Txostenak

Euskararen erabilera informalak lantzeko eskolako jarduerak

Ikastetxea: Txingudi ikastola(Irun)

Egileak: Rosa Mª Arano Ciarreta

Eskola Hiztun Bila jardunaldian aurkeztutako dokumentua. Donostian, 2002ko irailaren 19an eta 20an.

Laburpena

Ikastetxean azken urteotan hizkuntzaren erabilera informalak lantzeko asmoz, hainbat proposamen prestatu eta landu ditugu. Esperientzia hori berori eta horren inguruko hausnarketa azalduko ditugu.

Sarrera

Txingudi Ikastola Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako 5 lerrotako ikastetxe publikoa dugu. Ikasle gehienen lehen hizkuntza gaztelera da. Ikas-irakaskuntza hizkuntza euskara da, kalean eta familietan prestigio, estatus eta onarpena maila gutxien duena.

Ikasleen familien maila soziokulturala erdikoa edo erditik beheranzkoa da eta euskaraz eskolaratzeko motibazioa nahiko handia, orokorrean.

Txingudi Ikastolan, gaztelera, euskara eta ingelesa lantzen dira eta bere Hezkuntza proiektuan hizkuntza bakoitzerako honako xedeak ditu jarriak:

Euskarari dagokionez, ikasleei euskararen ezaguera ziurtatzea, ikastetxeko harreman guztiak (ikasleen artekoak, irakasleen artekoak, ikasle eta irakasleen artekoak, zerbitzuetako langileen artekoak) euskaraz bermatzea ikastetxeko gune guztietan eta ikastetxez kanpoko bizitzan euskararen normalkuntzaren aldeko jarrera aktiboa sustatzea.

Gaztelerari dagokionez, ikasleen gaitasun komunikatiboa garatzea eta aberastea ahozko erabilera formaletan eta hizkuntza idatzian.

Ingelesari dagokionez, ingeleseko ikasgelan ikasle-irakasle nahiz ikasle-ikasle elkarreragina ingelesez bideratzeko gaitasun komunikatiboa garatzea eta hizkuntza idatziaren konbentzioak erakustea.

Hezkuntza proiektuaren xedeak, ordea, euskarari zegokionez ez zirela guztiz betetzen, ikusi genuen. Izan ere, ikasle arteko elkarreragina ez baitzen euskaraz egiten ikastetxeko gune guztietan. Horri irtenbidea bilatu nahian 1997.urtean Ulibarri programan sartu ginen eta Normalkuntza plangintzarekin hasi.

Plangintza horren helbururik garrantzitsuena eta ardatz nagusia euskararen erabilera informalak lantzea zen orduan eta horrexek jarraitzen du izaten orain ere.

Ondorengo lerroetan, hizkuntza erabilera mota horren lantzearen inguruan gure esperientzia xumea zein den azaldu nahi genuke. Zergatik landu erabilera mota hori, zer egin dugun eta zer egiten ari garen, aurkitu izan ditugun zailtasunak, irtenbideak,...

Erabilera informalak landu behar ote dira eskolan?

Ikasleek, ikastetxean ematen dituzten zenbait ordutan ikasle-ikasle elkarreragina nagusitzen da, hala nola, jolas garaian, jangela garaian, eskola orduz kanpoko jardueretan, autobusetako joan-etorrietan. Elkarreragin horretan bestalde, hizkuntza erabilerak informalaren aldera joko du. Gelako erabileretatik guztiz bestelakoak, izan ere gelan formalak izango dira nagusituko direnak eta.

Eskolakoa eta kalekoa hizkuntza bera direnean erabilera informalak ziurtatuta daude eta ez dago eskolan landu beharrik. Eskolako hizkuntza eta kale eta etxe giroko hizkuntza bat ez datozenean, eskolako hizkuntzan ikasleak ez du menderatzen erabilera mota hori, eredurik ez duelako jaso inondik eta jaso ezean, ezin ikasi eta gutxiago erabili.

Hortaz, hizkera mota horren beharra ikasleak baduen arren, hizkuntza baliabideetan urri dabil. Horregatik, jolasgarrian edo jangela ondorengo eta aurreko jolastorduetan erraz-erraz igarotzen da, kalean nagusi den hizkuntza horretara, gaztelerara, gure kasuan edo gazteleraren legepean den euskara erabiltzen du. Askotan, etxetik euskaldun-euskaldun diren ikasleak ere, molde horietara eramanez.

