Euskal Dantzak tailerra eskolaz kanpo
Ikastetxea: Maiztegi herri ikastetxea (Iurreta)
Egileak: Kristina Mardaras Sedrun.
Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.
Laburpena 
Ekintza honek hainbat gai eta eragile inplikatzen eta lotzen ditu: euskal kultura, euskara, ikasleak, irakasleak, gurasoak, herriko dantza taldea, herria, auzoa eta eskola. Horiek denak koordinatuta, herritar guztiei jardun polit eta atsegina euskaraz eskainiz. Jardun horren antolamendua eta pausoak azalduko ditugu.
Sarrera
Esperientzia hau Iurretako Maiztegi Herri Eskolan gauzatzen da. Ikastetxe honek haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osoa ditu, eta maila batzuetan bi lerro izaten ditu (matrikularen arabera); D ereduko ikastetxea da, guztira 25 irakasle eta 235 ikasle inguru gara. Eraikuntza bakarra da eta entsaioetarako ondoko Lanbide Heziketako Institutuko gimnasia lekua erabiltzen dugu. Emanaldietarako, berriz, eskolako aretoa erabiltzen dugu.
Ekintza hau eskolaz kanpoko ekintzen programa barruan txertatuta dago. Hasieran herriko euskara elkartearen ekintza bat zen, baina partaide gehienak eskolako ikasleak zirenez, Maiztegi Eskolak bertan egitea eskatu zuen, horrela ume gehiagok parte hartu ahal izateko (eskolaren bidez partaidetza sustatuz). Bide batez, euskararako esparru bat zabaldu genuen.
Orain dela lau urtetik eskolan bertan gauzatzen da eta, duen arrakastagatik, jarraitzeko asmoa daukagu.
Helburua eta metodologia
Helburu nagusia euskaraz hitz egiteko denbora eta espazioa gehitzea da, hizkuntz eredu egokia emanez; horretarako, lehen ikasle izandako monitore euskaldun zaharrak eta trebatuak jarri ditugu arduradun. Baina, horrekin batera, badira bestelako lorpenak ere: Herriko elkarteen arteko elkarlana ere sustatzen da; herriko kultur bizitzan harremanak bultzatzen dira (auzoetako jaietan eta beste ekintza puntualetan parte hartuz, horrela herria ezagutuz,...)
Gurasoak bete betean inplikatzen dira: antolaketarako ardura hartzen dute, materialak erosteko eta sortzeko ere bai (makilak, uztaiak,...), dantzariekin batera saioetara joaten dira elkartasun giroan, eta, gainera, giro euskaldunean murgiltzen dira umeekin batera; bideo-filmak, argazkiak eta bestelako material grafikoa prestatzen dute gerorako geratu dadin, laguntza ekonomikoa ematen dute, eskolako jai egunean monitoreak eta musikariak afaltzera gonbidatzen dituzte eta, afari ostean, urte osoan monitore izandakoek dantzan egiten dute ikasle eta gurasoen aurrean,...
Tailerraren eragileak honako hauek dira: herriko Euskara Elkartea, eskolako gurasoen Batzordea, eskolako HNATa (koordinazioa) eta herriko Dantza Taldea. Hartzaileak, berriz: eskolako umeak, herriko gainontzeko umeak, gurasoak, eta herriko eta auzoetako jendea.
Ikasturte amaieran deialdia egiten da (Haur eta Lehen Hezkuntza osoan); monitoreak hitzartu; guraso guztiekin batzarra, antolaketaren berri emanez; guraso arduradunak aukeratu; urteko plana osatu: saio kopurua, entsaioen ordutegia zehaztu, taldeak osatu, entsaio tokiak banatu eta Euskara Elkartekoekin loturak zehaztu.
HNAT-ak, koordinatzaile gisa, bilerak antolatzen ditu, deialdiak egin, komunikazioez arduratu eta hainbat sektoretako eragileekin loturak egiten ditu: Euskara Elkartea, gurasoak, monitoreak, udala, auzoetako jai batzordeak,...
Baliabideak
Dantzarien jantziak gurasoek eurek josi edota erosten dituzte, musika eta dantzez monitoreak arduratzen dira, dantzarako tresneria: uztaiak, makilak, zintak eta horrelakoak ere gurasoek egiten dituzte. Material didaktikorik ez da erabiltzen. Bidaiak eta materiala, berriz, gurasoen kontura izaten da.
Ondorioak
Urtez urte ohiko ekintza bihurtu da, batere arazorik gabe. Euskararen erabilera areagotu egin da. Gizartearekiko lotura sendotu egin da: auzoetako batzordeek jaietako programetan sartzen dituzte, horrez gain, saioa ematera doazen umeentzat ume jolasak, eta txokolatada antolatzen dute, baita gurasoentzat ere, txokolatada hori ordura arte ez zen antolatzen. Gurasoen euskal kulturarako jarrera hobetu egin da eta euren arteko harremanak gehitu eta trinkotu egin dira.
Partaide kopuruari eutsi egiten diogu urtez urte.
Arazo nagusia da ez daukagula musikari talde finkorik.
Aurrera begira
Ona litzateke musikari taldea sortzea ikasle ohien artean eta dantza eta jokoak uztartzen dituen plana egitea, txikientzat batez ere.

