eragina ikasleek euskara indar dezaten.

Ebaluazioari dagokionez, txanda guztietan egiten ditugu, bai ikasleekin, bai eta irakasleekin ere. Asko eta asko izan da urte hauetan ebaluazio horietatik ikasitakoa, eta asko eta asko, baita ere, gure lanean horien ondorioz eginiko aldaketak.

Aurrera begira

Hobetzea baino, egunean egotea da gure erronka nagusia. Ikasle eta irakasleen espektatibak aldatu egiten dira, eta barnetegiko egonaldi bati ez zaio eskatzen egun, duela zazpi zortzi urte eskatzen zitzaiona, eta honetan asmatzea da gure helburua.

Ikasleentzat ikastetxetik kanpo egun batzuk emateak duen xarmaz baliatzen jarraitu behar dugu, beraiek ondo pasatuz euskararen erabilera eta harekiko atxikimendua areagotu dezaten; azken batean, horixe baita gure lana.

Gure lan honetan ere egunero ikasten da zerbait, eta gaur egun esku artean dugun erronka nagusietako bat, ikastetxeekin dugun harremana hobetzea da; bai barnetegira etorri aurretik eta bai barnetegian izan ondoren ere, egonaldia eraginkorragoa gerta dadin ikasleentzat, beren motibazioari eta euskararen erabilerari dagokionez. Urteek erakutsi digute ikasleek, guregana etorri aurretik, zertara datozen jakiteak egundoko eragina duela; gero, gure barnetegian daudenean, batez ere beraien arteko harremanetan, errazago has daitezen euskaraz hitz egiten, gelaz kanpoko egoeretan ere. Hemendik alde egin eta gero, berriz, harremana mantendu izan dugun kasuetatik ikasi dugu irakasleek asko dutela guri irakasteko, gu hemen jabetzen ez garen zenbait kontuz konturatzen baitira beraiek.

Azkenik, eta ikasleek etxetik kanpo egun batzuk ematearen eta euskararen erabileraren bategite honen arrakasta ikusita, biderkatu egin nahi dugu gure barnetegien gaur egungo eragina, eskolaz kanpoko egonaldiren bat bere kasa egin nahi duenari laguntza emanez; baina berak nahi duen garaian, nahi duen lekuan eta nahi duen ikasle kopuruarekin egin dezan egonaldia.

Gaur egun, martxan dagoen E.G.E. programari beste dimentsio bat eman nahian, behin behineko izena E.G.E.- maleta hartu duen baliabide-multzoa prestatzen ari gara. Horren xede nagusia da euskararen erabilera suspertzeko asmotan etxetik kanpo egun batzuetako egonaldi bat egin nahi dutenei laguntza emanez, ahalik eta ikasle-talde gehien animatzea horretara. Edo, hobeto esanda, ikasleek egun batzuetan euren artean egun osoan euskaraz hitz egin dezaten, etxetik kanpo egonaldi bat egitearen aitzakiarekin.

Badakigu nekeza gertatzen zaiela irakasleei gisa horretako egonaldi bat prestatzea, eta hori da hain zuzen ere, E.G.E.-maleta honen funtsa. Hau da, egonaldian antola daitezkeen hainbat ekintza erabat prestatuak ematea: abesti bildumak, erabilera bultzatzeko zenbait barne-jolas, dantzak, liburuxka bat, irteerak antolatzeko orientabideak, erabilera areagotzeko estrategia zehatz bat...

Beraz, dagoeneko asmoa baino zerbait gehiago duguna, ea denon artean behin betiko errealitate bihurtzeko gai garen!