Aspalditxo adierazi zituen Fishman irakasleak eskolak dituen mugak hizkuntza biziberritzeko. Bere ustez, familia, auzoa eta ikaslearen gizarte-bizitzako beste esparruetan eragin ezean, esparru horietan saiatu ezean, eskola-bide hutsez, nekez bultza daitezke hizkuntza baten erabilera eta belaunaldiz belaunaldiko transmisioa, normalizatua den edozein hizkuntzatan egiten den eran. Hori horrela izanik ere, gure kasuan bezala, eskolaren helburua ikastetxeko esparru guztietan, ikasgelan eta ikasgelaz kanpoko gainerako espazioetan, ikasle nahiz irakasleen artean euskara erabiltzea baldin bada, gure ustez, derrigorrezkoa da erabilera informalen inguruko eskuartzea.

Erabilera informalak lantzeko ekimenak

Normalkuntza plangintzan hasiera-hasieran jartzen genuen bezala ikasgelaz kanpo euskararen erabilera areagotzea zen eta da gure helbururik nagusiena. Horretarako, jolastorduetarako, autobusetarako, jangela ondorengo orduetarako eta eskolaz kanpoko jardueratarako plangintza bereziak jarri genituen martxan.

Jolasgaraiak

Jolasgarriak eta jolastokietan euskararen erabilera sustatzeko, ondorengo hiru jarduera hauek daude gure plangintzaren barne:

1- Joko-jolas zerrendak egin, adinaren arabera sailkatu eta astero ordu bete eskaini joko jolas horiek erakusteari, jokoa erregulatzeko esapideak, jokoari bereziki dagozkion hiztegi, esapide eta abestiak erakutsiz. Irakasle tutoreak dira jarduera hau eramatearen ardura dutenak. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan IKIEBO orduetan ahozko hizkuntza lantzeko gelan sartzen den irakasleak ere burutzen du jarduera hori. Zuzendaritza taldeak eta HNATak zikloko irakasleekin adostu behar izan ditu jarduera honen urrats guztiak, jardueraren egokitasuna, lan daitezkeen jolas motak eta denbora. Adosteko ia bi ikasturte behar izan dira. 1999an txosten batean jaso zen adostutako guztia eta 2000-2001 ikasturtean martxan jarri.

2- Jolastorduen zaintza aktiboa, hots, klaustroko irakasle guztien artean txandak egin jolastorduak zaintzeko eta ikasleak gelatik kanpo gazteleraz entzuten direnean euskara egitera bultzatzeko estrategiak erabili. HNATak estrategia zerrendak egin zituen eta zikloetan aurkeztu, zikloetan egindako ekarpenekin osatzeko eta ikasleen adinari egokitzeko. Zaintza aktiboarena adostea ere asko kostatu zaigu, goian aipatutako txostenean jasota gelditu zen 1999an adostutakoa.

3- Jolastorduetan eskupilota eta pala txapelketa antolatzen da 3. mailatik 6. mailara bitarteko ikasleentzat. Nahi duten ikasleek parte har dezakete. Gorputz Hezkuntzako irakasleek antolatzen dute eta urritik maiatzera bitarte jokatzen da, mailaz maila.

Jarduera horien balorazioa egin ondoren ondoko hauek azpimarratu nahi genituzke:

Hasierako biak irakasle guztien inplikazioa eskatzen duten jarduerak dira, irakasleak dira joko-jolasak erakutsi behar dituztenak, jolastorduetan txandak egin, txandak errespetatu eta zaintza aktiboa egin behar dutenak. Adostea asko kostatzen da.

Lehen jarduerari dagokionez, irakaslerik gehienak erakusten dituzte joko-jolasak, baina jolas horietan joko-jolasak erregulatzeko erabiltzen diren esapideak lantzea zaila gertatzen zaie irakasleei. Alde batetik, zeintzuk diren identifikatzea zaila gertatzen delako, eta bestetik, lantzeko era ere pentsatu behar delako. Hori dela eta, esapide horiek Hizkuntzako curriculumean eta Hizkuntzako unitate didaktikoetan txertatzea eskatzen zen zikloetatik, batez ere 3.ziklotik. Gaur egun, horretan dihardugu eta Lehen Hezkuntzako 3.mailatik 6.mailara bitarteko hizkuntza lantzeko unitate didaktikoetan jolaseko hizkuntza jaso da edukietan.

Dena den, bestalde, aipatu behar da erraz ahazten edo alboratzen den jarduera dela. Izan ere, or-har eskolan ahozko hizkuntza lantzea asko kostatzen bazaigu, eskolaren erabileretatik hain urruti dauden erabilera informalak are gehiago. Horregatik, zikloko bileretan edo batzordekoetan horiek lantzearen beharra aldiro gogoratu behar da.

Bigarren jarduerari dagokionez, alegia, Jolastorduen zaintza aktiboari, orokorrean irakasle guztiok beharrezkotzat jotzen dugu jarduera mota hau, euskara erabiltzeko ohitura garatzeko eta nolabait gelaz kanpoko beste espazioak euskararekin identifikatzeko. Izan ere, gazteleraz entzun eta irakasleen inolako esku hartzerik ez badago, gelaz kanpo gaztelera erabili daitekeela uler dezake haurrak. Hala ere, irakasleoi izugarri kostatzen zaigu zaintza aktiboa egitea, alegia, ikasleak gazteleraz entzuten ditugunean euskarara igarotzeko estrategiaren bat erabiliaz (Kostatzen zaizuena zer den argitu behar: zaintza aktiboa egitea ala estrategiak erabiltzea?) eskuartzea. Egindako txandak errespetatzen dira orokorrean, baina esku hartzeak oso urriak izaten dira gehienetan. Ikastetxearen tamainak ere, ez du gehiegi laguntzen, zaindu beharreko espazioak oso zabalak baitira. Hemen ahalegin handiagoa egin beharrean gaude.

Hirugarren jarduerari dagokionez, arrakasta handiko jarduera da. 300 bat neska-mutilek esku hartzen dute. Bi pilotalekutan jolastordu guztietan Gorputz Hezkuntzako bi irakasle egoten dira antolaketarako eta epaile lanak egiteko. Irakasle hauen hain gertuko presentziak berak, euskararen erabilera ziurtatzen du, bai jokalarien aldetik eta baita ikusleen aldetik ere.

Jangela garaia

Txingudi ikastolan jantoki zerbitzua, HH eta LHko ikasleen artean %77,36k erabiltzen du egunero bi orduz.

Elkarreragin komunikatiboa kontutan hartzen baldin badugu, ikasle-ikasle elkarreragina da nagusitzen dena. Hizkuntz erabilerei dagokienez berriz, erabilera informalak dira gehien entzuten direnak bi ordu horietan, bai jantoki barruan eta bai hortik kanpo.

Euskara bigarren hizkuntza duten ikasleek, ezer egin ezean, tarte horretan ama hizkuntza erabiltzeko abagune aparta dutenez, gaztelera, erabiltzeko ohitura eskura dezakete eta, behin ohitura hartuz gero, oso zaila izaten da beste hizkuntzaren aldera ohitura aldatzea.

Horregatik, ezinbestekoa ikusi genuen ditugun baliabideen araberako plana martxan jartzea, erabilera informaletan trebatzeko eta euskararen erabilera ohitura sustatzeko.

Kudeaketa zuzeneko ikastetxea da gurea eta, 27 begirale dagozkigu Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza osorako. Bi txanda egiten dira, lehengoan HHko eta LHko lehen ziklokoak 12.00tik 12:45era jangelan izaten dira eta 12:45etik 14:00ra zenbait ekintzatan esku hartzeko aukera eskaintzen zaie.

Bigarren txandan LHko 2. eta 3.zikloko ikasleek bazkaltzen dute. Ikasgelatik 13:00an ateratzen dira eta 13:45era arte ez doaz jantokira. Jantokitik, 14:20an, 14:30ean edo 14:40an ateratzen dira, menu motaren arabera.

Jantokian, jateko orduan begirale bakoitzak 30 bat ikasleren ardura du. Bazkaria ematearen arduraz gainera, janarien inguruan eta jateari lotuta dagoen hizkerari dagozkion ereduak eman eta euskara egiten dela ziurtatzen dute begiraleek.

Ikasturte honetan, jangelan janari eta jateari bereziki lotuta doazen esapideekin txartelak jarri dira, begiraleentzat eredu zuzenak emateko lagungarri gerta daitezen eta irakurtzen dakiten ikasleentzat erreferentzia gisa erabiltzeko.

Jantokitik kanpo dauden orduetarako honako ekintzak antolatzen dira:

Haur Hezkuntzan, jostailuak eskaintzen zaizkie ikasleei (panpinak, autoak, baloiak, palak, makillajea,...), jolasak ere antolatzen dira (esku jolasak, soka jolasak, goma jolasak,...) edo kolunpioetan jolasten dute. Begirale bakoitzak toki jakin baten ardura du eta toki horretan dauden ikasleei ereduak eman eta euskara ahalik eta gehien egiten dutela ziurtatzearen ardura du.

Lehen Hezkuntzan honako aukerak dituzte ikasleek:

  • Mahai jokoak eta alfonbra jolasak egiteko ikasgela bat irekitzen da. Gela horretan begirale bat izango da, jostailuak eskaini, gela txukun mantendu, istiluak moldatzeko, euskara egiten dela ziurtatzeko eta ikasleei ereduak emateko.
  • Eskulan gela Beste ikasgela batean begirale baten laguntzaz eskulanak egiteko aukera eskaintzen zaie ikasleei (papiroflexia, marrazketa,...). Begiralearen eginkizunak honako hauek dira: eskulanak nola egiten diren erakutsi, materiala eman, materiala jaso, gela txukun utzi, istiluak konpondu, euskara egiten dela ziurtatu eta ikasleei ereduak eman.
  • Gimnasioan Lehen hezkuntzako lehen ziklokoei, bi egunetan, eta 2. eta 3.ziklokoei hiru egunetan, antzerkia, koreografiak, dantzak,... asmatu, entsaiatu eta egiteko aukera eskaintzen zaie. Hemen ere begirale bat dago. Ikasi duten hori, gainerako ikasleen aurrean egingo dute. Euskara egiten dela ziurtatu eta ikasleei ereduak ematearen ardura izango du begiraleak.
  • Kanpoko joko antolatuak (soka saltoak, karakola, saskibaloia,...) astelehen, asteazken eta ostiraletan antolatuko ditu gimnasioko ekintzen arduradun berberak.
  • Esku pilota eta pala txapelketa antolatzen da bi begiraleren ardurapean.

Gune eta jarduera horietan esku hartu nahi ez duten ikasleak beste begirale batzuen ardurapean izan ohi dira.

Hizkuntzaren erabilera sustatzeko, begiraleek hizkuntzari dagokion oinarrizko prestakuntza behar dute, hala nola, erabilera informalei dagozkien zenbait esapide nola esaten diren euskaraz edo ikasleak gazteleraz entzuten dutenean nola jokatu behar duten. Hori dela eta, irailean, jangela zabaldu baino lehen, Txingudi Ikastolak antolatuta 4 bat orduko ikastaroa eskaini zaie begiraleei. Jangela guneari dagozkion esapideak eta ikasleak gazteleratik euskarara igarotzeko estrategiak aztertuz. Ikastaro hau, HNATak eman die.

Ikasturtean zehar HNATak, begiraleen lanaren jarraipena egiten du.

Jarduera horien balorazioa egin dugunean, euskara ez dakiten 3 urteko haurren irakasleen esanetan begiraleen lana nabarmentzen da ikasleengan, hiztegi jabekuntzan nahiz ulermenean.

Bistan denez, begiraleen prestakuntzak eta kualifikazioak ezin du izan nolanahikoa, guk eskatzen dizkiogun ardurak era egokian betetzeko behinik behin. Begirale horien euskara maila, ahozkoa batik bat, bereziki zaindu behar da, hizkuntza eredu zuzenak ematea nahi bada behintzat. Joko-jolasei lotutako hizkuntza erabileretan ere aparteko prestakuntza eskaini behar zaie, izan ere euskaldun izan arren, zirkunstantzia asko direla bide, ez dute erabilera informalekin harreman gehiegirik izan eta ondorioz ezta baliabiderik eskuratu ere. Askok, eskola-umetan ez dute euskaraz jolastu eta ez dute jaso hizkuntza erabilera hori.

Bigarren hizkuntzaren irakaskuntzaren inguruko zenbait hausnarketa ere bultzatu beharko da, gure ikasle asko bigarren hizkuntza gisa euskara ikasten ari baitira.

Gaur egun gure ikastetxean ditugun begiraleen prestakuntzak ez du aipatutakoaren inondiko antzik eta badakigu 4 orduko gure ahalegina ere ez dela nahikoa, baina aurrerantzean ere saiatu behar, gure ustez, erabilera informalak erabiltzeko eta lantzeko aparteko abagunea baita.

Eskola orduz kanpoko jarduerak

Txingudi ikastolan eskolaz kanpoko jarduerak Lehen Hezkuntzako 1.mailatik 6.mailara bitarte garatzen dira. Lehen eta 2.mailan, txistua eta euskal dantzak eskaintzen dira. Hirugarren mailatik aurrera, horiez gain, eskola kirola programaren barne, kirolari lotutako jarduerak, euskara gehiago praktikatu behar duten 3. eta 4.mailako ikasleentzat Euskara jolasen bidez izeneko jarduera eta ikasle horientzat 5. eta 6.mailan antzerkia.

Jarduera horiek hizkuntzaren garapenaren aldetik zaindu behar den eskola-bizitzako beste atal garrantzitsua dira. Izan ere, euskara ikaslearen zaletasunekin lotzeko aukera ematen dute batetik, eta bestetik, hizkuntza erabilera informalagoei bidea ematen dioten egoera komunikatiboak azaltzen dira. Esparru honetan aritzen diren begiraleen egitekoa ere jangelakoenen berbera da: ikasleei eredu zuzenak ematea eta euskararen erabilera bermatzea.

Helburu horiek lortzeko ikastaroa antolatu dugu begiraleen prestakuntzan eragin nahian. Ikasturte hasieran egin nahi zen, baina egutegi arazoengatik, lehen hiruhilaren bukaeran egin da. Batez ere, kiroletako begiraleei zuzendua izan da, ikastetxeko HNATak eman du eta honako gaiak jorratu dira:

  • Futboleko eta saskibaloiko hiztegi teknikoa.
  • Futbolean eta saskibaloian aritzean sortzen diren erabilera informaletako zenbait esapide.
  • Ikasleak gazteleraz aritzean euskarara igarotzeko erabil daitezkeen estrategien azterketa.

Jarduera honen balorazioa egin ondoren honako hauek aipatu nahi genituzke:

Begiraleak oso gazteak dira eta orokorrean ez daude ohituak haiek ere, kirola euskaraz egitera. Hortaz, ereduak emateko zailtasunak dituzte ez baitute haiek ere ondo ezagutzen hizkuntza mota hori.

Unibertsitateko ikasketekin hastean, lana aurkitzean edo beste arrazoiren batengatik utzi egiten dute begirale lana eta beste batzuk aurkitu behar izaten dira. Hortaz, ez dago sakonkiago lan egiteko aukera eskainiko lukeen talde egonkorrik.

Zailtasunak zailtasun, ezer ez egitea baino gehiago dela eta, jarduera horrekin jarraitzea erabaki dugu eta ikasturte hasieran eskaintzea ikastaroa. Ikasturte erdialdera eta bukaeran beste bi bilera egingo dira, hizkuntza arloan haien egitekoa zein den oroitarazteko eta beraiengandik informazioa jasotzeko.

Autobusetako joan-etorriak

Autobusetako joan-etorrietan euskararen erabilera sustatzeko hiru jarduera proposatzen ditugu:

1- Autobus enpresari gidari euskaldunak jartzeko eskatzen zaio urtero eskutitz baten bidez edo ikasturte hasierako bileran. Autobus zerbitzuaren arduradunak betetzen du egiteko hau.

2- Begiraleei euskarazko abestien zintak ematen zaizkie joan-etorrietan ikasleei jar diezazkieten.

3- Euskara erabiltzeko ohitura garatzeko haien egitekoa zein den aztertuz ikasturte hasieran ikastaroa egiten da eta urtean zehar bi bilera gehiago. Ikastaroa HNATak ematen du eta bilerak autobus zerbitzuetako arduradunak egiten ditu.

Lehenbiziko jarduerari dagokionez, bere eragina izan duela esan dezakegu. Lehen ez baitzen txofer euskaldunik eta gaur egun zenbaitzuk euskaldunak dira.

Bigarren jarduera ere betetzen da eta euskara entzuteko aukera eskaintzen zaie.

Hirugarren jarduera da gure ustez garrantzitsuena erabilera informalei dagokienez. Autobus begiralerik gehienak finkoak dira. Ez da aldaketarik izaten, gaixotasun bajarik ez badago. Horregatik, begirale hauek gero eta kozienteago dira euskararen erabileraren inguruan haien egitekoa zein den eta ahalegin handia egiten dute horretan, bai geltokietan ikasleak jasotzen dituzten nagusi euskaldunei euskaraz egin orduan, nahiz autobus barruan ikasleak euskara egitera bultzatuz.

Aurrerantzean ere, eta haiek eskatuta, biltzen jarraituko dugu.

Gaixotasun bajak betetzeko inoiz begirale erdaldunak bidali dizkigute, kasu horretan gure kexua adierazi da dagokion tokian eta ez dira onartu begiraleak. Egun horietan begiraleen lana, autobus zerbitzuaren arduradunak eta zuzendaritzak egin izan dute.

Ondorioak

Ikusi dugunez, ohiko jolasgarrian, jantoki garaian, ikastetxean antolatzen diren eskolaz kanpoko jarduera garaietan eta autobusetako joan-etorrietan ikasleek erabilera informalen premia dute batik bat. Erabilera informalok ez badituzte ezagutzen gazteleraren aldeko kale-giroa nagusitzen delako herrian, nola erabili euskara? Hortaz, ikastetxeko guneak euskaldundu nahi baldin baditugu, erabilera mota hori erakutsi egin beharko diegu ikasleei. Horien ezaguera ziurtatzeko Curriculumean sartzea egokia dela iruditzen zaigu eta horretan ari gara. Baina, erabilera mota horien inguruko prestakuntza beharrezkotzat ikusten dugu (zer dira erabilera informalak?, Zein ezaugarri dituzte?, Ezaugarri berak dituzte 7 urterekin edo 12rekin?, Nola lan daitezke?,...). Bestalde, irakasle guztiok gure gain hartu behar dugu lantzearen konpromisoa.

Hala ere Curriculumean sartzea ez da aski, erabilera ohitura ere garatu behar da. Horrek, ikastetxeko gelaz kanpo guneak eta garaiak (autobusak, jantokia, kirol jarduerak,...) bereziki zaintzea eskatzen du eta horietan lanean ari diren begiraleek ere hizkuntzari dagokionez aparteko prestakuntza eta kalifikazioa behar dute gure ustez.

Jantoki eta eskolaz kanpoko jardueretako begiraleen lan baldintzak eta perfila ere bestelakoak izan beharko lirateke, benetan eraginkorra izan dadin haien lana. Kirolei buruzko jakituria edo elikagaiei buruzko jakituria baino garrantzitsuago gertatzen da hezitzaile lana lehenbizi, eta hizkuntzaren erabilera bultzatzeko eredu emaile gero. Hainbeste ardura emateko , ordea, lan baldintzak ere hobetu beharko lirateke eta hori ikastetxeetako baino goragoko organoen eta erakundeen erabakia da.

Halakorik gertatzen ez den bitartean, gure baliabideetatik abiaturik eta muga guztiekin urratsak ematen eta saiakuntzak egiten jarraitu behar delakoan gaude, beti ere, ezer ez egitea baino eraginkorragoa izango delakoan.

Bestalde, ikastetxeko irakasle eta langile guztion inplikazioa ezinbestekoa da, bakoitza bera dagoen tokitik bere erantzukizunak hartuz; zuzendaritza taldeak, HNATak, pedagogia taldeak, irakasle tutoreek, espezialistek, aholkulariak, begiraleek, denek dute bere eginkizuna honetan eta bere konpromisoa hartu beharra. Hala gertatzen ez denean, ekintzek ez dute eraginkortasunik.

Bukatzeko bi aipamen: lehenengoa, nagusiok eta irakasleok zenbat eta kontzienteago garen gure lanak eragin zuzena duela gure ikasleek euskararekiko duten jarreran eta erabilera ohituretan, orduan eta eraginkorragoak direla burutzen ditugun jarduerak. Bigarrena, ikasleei eguneroko eta ohiko jardueretan eta norbere jarreren bidez transmititu behar diegu, zein garrantzitsua den bere irakaslearentzat berak egunero euskaraz erabiltzea eskolako gune eta une guztietan. Irakasleok ematen diogun garrantzi bera emango diote ikasleak euskaren erabilerari.